2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OTEITZA
Aldaketa Herrilarreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Oteitzako Udalak, 2015eko abenduaren 4ko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa herrilurretako larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren 14 eta 16. artikuluetan.
Hasierako onespenaren erabakia 2015eko 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 21ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
UDALAREN HERRILARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Oteitzako udal mugapeko herrilarreen administraziorako, xedapen egintzetarako eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.
2. artikulua. Herrilurretako ondasunen izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.
3. artikulua. Herrilurretako aprobetxamenduen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen egintzak
4. artikulua. Herrilarreak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Oteitzako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herrilurretako aprobetxamenduen inguruan Oteitzako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
III. TITULUA
Herrilarreen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
5. artikulua. Oteitzako Udala herrilarreen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.
6. artikulua. Orokorrean, Oteitzako herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez bi urteko antzinatasunez.
c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.
d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
6. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
II. KAPITULUA
Herrilurretako larreen aprobetxamendua
7. artikulua. Oteitzako Udaleko herrilarreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da bertze finka partikular batzuekin, antzinako usadioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta bazkalekuen lote hauetan banatzen da:
a) Zamaka eta Lauzola, 9.932 erregukoa.
b) Balsaberria eta Florin, 9.640 erregukoa.
c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri, 7.425 erregukoa.
8. artikulua. Esleipen hartzaileek ondoko artegiak erabil ditzakete abereak biltzeko, nork bere lotean:
a) Zamaka eta Lauzola: Garosko artegia.
b) Balsaberria eta Florin: Ingarisungo artegia.
c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: Villa edo Maureteko artegia eta Garcíako artegia.
Artegi horietan egin beharreko konponketa txikiak esleipen hartzaileen kontura izanen dira. Kontratua bukatutakoan, esleipen hartzaileek txukun-txukun utzi beharko dituzte, eta haien kontura izanen dira horretarako egin beharreko konponketak.
9. artikulua. Bazkalekuen esleipen-hartzaileek ezin izanen diote Udalari inolako kalte-ordainik eskatu, egungo idoi, iturri edo askak agortzen badira, haien bizkar izanen baita beren aizendak urez hornitzea. Hala ere, bazkalekuren batek urik badu, Udalak harako bidea emanen die urik ez duten bazkalekuen onuradunei, inolako erreklamaziorik egiteko aukerarik gabe.
10. artikulua. Bazkalekuetan sute batek larreak suntsitzen baditu, osotara nahiz partez, ukituriko abeltzainak ez du eskubiderik izanen Udalari dirurik batere erreklamatzeko. Udalak ez du inolako erantzunbeharrik izanen haren galeretan eta, beraz, osorik ordaindu beharko dute errenta eta orobat bete kontratuaren beharkizun guztiak. Bide irekia geldituko da, nolanahi, erantzukizunak eskatzeko kalteen eragileari edo eragileei.
11. artikulua. Oteitzako Udalaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:
a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.
b) Antzinako ohiturari jarraikiz.
c) Enkante publikoaren bidez esleituz.
12. artikulua. Ordenantza honen 6.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
13. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
14. artikulua. Esleipenak zortzi urte iraunen du, 2011tik 2019ra arte, eta gero horren segidan.
Ereindako eta basoberritutako lurrak errespetatu behar dira, eta debeku da haietan larratzea.
Herrilarreak lurzatiak berrantolatzeko prozesu batean sartzen badira, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, eta Udalak aprobetxamendu horiek esleitzeko epea iraungi dezake esleipen-hartzaileak kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe. Berriz esleitzen ahal dira, herrilarreak arautzen dituen ordenantza berria onetsi ondoren.
15. artikulua. Oteitzako Udalak zehazten ahalko du herrilarre bakoitzak jasan dezakeen azienda karga:
a) Zamaka eta Lauzola: Ardi-aziendako 1.000 buru.
b) Balsaberria eta Florin: Ardi-aziendako 1.000 buru.
c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: Ardi-aziendako 800 buru.
16. artikulua. Zenbat azienda hartzen ahal duten eta larreen kalitatea kontuan harturik, Oteitzako Udalak, bazkaleku loteak aprobetxatzeko, honelako kanonak finkatu ditu:
a) Zamaka eta Lauzola: 2.700 euro.
b) Balsaberria eta Florin: 2.580 euro.
e) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: 1.920 euro.
17. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen goitibeheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPI) kontuan hartuz.
18. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanona otsailaren 28rako ordaindu beharko da, errentamenduak irauten duen bitartean.
19. artikulua. Fidantza. Esleipen hartzaileek behar adinako bermea utziko dute Udalaren alde hogei eguneko epean, esleipena behin betiko ematen den egunetik aurrera.
20. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
21. artikulua. Prozedura. Oteitzako Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Herriko Etxeko iragarki oholean ediktua agertuta, 15 eguneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.
22. artikulua. Udalak edo Kontzejuak behin-behinekoz eginen du esleipena, gorabehera hauek kontuan harturik:
a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.
b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.
c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.
d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.
23. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
24. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira zortzi urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.
IV. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
25. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.
d) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.
e) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
f) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
g) Azienda Oteitzako herrigunean barna ibiltzea.
h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
26. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
–a), b), eta d) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.
–c) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
Oteitzan, 2016ko otsailaren 2an.–Alkatea, Tirso Salvatierra Martínez de Eulate.
Iragarkiaren kodea: L1601326