29. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

2/2016 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 27koa, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua eta martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua aldatzen dituena. Lehenak etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak arautzen ditu, eta bigarrenak Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak.

Zioen azalpena

I

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 35.4 artikuluak Nafarroako Gobernuari agintzen dio etxebizitza zaharberritzeko jarduketa normalizatuak susta eta bultza ditzala, bai eta zaharberritze larrikoak ere, hau da, bizitegi multzoen hobekuntzari dagozkionak, etxebizitzetako eragiketak barne, eraginkortasun energetikoa hobetzeko, eta haien ingurunearen urbanizazioari dagozkionak; betiere, etxebizitza arloan eskumena duen departamentuak onesten dituen esku-hartze orokorreko proiektuetan sailkatuta direla.

Birgaitzeari, Hiri-berroneratzeari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legeak helburu berak babesten ditu, haren xedea hiri ingurunearen garapen jasangarria, lehiakorra eta efizientea bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzea baita, etxebizitzak zaharberritzera eta hiri bilbeak berroneratu eta berritzera eramanen duten jarduketak bultzatuz eta sustatuz, baldintza horiek beharrezkoak direnean herritarrei bizi kalitate egokia eta etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea segurtatzeko.

Antzeko helburuak ditu Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Lege berriki onetsiak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea aldatzen duenak.

Bestetik, foru dekretu hau onetsita, bizitegi multzoen berroneratze energetikorako egin diren jarduketen kudeaketan (“Lourdes Renove” proiektua kasu, Tuteran) lortu den esperientzia baliatu gogo da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak horretarako izenpetzen dituen lankidetza hitzarmenen esparruan garatuko diren jarduketetara eramateko. Alde horretatik, Iruñeko Txantrea eta Arrosadia auzoen berroneratze energetikorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Sustapen Departamentuaren eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren bidez, Iruñeko Udalak eta “Navarra de Suelo y Vivienda SA” (NASUVINSA) sozietate publikoak berriki sinatu duten lankidetza hitzarmena dugu lehen mugarria, luzea eta emankorra izatea nahi dugun bide horretan.

Aurreko guztia gerta dadin, bidezko da etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua aldatzea, zaharberritze jarduketak bultzatzeko ezarritako laguntza multzoa jasotzen baitu. Bizitegi multzoen berroneratze energetikoan eragina duten jarduketen kasuan, beharrezkoa da laguntzen berariazko araubide bat ezartzea haien garapena sustatzeko, hain garrantzitsuak dira horrelako jarduketen ondorio sozialak, ekonomikoak eta ingurumen arlokoak. Horregatik, foru dekretu honek irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua aldatzen du, beste atal bat gehitzen baitio IV. kapituluari, bizitegi multzoetako berroneratze energetikorako laguntzen berariazko araubidea onartzea helburu, eta atal berri horretan aurreikusi gabeko gainerako kontuak irailaren 18ko 61/2913 Foru Dekretuak, eraikinak eta etxebizitzak zaharberritzeko, oro har ezarritakoaren arabera erregulatzen dira.

II

Etxebizitza berriak Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsari atxikitzea bultzatzearren, diru-laguntza bat sortu da funts horren barrenean sartutako etxebizitzen zaharberritzea laguntzeko.

Azkenik, aldaketa txiki bat egiten da Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzek haietan bizi ahal izateko bete beharreko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuan, araudi hori azken urteotan administrazio prozeduren tramitazioan gertatu diren berrikuntza teknologikoei egokitzeko helburuz.

Hori guztia posible egiteko, foru dekretu honek artikulu bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu.

Horiek horrela, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko urtarrilaren 27ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuko aldaketa.

Honela aldatzen da etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua:

Bat.–Hurrengo testua duen 4. atala gehitu zaio VI. kapituluari:

“4. ATALA

Laguntza, bizitegi multzoen berroneratze energetikorako aurreikusitako jarduketentzat

81. artikulua. Definizioa eta araubide juridikoa.

1. Nafarroako Gobernuak etxebizitza zaharberritzeko jarduketa normalizatuak sustatu eta bultzatuko ditu, bai eta zaharberritze larrikoak ere, hau da, etxebizitzetako eragiketak jasotzen dituzten bizitegi multzoen hobekuntzari dagozkionak, eraginkortasun energetikoa hobetzeko, eta haien ingurunearen urbanizazioari dagozkionak; betiere, etxebizitza arloan eskumena duen departamentuak, aurrekontuan dagoen diruaren arabera eta araudi aplikagarriari jarraituz, onesten dituen esku-hartze orokorreko proiektuetan sailkatuta direla.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lankidetza hitzarmenak izenpetzen ahalko ditu, lehen aipatu helburuak betetzea xede duten jarduketak bultzatzeko.

