27. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

Batzordearen ordenantzak egungo araudira egokitzeko
udal ordenantza. Behin betiko onespena

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, 2015eko urriaren 30ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Batzordearen ordenantzak egungo araudira egokitzeko udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2015eko 215. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 29an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Ezkarozen, 2016ko urtarrilaren 12an.–Batzordeko burua, Gustavo Goiena.

AGIRI HONEN BIDEZ, ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEAREN 1976KO ORDENANTZAK EGUNGO ARAUDIRA EGOKI GOGO DIRA

Zaraitzuko Ibarraren Unibertsitatea mankomunitate tradizionala da, nortasun juridiko publikokoa, non izaera Batzorde Nagusiari esleitzen baitzaio, eta haren ondarea, jabeak, aprobetxamenduak edo eskubideak, Foru Berriari buruzko 391 Legeak dioenaren arabera, Kontzejuaren jabaritzat hartzen baitira. Auzitegi Gorenak Zaraitzuko ibarra mankomunitate baten gisa eratzen du, lurralderik gabeko toki entitate baten gisa.

Ibarreko ordenantzak dira Zaraitzu Ibarreko araudi nagusia.

1976ko ordenantzetan, zioen azalpenean, ezarrita zegoen beharrezkoa zela ordenantza horiek eguneratzea indarreko araudiarekin bat egin zezaten, eta, garai horretan, Diputazioari eskaintzea, haien homologaziorako: izaera historiko-juridiko hori eta Zaraitzuko Ibarraren araubide berezia onartuta, iritzi da bidezkoa dela ordenantzak eguneratzea, Nafarroako Foru Berriarekin bat eginaraztea eta Foru Diputazioari eskaintzea haien homologaziorako, inolako nahasterik edo dudarik egon ez dadin egun Ibarrean indarra duen araubidearen gainean.

Agiri honen bidez, lehen bezala, 1976ko ordenantzak egokitu gogo dira indarreko araudira, nahiz eta gaur egun homologazioa ez dagokion Diputazioari.

Honako araudi hauek hartu behar dira kontuan: Espainiako 1978ko Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa eta Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Toki Ogasunak arautzen dituen martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea. Izan ere, arau horiek guztiek elementu berriak ezarri dituzte, hain sakonak ezen 1976ko ordenantzak zaharkiturik gelditu baitira, eta ordenamendu juridikoaren kontrakoak baitira, baita Konstituzioaren kontrakoak ere zenbait ataletan.

Auzitegi Gorenaren 1983ko uztailaren 8ko epaiaren arabera (RJ 1983/3986), Zaraitzuko Ibaxaren Batzorde Nagusia, zentzu hertsian mugaperik ez badu ere, korporazio bat da, bere eskumenak baliatzen dituena bere ondarea gorde, aldeztu, administratu eta prestatzeko berariazko helburuari dagokionez, zein kokatuta baitago hura osatzen duten herrien udal mugapeetan.

Helburu hori izanik, ondoko ordenantza hauek, Zaraitzuko Ibarraren 1976ko ordenantzen artean, egokitzen dira indarreko legalitatera:

5. ORDENANTZA, HAUTATUA IZATEKO BALDINTZAK

1.–5. ordenantza. Hautatua izateko baldintzak.

–Egungo idazkera: 5. ordenantza, Hautatua izateko baldintzak.

Diputatu hautaturik ateratzeko, titular zein ordezko, ondoko baldintza hauek bete behar dira:

a) Adinez nagusiko gizona izatea.

b) Ibarrekoa izatea sortzez, edo sortzez ibarrekoa den batekin ezkondua egotea.

c) Ibarreko herriren batean etxea izatea eta bertan benetan bizitzea urtean bederatzi hilabetean.

d) Zorrik ez izatea Batzarrarekin.

e) Estatuko, probintziako edo udalerriko funtzionario ez izatea, eta Batzarreko enplegatu ere ez.

Sortzez Ibarrekotzat hartuko da, ordenantza hauen ondorioetarako, jaiotzean etxe bat ibarrean zuten gurasoen ondorengoa. Etxea irekia izanen da.

–Idazketa berria: 5. ordenantza. Hautatua izateko baldintzak.

Hautaturik ateratzeko, titular zein ordezko, ondoko baldintza hauek bete behar dira:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ibarreko herriren batean etxea izatea eta bertan benetan bizitzea urtean bederatzi hilabetean.

c) Zorrik ez izatea Batzarrarekin.

d) Batzarraren enplegatu ez izatea.

Gizona izatea kendu da, Espainiako 1978ko Konstituzioan genero berdintasuna irmoki baitago xedaturik.

