29. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

4/2016 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 27koa, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta erakundeen sinbolo edo logotipo nagusi gisara erabiliko dira Nafarroako bandera eta armarria. Lege beraren arabera, Nafarroako Gobernuak Nafarroako armarri ofizialaren logotipo bat hartzen ahal du erakundearen irudi gisa, garaian garaiko gustu estetikoen arabera birdiseinatua.

Lehenago, urriaren 31ko 206/1985 Foru Dekretuak diseinatu zuen Nafarroako Gobernuaren sinbolo grafikoa, honela konposatua: Nafarroako armarri ofiziala, eguneratua eta estilizatua, eta “Gobierno de Navarra” edo “Nafarroako Gobernua” testua.

Geroago, maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak “Gobierno de Navarra” testua soilik duen sinboloaren erabilera berrindartu zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate guztietan, eta bigarren mailan eta gutxienetan, “Nafarroako Gobernua” testua soilik duena; horrela, ez zen aukera ematen Nafarroako Gobernuaren sinbolo grafikoan bi testuak aldi berean agertzeko.

Nafarroak berezko bi hizkuntza ditu: euskara eta gaztelania. Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofizialak errealitate hori islatu behar du, bere marka grafikoan Nafarroaren pluraltasuna adieraziz. Horregatik, Administrazioak konpromisoa hartu behar du bi hizkuntzak errespetatu eta erabiltzeko. Espainiako Konstituzioaren 3.3 artikuluan jasotzen da gaia, Espainiako hizkuntza ezberdinei behar zaizkien errespetu eta babes berezia aipatuz. Printzipio hori Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen oinarri ere bada, Erkidegoen ondare kulturalaren barruan hizkuntzek duten toki nagusia aipatzen baita haren atarikoan.

Nafarroako Kontseiluak 2016ko urtarrilaren 11n emandako irizpenak osatzen du espedientea.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko urtarrilaren 27an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Definizioa.

Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala multzo grafiko bat da, Nafarroako armarria eta “Nafarroako Gobernua” eta “Gobierno de Navarra” testuek osatua. Haren ezaugarri teknikoak eta aukera desberdinak foru dekretu honen I. eranskinean agertzen dira.

2. artikulua. Erabilera.

Aurreko artikuluan zehaztutako multzo grafikoa Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitate guztiek erabili beharreko sinbolo esklusiboa izanen da, hurrengo artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, eta aplikazio hauetan erabili beharko da nahitaez:

a) Publizitatea komunikabideetan eta hedabide orokorreko beste euskarri batzuetan.

b) Argitalpenen azalak, Foru Komunitateko Administrazioak sustatzen edo nagusiki finantzatzen badu.

c) Irudikapenak, proiektu, jarduera, instalazio edo azpiegiturak sustatu, babestu edo ekonomikoki laguntzeko jardueren ondoriozkoak.

3. artikulua. Aplikazioak.

1. Aplikazio jakin batzuetan, sinbolo ofizialean, “Nafarroako Gobernua” eta “Gobierno de Navarra” testuez gain, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu baten izena agertzen ahalko da, euskaraz eta gaztelaniaz, edo, salbuespenez, beste unitate edo jarduera batena.

2. Aurrekoa soilik aplikazio hauetan gerta daiteke:

a) Departamentu edo unitatearen paper ofizialak.

b) Bere eraikinen seinaleak.

c) Departamentu edo unitatearen berariazko argitalpenen barruko azala.

Artikulu honetan aipatzen diren aplikazioak gauzatzeko, foru dekretu honen II. eranskinean deskribatzen diren ezaugarri teknikoei jarraituko zaie.

4. artikulua. Erakunde autonomoak.

1. Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde autonomoek bere sinbolo grafikoa izan dezakete. Nafarroako armarri osoa agertzen ez bada, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala izanen du ondoan, gutxienez tamaina eta garrantzi berarekin.

2. Erakunde autonomoen sinboloak soilik aplikazio hauetan erabil daitezke:

a) Erakundearen paper ofizialak.

b) Bere eraikinen seinaleak.

c) Jantziak, materialak eta produktuak.

d) Berariazko argitalpenen barruko azala.

e) Erakunde autonomoa edo bere ekimen esklusibo bat berariaz sustatzeko publizitate ekintzak.

3. Beste erakunde batzuekin edo entitate pribatuekin batera erakunde autonomoak parte hartzen duen izaera publikoko egintzak sustatzeko publizitatean, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala agertuko da soilik. Orobat, bakarrik sinbolo hori agertuko da ekitaldi horietan erabiltzen diren zabalkunde eta sustapen euskarrietan.

5. artikulua. Aldez aurreko baimena.

1. Nafarroako Gobernuaren sinboloa behar bezala erabil dadin, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik baimendu beharko du aplikazio bakoitza.

2. Salbuespen kasuetan, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak baimena emanen du aipatu sinboloa ez erabiltzeko, edo komunikabideetan eta hedapen orokorreko euskarrietan “Nafarroa” eta “Navarra” marka orokor eta elebiduna erabiltzeko, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala agertu gabe.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Aurreko sinboloaren ordezpena.

