2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NABASKOZE
Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena
Nabaskozeko Udalak, 2015eko urriaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Nabaskozen desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza, 2015eko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 20an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Nabaskozen, 2016ko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Cruz M. Moriones Uriz.
UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Nabaskozeko udalerrian desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an emandako 98/376/CE Gomendioari eta abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuari jarraituz, azken honen bitartez arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak eman eta erabiltzeko baldintzak. Helburua da testu arau-emaile honen bigarren artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten pertsonek automobila sarbide edo helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatu ahal izatea, joan-etorri luzeak saihestuz.
2. artikulua. Baldintzak.
1. Nabaskozeko Udalak luzatutako aparkatzeko txartela eskuratu ahalko dute desgaitasuna ofizialki aitortua duten pertsona fisikoek, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategineko 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi baitzuen, betiere eskabidea egiteko unean baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Udalerrian erroldatuta egotea.
b) Minusbaliotasun bat izatea; desgaitasun mota hauetako bat gutxienez frogatu beharko da:
–Lokomozio aparatuko desgaitasunen baten ondorioz mugikortasuna murriztua izatea eta honako alderdi hauek frogatzea:
Elbarritasun maila %33koa edo handiagoa duela frogatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan eskuratutako puntuak agertuko dituena, abenduaren 23ko 1971/4999 Errege Dekretuaren eranskinean jasotzen baita; hau da, garraio publiko kolektiboa erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan A, B edo C atalean egotea edo D, E, F, G eta H ataletan, betiere 7 puntu edo gehiago baldin baditu.
–Desgaitasuna ikusmenekoa bada, honako hau frogatu behar da:
–Desgaitasuna %33koa edo handiagoa dela dioen ziurtagiria.
Honako egoera honen gaineko ziurtagiria:
Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 (1/10 Wecker eskalan) edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.
Bi egoera horiek, bai mugikortasun murriztua bai ikusmeneko desgaitasuna, desgaitasun-maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute. Talde horiek desgaitasun eta minusbaliatasun maila kalifikatzeko eginkizunak eskualdatu zaizkien erkidego autonomoetako organoen menpe dauden organo tekniko eskudunen baitan egonen dira, minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan jasotako aurreikuspenekin bat. Hartara, talde multiprofesional horiek irizpena emanen dute, aginduzkoa eta lotestea izanen dena, Udalak ondotik txartela eman dezan.
Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.
Artikulu honetan eskatzen diren baldintzak betez gero, dagokion aparkatzeko txartela emanen zaio.
2. Orobat, aparkatzeko txartelaren titularrak izan ahalko dira soilik desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko ibilgailuen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak, Mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aipatzen diren gizarte zerbitzuak ematen badituzte mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko, edo baita ere Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean aipatzen diren gizarte zerbitzuak ematen badituzte (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia).
3. Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta irizpen ofizialik izan ez, larritasun handiko gaixotasun edo patologiaren bat duelako, eta horrek bizi esperantza, bere adinerako normaltzat jotzen dena, nabarmen jaisten badu, bai eta ere gainerako egoera pertsonalengatik, betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean. Kasu horretan, osasun arloko zerbitzu publikoetako medikuek luzatutako ziurtagiria beharko da. Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta epe bererako luzatu ahalko dira, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
3. artikulua. Eskatzeko prozesua.
Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:
–Desgaitasun maila frogatzen duen ziurtagiria, organo eskudunak emana, bigarren artikuluan azaldutakoarekin bat.
–Karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa.
–Desgaitasuna duen pertsonaren NANaren fotokopia.
–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.
Ordenantza honen 2.2 artikuluan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.
4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.
Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
–Txartela norberarena baino ez da eta ezin da eskualdatu; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo desgaitasuna duen titularrak berak gidatu beharko du. Txartela erabiltzen bada desgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea. Desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko txartel bakarra emanen da. 2.2 artikuluan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.
–Txartela jasotzen dutenek, txartel hori lortzeko baldintzetan edo betebeharretan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman behar diote Udalari. Aldaketen berri ez ematea txartela besterik gabe kentzeko arrazoi izanen da. Udalak ahalmena izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion errekerimenduak egiteko, ordenantza hau betetzearen ondorioetarako.
–Txartela aurrealdeko haizetakoan paratu beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.
5. artikulua. Balioaldia eta berritzea.
Orokorrean, txartelak honako balioaldi hau izanen du, ematen den egunetik edo berritze egun bakoitzetik hasita: bost urte.
Salbuespena: Desgaitasuna aldi batekoa denean, kasuan kasuko erakundeak emandako ziurtagiriaren arabera; halakoetan, txartelaren balioaldia ziurtagirian agertzen dena izanen da.
Titularrak balioaldia bukatu baino hilabete lehenago eskatu beharko du berritzea eta, horretarako, hirugarren artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu, txartela lortzeko baldintzak aldatzen ez direnean izan ezik, orduan karnet neurriko kolorezko argazki berri bat besterik ez baitu aurkeztu beharko. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.
Gaur egun indarra duten txartelak baliozkoak izanen dira, txartela emateko jatorrizko dokumentuan ezarritako epea bete arte, baina berritzen direnean txartelak eskuratzeko hemen onartu diren baldintzak bete beharko dituzte.
6. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Txartela eskuratzeko aurkezten diren datuak, ziurtagiriak eta abar faltsutzea arau-hauste administratiboa da, baita hura eskuratzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea ere.
Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea.
Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.
Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie. Espedientea Zehapen Ahalmena gauzatzeko Erregelamenduan xedatzen denari jarraikiz tramitatuko da.
Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den mugaegunera arte.
Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
I. ERANSKINA
Aparkatzeko txartelaren eskaera, desgaitasuna dutenentzat
Desgaitasuna duenaren datuak:
Izena: .................................., NANa: ......................., herri honetako bizilaguna: ....................., kalea: ............................., zenbakia: ...................., telefonoa: ............
AZALTZEN DU:
Desgaitasun egoera izanik ordenantza honetan ezarritako baldintzen arabera,
ESKATZEN DU:
Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko ematen zaien txartela eman dakidala.
Aurkeztutako agiriak:
–NANaren fotokopia.
–Desgaitasun maila frogatzen duen ziurtagiria, organo publiko eskudunak luzatua.
–Karnet neurriko argazki bat.
....................... (e)n, 20......(e)ko ................... aren ........(e)an.
(Eskatzailearen sinadura)
Iragarkiaren kodea: L1601151