Honako honi dagokionez: “Ibarrekoa izatea sortzez, edo sortzez ibarrekoa den batekin ezkondua” eta “sortzez Ibarrekotzat hartuko da, ordenantza hauen ondorioetarako, jaiotzean etxe bat ibarrean zuten gurasoen ondorengoa. Etxea irekia izanen da.”

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2006ko urriaren 16ko 732/2006 Epaian, zehaztu zuen xedapen horiek kontraesankorrak eta kaltegarriak izan daitezkeela eta herritarren berdintasunaren kontrako interpretazio esparruak ezar ditzaketela sexuagatik, filiazio motagatik eta beste batzuengatik, eta galdegiten du horiek lehenbailehen aldatu eta egokitzeko. Izan ere, atal horrek Nafarroako Foru Berriaren 268. eta 304. legeen kontra egiten du, apirilaren 1eko 5/1987 Foru Legeak emandako idazketaren arabera, baita uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen kontra ere, Nafarroako ordenamendu juridikoa interpretatu eta aplikatzerakoan filiazioagatik baztertzaileak diren interpretazio irizpideak debekatzeari edo galarazteari dagokionez.

Estatuko, probintziako edo udalerriko funtzionario ez izateari dagokionez, baldintza horrek zuzenean ukitzen ditu eskubideen eta betebeharren titularra izateko gaitasuna eta ahalmena, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen ondare amankomunari edo Kontzejuaren jabariari dagokionez, foru zuzenbidea baliatuz, adierazi den bezala, eta ez du inolako justifikaziorik Batzordearen funtzionamendua hobetzeko. Ezein arrazoibide juridikok ezin berretsi du funtzionario diren eta etxea edo etxe irekia duten ibarreko herritarrei kentzea ondare amankomunaren edo Kontzejuaren jabariaren kudeaketan parte hartzeko eskubide berbera, aplikagarria den foru araudiarekin bat. Erantsi beharra dago funtzionario izatea baldintza edo inguruabar pertsonala edo soziala dela, Konstituzioaren 14. artikuluarekin bat jarduketa edo erregulazio baztertzailerik izan ezin duena. Ez da zilegi ulertzea Batzordean funtzionarioek oro har parte hartu ezin izate hori Batzordeko diputatuaren karguan aritzeko baldintza dela, nola edo hala lotura duena herritarren alde kudeatzen den ondarearen ukiezintasuna eta erabilera egokia gordetzearekin eta bermatzearekin, hori baita arrazoi bakarra Ibarreko ordenantza administratiboetan hautatua izateko aukera murrizteko, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2006ko urriaren 16ko 732/2006 Epaian adierazten den bezala.

19. ORDENANTZA, DELIBERAMENDUA ETA BOZKETA

2.–19. ordenantza. Deliberamendua eta bozketa.

–Egungo idazkera: 19. ordenantza. Deliberamendua eta bozketa.

1. paragrafoa: Batzordearen bilkurak atea itxita eginen dira, ezertan ukatu gabe alkate nagusiak berariaz baimentzen ahal duela zenbait pertsona bertan egotea.

–Idazketa berria: 19. ordenantza. Deliberamendua eta bozketa.

1. paragrafoa: Batzordearen bilkurak atea zabalik eginen dira.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 80. artikuluak ezartzen du osoko bilkurak jendaurrekoak direla, baina eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezkeela Konstituzioaren 18.1 artikuluak aipatzen duen herritarren funtsezko eskubidea ukitzen ahal duten gaietan, hala erabakitzen denean gehiengo osoz.

22. ORDENANTZA. ORDENANTZAK

3.–22. Ordenantza. Ordenantzak.

–Egungo idazkera: 22. ordenantza. Ordenantzak.

Zaraitzu Ibarreko ordenantzak tokiko forua dira Batzarreko gobernurako. Horiek zuzen betetzeko, Zaraitzu Ibarreko antzinako usadioak arrazoiz erantsi behar dira.

Idatzizko usadio edo arau aplikagarririk ezean, Batzordearen jardun errepikatua hartuko da aintzat, bere aktetan frogatuta dagoena.

Ordenantzak etorkizunean aldatzeko, gutxienez 14 diputatu bat etortzea beharko da, eta Ibarreko adinez nagusien bi herenek berrestea. Hala egin ezean, ezin aurkeztu da testu berririk, Foru Diputazioaren homologaziorako.

–Idazketa berria: 22. ordenantza. Ordenantzak.

Zaraitzu Ibarreko ordenantzak tokiko forua dira Batzarreko gobernurako.

