27. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SARTAGUDA

Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteendako diru-laguntzak eta laguntzak emateko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Sartagudako Udalak, 2015eko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteendako diru-laguntzak eta laguntzak emateko udal ordenantza.

Iragarkia 2015eko 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik abenduaren 21ean, bai eta udal iragarki oholean ere, jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Sartagudan, 2016ko urtarrilaren 27an.–Alkatea, Paolo Albanese Weiss.

IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATE ETA ELKARTEENDAKO DIRU-LAGUNTZAK ETA LAGUNTZAK EMATEKO SARTAGUDAKO UDALAREN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Sartagudako Udalaren diru-laguntzak emateko prozedura eta irizpideak arautu eta finkatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari jarraituz, betiere udalerriaren mugapean.

Haren xedea da herritarrei eta entitateei prestazio hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatzea, hezkuntza, gizarte-kultur eta kirol arloetan tokiko eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jarduerak egin ditzaten.

2. artikulua. Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari esaten zaio diru-laguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, inolako irabazi asmorik gabe, eta dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematen bada.

3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:

1. Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeria eza eta kontrola.

2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

3. Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua. Diru-laguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1. Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira.

2. Ezin izanen dira aurrekaritako erabili.

3. Jarduerari ematen zaion diru-laguntza haren oihartzun sozialaren arabera aplikatuko da.

4. Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berritzerik.

5. artikulua. Baliorik ez dute izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

6. artikulua. Diru-laguntzak emanen dira ordenantza honetan ezarritako irizpide, helburu eta prozedurei, eta urtero argitaratzen diren oinarri arautzaileei jarraituz.

7. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jardueretarako diru-laguntzak emateko prozedurak eta baldintzak honako arau honi egokitu beharko zaizkio, eta bertan aurreikusten ez den orotan, berriz, honako hauei jarraituko zaie: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bitartez onetsia, Toki Korporazioei aplikagarria zaien heinean, eta aplikatzekoa den gainerako legezko araudia.

II. KAPITULUA

Diru-laguntzen xedea eta kontzesioa

8. artikulua. Diru-laguntzak emanen dira Sartagudako Udalaren mugapean tokiko elkarteek deialdi bakoitzari dagokion denboran egiten dituzten hezkuntza, gizarte-kultur eta kirol arloko jardueretarako.

9. artikulua. Orobat, herriko entitate eta taldeei ere laguntzak eman ahalko zaizkie, irabazi asmorik gabe interes sozialeko jarduerak edo Herritarren Parte-hartze arlokoak egiten badituzte; hauek ere Sartagudako udal mugapean.

10. artikulua. Bere izaera berezia dela-eta, gizarte-laguntza horiek baldin badira larrialdi sozialeko laguntzak, banakako gizarte-laguntzak, proiektu humanitarioak edo nazioarteko lankidetzakoak eta abar, prozedura berezia ezarri ahalko da eta dagokion kontu-saila izanen da aurrekontuan, Gizarte Ongizatearen arloan.

11. artikulua. Ez dira diruz laguntzekoak:

1. Lokalak moldatzea edo eraikin pribatuetako beste edozein esku-hartze.

2. Ondasun higiezinen erosketa.

3. Funtzionamenduaren ondoriozko gastuak (alokairuak, aseguruak, telefonoa, argia, ura etab.).

4. Errekarguen ordainketak eta zehapen administratibo edo penalak, banku-kontuetako interes zordunak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5. Elkarte edo entitateko kudeaketa eta zuzendaritza organoetako kide diren pertsonei, lan edo zerbitzuengatik lansariak ematea edo ordainketak egitea.

6. Norbanakoaren ekipamendu eta jantziteria erostea, horiek jarduerarako ezinbestekoak ez badira (onartuko lirateke, adibidez: atrezzoa eta antzerkiko jantziteria, larrialdirako eta babeserako ekipamendua, guztiendako kirol ekipamendua eta abar).

7. Ondasun edo pertsonendako, bai parte-hartzaile bai hirugarrenendako, ageriko arriskua dakarten jarduerak, eta/edo jardura garatzeko arauketa berezirik ez dagoenean.