Foru dekretu hau aplikatzeak ez du ekarriko aurreko sinboloa duten errotulu, jantzi, paper, argitalpen eta bestelako produktuak berehala ordeztea. Behar ahala ordeztuko dira; hau da, materialak agortzen, higatzen edo apurtzen direnean, haien ordez Nafarroako Gobernuaren diseinu berriko sinboloa duten beste batzuk erabiliko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indargabetutako xedapena.

Indarrik gabe gelditzen dira maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Erregelamenduzko garapena egiteko gaikuntza.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak behar diren jarduera guztiak eginen ditu dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea, Manuel Ayerdi Olaizola.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Irudikapen grafikoak

Nafarroako armarriak eta “Nafarroako Gobernua” eta “Gobierno de Navarra” testuek osatzen dute Nafarroako Gobernuaren sinboloa.

Nafarroako Gobernuaren sinboloak bi irudikapen grafiko onartzen ditu. Batean, “Nafarroako Gobernua” eta “Gobierno de Navarra” testuak Nafarroako armarriaren bi alboetan agertuko dira. Bestean, “Nafarroako Gobernua” eta “Gobierno de Navarra” testuak Nafarroako armarriaren eskuinean agertuko dira, bi lerrotan.

Multzo grafikoa ez da aldatuko, ezta haren proportzioak ere.

Armarria ezin da grisen eskalan irudikatu.

Nafarroako Gobernuaren sinboloaren inguruan segurtasun tarte bat izan behar da, zalantzarik gabe eta argi eta garbi bereiz dadin.

Kolore bakarreko aplikazioak

Sinboloak kolore bakarra duenean, beltza izan behar da.

Bertsio negatiboa erabiltzen denean, zuria izanen da, ahal dela.

Gaztelaniazko eta euskarazko bertsio positiboa eta negatiboa hauek dira:

1. bertsioa

F1601128_0.pdf

2. bertsioa

F1601128_1.pdf

Bi koloreko aplikazioak

Sinboloak bi kolore baditu, testua beltza izanen da, armarria gorria (Pantone 485) eta kateak eta esmeralda zuriak. Gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak hauek dira:

1. bertsioa

F1601128_2.pdf

2. bertsioa

F1601128_3.pdf

Bertsio hau ezin da kolore bakarrez irudikatu.

Lau koloreko aplikazioak

Sinboloak lau kolore baditu, koroa eta kateak urre-kolorekoak izanen dira (Pantone 871), armarriaren atzealdea gorria (Pantone 485), erdiko esmeralda berdea (Pantone 356) eta testua beltza.

Inpresioa kolore zuzenetakoa izan beharrean kuatrikromian baldin bada, koloreak ondoko nahasketa hauetatik aterako dira:

–Koroa eta kateak (urre-kolorekoak): %20 C + %40 M + %80 Y.

–Armarriaren atzealdea (gorria): %100 M + %100 Y.

–Erdiko esmeralda (berdea): %100 C + %91 Y + %6 K.

Gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak hauek dira:

1. bertsioa

F1601128_4.pdf

2. bertsioa

F1601128_5.pdf

Bertsio hau ezin da kolore bakarrez irudikatu.

II. ERANSKINA

“Nafarroako Gobernua” eta “Gobierno de Navarra” testuez gain, sinboloak Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentu baten izen elebiduna badu, honela konposatuko da:

–Armarriaren ezaugarri teknikoak I. eranskinean deskribatutakoak izanen dira.

–1. bertsioan, euskarazko izena armarriaren ezkerrean egonen da, eta “Nafarroako Gobernua” testua agertuko da lerro bakar batean, eta behean, luzeraren arabera, departamentuaren izena; gaztelaniazko izena armarriaren eskuinean egonen da, eta “Gobierno de Navarra” testua agertuko da, eta behean, luzeraren arabera, departamentuaren izena.

–2. bertsioan, “Nafarroako Gobernua” lerro bakar batean agertuko da. Behean, beste lerro batean, “Gobierno de Navarra” agertuko da. Eta behean, behar diren lerroetan, luzeraren arabera, departamentuaren izena agertuko da, lehenbizi euskaraz eta behean gaztelaniaz.

Horrenbestez, bi bertsioak, grafikoki, hauek dira:

1. bertsioa

F1601128_6.pdf

F1601128_7.pdf

F1601128_8.pdf

F1601128_9.pdf

F1601128_10.pdf

F1601128_11.pdf

F1601128_12.pdf

F1601128_13.pdf

F1601128_14.pdf

2. bertsioa

F1601128_15.pdf

F1601128_16.pdf

F1601128_17.pdf

F1601128_18.pdf

F1601128_19.pdf

F1601128_20.pdf

F1601128_21.pdf

F1601128_22.pdf

F1601128_23.pdf

Bi koloreko bertsioan, honela konposatuko da:

1. bertsioa

F1601128_24.pdf

F1601128_25.pdf

F1601128_26.pdf

F1601128_27.pdf

F1601128_28.pdf

F1601128_29.pdf

F1601128_30.pdf

F1601128_31.pdf

F1601128_32.pdf

2. bertsioa

F1601128_33.pdf

F1601128_34.pdf

F1601128_35.pdf

F1601128_36.pdf

F1601128_37.pdf

F1601128_38.pdf

F1601128_39.pdf

F1601128_40.pdf

F1601128_41.pdf

Iragarkiaren kodea: F1601128