3. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTSOAIN

Deialdia, zerrenda bat osatzeko, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat hautaproben bitartez eta aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Tokiko Gobernu Batzarrak 2015eko urriaren 21ean egin bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi ziren izangaien zerrenda bat osatzeko deialdiaren oinarriak, jarraian argitaratzen direnak, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat hautaproben bitartez eta aldi baterako kontratazioaren bidez betetzeko, Antsoaingo Udalean sortzen diren beharrei erantzun beharrez.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Antsoainen, 2015eko azaroaren 3an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

OINARRIAK

Lehena.–Arau orokorrak.

Deialdia egiten da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanposturako izangaien zerrenda hautaproben bidez eratzeko, Antsoaingo Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren, bai zerbitzu orokorretan bai kirol instalazioetan edo beste edozein zerbitzutan.

Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Antsoaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanposturako aldi baterako kontrataziorako.

1.1. Lanpostuek D mailako ordainsariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan eta Antsoaingo Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.2. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira.

Mantentze-lan orokorren eta obren lantaldearen berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzetako lanak, baita kirol instalazioetako berezko jarduketekin ikusteko dutenak ere, haiek egoki funtziona dezaten begiratu eta haien artatze eta mantentze-lanak eramatea; hona hemen haietako batzuk besteak beste, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe:

–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta mantentze-lanetakoak.

–Zerbitzuaren berezko makineriaren, lanabesen eta tresnen maneiatzea, mantentze-lana eta konpontzea.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak etab.

–Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, besta eta ekitaldi publikoetan.

–Ibilgailuak gidatzea eta makineria maneiatzea, obra txiki eta ertainetakoak badira (B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Kontrol analitikoak egitea, bai urenak bai instalazioetako berezko hezeguneenak, eta haien jarraipenaz arduratzea.

–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konponketa lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.

–Eskatzen zaizkien hobekuntzako instalazio berriak eta jarduketak egitea, betiere beren mailakoak badira, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuetako artatze eta mantentze-lan oinarrizkoa egitea.

–Udaleko gainerako zerbitzuekin lan egitea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokorrak:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.

–Azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri ematea arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta argibide guztiak ezagutu eta aplikatzea.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatu eta begiratzea, eta hirigintza eta ingurumen gaietan ikuskatzea, lizentzia eta obrei, eremu publikoaren okupazioari, isurketei eta abarri buruzko araudia jaso eta betetzen ote den begiratuta.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.

–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek bere esku uzten duten beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako gidabaimena

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta f) ataletan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 8.4 atalean ezarritakoarekin bat.

2.3. Oinarri honetako betekizun guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira (salbu 2.1. f) atalean adierazitakoa; hori kontratazio egunerako bete beharko da), baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Antsoaingo Udaleko Erregistroan (Udaletxeko plaza, 1) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorrean. Erregistro hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago (www.ansoain.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.ansoain.es helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren kopia aurkeztu beharko dute eskabideekin batera.

Kontratua egiteko deitzen zaien pertsonek bakarrik aurkeztu behar dute eskatzen diren titulazio baldintzak eta deialdian eskatzen diren bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Antsoaingo Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Antsoaingo Udaleko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian (www.ansoain.es) argitara dadila. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du www.ansoain.es Udalaren web orrian eta iragarki oholean bakarrik argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Bosgarrena.–Probak.

Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira.

5.1. Proba teorikoa.

Proba teorikoa, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 40 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere ordubetez. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Parte honetan, 40 puntu eskuratzen ahalko dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,50 puntu kenduko da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (20 puntu). 20 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun lapitza.

Izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa jendaurrean jarriko da, Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren web orrian, baita hurrengo ariketa noiz non eginen den ere, gutienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

5.2. Proba praktikoa.

Proba praktikoa: I. eranskineko gaiekin lotuta, proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala eginen da, alegia, 60 puntu horien eta egin beharreko proba kopuruaren zatidura izanen da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 lortu behar da gutxienez (18 puntu), proba praktiko guztiak kontuan harturik.

5.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Epaimahaia.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Ander Andoni Oroz Casimiro, Antsoaingo Udaleko alkatea

Ordezko mahaiburua: Cesar de Luis Murugarren, Antsoaingo Udaleko bigarren alkateordea.

Mahaikidea: Luis Fernando Sola Zabalza, Iruñeko Virgen del Camino IBPko irakaslea.

Ordezko mahaikidea: Juan Carlos Martínez Lorrio, Iruñeko Virgen del Camino IBPko irakaslea.

Mahaikidea: Pedro Herrera Triguero, Antsoaingo Udaleko mantentze-lanetako arduradun nagusia.

Ordezko mahaikidea: José Ramón Fernández Iriarte, Antsoaingo Udaleko kirol instalazioetako mantentze-lanetako arduraduna.

Mahaikidea: Alfredo Pérez Garde, langileen ordezkaria.

Ordezko mahaikidea: Antonio Fermín Chaves Muñoz, langileen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: María Raquel Pérez de Iriarte Matero, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

Ordezko mahaikide idazkaria: Jesús María Llorens García, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik bigarren probako (praktikoa) lehenbiziko zatian zein den puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Antsoaingo Udaleko iragarki-oholean argitaratuko dira.

7.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Antsoaingo Udalaren iragarki oholean eta webgunean (www.ansoain.es) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

Proba teorikoa gainditurik, proba praktikoan proba horretako gehieneko puntuazioaren (60 puntu) %30 (18 puntu) gutxienez lortzen duten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako zerrendetan.

7.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Tokiko Gobernu Batzarrari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onetsia izan dadin.

Zortzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

8.1. Gainditu duten izangaiei Antsoaingo Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Antsoaingo Udalak egiaztatuko ditu.

8.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

8.4. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Deialdiaren xedeko izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraietan, eta dei horren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saioarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori egiten denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremana izanik, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 8.5 atalean xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, eskaera egin duen toki entitateak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

8.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

2.–Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Non eta jakinarazpen hori egiten ez den, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.6. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan aurreikusi den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

8.7. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko agiriak, honako hauek fotokopia konpultsatua aurkeztuz, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean: DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Gidabaimenaren kasuan, kontratuaren eguna izanen da aurkezteko epea.

8.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak zutitzea.

6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

7. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

9. gaia.–Igerilekuetako mantentze lanak. Ur ponpaketaren, iragazkien eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileen ezagutza.

10. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzaren ezagutza.

II. ERANSKINA

–Eskabidea (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1514873