Iragarkia
27. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
316/2015 FORU AGINDUA, abenduaren 21ekoa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onesten duena, 2016. urterako.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Halaber, foru lege horren beste helburu bat gizarte zerbitzuen sistema egokia eratzea da, zerbitzu ezin hobeak ematea ahalbidetuko duena, pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea bermatzeko.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua haren 3. eta 4. artikuluetan ezarrita dago, izan ere, artikulu horietan ezartzen da zer den gizarte zerbitzuen sistema eta zeintzuk diren gizarte zerbitzu horien hartzaileak. Bestalde, 6., 7. eta 8. artikuluetan gizarte zerbitzu horien hartzaileen eskubide eta betebeharrak ezartzen dira.
Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 76. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortzea eta haiei eustea. Baimen horien xedea da baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea.
Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.
Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dio Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen den jakiteko kontrola eta ikuskapena egiteko ardura, hau da, ea gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta zerbitzu horien hartzaileek betetzen ote duten lege horretan xedatutakoa. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak gizarte gaien, familiaren eta adingabeen babesaren esparruan foru dekretu horretan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, bereziki, honako hauek:
a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta horien hartzaileek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean eta aplikatzekoak diren bestelako arauetan xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.
b) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.
c) Departamentuarekin sinatutako itunak teknikoki betetzen ote diren kontrolatu eta ikuskatzea, eta horien emaitza horren ardura duen kudeaketa organoari jakinaraztea.
Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuak ikuskatzeko eskumena, aurrean esandako guztiaren arabera, ez dela bakarrik hartu behar zentro eta zerbitzuek baliabideen eta eginkizunen arloan indarreko araudia nola betetzen duten eta zerbitzu-emaileek sinatutako itunak zenbateraino betetzen diren kontrolatzeko eskumen gisa, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak zaindu eta errespetatzen ote diren ere kontrolatu behar baitira. Gainera, pertsonek beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, integratua eta pertsonalizatua jaso dezaten ere zaindu behar du.
Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketa-lerro nagusien oinarriak.
2016. urterako Ikuskapen Planak baditu aurreko planarekiko desberdintasun nabarmenak.
Ildo horretan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak eta zerbitzu-emaileek sinatutako itunetako klausula teknikoak betetzen ote diren kontrolatzeko ikuskapen lanari eman nahi zaio lehentasuna, Nafarroako Gobernuak finantzaturik entitate horiek ematen dituzten zerbitzuak administrazio kontratugileak ezarritako baldintzei jarraikiz eta hark eskatutako kalitatearekin egiten direla egiaztatzeko.
Esparru horretan, hainbat egoitzatan eginen dira ikuskapenak (zaharrei edo adingabeei arreta ematekoak, mendekotasunaren arlokoak, eritasun mentala edo desgaitasuna dutenentzakoak eta gizarte bazterketaren arlokoak). Arreta berezia jarriko da ikuskatzen ea zenbateraino errespetatzen dituzten zentro horietako entitate kudeatzaileek erabiltzaileen eskubideak. Zehazki, partaidetzarako kontseiluen funtzionamendua aztertuko da, baita barne-araudiak ere, pertsonen autonomiarako eskubideei dagokienez. Orobat, atxikipenei eta itunen gaineko beste alderdi batzuei buruzko indarreko araudia zenbateraino betetzen den egiaztatuko da, konparazio batera, banakako arreta planak, protokoloak eta erregistroak.
Era berean, bereziki ikuskatuko da sinatutako itunetan ezarritako langile ratioak zenbateraino betetzen diren, hala nola teknikarien eta arreta zuzeneko langileen lanbide kualifikazioa.
Laguntzak kontrolatzeko lerroari dagokionez, 2014. eta 2015. urteetan gizarteratze-errentetan egindako ikuskapen masiboak bertan behera utziko dira, baina, jadanik ebatzita egonda ere, baldintzak betetzeari buruz zalantza edo zantzuren bat egoteagatik, oinarrizko gizarte zerbitzuek edo Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalak bidalitako espedienteen gaineko ikuskapenak mantenduko dira. Kontrol hori egiteko, lehendik ezarrita zegoen prozedurari jarraikiko zaio, eta Foruzaingoari laguntza eskatuko zaio.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Gizarte Zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onestea, 2016. urterako. Foru agindu honen eranskinean jaso da.
2. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren neurriak har ditzan Ikuskapen Plan horretan ezarritako programak gauzatzeko eta bertan ezarritako helburuak betetzeko.
3. Ikuskapen Plana Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2015eko abenduaren 21ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
ERANSKINA
Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Ikuskapen Plana 2016. urterako
Lehena.–Organo arduraduna.
Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Ikuskapen Atala da Plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak Eskubide Sozialetako Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.
Bigarrena.–Helburuak.
1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia jaso dezaten arduratzea.
2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen diren begiratzea.
3. Zentroei eta zerbitzuei aholku ematea indarreko legedia betetzearen gainean eta erabiltzaileei kalitateko arreta emateko zenbait alderdiren gainean, zehazki, arlo horretaz Eskubide Sozialetako Departamentuan prestatzen diren agiriei buruzkoak eta betebehar material eta funtzionalei buruzkoak.
