2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEA
Ordenantza, Larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena
Malarrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak, 2015eko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituen ordenantza, 2015eko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 10ean, argitaratu zena.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Donezteben, 2016ko urtarrilaren 28an.–Burua, Jon Telletxea Juanenea.
ORDENANTZA, LARRIALDI SOZIALEKO LAGUNTZAK
ARAUTZEN DITUENA
1.–Xedea eta helburua.
Oinarri hauen xedea da gizarte zerbitzuen arloetako diru-laguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio araubidean.
Larrialdi sozialeko laguntzak prestazio ekonomiko zuzenak dira, larrialdi sozialean dauden pertsonentzat eta/edo familientzat. Laguntza hauek puntualak eta ordezkatzaileak dira, ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak. Bizirauteko oinarrizko premiak bete gogo dituzte, beste prestazio edo zerbitzu batzuek konpontzen ez dituztenak, eta bateragarriak izan daitezke gutxieneko errentengatik jasotzen direnekin.
Laguntza horien xedea da Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan (Sunbilla, Bertizarana, Doneztebe, Donamaria, Oitz, Beintza-Labaien, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Eratsun, Saldias eta Ezkurra) bizi diren pertsonei edo familiei laguntzak ematea, gizarteratzeko oinarrizko premiak betetzeko zailtasunak badituzte frogatutako gabezia ekonomikoak edo sozio-sanitarioak izateagatik.
Babeserako prestazio ekonomiko gisa eratzen dira, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen oinarrizko gizarte zerbitzuak ematen dituen programen lanbide jardunarekin bateragarriak. Horren bidez, krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen.
Laguntza horien xedea da:
–Laguntza ematea pobrezia endemikoa nahiz mementokoa edo behar larria jasaten duen pertsonei edo familiei, eta laguntza hori osagarri gisa aplikatzea gainerako prestazio sozialei.
–Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.
–Baliabide bat izatea mankomunitate honetan diseinatzen diren gizarteratze prozesuetan.
2.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
Interesdunek Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatean aurkeztu behar dute eskaera, Mankomunitateak emandako ereduaren arabera. Eskaerarekin batera, 4. oinarrian zehaztutako dokumentazioa aurkeztu behar da.
Eskabideak aurkezteko epea urte osoan egonen da zabalik.
Zuzeneko prestazio ekonomikoak jaso ahal izateko, Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.
3.–Betebeharrak.
Ondoko baldintzak betetzen dituzten norbanakoek edo familia unitateek eskatzen ahalko dute prestazioa:
1) 18 urtetik gorakoa izatea.
2) Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen oinarrizko eskualdeko herrietako batean erroldatua egotea.
3) Familia unitatearen hilabeteko diru-sarrerek, guztira, ondoko muga hauek ez gainditzea:
FAMILIA UNITATEKO KIDEAK | GEHIENEKO DIRU-SARRERAK | LGSAREN GAINEKO PORTZENTAJEA |
1 | 648,60 euro | %100 |
2 | 778,32 euro | %120 |
3 | 843,18 euro | %130 |
4 | 908,04 euro | %140 |
5 | 972,90 euro | %150 |
6 | 1.037,76 euro | %160 |
7 | 1.102,62 euro | %170 |
8 | 1.167,48 euro | %180 |
Familia unitateak dira ondokoek osatzen dituztenak: ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, bai eta haien seme-alabak eta bigarren mailako odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.
4) Bizirauteko baliabiderik ez izatea, hala nola, likideziarik, ondarerik eta beste. Ulertuko da baldintza hau betetzen dela higiezinen katastroko balioa urteko LGSak balio duen halako hamar baino txikiagoa denean, ohiko etxebizitza kenduta, edo aurrezkiak urteko LGSaren %50etik gorakoak ez direnean.
5) Ezinbestekoak edo bilatu ez den zerbaitek sortutako egoeran izatea.
6) Udalarekiko eginbehar guztiak eguneratuak izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bestelakoak. Hala egin ezean, eskatuko da hura geroago ordaintzeko konpromisoa.
7) Baterako ekintza plan bat sinatzea eta konpromisoa hartzea hartan adierazitakoa egiteko.
Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 4. oinarrian zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.
4.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:
a) Eskabide betea, Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.
b) NANa/pasaportea edo lan baimena/eskatzailearen bizitokia eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena.
c) Eskatu aurreko 6 hilabetean bizikidetasun unitateak izan dituen diru-sarrera guztien (nominak, pentsioak, sariak etab.) eta etxebizitzaren gastuen frogagarria. Etxeko langile moduan lan egin bada, kontratugileen frogagiria aurkeztuko da, jasotako diru-sarrerak azaltzeko.
d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak oinarri hauetako baldintzak betetzen dituela adierazteko.
e) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa egiaztatzen duten beste agiri interesgarri batzuk.
f) Bankuko kontu korronteen saldoak eta azken hilabetean egindako mugimenduak. 3. oinarriko 4. baldintza betetzen dela aztertzeko, bidezkotzat jotzen den dokumentazio guztia eska daiteke (azken urteetako errenta aitorpena, bankuko laburpena, katastroko ziurtagiriak, etab.).
5.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.
1. Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuek, behar-beharrezkoak badira.
2. Laguntzen barrenean sartzen diren kontzeptuen gastu osoak jasotzen ahalko du laguntza, zein, gehienez ere, 3.000 euro izanen baita urtean familia-unitate bakoitzeko, hurrengo atalean adierazten diren baldintzak betez gero, eta, betiere, behar adina diru badago aurrekontuan.
