29. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

132/2016 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpena aldatzen duena. 516/2015 Ebazpenaren bidez, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak (Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa da eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du) 17. artikuluan aurreikusten du “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programak laguntza horiek jasotzen ditu 4. neurriaren barnean (“Inbertsioak aktibo fisikoetan”) eta, zehazki, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” azpineurrian. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpenaren bidez (2015eko 165. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 25ekoa), “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean. Azaroaren 10eko 440/2015 Ebazpenaren bidez (2015eko 233. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 20koa) eta abenduaren 21eko 613/2015 Ebazpenaren bidez (2015eko 257. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa), eskaerak aurkezteko epea luzatu zen, 2016ko otsailaren 15era arte.

2015eko azaroaren 18an Europako Batzordeak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa onetsi zuen. Onetsitako testuak aldaketa batzuk sartu zituen deialdiak egiteko oinarri izan zen testuan. Horregatik, laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia egokitu behar dira, Landa Garapeneko Programaren neurrian izandako aldaketak sartzeko, deialdiaren 5. puntuan jasotako aplikazio baldintzan berariaz zehazten den bezala, eta konpromisoak betetzeko eta lotutako ordainketak egiteko epeak egokitzeko.

Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 7.490.000,00 euro 2017ko ekitaldian eta 1.250.000,00 eurok 2018ko ekitaldian, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” eta “Nekazari gazteak beren gain jartzea” izeneko neurrietan laguntzak emateko Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren esparruan, 2015. urteko deialdiari baitagozkio, eta ondoriorik gabe utzi zuen Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartutako Erabakia. Erabaki horren bidez, baimena eman zitzaion Landa Garapeneko zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 3.720.000,00 euro 2016ko ekitaldian eta 5.020.000,00 euro 2017ko ekitaldian, neurri horietan laguntzak emateko.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpenaren 3. puntua, aurrekontuko kredituei buruzkoa, aldatzea. Ebazpen horren bidez, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean. Honela geldituko da idatzita:

“3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 5.540.000,00 euroko gastua baimentzen da, 2017an, 2015. urtera luzatutako 2012ko Aurrekontu Orokorretako honako honen kargura: “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720004 71630 7700 412102 kontu-saila. Horretarako baldintza da kreditu egokia eta nahikoa izatea.”

2.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpenaren 4. puntua, eskaerak aurkezteko epeari buruzkoa, aldatzea. Honela geldituko da idatzita:

“4. Eskaerak aurkezteko epea 2015eko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea 2016ko otsailaren 29an bukatuko da.”

3.–Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpenaren I. eranskina aldatzea. Horren bidez, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrirako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dira. Honela aldatzen da:

1. 5. oinarriaren b) letra, ustiategiak onartuak izateko irizpideei buruzkoa, aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

“b) Tamainaz izatea 10etik 950era bitarteko Europako dimentsio unitate, biak barne. Irizpide hau ez zaio eskatuko 4/2006 Foru Legearen 65.1 a) eta b) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek egindako inbertsioei, ezta aldi berean beren gain jartzeko laguntzak eskatzen dituzten nekazari gazteei ere”.

2. 7. oinarriaren 5. puntuko i) letra eta g) letraren ii) azpiatala eta oinarri horren 6. puntuko j) letra, diruz laguntzen ahal diren inbertsioei buruzkoak, aldatzen dira. Honela idatzita geldituko dira:

“ii) Inbertsioa jadanik dagoen ureztatzeko instalazioaren hobetzeko bada, frogatu beharko da hobekuntzak aukera eman dezakeela, egungo instalazioaren aldean, uraren %10eko aurrezpena egiteko, 46. artikuluaren 4. puntuko errekerimenduei jarraikiz.”

“i) Energia berriztagarria produzitzeko inbertsioak, ustiapenean bertan kontsumitzeko, ustiapenaren batez besteko urteko kontsumoa (eskaera egunaren aurreko urte naturalekoa) berdintzeko edo gainditzeko ahalmena izanik”.

“j) Helburu nagusitzat biomasatik energia elektrikoa produzitzea duten instalazioak, salbu frogatzen bada gutxienez erabiltzen den energiaren %50ekoa termikoa dela eta lehengai gisa jangaiak ez diren produktuak (Europar Batasuna eratzeko Tratatuaren I. eranskinean agertzen direnak) erabiltzen badira”.

3. 10. oinarriaren 2.b) letra, diru-laguntzak emateko prozedurari eta baloraziorako irizpideei buruzkoa, aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

“b) Onuraduna baldin bada lehentasunezko nekazaritzako ustiategi baten titularra: 35 puntu. Izaera horrekin parekatzen dira bere gain jartzen ari diren gazteak, betiere nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzak eskatu badituzte eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 538/2015 Ebazpenaren 4. oinarrian onartuak izateko ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte. Ebazpen horren bidez, Nekazari gazteak beren gain jartzeko laguntzen 2015eko deialdia onetsi zen.”

4. 12. oinarriaren 1. puntuko a) letraren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta 2.i) dioen tokian 2.h) esan behar du.

5. 14. oinarriaren 3. puntua, aurrerakina jasotzeko eskaerari buruzkoa, kentzen da.

6. 17. oinarriaren 8. puntua, laguntzak emateko prozeduraren instrukzioari buruzkoa, kentzen da.

7. 20. oinarriaren 2. puntua, ordainketaren eskaerari buruzkoa, kentzen da.

8. 21. oinarriaren 1. puntua, laguntzen ordainketari buruzkoa, kentzen da. Oinarri horren 2. puntua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“2. Onuradunak proposaturiko inbertsio plana gauzatzeko epea 2017ko irailaren 1ean bukatuko da.

2017ko urriaren 1ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko eta, berarekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak aurkezteko.

Epe horiek ulertzen dira eskatzen eta, arrazo bidezkoak badira, onartzen ahal diren luzapenez aparte, betiere 2017ko azaroaren 1a arte baino gehiago irauten ez badute.

Oro har, diru-laguntzak onartzea eragin zuen jarduera gauzatu dela egiaztatu ondotik ordainduko dira diru-laguntzok. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.”

9. 22. oinarriaren 1. zenbakia, ordainketetako murrizketei eta salbuesteei buruzkoa, kentzen da.

10. 22. oinarriaren 3. puntuan bigarren paragrafo bat gehitzen da. Honela idatzita geldituko da:

“3. 12. oinarriaren b) letran bildutako konpromisoa ez bada betetzen azkeneko ordainketaren aurretik, urtekoa galduko da, eta aurrerakinik jaso bada, hura itzuli beharko da, salbu eta ebazpen honen 4.1.e) oinarriko kasua gertatzen bada, orduan laguntza ez baita ordainduko harik eta onuradunak organo kudeatzaileari adierazten dion arte Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak dituela.

12. oinarriaren e) letran bildutako konpromisoa betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da. 12. oinarriaren g), j) eta l) letretan bildutako konpromisoak betetzen ez badira, konpromisoarekin lotura zuzena duen laguntza galduko da. 12. oinarriaren f), h) eta i) letretan bildutako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzaren %50 galduko da.”

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 29an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1601349