12. artikulua. Irizpide ekonomikoak dira:

1. Diru-laguntzaren zenbatekoa banaka zehaztu ahalko da edo gastuetarako ezarritako portzentajeak aplikatzetik aterako da edo jarduerak berak ezarriko du.

2. Udalak ematen dituen diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste erakunde edo entitate publikoetatik jaso ahal direnekin, salbu eta Sartagudako Partzuergo Hidroelektrikotik jasotako laguntzak badira.

3. Edonola ere, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko eskatutako zenbatekoa, ez eta ere jardueraren guztizkoa. Zenbaketa horretan sartuko dira beste instituzio edo erakunde publikoetatik espero diren edo jaso diren diru-laguntzak. Udalak konturako ordainketarik edo ordainketa aurreraturik egin izan balu, beste erakunde batzuen diru-laguntza jasotzean zenbatekoak erregularizatuko lirateke.

4. Kontuan hartuko dira eskatzaileak bere kabuz lor ditzakeen bestelako diru-sarrerak, bai eta babesleak edo mezenak direla-medio, sustatuz autokudeaketa eta neurri txikiagoan udal funtsekiko mendekotasuna.

5. Deialdiaren oinarri arautzaileetan horrela ezartzen den guztietan, eman ez den aurrekontuko zenbatekoa hainbanatu ahalko da deialdiaren gainerako onuradunen artean, gehieneko zenbateko osoa gainditu gabe.

6. Normalean, diru-laguntzak ordainduko dira onuradunak jarduera edo proiektua gauzatu duela frogatu ondotik.

7. Modu arrazoituan, konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak eskatu ahalko dira. Frogatu aurretik funtsak ematea dakar horrek, diru-laguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa.

III. KAPITULUA

Eskatzaileak eta onuradunak

13. artikulua. Diru-laguntza eskatu eta onuradunak izan ahalko dira:

1. Irabazteko asmorik gabeko entitate eta elkarteak, helbidea udalerrian badute.

2. Pertsona fisikoak, talde baten ordezkari partikular gisa berariazko ekimenetarako, irabazi asmorik gabe, udalerrian erroldatuak eta ohiko helbidea bertan dutenak.

14. artikulua. Ez dira ordenantza honetako diru-laguntzen onuradunak izanen kasu hauetakoren bat edo batzuk gertatzen direnean:

1. Pertsona fisiko ordezkaria edo entitate edo elkartea edo bertako kide kudeatzaileetako bat azken urtean kondenatua izan bada epai judizialean edo zehatua izan bada, edo ondoko arrazoiengatik ebazpen administratibo edo judizialaren zain badaude:

–Bazterkeria, genero, arraza, sinesmen, ideologia, sexu joera edo gizarte klasea dela eta.

–Gorrotoa sustatzea.

–Genero indarkeria.

–Lan arloko eskubideak urratzea.

–Korrupzioa, prebarikazioa, influentzi trafikoa edo maula publikoa.

–Sorgorgarrien trafikoa edo osasun publikoaren aurkako antzeko delituak.

–Giza duintasunari kalte egiten diotenak; hala nola, proxenetismoa, pederastia, haurren pornografia eta abar.

–Ingurumenaren aurkako delituak, batez ere akuiferoak edo jabari publikoko lurrak kaltetzen badituzte.

–Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aurkako guztiak.

2. Pertsona fisiko ordezkariak edo entitate edo elkarteak zorrak baditu Udalarekin, horiek ordaindu edo ordaintzeko plana adostu arte.

3. Pertsona fisiko ordezkariak edo entitate edo elkarteak ez baditu eguneratuak betebehar fiskalak Ogasun Publikoarekin eta tributu betebeharrak Gizarte Segurantzarekin.

4. Pertsona fisiko ordezkariak edo entitate edo elkarteak edo haietako kide kudeatzaileetako batek baimenik gabe besterendu baditu (lagatu, saldu edo errentan eman), jarduerak gauzatzeko Udalak diruz lagundutako edo bere esku jarritako ondasunak.

5. Halaber, ez dira onuradunak izanen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

15. artikulua. Diru-laguntzaren onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntza emateko oinarri izandako proiektua gauzatzea eta jarduera egitea.