4. Itunen baldintza teknikoak betetzearen gaineko kontrola.
Hirugarrena.–Prozedura.
Eskubide Sozialetako Departamentuak, 2016. urtean, plan honetan jaso diren ikuskapen lanak eginen ditu, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai.
Jarduketa bereziak ere egiten ahalko ditu, zuzendaritza nagusiaren aginduz, bere ekimenez, goragokoen aginduz edo beste organo batzuen eskaera arrazoituari erantzunez.
Laugarrena.–Aplikatzekoa den araudia.
Ikuskapen lanetan gizarte politikaren arloko arau guztiak izanen dira aplikatzekoak. Lan horretan, batez ere, honako arau hauei begiratuko zaie:
1) Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
2) Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua. Aurreko foru legearen xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoari jarraituz aplikatuko da.
3) Abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa.
4) Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.
5) Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.
6) Irailaren 28ko Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena eta hori garatzeko araudia.
7) Ikuskatzekoak diren laguntzei buruzko berariazko arauak eta itun bakoitzeko kontratu-arauak.
8) Maiatzaren 16ko 48/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Ikuskatzaileen Araubidea ezartzen duena.
Bosgarrena.–Oinarrizko jarduketa lerroak.
Jarduteko ildo nagusiek hurrengo helburuak lortzea izanen dute xede:
I. Gizarte zerbitzuen hartzaileei, batez ere egoitzetan daudenei, beren eskubideak errespetatuko zaizkiela bermatzea. Arreta jarriko da, bereziki, Banakako Arreta Planaren eta Barne Araubidearen Erregelamenduen gutxieneko edukian.
II. Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzea. Batez ere erreparatuko zaio itunetako klausula teknikoak eta horietan eskatutako langileen ratioak betetzeari, baita langile horien prestakuntzari ere.
III. Gizarteratze–errentaren onuraduna izateko baldintzen ikuskapenaren oinarrizko lerroa emanak diren espediente zehatz batzuetan, balizko ez betetzearen zantzuak direla-eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalak bidali baitituzte.
Seigarrena.–Metodologia.
Ikuskapena, legez onartutako eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik eginen da:
1. Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietan sartzen ahalko dira. Era berean, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak eta/edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eman behar zaizkie. Ikuskatzaileen lana oztopatzea arau-hauste larritzat jotzen da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86. artikuluko n) letran.
2. Bisita arruntak eta salaketa baten ondoriozkoak ez dira aldez aurretik iragarriko, eta ikuskatzaile egiaztatuen identifikazioarekin hasiko dira.
3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanda ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahalko dira, egunez edo gauez.
4. Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete beharko dituzte.
5. Departamentuko organo eta erakundeak behartuta daude ikuskatzaileei ahalik arinen eta eraginkortasunez laguntzeko, hala eskatzen zaien guztietan.
6. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.
Zazpigarrena.–Gizarte politikaren arloko ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2016. urtean.
I. Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzeko oinarrizko jarduketa lerroa. Zehazki, erabiltzaileen beharren araberako arreta egokia den behatuko da. Banakako Arreta Plana badela eta horrek zer eduki duen konprobatuko da bereziki, baita Barne Araubidearen Erregelamenduaren gutxieneko edukia ere, zentroarentzat nahiz horretako erabiltzaileentzat loteslea baita.
Helburua.–Ikuskapen lanaren bidez egiaztatuko da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren, hau da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, Autonomia Pertsonalaren Sustapenari eta Mendekotasuna duten Pertsonentzako Laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz.
Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen diren egiaztatuko da, honako hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, desgaitasunak dituzten pertsonak, buruko eritasunak, adingabekoentzako arreta eta gizarte bazterkeria.
Eskubideak errespetatzen diren jakiteko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, erabiltzaileen eskubide hauek aztertuko dira nagusiki:
1. Zentroko langileengandik eta erabiltzaileengandik tratu duina jasotzeko eskubidea, arreta jarriz, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenen tolerantzian eta ulermenean.
Era berean, erreferentziazko langileek duten garrantzia azpimarratuko da, baita erabiltzaileen zainketa pertsonalei ematen zaien arreta egokia izatea ere, haien inguruabarren arabera.
2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzea, berariazko baimena eman ahal izateko.
Bereziki, kontrolatuko da erabiltzaileek Zerbitzuko Barne Erregelamendua ezagutzea eta horrek gutxieneko atalak izatea, aldez aurretik Departamentuak finkatuak baitira, eta honako hauek errespetatzea: pazienteak autonomia izateko eskubidea, tratamendu medikoei dagokienez, eta erabiltzaileen askatasun erlijiosoa eta ideologikoa.
Halaber, ikuskatuko da zerbitzuan sartzeko kontratuetako klausulak zuzenbidearen aurkakoak eta gehiegizkoak izan ez daitezen.
3. Banakako laguntza jasotzeko eskubidea, erabiltzaileen berariazko beharren araberakoa. Zehazki, ikuskatuko da ea zerbitzuek banakako arreta planik ote duten erabiltzaile bakoitzeko, eta ea profesional eskudunek aldian-aldian aztertu duten. Laguntza pertsonala, soziala, sanitarioa, farmazeutikoa, hezkuntzakoa eta kulturala eraginkorra, egokia eta bana-banakoa den ere kontrolatuko da.
