1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
198E/2015 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-1 exekuzio-unitatearen urbanizazio-proiektua aldatzeko espedientea (9. atala. Harrera faseak), Eguesibarko udal mugapean, behin betiko onesten duena. Sustatzailea plan horretako UE-1 exekuzio-unitatearen konpentsazio batzordea da.
Aldaketaren helburu bakarra da eremu horren urbanizazioa bi fasetan gauzatzea, harreraren ondorioetarako.
Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak ekainaren 17an emandako 360E/2015 Ebazpenaren bidez, Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-1 exekuzio-unitatea urbanizatzeko proiektuaren aldaketa (9. atala. Harrera faseak), Eguesibarko udal mugapean, hasiera batean onetsi zen. Sustatzailea plan horretako UE-1 exekuzio-unitatearen konpentsazio batzordea da.
Ebazpen hori prentsan argitaratu zen 2015eko uztailaren 15ean, bai eta 2015eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (uztailaren 10ean) ere. Espedientea hogei egunez egon zen jendaurrean eta, aldi berean, ukitutako udalei entzutea eman zitzaien.
Hasierako onespenaren ebazpenak zenbait zehaztapen zituen.
2015eko abuztuaren 20an, epez kanpo, Alfonso Etxeberría Goñi jaunak, Eguesibarko Udaleko alkateak, alegazio idazkia aurkeztu zuen. Idazkia jaso zen egunean espedientearen ebazpen proposamena oraindik ez zegoenez, eta Administrazioak eraginkortasunez eta herritarrei zerbitzua emateko jardun behar duenez, baloratu eta erantzuna eman zitzaion aurkeztutako alegazio idazkiari.
Aurkeztutako alegazioak:
Edukia: Alegazio idazkiak udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa, Nafarroako Gobernuaren 2015eko ekainaren 11ko Erabakiaren bidez hasiera batez onetsi zena, tramitatzeko espedientean aurkeztutako alegazio berberak ditu, eta alegazio egileak adierazten du alegazioen baiespenak eragina izanen lukeela espediente honetan, eta horren ondorioz moldatu beharko litzatekeela. Alegazioak hauek dira:
–UPSaren aldaketaren zati den dokumentazio grafikoan agertzen den bide trazadurak "hasierako proiektuan agertzen ziren oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideen jarraitutasuna mozten duela".
–Alegatzen da Arangurengo ibarreko errepideko oinezkoen pasabideak mozten direla, errepide horretan aurreikusten zen zatibitzea desagertu baita.
Erantzuna: Urbanizazio proiektuaren aldaketa honek urbanizazio obren harrera faseetan (memoriaren 9. atala) du eragina soilik, eta ez du aldatzen eremuaren antolamendu indarduna. Izan ere, alegatutako aldaketak ez dira agertzen proiektuan, Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 13an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen UPSean aurreikusten zen oinezkoentzako eta txirrindularientzako trazadura mantentzen baita.
Urbanizazio proiektuaren bigarren aldaketan (2015eko maiatzaren 15ean aurkeztua tramitaziorako) moldatzen da urbanizazio proiektua planeamenduaren aurreikuspen berrietara (tramitatzen ari den Salestarren UPSaren aldaketaren ondoriozkoak), eta alegatzen diren oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak aurreikuspen berrietan agertzen dira.
Horrenbestez, UPSaren aldaketa tramitatzeko espedientean jarritako alegazioak baiesten baldin badira, urbanizazio proiektuaren bigarren aldaketa moldatu beharko da, eta ez hau, oinezkoentzako eta txirrindularientzako trazadura berriak jasotzen ez baititu.
Beraz, ulertzen da alegazio egilea aurreratu dela antolamendu berriak espediente honetan duen eraginari dagokionez, espedienteak antolamendu hori jasotzen ez baitu.
Horrenbestez, bidezkoa da alegazioa ezestea.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, urbanizazio proiektuaren aldaketak tramitatu eta onestea gaurko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Aurkeztu diren alegazioak tramitaziorako onartzea eta ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.
2. Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-1 exekuzio-unitatea urbanizatzeko proiektuaren aldaketa (Harrera faseak), Eguesibarko udal mugapean, plan horretako UE-1 exekuzio-unitatearen konpentsazio batzordeak sustatua, behin betiko onestea, zehaztapen hauekin:
–Lehen faseko lanetan Erripagañako hustubidea indartzeko lanak sartzen dira, Iruñerriko Mankomunitateak eskatu duenez, urbanizazioaren funtzionamendua egokia izan dadin.
–Lanak gauzatzeko epeak, urbanizazio proiektuan aurreikusitakoak, ez dira aldatuko.
–Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak txostenean xedatutakoa beteko du sustatzaileak. Ebazpen honekin batera igorriko da txostena.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiari, espedientearen sustatzaileari eta alegazio egileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2015eko azaroaren 25ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1516019