2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR NAGUSIA
Hilerriko zerbitzuak emateko tasak arautzen dituen
ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Zizur Nagusiko Udalak, 2015eko azaroaren 27ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hilerriko zerbitzuak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, baita horren arauzko tramitazioa ere.
Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2015eko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.
Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.
Zizur Nagusian, 2016ko urtarrilaren 23an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.
ZIZUR NAGUSIKO HILERRIKO ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Hilerriko berariazko zerbitzuak egitea, horra zergapeko egintza.
Subjektu pasiboa
3. artikulua. Zerbitzua eskatzen duen pertsona natural edo juridikoak ordaindu beharko du dagokion tasa, subjektu pasibo gisa.
Zerga-oinarria
4. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, ondotik zehaztuko diren kontzeptuei dagozkien zerbitzu moten arabera finkatuko da zerga-oinarria:
–I. epigrafea: Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta ehorzteko eskubideak.
–II. epigrafea: Hilotzak atera eta gorpuzkinak hilerrian berean lekualdatzeko eskubideak.
–III. epigrafea: Horma-hilobien eta errauts-kutxategien kontzesioa.
–IV. epigrafea: Hilotzak edo gorpuzkiak jada okupatuta dauden horma-hilobietan edo errauts-kutxategietan ehorztea.
Tarifen aplikazioa
5. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik atera eta horma-hilobi batean berriz ere ehortziz gero, II. epigrafeari dagozkion tasak ordaindu beharko dira. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da.
6. artikulua. Hilotzak nahiz gorpuzkiak erretzetik sortutako errautsek tratamendu berekia izanen dute, beren tasekin, ordenantza honi dagokionez.
7. artikulua. Hilotzak edo gorpuzkiak okupaturik dauden horma-hilobietan edo errauts-kutxategietan ehorzteko ematen diren lizentziak baimen berritzat hartuko dira, eta III. epigrafeko tarifei IV. epigrafeko beherapena aplikatuko zaie, aurreko baimena edo haren luzapena eman zenetik igaro den urte bakoitzeko.
Eskubidea bukatu eta berritzea
8. artikulua. Urte bakoitzean, horma-hilobien eta errauts-kutxategien eskubidea iraungiko da baldin eta 10, 20 eta 30 urte betetzen badituzte hasierako kontzesioa edo kasuan kasuko luzapena eman zenetik aurrera. Iraungi aurreko urtean, eta, betiere, abenduaren 31 baino lehen, luzapena eskatu beharko da, hala posible bada ordenantza honekin bat, edo gorpuzkinak beste norabait eraman. Eskaerarik ez bada egiten, gorpuzkinak hezurtegi orokorrera eramanen dira.
Urte bakoitzeko lehenbiziko hiruhilekoan, Zizur Nagusiko Udalak jakinaraziko du zer horma-hilobiri eta errauts-kutxategiri iraungiko zaien eskubidea hurrengo urtean.
Hilobiak eta kontserbazioa
9. artikulua. Zizur Nagusiko udal hilerrian badago horma-hilobietan ehorztea, baita errauts-kutxategietan ere, errautsen edo gorpuzkinen kasuan.
10. artikulua. Hilerriko hilobi guztiek hilarri bana izanen dute nahitaez, non hildakoaren izena agertuko baita gutxienez.
XEDAPEN OSAGARRIA
Arau honetan aurreikusten ez den orotan hilotzen gaineko osasungarritasunari buruzko xedapenak izanen dira arau osagarriak.
XEDAPEN IRAGANKORRA
1985etik lehenagoko hilobi guztiak kendu behar dira, eta gorpuzkinak errauts-kutxategi batera edo hezurtegi orokorrera eraman.
Senideei ere eman dakizkieke, gorpuzkinen errausketarako eta hilerri honetan edo beste batean ehorzteko.
Jarduketa hori 2016ko abenduaren 31 baino lehenago egin eta burutu behar da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditzen da Hilerrian zerbitzuak emateko prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala, Zizur Nagusiko Udalak 1999ko abenduaren 17an egin osoko bilkuran behin betiko onetsi zena.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
TASEN ERANSKINA
I. epigrafea.–Ehorzketak, berrehorzketak eta ehorzteko eskubideak
–Horma-hilobietan: 130,00 euro.
–Kutxategietan (errautsak): 25,00 euro.
II. epigrafea.–Hilotzak atera eta gorpuzkinak hilerrian berean lekualdatzeko eskubideak.
–Hilobitik atera eta beste hilobi batean ehorztea: 120,00 euro.
–Gorpuzkinak hilobitik atera eta ematea: 70,00 euro.
–Hobitik ateratzea eta hezurtegi orokorrera eramatea: dohainik.
III. epigrafea.–Horma-hilobiak, panteoiak eta errauts-kutxategiak
–Horma-hilobiak:
- 10 urteko kontzesioa: 250,00 euro.
- Bi luzapen, 10 urtekoa bakoitza: 190,00 euro.
–Kutxategiak (errautsendako):
- 10 urteko kontzesioa: 80,00 euro.
- Bi luzapen, 10 urtekoa bakoitza: 80,00 euro.
–Kutxategiak (gorpuzkinendako):
- 10 urteko kontzesio bakarra: 160,00 euro.
IV. epigrafea.–Hilotzak edo gorpuzkiak jada okupatuta dauden horma-hilobietan edo errauts-kutxategietan ehorztea.
Hilotzak jada okupatuta dauden horma-hilobietan ehorzteko ematen diren lizentziak, edo gorpuzkiak jada beste gorpuzki batzuekin okupatutako errauts-kutxategietan ehorztekoak, kontzesio berritzat joko dira, eta honako murrizketa hauek aplikatuko dira III. epigrafeetan aurreikusitako tarifetan.
Aurreko kontzesioa edo luzapena amaitzeko 5 urte edo gehiago falta badira, dagokion tarifaren %50 likidatuko da. Beherapen bera aplikatuko da erabiltzen den horma-hilobiak kontzesio betierekoa badu.
Aurreko kontzesioa 5 urtetik beherako epean amaitzekoa bada, dagokion tarifaren %75 likidatuko da.
Iragarkiaren kodea: L1600885