2. Sartagudako Udalari frogatzea beharkizunak eta baldintzak betetzen dituela; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko arrazoi den jarduera egin eta helburua bete duela.

3. Udal organoek eskatzen dizkioten egiaztapen eta kontrol jarduketei men egitea, eskatzen dieten informazio guztia emanez, diru-laguntza ematearekin zerikusia badu.

4. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Udalari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

5. Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Udalarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituela frogatzea.

6. Onuradunak kontabilitate liburuak, erregistro bideratuak eta behar bezala ikuskaturiko bestelako agiriak eduki beharko ditu, aplikatzen ahal zaizkion merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala, edo, kasua bada, egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenen erabilera egokia bermatuko duten kontabilitateko egoera-orriak.

7. Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

8. Diruz lagundutako edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia eginen dute, Sartagudako Udalak eta Sartagudako Partzuergo Hidroelektrikoak onetsitako logotipoarekin.

9. Jasotako diru publikoa itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

IV. KAPITULUA

Proiektuak aurkezteko baldintzak

16. artikulua. Diru-laguntza jasotzeko, proiektua aurkeztu nahi duen elkarte edo entitateak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

1. Legez eratua egotea; IFKa eta erregistro zenbakia izatea dagokion erakundean.

2. Sartagudako Elkarteen Udal Erregistroan izena emanda egotea, datuak eguneratuta.

3. Erantzukizun zibilagatik, ondasunei eta pertsonei egindako kalteak aseguratuko dituen polizaren ordainketa eguneratua izatea eta/edo berariazko bat, jarduera jakin horretarako.

4. Ordenantza honetako 14. artikuluan jasotako kasuetarik batean edo batzuetan ez egotea.

Talde jakin bat ordezkatzen duten pertsona fisikoen kasuan, ez dira baldintza izanen artikulu honetako 1 eta 2. puntuak.

V. KAPITULUA

Proiektuak egiteko informazioa eta irizpideak

17. artikulua. Aurkeztutako proiektuak datu hauek jasoko ditu:

1. Identifikazio datuak: elkartearen edo entitatearen izena eta udal erregistroko zenbakia.

2. Justifikazio orokorra: orokorrean proiektu honekin lortu nahi diren helburuak, zioen azalpena.

3. Datu ekonomikoak: urte horretarako elkarteak oro har aurreikusi duen aurrekontu osoa, diru-sarrera propioak xehatuz (kuotak eta derramak, udalenak ez diren diru-laguntzak, babesleak, loteria, salmenta eta antzeko bestelako diru-sarrerak) eta espero diren kostuak (jardueraren antolaketa, gastu arruntak eta funtzionamendukoak, erosketak eta abar).

4. Aitorpena: elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren edo pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena erantsiko da eta bertan bere sinadurarekin ziurtatuko du emandako informazioa benetako dela eta 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

5. Bankuko datuak: liburuxkaren kopia edo banku-kontuko zenbakiaren ziurtagiria, bertan diru-laguntza uzteko, titularra elkartea edo entitatea dela adierazten duena.

6. Bestelakoak: aurkezterakoan, eskatzaileak egokitzat jotzen duen informazio oro.

18. artikulua. Proiektuan jarduerak zehaztu beharko dira, informazio honekin:

1. Jardueren definizioa: jarduera bakoitzaren xedea, deskripzioa eta garatu beharreko edukiak, erabili ahal diren bitartekoak eta baliabideak eta abar.

2. Jardueren aurrekontua: kostuen balorazioa, jarduerek izanen dituzten kontzeptu eta kontu-sailengatik eta diru-sarrerarik espero ote den, babesleengatik, beste diru-laguntza batzuetatik edo haien ondoriozko diru-sarreretatik.

3. Beharrak: jarduerak egiteko behar nagusiak azaldu eta arrazoitzea: behar materialak, ekonomikoak eta espazio publikoen erabilerari buruzkoak.

