29. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABANILLAS

Kirol eta kultura entitateendako udal diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzaren oinarriak, 2016. urterako

Cabanillasko Udalak, 2016ko urtarrilaren 28ko osoko bilkura berezi eta presakoan, zinegotzi guztiak ados zirela,

ERABAKI ZUEN:

Lehena.–Cabanillasko udalerrian 2016an kultur, kirol eta aisialdi jarduerak antolatzeko diru-laguntzak emateko deialdia eta oinarri arau emaileak onestea. Honela dio:

Cabanillasko udalerrian 2016an kultur, kirol eta aisialdi jarduerak antolatzeko diru-laguntzak emateko deialdia.

Cabanillasko Udalak, besteak beste kultur, kirol eta aisialdi jardueren antolaketan laguntzeko, deialdi hau ezarri du, dagokion aurrekontuan urtero onartzen den gehieneko zuzkidurarekin.

CABANILLASKO UDALAK KIROL ETA KULTURA ENTITATEEI EMATEN DIZKIEN UDAL DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEKO ORDENANTZAREN OINARRIAK, 2016RAKO

1.–Xedea.

Cabanillasko herritarrei, besteak beste, kultur, kirol eta aisialdi jardueretara sarbidea erraztea, bai eta jarduera mota ororen antolakuntzan herriko taldeen parte-hartzea sustatzea ere. Deialdian jarduera horien antolakuntza sartuko da.

Alor desberdinetan jarduera berriak sustatzea: kultura, natura eta ingurumena, musika, arte eszenikoak, kirola, turismoa, gazteria, elkartasuna eta lankidetza eta tokiko produktuen sustapena, besteak beste.

Jarduera guztiak urtean urteko abenduaren 31 baino lehen eginen dira, Cabanillasko udal mugapean.

Salbuespen gisa deialdiaren gehieneko zuzkiduraren %10 Cabanillasko udalerrian helbideratuta dauden entitate, elkarte edo pertsona fisikoek udalerritik kanpo egindako jarduerak laguntzeko erabili ahalko da, betiere jarduera horiek Cabanillasko herritarren onurarako badira eta Udalak positiboki baloratzen baditu, edo herria sustatzen badute.

2.–Betebeharrak.

Hurrengo pertsona eta taldeek parte hartu ahalko dute deialdian:

a) Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, Cabanillasen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

b) Pertsona fisikoek, Cabanillasen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

c) Cabanillasen helbidea ez duten irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, eta pertsona fisikoak, Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

3.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak Cabanillasko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, eta epea 2016ko martxoaren 7an bukatuko da, 12:30ean.

Eskaerari hurrengo dokumentuak erantsiko zaizkio:

–Jardueraren arduradun den elkarte, entitate edo erakundearen oinarrizko datuak: legezko izena, jarduera nagusia, egoitza, harremanetan jartzeko modua (telefonoa, faxa, posta elektronikoa) eta IFZren fotokopia.

–Bankuko datuak: banketxea, kale eta herria, sukurtsala eta banku-kontuko zenbakia.

–Eskaera aurkeztu duen pertsonaren datuak: izen-abizenak, NANa, kargua, helbidea eta harremanetan jartzeko modua (telefonoa, faxa, posta elektronikoa).

–Eskaera aurkezten duen pertsonaren adierazpen sinatua, txostenaren informazio guztiak egia direla dioena.

–Laguntza eskatzen duen egitaraua edo jarduera azaltzen duen oroit-idazkia, haren kostua eta non eta noiz eginen den berariaz aipatzen duena.

–Jarduera edo programaren aurrekontua.

–Jarduera edo programa finantzatzeko plana.

–Proiektuak jaso dituen laguntza edo diru-laguntzen berri ematen duen aitorpena edo, horrelakorik ezean, inongo laguntzarik jasotzen ez duela adierazten duen aitorpena. Halaber, lehenagotik laguntzarik eskatu baldin bada eta deialdi honetako eskabidea aurkezteko momentuan oraindik erabaki gabe baldin badago, hori ere adierazi beharko da.

Agiriak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira. Eskatzaileei 10 eguneko epea utziko zaie gehienez, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko. Halakorik egin ez badute, eta epea iraganik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

4.–Balorazioa.

Ogasunaren, Kontuen, Ekonomiaren, Enpresaren eta Langileen Informazio Batzordeak espedientea aztertuko du eta Udaleko Osoko Bilkurak onetsi eta laguntzak ordainduko ditu, Udaleko Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatu ondotik.