4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Nabarmenduko da ea zerbitzuak ba ote dituen bisitak ahalik eta intimitate handienarekin jasotzeko egokiak diren instalazio eta eremuak, eta ea pribatutasuna errespetatzen den erabiltzaileak kanpoko edonorekin izaten duen komunikazioan, dela posta arruntez dela telefonoz edo dela beste edozein baliabidez.
Atal honetan, bereziki begiratuko da ea garbiketa eta barruko arropen aldaketak erabiltzaileen intimitatea bermatzeko baldintza eta toki egokietan egiten diren, horretarako bionboak, gortinak edo ateak erabiliz.
5. Kexen eta iradokizunen sistema erabiltzeko eskubidea. Atal honetan, zerbitzuek esparru horretan erabiltzen dituzten protokoloak aztertuko dira, baita zerbitzuaren erantzunik baden eta horretarako zer epe behar izan den ere.
6. Zentroetan parte hartzeko eskubidea, Partaidetza Kontseiluen bitartez, horien eraketa eta urteko bilkura araudi aplikagarriak ezartzen baditu.
7. Baimen informaturik gabe edo sendagileek agindu eta gainbegiratu ezean, inolako immobilizazio edo murrizketa fisikorik edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, salbu eta erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako berehalako arriskua badago, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruko lotura fisikoen eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuari eta apirilaren 2ko 186/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako erabilera protokoloari jarraikiz. Zehazki, loturen batzordearen baden eta bere funtzionamendua egiaztatuko da, baita loturen aldean izan daitezkeen aukerak proposatu eta horiek jartzea eta ebaluatzea ere.
Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren jakiteko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:
–Zentroko erabiltzaileek eta/edo horien senideek ematen duten informazioaren bidez.
–Ikuskapen lanean nabarmentzen diren gorabeheren bidez.
–Zentroko langileek eta arduradunek ematen duten informazioaren bidez.
Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek Ikuskapen Protokoloetan finkatuko dira.
II. Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzeko oinarrizko jarduketa lerroa, batez ere erreparatuz itunetako klausula teknikoak eta horietan eskatutako langileen ratioak betetzeari.
II.1. programa.–Lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztiak legeztatzea.
Helburua.–Behar diren baimenak izan gabe lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztien egoera administratiboa erregularizatzea.
II.2. programa.–Baimen berriak ematea eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan inskripzio berriak egitea.
Helburua.–Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetako aldaketa garrantzitsuak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak, behin-behineko baimenak salbuespen kasuetarako, eta jarduera uztekoak), eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistro berrian egin, kendu edo aldatzen diren inskripzioak.
II.3. programa.–Zentro eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten uneoro kontrolatzea. Arreta berezia finkatutako itunak betetzean.
Helburuak.
II.3.1. Urtean behin ikustaldi bat egitea honako arlo hautetako egoitzei eta eguneko zentroei: adineko pertsonentzako arreta, mendekotasuna, desgaitasunak, buruko eritasunak, gizarte bazterketa eta adingabeen arreta. Honako alderdi hauek legearen arabera betetzen dituzten egiaztatuko da:
a) Aplikagarria den araudia betetzea: segurtasuna, administratiboak, erabiltzaileen eskubideak, loturak eta abar.
b) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin sinatutako kontratuetako klausula teknikoak betetzea.
c) Giza baliabideak eta langileriaren antolaketa. Bereziki behatuko da zentroko langile guztientzat erregelamenduz edo kontratuz ezarritako ratioak betetzea, baita lanpostuan egotearen gaineko kontrola ere, fitxatuz eta txandaka edo beste edozein frogabidez, zentroko langile guztientzat, zuzendaritzakoak eta teknikariak barne, zentroarenak izan edo azpikontratatuta egon.
Halaber, konprobatuko da Zuzendaritzako organoen eta teknikarien titulu profesionala, baita zaintzaileena ere, 2008ko abenduaren 2ko Ebazpenean ezarritako aurreikuspenen arabera, SAADeko zentro eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiaztapenaren irizpide komunei buruz. Aipatu ebazpenak Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren akordioa onetsi zuen.
III. Gizarteratze-errentaren onuraduna izateko baldintzak betetzeari buruzko ikuskapenaren oinarrizko lerroa, eragin berezia bizikidetzan eta bizilekuan jarrita; horretarako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Foruzaingoaren laguntza eskatu beharko da.
Helburua.–Eman diren espedienteak Foruzaingoari bidaltzea, horietan Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak edo Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalak aditzera ematen dutenean onuradunek baldintzak (bizikidetza eta/edo bizilekua) betetzen ez dituztelako seinaleak edo zalantzak daudela.
Hori gauzatzeko, aldez aurretik Foruzaingoarekin eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin prestatutako eta adostutako prozedurari jarraituko zaio.
Iruñean, 2015eko abenduaren 21ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
Iragarkiaren kodea: F1600950
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