4. Programazioa denboran: azaldutako jardueretarako egutegi eta ordutegiak.

19. artikulua. Ondorengo irizpide sozio-kulturalak ahalik eta zehatzen bete eta zenbatu beharko dira, proiektuaren balorazioaren zati baitira, dagokion urteko oinarri arautzaileetan ezarritako puntuazioari jarraituz:

1. Jardueren parte-hartze eta irisgarritasun maila: zer motako parte-hartzaileri dagoen zuzendua eta zein taldek parte hartu ahal duen modu eraginkor eta errealean. Adinaren irizpideak (haurrak, gazteak, helduak, 3. adinekoak) eta haien egoeraren araberako irizpideak (desgaituak, bazterkeria jasateko arriskuan dauden taldeak, etorkinak eta abar).

2. Gizartean duen eragina: gizarteko zein mailatan eragin nahi duen eta jarduera zein gizarte-alderditara bideratua dagoen edo zertan laguntzen ahal duen; adibidez, drogamenpekotasunari aurrea hartzeko, genero berdintasuna, bazterkeria jasateko arriskuan dauden taldeak, hirugarren adinekoendako bizi kalitatea hobetzea, gazteendako bestelako aukerak eta abar.

3. Gizakiaren, kulturaren eta artearen arloko balioak sustatzea: jarduerak gizakiaren, kulturaren eta artearen arloko zein balio sustatzen dituen; adibidez, genero berdintasuna, aukera berdintasuna, lankidetza eta solidaritatea, ingurumen jasangarritasuna, gaitasun artistikoen garapena eta abar.

4. Hezkuntza eta lanbide arloko garapena: jarduerak parte-hartzailearendako zein mailatako garapena dakarren hezkuntza eta lanbide arloetan. Enplegurako gaitasuna edo etorkizun profesionala hobetzea dakarren prestakuntzatik hasita parte-hartzaileak beste jarduera, lehiaketa, txapelketa eta abarretara aurkezteko ahalmena izateraino.

5. Tokiko elkartegintza sustatzea: elkartegintza sustatzea batez ere Sartagudan bizi diren herritarren artean eta baita herriko ondorengoekin (bertan bizi ez diren seme-alabak eta hilobak).

6. Sartaguda ezagutaraztea: herria kanporantz noraino zabaltzen duen (eskualdera, Komunitatera, Estatura eta abar). Lankidetza edo partaidetza, beste toki batzuetako elkarte edo erakundeekin. Presentzia, komunikabideetan, foroetan, argitalpenetan eta abar.

7. Oinarrizko beharrizanak asetzea: jarduerak eskaintza publikoaren gabezia bat betetzen du edo hura osatzen du. Udalaren kultur, gazteria, festa eta abarretako programazioetan sartzeko aukera aztertzen da, bai eta are gehiago, udalaz gaindiko programazioetan, adibidez, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean.

8. Herritarren parte-hartzea: jarduerak/elkarteak zein gradutan sustatzen duen beste pertsona, talde edo elkarteen parte-hartzea, gauzatu ahal izateko. Bazkide ez direnen parte-hartze maila aztertzen da: lankidetzan jarduera gauzatzerakoan soilik aritzetik, jardueraren kudeaketan, antolaketan eta erabakietan izan ahal duen parte-hartzeraino.

9. Elkartearen ekarpena: elkarteak berak jarduera zein portzentajean finantza dezakeen (kuotak, dohaintzak, udalarenak ez diren diru-laguntzak, federazioak, publizitatea eta abar).

10. Lankidetza (aurreko urteko datuak): elkartea beste elkarte edo taldeekin zein mailatan aritzen den lankidetzan, batzordeetan, jardueretan, Udalak antolatutako ekitaldi edo lanetan eta/edo eskaini ohi duen bere burua bere borondatez.

20. artikulua. 19. artikuluan ezarritako irizpideen osagarri, ondorengo alderdiak kontuan hartuko dira aurkeztutako jarduera proiektua modu irekian eta osotasunean baloratzeko, eta haren puntuazio osoa dagokion urteko oinarri arautzaileetan ezarriko da:

–Proiektuaren originaltasuna, berritasuna eta kalitatea: jarduerek zer elementu berezi eskaintzen duten, ezberdinak direlako, berriak, prestaketan duten kalitatea...