2. Esku-hartze orokorreko proiektuetan ezarritakoaren esparruan garatzen diren jarduketa babesgarriek jotzen ahalko dute atal honetan xedatutakora eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lankidetza hitzarmenik izenpetuz gero, haietan garatzen direnek, horretarako ezartzen den indarraldiaren barrenean.

Orobat, berroneratze eremuek edo hiri-berrikuntza integratuko eremuek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hala deklaratuek, jotzen ahalko dute atal honetan xedatutakora, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 61 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Foru dekretu honetan, atal honetan aurreikusitako espezialitateekin, zaharberritze arloko jarduketa babesgarrietarako xedatutakoaren arabera arautuko dira bizitegi multzoetako berroneratze energetikorako jarduketa babesgarriak.

82. artikulua. Bizitegi multzoen berroneratze energetikorako aurreikusitako jarduketei aplikatuko zaizkien baldintzak.

Atal honetan aurreikusitakora jo dezakete baldintza hauek betetzen dituzten jarduketek:

a) Esku-hartze orokorreko proiektu onetsiak ezartzen duen lurralde eremuan kokatu beharko dira. Orobat, lankidetza hitzarmenik izenpetuz gero, hartan ezartzen ahalko da lurralde eremua, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak deklaratzen dituen berroneratze eremuen edo hiri-berrikuntza integratuko eremuen mugaketan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 61 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Etxebizitza arloko jarduketa babesgarri gisa definituta egon beharko dute.

c) Zaharberritze arloko jarduketa babesgarriaren kalifikazioa lortu beharko dute. Horretarako, ezartzen den indarraldiaren barrenean eskatu beharko da jarduketaren behin-behineko kalifikazioa.

d) Esku-hartze orokorreko proiektuan eta, zein den kasua, lankidetza hitzarmenean, jasotako jarduketa eta prozedurak egiteko konpromisoa hartu beharko du jabekideen elkarteak. Horrela, atari baten eremua gainditzen duen jarduketa eredu koordinatu eta programatu bati erantzun beharko dio esku-hartze horrek.

83. artikulua. Esku-hartze orokorreko proiektuak.

1. Lankidetza hitzarmenik izenpetuz gero, esku-hartze orokorreko proiektuak prestatzeko zer alderdik hartzen duen konpromisoa ezarri beharko dute.

2. Betiere, atal honetan aurreikusitako jarduketei erantzuten dieten esku-hartze orokorreko proiektuak prestatzean, herritarren eta Udalaren parte hartzea bermatu beharko da egin behar diren jarduketetan.

3. Etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak foru agindu baten bidez onetsiko ditu esku-hartze orokorreko proiektuak.

84. artikulua. Aurrekontu babesgarriaren gutxienekoa, bizitegi multzoen berroneratze energetikorako aurreikusitako jarduketentzat.

Etxebizitzei buruz, lokalak kontuan hartu gabe, atal honetan xedatutakoaren babespeko jarduketen aurrekontu babesgarriaren gutxienekoa jarduketaren ondoren lortuko diren etxebizitzen kopuruaz zatituta, 4.000 euro edo gehiago aterako da etxebizitza bakoitzeko.

Baldintza honetatik salbu daude desgaitasunak dituzten pertsonentzako egokitzapen funtzionaleko obrak. Azken kasu horretan nahikoa izanen da egokitzapen funtzionaleko obraren aurrekontu babesgarri osoa 4.000 eurokoa edo handiagoa izatea, eta etxebizitza bakoitzari dagokiona 2.000 eurokoa edo handiagoa.

85. artikulua. Diru-laguntzak, bizitegi multzoen berroneratze energetikorako aurreikusitako jarduketen sustatzaileentzat.

1. Atal honetan xedatutakora jotzen duten jarduketa babesgarrien onuradunek foru dekretu honen 55.1 artikuluan lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetako esku-hartze orokorreko proiektuentzat aurreikusitako laguntzak eskuratzen ahalko dituzte. Orobat, eremu horietarako ezarritakoa bera izanen da espediente horietako bakoitzari eman beharreko gehieneko diru-laguntza.

2. Isolamendu maila handitzeko helburuz eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko laguntzak atal honetan aurreikusitakora jotzen duten jarduketentzako aurrekontu babesgarriaren %50 arte handitzen dira; eraikin berrientzako Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (CTE-DB-HE.1 Energia eskaeraren muga) eskakizunak bete beharko dira, bai eta foru dekretu honen 55.2 artikulukoak ere.

