2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AGOITZ
Hirigintzako agiriak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza Behin betiko onespena
Agoizko Udalak, 2015eko urriaren 7an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea “Agoizko udal mugapean hirigintzako agiriak tramitatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza”.
Espedientea (2015eko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 20an) jendaurrean hogeita hamar lanegunean egonik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, bidezko da behin betiko onestea eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Agoitzen, 2015eko abenduaren 9an.–Alkatea, Unai Lako Goñi.
UDAL ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOAK ETA BESTE TRAMITAZIO BATZUK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babespean.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza da zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketak eta hirigintzaz kanpoko lizentziak tramitatzeari buruz, udal mugapearen edozein tokitan egiten direnean, hala lur pribatuan nola publikoan.
3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza, besteak beste, hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:
a) Udal Planean egin aldaketak tramitatzea.
b) Plan partzial edo bereziak eta haietan egiten diren aldaketak tramitatzea.
c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.
d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.
e) Lur banantzeak tramitatzea.
f) Birzatiketak edo kudeaketarako bestelako bitartekoak tramitatzea.
g) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.
h) Hirigintza arloko kontsultak.
i) Ofiziozko udal jarduketak, obrak nola gauzatzen diren kontrolatzeko eta ikuskatzeko, hondamen egoera deklaratzeko espedienteak tramitatzeko eta betearazpen aginduak emateko espedienteak tramitatzeko.
Tasa hauei loturiko udal ekintza gauzatzen da hirigintzaz kanpoko lizentzien jarduketa hauetan:
a) Jarduera lizentzien tramitazioa.
b) Irekitzeko lizentzien tramitazioa.
c) Jarduera lizentzien, irekitzeko lizentzien eta gainerako beste batzuen gaineko kontsulten tramitazioa.
4. artikulua. Amaieran lizentziarik lortzen ez duten tramitazioak edota lizentzia ukatzen zaizkionak kontsultatzat hartuko dira, kargaren ezarpenari dagokionez.
Ordaindu beharra
5. artikulua. Tramitazioa eskatzen den unean berean sortzen da tasa ordaindu beharra.
Subjektu pasiboa
6. artikulua. Dagokion tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute. Ofizioz abiatutako udal espedienteak tramitatzean, higiezinaren jabeak.
Tarifak eta karga-tasa
7. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.
Tasa ordaintzeaz gain, subjektu pasiboak bere kontura hartu beharko ditu araua aplikatzearen ondorioz sortzen diren gastuak, hala nola, iragarkiak argitaratu eta txostenak eta gainerako tramitaziotik sortzen direnak.
Tramitazioa
8. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta xedapenak.
Hirigintzaz kanpoko tramitaziorako eskaera orok berarekin beharko ditu Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legeak eta harekin bat heldu direnek aipatzen dituzten edukia eta zehaztapenak.
Kudeaketa arauak
9. artikulua. Planeamenduari eta jarduerari buruzko espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikariek aldeko txostena eman ondotik, likidatzeko bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.
10. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.
Salbuespenak eta hobariak
11. artikulua. Edozein hobari eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da tramitaziorako eskaria erregelamenduzko betebehar guztiekin egitea; gainera, zein hobaritarako eskubidea izan, hartarako eskaria egin beharko da, eta frogagiriak aurkeztuko dira.
12. artikulua. Tasak %25 murriztuko dira baldin eta eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote txosten teknikoak eman baino lehen; ukoa berariazkoa izan beharko da, Alkatetzari idatziz zuzendua.
Azken xedapen bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
ERANSKINA
Hirigintzako tramitazioak
I. epigrafea.–Udal plan, plan partzial edo antolamenduko plan berezietan egiten diren aldaketak tramitatzea.
Espedienteak tramitatu eta ebazteko tasa plan bakoitzean hartutako lurzoruaren azaleraren arabera likidatuko da, ondoko eskalaren arabera likidatu ere:
–Azalera/euro m²/azalera:
- 5.000 m²-ra bitarte: 0.06.
- 5.000tik goiti eta 10.000 m²-raino: 0.05.
- 10.000tik goiti eta 25.000 m²-raino: 0.05.
- 25.000tik goiti eta 50.000 m²-raino: 0.05.
- 50.000tik gorakoak: 0.04.
II. epigrafea.–Lerrokaduren azterlanak, unitatearen mugaketak, erabilera aldaketak eta xehetasun azterlanak tramitatzea:
Aplikatzeko tarifak I. epigrafekoen %75 izanen dira.
III. epigrafea.–Birzatiketen tramitazioa.
III.4. Birzatiketa espediente bakoitza tramitatu eta ebazteko tasak azaleraren arabera likidatuko dira, ondoko tarifei jarraituz:
–Metro koadro eraikigarri bakoitzeko: 0,06 euro.
III.B. Birzatiketen aldaketak tramitatzeko, III-A epigrafean ezarritakoen %50eko tarifak aplikatuko dira.
IV. epigrafea.–Eskatzaileek egindako urbanizazio proiektuak tramitatzea.
Tasak proiektuaren zenbatekoaren arabera likidatuko dira, eta karga-tasa %1,5 izanen da.
V. epigrafea.–Aurri espedientea.
–Aurri egoeraren gaineko txostena: 200 euro.
VI. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.
Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko tasak iristen ez badira aipatzen diren gutxieneko kopuruetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira:
–Planeamenduak eta kudeatzeko bitartekoak tramitatzea: 150 euro.
–Hirigintzako kontsulten tramitazioa: 60 euro.
–Lur banantzeak tramitatzea: 40 euro.
–Hirigintzaz kanpoko lizentziak tramitatzea.
VII. epigrafea.–Jarduerarako lizentziak.
–Jarduera sailkaturako lizentziak, duten tamainagatik ingurumeneko ukipenen gaineko txostena behar badute: 100 euro.
–Jarduerarako lizentziak, tamaina txikiagokoak: 75 euro.
–Irekitzeko lizentziak, duten tamainagatik ingurumeneko ukipenen gaineko txostena behar badute: 100 euro.
–Irekitzeko lizentziak, tamaina txikiagokoak: 75 euro.
VIII. epigrafea–Jarduerarako, irekitzeko eta horrelatsuko lizentzien gaineko kontsultak.
–60 euro.
IX. epigrafea.–Ofiziozko udal jarduketak, obrak nola gauzatzen diren kontrolatzeko eta ikuskatzeko, hondamen egoera deklaratzeko espedienteak tramitatzeko eta betearazpen aginduak emateko espedienteak tramitatzeko.
–50 euro.
Iragarkiaren kodea: L1516436