Idatzizko usadio edo arau aplikagarririk ezean, Nafarroako gainerako toki entitateentzako araudia aplikatuko da.

Ordenantzak alda daitezke Ibarraren errealitate sozialera egokitzeko, prozedura honi jarraikiz:

a) Batzarrak hasiera batean onestea gehiengo osoz.

b) Jendaurrean edukitzea onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta erakundeko iragarki oholean iragarri ondotik, hogeita hamar egunez gutxienez, epe horretan herritar eta bidezko interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazioak, kontrako iritziak edo oharrak egin ahal izan ditzaten.

c) Batzarrak behin betiko onestea gehiengo osoz. Lehenago, aurkeztu erreklamazioak, kexak edo oharrak ebatzi behar dira.

Atal honetan, funtsean, Foru Diputazioak homologatu beharra kentzen da, baita 18tik 14k gehiengo kualifikatuz alde egiteko baldintza eta Ibarreko adin nagusiko herritarren bi herenek berrestekoa ere.

Egokitzapen horri dagokionez, aipatu beharra da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak ezartzen duela erregelamenduak eta ordenantzak aldatu ahal izateko bete behar direla haiek onesteko tramite berberak. Kasu honetan, 18 batzarkidetik 14k alde egin gabe eta Ibarreko adin nagusiko herritarren bi herenek berretsi gabe onetsi zen. Horrenbestez, aldaketak bat eginen du foru lege horren 325. artikuluan xedatutakoarekin.

47. ORDENANTZA. ARAU-HAUSTEEN SALAKETA

4.–47. ordenantza. Arau-hausteen salaketa.

–Egungo idazkera: 47. ordenantza. Arau-hausteen salaketa.

Ibarreko edozein herritarrek, eta bereziki Batzordeko guardek, ordenantzetan eta usadioetan egiten diren hausteak salatu behar dituzte idazkariaren aurrean. Salatuak entzun ondoren, alkate nagusiak zehaztuko du bidezko juzgatzen duen zehapena.

–Idazketa berria: 47. ordenantza. Arau-hausteen salaketa.

Batzordeko guardek salatu behar dituzte Batzordeko Idazkaritzan ordenantzetan eta arauetan egiten diren hausteak. Ibarreko edozein herritarrek ere salatzen ahal ditu Batzordeko Idazkaritzan ordenantzetan eta arauetan egiten diren hausteak.

Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako hura izanen da zehapen prozedura, edo errege dekretua ordezten duen araudia.

Batzordeko guardiak salatzera behartuta badaude ere, herritarrak ez du halako betebeharra. Bestalde, zehapena “bidezko” kontzeptuari lotzeak segurtasun eta defentsa juridikoaren printzipioak urratzen ditu. Hortaz, Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamenduari jarraiki behar zaio.

48. ETA 49. ORDENANTZAK. GORA JOTZEKO ERREKURTSOA

4. 48. eta 49. ordenantzak. Gora jotzeko errekurtsoa.

–Egungo idazkera: 48. eta 49. ordenantzak. Gora jotzeko errekurtsoa.

Alkate nagusiak ezarri zehapenen kontra, errekurtsoa paratzen ahal da Batzordeari zuzendua, jakinarazi eta hurrengo hamabortz eguneko epearen barnean. Batzordeak errekurtsoa ebatzi behar du egiten den lehenbiziko bilkuran, arrunta edo berezia izan.

Batzordearen erabakien edo ebazpenen kontra, berraztertzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Batzordeari berari zuzendua, hura argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo hilabetean. Batzordeak errekurtso hori ebatzi behar du egiten den lehenbiziko bilkuran, arrunta edo berezia izan, eta, edonola ere, hilabeteko epean, errekurtso hori Erregistroan sartu eta biharamunetik aitzina.

–Idazketa berria: 48. eta 49. ordenantzak. Berraztertzeko errekurtsoa eta gora jotzekoa, kasuan kasuko auzitegiei zuzenduak.

Batzordearen eta buruaren erabakien edo ebazpenen kontra, errekurtso hauek para daitezke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Berraztertzeko errekurtso baten kasuan, Batzordeak errekurtso hori ebatzi behar du egiten den lehenbiziko bilkuran, arrunta edo berezia izan, eta, edonola ere, hilabeteko epean, errekurtso hori Erregistroan sartu eta biharamunetik aitzina.

Idazketa berriarekin, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. eta 116. artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan administrazio egintzen eta erabakien errekurtsoei buruz jasotako indarreko araudia biltzen da.

Iragarkiaren kodea: L1600655