–Proiektuaren bideragarritasuna: jardueraren kostuaren (bitartekoak eta baliabideak) eta gizarte eta kultur arloetako beharrak asetzeko duen garrantziaren arteko balantzea. Jarduerek beste diru-laguntzarik, babeslerik, dohaintzarik eta abar lor dezaketen adieraztea.

–Jarraitutasuna eta erregulartasuna denboran: proposatutako jarduerak denboran zehar, modu errealean eta behar besteko parte-hartzaileekin finkatzeko aukera duen.

–Antzeko jarduerak antolatzeko baliabideak, bitartekoak eta esperientzia: jarduerak egiteko elkarteak zer baliabide, bitarteko eta esperientzia duen.

–Parte-hartzaileen edo bertaratuen kopurua: jardueren garapenean zer bertaratze eta partaidetza maila aurreikusten den.

–Jarduerak biztanleen artean erroturik dauden: jarduerak, ohituraz, tradizioz edo historia dela eta, herrian erroturik egon eta bertakotzat jotzen diren.

–Bestelakoak: elkarteak berak emandako eta arrazoitutako irizpideak.

VI. KAPITULUA

Norgehiagokako araubideari jarraikiz diru-laguntzak emateko prozedura

21. artikulua. Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, prozedura honen bitartez diru-laguntza bil dezaketen jardueretarako. Aurrekontuan emandako zenbatekotik boltsa bat bideratu ahalko da, intereseko jarduera berririk sortzen bada ere urtean zehar.

22. artikulua. Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasten da, urteko azken hiruhilekoan Udaleko Osoko Bilkurak oinarri arautzaileak jasoko dituen deialdia onetsi ondotik.

23. artikulua. Deialdia eta haren oinarri arautzaileak onetsita, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko tramitea beteko da eta horrekin hogeita hamar eguneko epea irekiko, alegazioak aurkezteko.

24. artikulua. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko epea iraganik, behin betiko deialdia eta haren oinarri arautzaileak argitaratuko dira eta bertan adieraziko dira eskabideak, proiektuak eta gainerakoak jasotzeko egunak.

25. artikulua. Dena dela, Osoko Bilkurak deialdia eta haren oinarriak onesten dituenetik diru-laguntzak emateko behin betiko ebazpenetaraino doan prozedura ez da sei hilabete baino luzeagoa izanen.

26. artikulua. Diru-laguntzen eskabideak Udalean aurkeztuko dira jendea hartzeko orduetan. Eskabideekin batera nahitaez aurkeztu beharko da justifikazio txostena edo proiektua, ordenantza honen V. kapituluan ezarritakoari jarraituz.

27. artikulua. Diru-laguntzaren eskabideak ez baditu betetzen ezarritako baldintzak, Udalak interesdunari eskatuko dio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

28. artikulua. Diru-laguntza jaso duten jarduerak bukatutakoan, nahitaez aurkeztu beharko da aurkeztutako proiektua berretsiko duen azken txostena edo dokumentua eta emandako diru-laguntzari jarraituz egindako gastuen justifikazioa, horretarako ordainagiriak, erosketa tiketak edo bestelako dokumentu baliodunak aurkeztuz. Horiek ezinbesteko baldintzak izanen dira Udalak ordaintzeko agindua eman dezan.

Hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen ez bada txostenik eta egiaztagiririk aurkeztu, diru-laguntzen hurrengo deialditik baztertua izan ahalko da.

VII. KAPITULUA

Laguntzak zuzenean emateko prozedura

29. artikulua. Nolanahi ere, bertze diru-laguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzako, kultural, zientifiko, humanitario edo bertzelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago lehia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aurrera eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako.

30. artikulua. Diru-laguntza izenduna eta zuzena da Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita dagoena.

Diru-laguntza horiek emateko prozedura ofizioz hasiko da eta bukatuko da hura emateko ebazpenarekin edo hitzarmenaren onespenarekin, diru-laguntza emateko oinarri arautzaileen izaera izanen baitu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako ondorioetarako.

Diru-laguntza horiek emateko nahitaezkoa izanen da justifikazio txostena edo proiektua aurkeztea.

