2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR NAGUSIA
Ordenantza, Zeremonia zibilak eta zerbitzu hori emateko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Zizur Nagusiko Udalak, 2015eko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Zeremonia zibilak eta zerbitzu hori emateko tasak arautzen dituen ordenantza, baita horren arauzko tramitazioa ere.
Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2015eko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.
Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.
Zizur Nagusian, 2016ko urtarrilaren 23an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.
ZEREMONIA ZIBILAK ETA ZERBITZU HORI EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Ordenantza honek helburu du Zizur Nagusiko Udalak ekitaldi zibilak arau bakar batean erregulatzea, baita zerbitzu hori emateko kasuan kasuko tasak ezartzea ere.
Alkateek edo horretarako eskuordetutako zinegotziek ezkontza zibilak egiteari buruz abenduaren 23ko 35/1994 Legean eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren 1995eko urtarrilaren 26ko jarraibidean ezarritakoarekin bat, ordenantza honek Zizur Nagusiko Udalean ezkontza zibilak egitea arautzen du.
Halaber, Zizur Nagusiko Udalak ezin ditu ahaztu hil berrien aldeko agur zibilak, eta gure betebeharra da, Udal gisa, herritarrek gero eta gehiago eskatzen dituzten behar sozial horiei heltzea.
I. TITULUA
Ezkontza
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
Non eta noiz egin.
1. artikulua. Kultur etxean eta Zizur Nagusiko udaletxeko erabilera anitzeko gelan eginen dira ezkontza zibilak. 10 pertsona baino gehiago biltzen ez badira, Alkatetzaren bulegoaz balia daiteke ezkontza zibilak egiteko, eskaera egin ondoan.
2. artikulua. Ezkontza zibilak ostiraletan eginen dira, 18:00etatik 16:30era, eta larunbatetan, 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 19:30era, baina Alkatetzak zenbait egun bazter uzten ahal ditu agenda dela-eta edo zailtasunak direla-eta edo batera diren gertaera bereziak direla-eta.
Zeremonia bakoitzak 30 minutu iraunen du gehienez.
Espedienteen tramitazioa.
3. artikulua. Ezkontideek aurkezten dituzten eskaerak ikusirik, orduak eta egunak banatuko dira, interesdunen adostasunarekin, ahal dela, eta, batera nahi izanez gero, espedientea jasotzen deneko dataren arabera ezarriko da lehentasuna.
4. artikulua. Erregistro Zibilean tramitatutako espedientea jasoko du Udalak eta ezkontideei jakinaraziko die eskura dagoen ezkontideek lehenago Udalean eskatutako eguna. Halaber, Udalak berretsiko die ezkontideei jaso duela Erregistro Zibilaren espedientea.
5. artikulua. Alkatetzak ez du konpromisorik onartuko 12 hilabetetik gorako eperako, eskaera bakoitza jasotzen denetik aurrera.
Ezkontza egiteko baimendunak.
6. artikulua. Alkatetzak egin edo baimenduko ditu ezkontzak, baina zinegotzi baten esku uzten ahal du egun zehatz baterako, epe baterako edo txandaka, galarazi gabe, ahal dela, kasu zehatz batzuetarako eskaera bereziei heltzeko aukera.
Eskubideak eta betebeharrak.
7. artikulua. Aretoen egoera behar bezalakoa izan dadin, ekitaldian parte hartzen dutenek ez dute barrenean dependentziak kalte ditzakeen deus eginen. Ez da bidezkotzat joko arroza, konfetia, petaloak edo beste edozer aretoaren barrenean botatzea. Hala ere, ezkontideek, senideek edo adiskideek aretoa modu berezian apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari behar bezain garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira apainketa eta egokitze gastu guztiak.
II. KAPITULUA
Xedapen fiskalak
Oinarria.
8. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza.
9. artikulua. Zergapeko egintza ezkontza zibilak egiteko zerbitzu publikoa ematea da, Kode Zibilaren aldaketari buruzko abenduaren 23ko 35/1994 Legearen babesean.
Ordaindu beharra.
10. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten hasten denean, hau da, interesdunek ezkontzaren eguna eta ordua zehazteko eskabidea aurkezten dutenean.
Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.
Subjektu pasiboak.
11. artikulua. Tasa ordaindu behar dute, zergadunak diren aldetik, ordenantza honen xede den zerbitzua eskatzen duten edo haren onuradunak diren pertsonek.
Tributuaren kudeaketa.
12. artikulua. Udaleko langileek egiaztatuko dute tasa ordaindu dela.
Tarifak.
13. artikulua. Arau hauen araberakoa izanen da ordainketa:
–Bi ezkontideak Zizur Nagusian erroldaturik daudenean: 80 euro.
–Ezkontide bat Zizur Nagusian erroldaturik dagoenean eta bestea ez: 100 euro.
–Ezkontideetako bat ez dagoenean Zizur Nagusian erroldaturik: 150 euro.
14. artikulua. Arrazoi sozial edo ongintzakorik badago, alkateak tasa horren %50eko beherapena egin dezake tasa horretan, betiere subjektu pasiboek eskatu ondoren eta Udaleko gizarte zerbitzuek proposaturik.
II. TITULUA
Agur zibilak
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
Non eta noiz egin.
15. artikulua. Kultur etxean eta Zizur Nagusiko udaletxeko erabilera anitzeko gelan eginen dira agur zibilak.