Espedientean sartutako etxebizitza kopurua bider 7.500 euro eginda aterako da kontzeptu honi dagokion gehieneko diru-laguntza.

86. artikulua. EBren egiturazko funtsen finantzaketa, etxebizitza arloko zenbait jarduketa babesgarritan.

1. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzaturik egoten ahal dira diru-laguntza hauek, %50eko tasan, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bitartez, edo onesten ahal diren beste batzuen bitartez. Kasu horretan, Europako programako ekarpenei Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onartzen direnak gehituta aterako da onuradun bakoitzak jaso beharreko %50eko diru-laguntza, foru dekretu honetan jasotakoa.

4.3koa da aipatu programaren barrenean laguntza horiei dagokien inbertsio lehentasuna, hau da, eraginkortasun energetikoa eta energiaren kudeaketa adimentsua bultzatzeari dagokiona, horixe baita Europar Batasunaren Egiturazko Funtsen ekintzaren oinarrizko ardatzetako bat.

2. Inguratzaile termikoa hobetzeko laguntzen onuradun diren bizilagun elkarteek, EGEFen finantzaketa dutela, honako hau bete beharko dute:

a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Europar Batasunaren Egiturazko Funtsen kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkezten dizkion urteko abenduaren 31tik aurrera.

c) Onuradunak jasotzen dituen laguntzak 500.000 eurotik gorakoak direnean, bizilagunen elkarteak kartel handi samarra ezarriko du jendeak argi ikusteko moduko toki batean, obra gauzatzen den bitartean; bertan, EGEFen konfinantzaketa aipatuko da, eta Europar Batasunaren ikurra gehituko zaio, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren XII. eranskineko 4. eta 5. puntuetan xedatutakoaren arabera.

Betebehar horiek dagokion behin-behineko kalifikazioan adieraziko dira.

3. EGEFek eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzen egindako ekarpena aditzera ematea da kontua; horretarako, haren tokiren batean, bistan ezarriko da kartel bat, hurrengo esaldia eta proposatu diren bi ikurretako bat jasoko dituena:

“Eraikin hau bere eraginkortasun energetikoa hobetzeko zaharberritu da Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) %50eko laguntza kofinantzatuari esker”.

F1601120_0.pdf

4. Ogasuneko eta Administrazio Publioetako Ministerioko Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzen duen agintari gisa, bere web-orrialdean argitaratuko du laguntza kofinantzatuak hartzen dituzten bizilagun elkarteen zerrenda, eta haien kokalekua eta jaso duten diru-laguntzaren zenbatekoa aipatuko ditu, funtsen erabileraren publizitatearen eta gardentasunaren mesedetan.”

Bi.–Hurrengo testua duen 5. atala erantsi zaio VI. kapituluari:

“5. ATALA

Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsari atxikitako etxebizitzak zaharberritzeko diru-laguntza

87. artikulua. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsari atxikitako etxebizitzak zaharberritzeko diru-laguntza.

1. Era guztietako obra eta instalazioen zenbatekoaren %100eko diru-laguntza ematen ahalko zaio Etxebitzitza Sozialerako Nafarroako Funtsa administratzen duen entitateari, bai eta ordaisariena eta tasena ere, funts horretako etxebizitzek erabiltzeko eta haietan bizitzeko moduko baldintzak bete ditzaten.

2. Entitate administratzaileak gastuen frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da artikulu honetan jasotako diru-laguntza, etxebizitza arloko zerbitzu eskudunak txostena egin ondoren.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak. Bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren 6 c) artikulua.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuko aldaketa.

Honela aldatu da Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua:

Bat.–6. artikuluaren d) azpiatala aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“d) Etxebizitzaren azalera erabilgarria, guztira.”

Bi.–9. artikuluko 2. ataleko d) azpiatala aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“d) Familia bakarreko etxebizitza bakar baten autopromozioa ez den kasuetan, etxebizitzen bizigarritasun zedulen eskabidearen kopia aurkeztu beharko da, ezarriko diren euskarri digitalaren eta ereduaren arabera. Etxebizitzaren arloko webgune informatiboan lortuko da eskabidearen eredu ofiziala edo etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuaren bulegoetan eskuratzen ahalko da.”

Azken xedapenetan bigarrena.–Arauen garapena.

Etxebizitza arloko eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 27an.–Nafarroako Gobernuko Lehen Lehendakariordea, Manuel Ayerdi Olaizola.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1601120