3. Diruz laguntzen ahal diren gastuek kategoria hauetako batekoak izan beharko dute:
a) Ostatua.
a.1) Etxebizitzaren alokairua ordaintzea, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota ordaintzea, etxebizitza partekatuko gela ordaintzea, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar) ordaintzea. Kontzeptu honen gehieneko kopurua 2.000 eurokoa da familia-unitate bakoitzeko.
a.2) Etxebizitza berria alokatzeko kontratua, eskatzailearen ohiko bizileku erreala izan behar duenean, hasierako ordainketa harentzat berezia denean eta bere baliabide ekonomikoekin etxebizitzaren ohiko ordainketa bermatzen ahal duenean; gehienez ere, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko.
b) Energia.
b.1) Elektrizitate, gas eta ur hornidurak ohiko etxebizitzan.
b.2) Energiaz hornitzeko kontratuen altak ohiko etxebizitzan.
b.3) Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.
Kontzeptu horien gehieneko zenbatekoa 600 eurokoa da familia-unitate bakoitzeko, energia hornidurari dagokionez (elektrizitatea, gasa eta ura). Horniduren kontratuetan alta emateko, altaren kostua emanen da eta, gehienez ere, oro har ezarritako gehienekoa.
c) Elikadura eta osasuna.
c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako).
Ondoan ezarritakoa da kontzeptu honengatik hartzen ahal den gehieneko laguntza; gehienez ere, lau hileko dira, segidan edo ez, eta oro har ezarritakoa da gehieneko laguntza ekonomikoa.
–Lagun 1: 180 euro hilabeteko.
–2 lagun: 225 euro hilabeteko.
–3 lagun: 285 euro hilabeteko.
–4 edo gehiago: 355 euro hilabeteko.
c.2) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua; 500 euro, gehienez ere, pertsona bakoitzeko.
c.3) Norberaren funtzionamendu integraturako beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko laguntzak; besteak beste, zentzumenei lotutakoak (entzumenari eta ikusmenari); 500 euro, gehienez ere, pertsona bakoitzeko.
d) Adingabeen hezkuntzarekin lotura duten gastuak, baldin eta beste diru-laguntza batzuekin ordaintzen ez badira, zerbitzu hori doan eskaintzen duen instituziorik ez bada eta Mankomunitatearen haur teknikariak beharra justifikatzen duen aldeko txostena egiten badu.
e) Oinarrizko beste premia batzuk betetzea. Aurreko ataletan jaso gabeko beste egoera batzuk, haien apartekotasunaren arabera eta familia-unitateak jasan ditzakeen kalte konponezinen arabera.
6.–Onuradunen betebeharrak.
a) Dagokion profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.
b) Mankomunitatearen aitzinean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.
c) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Mankomunitateari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
d) Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:
–Justifikatzeko beharra ez betetzea.
–Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea diru-laguntza.
–Diru-laguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.
–Ikuskatzearen edo kontrolaren ondorioz atzematen denean diru-laguntzak oker eskuratu edo erabili direla.
e) Diru-laguntzen inguruan egiten diren egiaztapen jarduketei eta finantza kontroleko lanei men egitea.
7.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:
a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.
b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.
c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.
d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.
Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
Arau-hauste batengatik bidegabeki lortutako zenbatekoak, gaizki aplikatutakoak edo justifikatu gabeak itzuliko dira, eta kasuan kasuko interesak gehituko dira.
Orobat, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko buruak ondoko zehapenak ezartzea erabaki dezake:
a) Laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.
b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.
8.–Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.
Mankomunitatean kasua hartzen duen profesionala izanen da prozedura hasteko organo eskuduna eta ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu ofizioz.
Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko buruak, proposamen hori oinarri hartuta, emanen du prestazio ekonomikoak eman edo ukatzeko ebazpena, Idazkaritzak eta Kontu-hartzailetzak beren txostena egin ondoan.
9.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere,10 egunekoa izanen da.
Ebazpena hasiko da eskaera Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen erregistroan sartzen denetik aurrera. Informazio gehiago behar bada, beste bost egun handituko da epea.
Ebazpen bidez erantzunen zaie eskaera guztiei, izan diru-laguntza ematekoak zein ukatzekoak.
10.–Ordainketa eta justifikazioa.
Diru-laguntza emateko ebazpena emanik, gehienez ere 5 eguneko epean ordainduko da laguntza, laguntzen berehalakotasuna kontuan harturik.
Oinarri hauetan zehazten diren egoerak aldi berean gertatzeagatik ematen direnean diru sariak, egiaztapen teknikoa beste justifikaziorik ez dute beharko. Egiaztapen hori eskatutako dokumentazioa aurkeztuz eginen da, Mankomunitatean eskaria jaso duen profesionalak egiaztatua eta baliozkotua, eta horrekin batera egoera justifikatzen duen txosten sozial bat aurkeztuko da.
11.–Aplikatu beharreko arauak
Oinarri hauetan jasotzen ez den orotan honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, Diru-laguntzei buruzko 38/2013 Legea Orokorra eta arlo horretan aplikatzen ahal den gainerako araudia.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, baina atzeraeragineko ondorioekin aplikatuko da 2015eko azaroaren 16tik hasita, egun hartakoa baita hasierako onespena.
Iragarkiaren kodea: L1601110