16. artikulua. Agur zibilak astelehenetik larunbatera egiten ahalko dira, eta beharrezkoak diren udal baliabideak erabiltzen ahalko dira. Agur zibilak egiteko ordutegia: 17:00etatik 21:00etara lanegunetan; eta 9:00etatik 20:00etara, larunbatetan. Zeremoniak gehienez ere laurogeita hamar minutu iraunen du, horretarako dauden eraikin edo egoitzetatik edozeinetan egiten dela ere. Alkatetzak egun horietako bat bazter uzten ahal du zailtasunak direla eta edo batera diren gertaera bereziak direla eta.
Eskabidea.
17. artikulua. Alkateak emanen du agur zibilak egiteko tokiak erabiltzeko baimena eta zeremonia eginen, betiere Zizur Nagusiko Udalaren Erregistroan eskabidea zuzentzen duen ahaideak edo pertsonak bidali beharko dituen agiriak jaso ondoren. Edonola ere, alkateak zinegotzi bat edo ahaide bat eskuordetzen ahal du, kasu zehatzetan eskuordetzeko eskaera bereziei heltzea galarazi gabe.
18. artikulua. Agur edo omenaldi zibilak egiteko eskaerak Alkatetzari zuzenduko zaizkio eta Zizur Nagusiko Udalean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak onartzen dituen moduetako edozein erabilita.
Agur zibilak egiteko eskaerak laster batean tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Horretarako, ebazpena emateko eskua duen pertsonari igorriko zaizkio.
19. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:
a) Zeremonia egiteko baimena eskatzen duenaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.
b) Zenduaren izen-abizenak.
c) Heriotzaren ziurtagiria.
d) Eskatzailearen sinadura edo, bestela, edozein bide erabili beharko da haren gogoa benetakoa dela frogatzeko.
e) Ekitaldiaren laburpena eta erabili gogo den eta Udalak, kasua bada, bere eskura jar dezakeen materialarena.
f) Agur zibila egiteko lehenetsitako eguna eta ordua.
g) Administrazioa, ahal duen heinean, eskatzaileek nahiago dituzten egun eta orduak errespetatzen saiatuko da, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira betiere. Kasu berezietan hurrenkera hori aldatzen ahalko da, aldaketa hori behar bezala arrazoitzen bada.
20. artikulua. Eskabidean 19. artikuluan zehazturiko baldintza guztiak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoren.
Instrukzioa.
21. artikulua. Alkateak edo, hura ez badago, alkateordeak, finkatuko du agur zibila zer egunetan eta zer ordutan eginen den, kudeaketaren ardura duen departamentuak behar den espedientea instruitu ondoren.
Hori guztia eginen da eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira, eta kontuan hartuz, ahal den heinean, eskatzaile bakoitzak nahiago dituen egun eta orduak. Aparteko inguruabar objektiboak eta premia larria dagoenean, aukera egonen da eskabideak aurkeztu diren ordenari ez begiratzeko. Nolanahi den ere, behar bezala arrazoitu beharko da aparteko premia larria, eta zegokien eskubidean aldaketa jasan dutenei entzun beharko zaie.
22. artikulua. Eskabidea ikusita, alkateak, edo hark eskuordeturiko zinegotziak edo/eta funtzionarioak agur zibila Udalaren zein aretotan eginen den erabakiko du. Erabilera anitzetako gela erabiliko da, oro har. Bertaratzen direnen kopurua lokalaren edukiera baino handiagoa bada, egoera hori espresuki aipatuko da, eta baimena eskatuko da zeremonia Kultur Etxean egiteko.
Eskubideak eta betebeharrak.
23. artikulua. Aretoen egoera behar bezalakoa izan dadin, ekitaldian parte hartzen dutenek ez dute barrenean dependentziak kalte ditzakeen deus eginen.
24. artikulua. Ekitaldiaren hotsanditasunak eskatzen duen modukoa izanen da aretoa. Hala ere, familiartekoek edo adiskideek aretoa apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari behar bezain garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira apainketa eta egokitze gastu guztiak. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez.
25. artikulua. Ekitaldia ez da iraingarria izanen eta ez da besteen ideia eta printzipoen aurka joanen.
26. artikulua. Debeku da agur zibilik egitea gorputza bertan dela. Bada baimena, ordea, errauts kutxa bertan egoteko.
27. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.
II. KAPITULUA
Xedapen fiskalak
Oinarria.
28. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza.
29. artikulua. Zergapeko egintza da agur zibilen zerbitzu publikoa ematea.
Ordaindu beharra.
30. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten hasten denean, hau da, interesdunak agur zibilaren eguna eta ordua zehazteko eskabidea aurkezten duenean.
Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.
Subjektu pasiboak.
31. artikulua. Tasa ordaindu behar dute, zergadunak diren aldetik, ordenantza honen xede den zerbitzua eskatzen duten pertsonek.
Tributuaren kudeaketa.
32. artikulua. Udaleko langileek egiaztatuko dute tasa ordaindu dela.
Tarifak.
33. artikulua. Arau hauen araberakoa izanen da ordainketa:
–Hildakoa Zizur Nagusian erroldaturik bazegoen zendu zen unean: salbuetsita.
–Hildakoa Zizur Nagusian erroldaturik ez bazegoen zendu zen unean: 150 euro.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Alkatetzari baimena ematen zaio honako ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
1. Indarrik gabe gelditzen da Zizur Nagusiko Udalak 2008ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran ezkontza zibilak egiteko onetsi zen erregulazioa.
2. Indarrik gabe gelditzen da Ezkontza zibilak baimendu eta egitea arautzen duen ordenantza, 2008ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, abenduaren 1ean.
AZKEN XEDAPENA
Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L1600886