31. artikulua. Nahitaezko diru-laguntza zuzenak dira lege mailako arau batek agintzen badio administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

Diru-laguntza horiek jarraituko duten prozedura bere araudi berezian ezarritakoa izanen da.

32. artikulua. Salbuespenezko diru-laguntza zuzenak dira salbuespen gisa eman ahal direnak, inbertsioak eta jarduerak sustatzeko edo egoera jakin bat diruz laguntzeko, betiere haien deialdi publikoa egitea galarazten duten arrazoiak, behar bezala frogatuak, ziurtatzen direnean.

Prozedura horretan aldez aurretiko fiskalizazioa edo esku-hartze txostena beharko da, 38/2003 Legean eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzeari buruz. Justifikazio txostena beharko du eta Osoko Bilkurak erabakiko du diru-laguntza eman edo ukatzen den, eta, orobat, emateko aplikatu beharreko baldintzak zeintzuk diren.

33. artikulua. Zuzeneko kontzesioaren prozedurari jarraituz ematen diren diru-laguntzak gauzatzeko, lankidetza akordio edo hitzarmenak eginen dira. Haietan diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan izan ezik.

34. artikulua. Aurrekontu-ekitaldian hitzarmena sinatzeko beharra sortzen bada, espedientea irekiko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22.2 c) artikuluan ezarritakoaren babesean, eta bertan jasoko da urte horri dagokion betebeharra eta hurrengo ekitaldietako diru-laguntza izendunen artean agertuko dira ekitaldi haietan egitekoak direnak.

VIII. KAPITULUA

Ondasun higigarriak eta ez suntsikorrak erosteko diru-laguntzak

35. artikulua. Elkarteek beraien egitarauko programak garatzeko ondasun higigarriak eta ez suntsikorrak erosteko diru-laguntzak eskatu ahalko dituzte, hala nola, ekipoak eta tresnak. Horretarako, jardueren proiektuan haien beharra arrazoitu beharko dute eta eskura dituzten ondasunen zerrenda erantsiko dute.

Kasu horretan, ondasunaren kostutik diruz lagunduko den ehunekoa Udaleko Osoko Bilkurak ezarriko du. Elkarteak etorkizunean diru-laguntza itzultzen badu, objektu hori haren jabetzakoa izatera pasako da.

36. artikulua. Diruz lagundutako ondasun horiek besterentzeko, Udalaren baimena beharko da. Udalak bere egunean emandako diru-laguntza itzultzeko eskatu ahalko du. Irizpide hori bera jarraituko da elkartea desegiten bada. Kasu horretan, elkarteak zenbateko hura ordaindu edo Udalarekin adostu ahalko du, objektua osorik udal jabetzakoa izatera pasa dadila.

37. artikulua. Udalak ondasun horien kostu osoa beregain hartzen badu, ez dira inola ere elkartearen jabetzakoak izanen eta bi aldeek haien lagapena adostu beharko dute. Bertan adieraziko dute bazkide ez diren beste pertsona batzuek ondasun horiek erabil ditzaketen ala ez eta zein baldintzatan. Kasu horretan, Udalak ondasun horiek besterendu ahalko ditu, elkarteari behar besteko denboraz informazioa eta abisua emanez (elkarteak bere egitarauko jarduerak bukatu arte).

IX. KAPITULUA

Itzultzeko prozedura

38. artikulua. Udala da organo eskuduna onuradunari diru-laguntzak itzul ditzan eskatzeko, Diru-laguntzei buruzko Legean araututako prozeduraren ebazpenaren bitartez, jasotako zenbatekoak itzultzeko lege horretako 37. artikuluan ezarritako kasuetako bat gertatzen dela ikusten bada. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakia hartu zen egunetik hasita.

39. artikulua. Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu eta likidatzeko administrazioak duen eskubidea, kontaketa Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 39. artikuluan ezarritakoari jarraituz eginda.

X. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapen administratiboak. Zehatzeko prozedura

40. artikulua. Diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean tipifikaturiko eginak eta ez eginak, eta zehatu ahalko dira, utzikeria hutsagatik ere. Tipifikazioari eta prozedurari dagokionez, aipatu Legearen IV. tituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Iragarkiaren kodea: L1601119