Balorazioak alderdi hauek izanen ditu kontuan:

a) Proiektuaren izaera: gehienez ere 40 puntu. Kontuan hartuko dira gauzatu beharreko proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna, eta oinarriak eta helburuak bat etorri eta koherenteak izatea, bai eta proposatutako helburuak betetzen direla bermatzeko baliabideen eskuragarritasuna ere.

b) Programaturiko obraren interesa: gehienez ere 40 puntu. Aintzat hartuko da norentzat den (zenbatespen kuantitatiboa, kualitatiboa) eta haren eragina udalerrian.

c) Proposatzen den obraren apartekotasuna: gehienez ere 20 puntu.

Proposatzen diren obrak aintzat hartzeko, gutxienez ere 50 puntu lortu beharko dituzte.

5.–Diru-laguntzak ematea.

Eskaerek diru-laguntzen zenbatekoa gainditzen badute, balorazioan puntuaziorik txikiena izan dutenei ezezkoa ematen ahalko zaie edo diru-laguntzaren zenbatekoaren banaketa proportzionala egin aurkeztutako eskaeren arabera.

Diru-laguntza emanda, onartutzat joko da, interesdunari jakinarazi eta 10 eguneko epean espresuki uko egiten ez badio. Eskatzaileei batzordearen aurrean agertzea eskatu ahalko zaie, beharrezkoak diren azalpenak eskain ditzaten.

Emandako zenbatekoa bi epetan ordainduko da, organo eskudunak zehaztuko dituen salbuespeneko kasuetan izan ezik: %50, diru-laguntza eman eta berehala. Gainontzeko %50, jarduera burutu eta oinarria beteta, alkatetzaren ebazpenaren bidez ordainduko da, kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren.

6.–Betebeharrak.

Onuradunek proiektua hitzartutako moduan eta datetan garatu beharko dute eta diruz lagundutako jardueraren garapenean gertatutako edozein gorabehera jakinarazi, gertatzen den unean.

Halaber, derrigorrezkoa izanen den jardueraren zabalkuntzan Cabanillasko Udalaren laguntza aipatu beharko da, Udalaren logotipoak paratuz.

Jardueraren memoria, edukia eta egin den modua, balantze ekonomikoa (gastuak eta diru-sarrerak) baita egindako gastuen frogagiriak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, Cabanillasko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, hurrengo urteko urtarrilaren 15eko 13:30 baino lehen.

Soilik indarra duen legeriarekin bat aurkezten diren fakturek izanen dute balioa. (Hartze-agiri eta justifikatzeko beste modu desegokiak baztertuko dira).

Oso garrantzitsua: jarduerak irabaziak ematen baditu, emandako udal diru-laguntza itzuliko beharko da lortutako mozkinen arabera.

Diruz lagunduko den jarduera onartutako aurrekontuaren ehuneko bat izanen da. Hori dela eta, benetako azken kostua hasieran aurreikusitako kostua baino txikiago bada, batzordeak bere ekarpena bi emaitzen arteko diferentziaren ehunekoan gutxituko du. Hortaz, arrazoizko aurrekontuak aurkeztea aholkatzen da.

Diru-laguntza jaso aurretik, onuradunek erakutsi beharko dute Cabanillasko Udalarekiko zerga arloko betebehar guztiak bete dituztela.

Deialdiaren oinarrietako bat betetzen ez bada edo memoria zehaztutako epeetan aurkezten ez bada, organo eskudunak diru-laguntza baliogabetu ahalko du eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.

7.–Baldintzak ez betetzea.

Deialdi hau agiri honetan bildutako arauei jarraikiz eginen da eta aurreikusten ez den orotan, berriz, hurrengo araudian ezarritakoari jarraituz: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea eta, ordezko gisa, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra, diru-laguntzei buruzko Estatuko araudia.

8.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio egintzen aurka errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da:

1. Jakinarazpen hau jaso eta hurrengo hilabetean eta aukeran, berraztertzekoa, hura egin zuen udal organoari zuzendua (azaroaren 25eko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua). Berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin da ez gora jotzekorik ez administrazioarekikorik aurkeztu, harik eta lehenbizikoa ebatzi edo ustez ezesten den arte. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da errekurtso hori bera berriz aurkeztu.

2. Hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea). Errekurtso hau aurkezten bada, ez da administrazioarekikorik aurkezten ahalko, harik eta gora jotzekoa ebatzi edo ustez ezesten den arte.

3. Bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

9.–Indar hartzea.

Araudi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik aitzina hartuko du indarra.

Cabanillasen, 2016ko urtarrilaren 28an.–Alkatea, Jesús Santos Pérez.

Iragarkiaren kodea: L1601204