26. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Ordenantza, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2015eko azaroaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.

2015eko 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ean, hasierako onespenari buruzko erabakia argitaraturik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritzebeitin, 2016ko urtarrilaren 22an.–Alkate udalburua, Floria Pistono Favero.

ORDENANTZA, ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK
ETA ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Ordenantza honen xedea da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko araudia ezartzea Itzako udalerrian, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Lege Dekretuan xedatuari jarraikiz.

Eta, bigarrenik, Itzako udalerrian edozein motatako etxeko animalia edukitzeari buruzko arauak ematen dira, eta horien jabeen betebehar eta debekuak ezartzen. Hala, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jada araututa dagoena jasotzen da, eta Itzako Udala osatzen duten herrietako beharren arabera egokitzen.

Helburua horixe dela, Itzako Udalak ordenantza hau onetsi du:

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea

1. artikulua. Xedea.

Kapitulu honen xedea da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua betetzeko, Itzako udal mugapeari dagokionez.

2. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak.

Abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 2.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu izan daitezkeen zakurrak:

–Arraza hauetako zakurrak edo gurutzatuta daudenak:

a) Pit Bull Terrierra.

b) Staffordshire Bull Terrierra.

c) American Staffordshire Terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

–Ondoko zerrendan aipatzen diren ezaugarri guztiak edo gehienak betetzen dituzten zakurrak; non ez diren gida-zakurrak edo laguntza-zakurrak, behar bezala kreditatuak eta heziak aitorpen ofizialeko zentroetan, Nafarroako foru legediari, edo, hala balegokio, Estatukoari jarraikiz, edo baldintza hori lortzeko heziketa fasean dauden zakurrak:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handia eta adore handia.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.

Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz bertze animaliei eraso egin dietenak.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren kasuetan, arriskutsu izateko aukera hori badela agintari eskudunak erabaki beharko du, betiere irizpide objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

3. artikulua. Udal lizentzia.

1.–Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren jabeek, eramaileek edo edukitzaileek aginduzko udal lizentzia lortu beharko dute aldez aurretik. Lizentzia eskatuko da animalia eskuratu behar denean. Arriskutsutzat jotzen ez diren animaliek, pertsonei edo animaliei eraso egin badiete, udal lizentzia eskatuko dute erasoaren egunetik hasita sei eguneko epean.

2.–Udaleko alkate-udalburuak du arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia emateko eskumena, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.q) artikuluan xedatuarekin bat.

3.–Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta eskatzailea Itzan bizi bada, udalerrian erroldaturik egon ala ez, edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Itzan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak jarraian hiru hilabetez bederen Itzan egon behar badu. Betebehar horretaz aparte, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Itzako Udalari mota honetako animalien jabe edo edukitzaile diren pertsonak badirela, Itzako Udalak legeen arabera bidezkoak diren egiaztapenak eta ikuskapenak egin ditzan.

4.–Lizentziak bost urteko iraupena izanen du eta, ondoren, iraupen bereko aldietarako berritu beharko da, prozedura berari jarraikiz.

Lizentziak indarra galduko du titularrak uzten dionean hura emateko nahitaezkoak ziren baldintzak betetzeari.

Titularrak lizentzian dauden datuetako edozeinen aldaketa jakinarazi beharko dio Itzako Udalari, aldaketa hori gertatu eta hamabost eguneko epean egin ere.

4. artikulua. Udal lizentzia eskatzeko baldintzak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia eskuratu edo berritu ahal izateko, interesdunak honako baldintza hauek beteko ditu:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren ondorioz. Dagokien erregistroek emandako ziurtagiriekin frogatuko da baldintza hau (aurrekari penalak).

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Baldintza hau frogatzeko, ahalmen fisikoaren ziurtagiria eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria aurkeztuko dira, abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 4tik 7ra bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin bat.

d) Zinpeko aitorpena, arau-hauste larri eta oso larriengatik ezein administrazio publikoren zehapenik ez duela izan dioena, martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluarekin bat.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta laurogei mila euroko estaldura duena (180.000 euro).

f) Lizentzia tramitatzeagatik ordaindu beharreko udal tasa ordaintzea, 2015. urtean 30 eurokoa izanen baita.

5. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroa.

1.–Itzako Udalean sortu da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.

2.–Arriskutsua izan daitekeen animalia baten jabeak, Itzan bizi denak, arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatzeko eskatuko du, hura edukitzeko udal lizentziaren kontzesioa jakinarazi ondoko hamabost eguneko epean.

Erregistro horretan inskribatzeko, honako datu hauek ekarriko ditu, erregistro horretan egon behar baitute nahitaez:

a) Jabearen eta/edo edukitzailearen datu pertsonalak: izena, helbidea, NANa, telefono zenbakia eta interesekotzat jotzen diren beste batzuk.

b) Animaliaren ezaugarriak, hura identifikatzen laguntzen dutenak, hala nola:

a. Animaliaren espeziea, arraza, sexua, ezaugarri-oharra edo ohar erdia, jaioteguna, animaliaren identifikazio zenbakia.

b. Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

c. Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

d. Albaitari kolegiatu batek urtero egindako azterketak, animaliaren osasun egoera egiaztatzen dutenak.

e. Eraso egindako kasuak (Udalari berehala jakinarazi beharko zaio).

f. Animalia antzutzen badute, jabeak bere borondatez hala erabakitzen duelako, erregistroan dagokion orrian inskribatuko da.

c) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

3.–Albaitaritzako klinikek eta kontsultategiek erregistro liburua izan beharko dute, eta animaliaren gainean artikulu honetako 2. puntuan adierazitako datu guztiak egonen dira han.

4.–Udal erregistroak arriskutsua izan daitekeen eta han inskribatzen den animaliari zenbakia emanen dio, segidan dagokion zenbakia.

5.–Udal erregistro honi animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera jakinaraziko zaio, eta animaliaren orrian jasoko da inguruabar hori.

6. artikulua. Identifikazioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiek identifikaturik egon beharko dute mikrotxip baten bidez.

7. artikulua. Jabeen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek honako betebehar eta erantzukizun hauek dituzte:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia toki publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da hura kontrolpean daraman pertsonak aldean izatea lizentzia administratiboa eta egiaztagiri bat, ziurtatzen duena animalia hori inskribatua dagoela arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek leku eta espazio publikoetan muturrekoa izanen dute nahitaez, animalia bakoitzaren arraza ezaugarriei egokitua.

–Kontrolpean eraman beharko dira bi metrotik beheitiko kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du halako zakur bat baino gehiago eraman

–Animalia finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio edo oro har mugaturiko edozein tokitan dagoenean, loturik egon beharko du –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean dagoenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

–Animalia lapurtu edo galduz gero, gertatutakoaz jabetu eta beranduenez ere berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko zaio arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroaren arduradunari.

–Udal erregistroari animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera jakinaraziko zaio.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat autonomia erkidego batetik beste batera eramateko, inskribapenak egin beharko dira udal erregistroetan, hiru hilabetetik gorako eperako bada edo han bizitzeko bada.

–Animalia bakoitzaren erregistro orrietan, animalia osasunaren ziurtagiria agertuko da, agintari eskudunak emana, eta hark urtero ziurtatuko du animaliak ez duela bereziki arriskutsu bihur dezakeen eritasun edo nahasterik.

–Beste edozein, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jokaerari lotutako erantzukizuna ekar dezakeena.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2.–Arau-hauste administratibo oso larriak honako hauek izanen dira:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat abandonatzea; animalia abandonatutzat hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere eramaten ez duena, betiere inork lagundurik ez badoa.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Arriskutsua izan daitekeen animalia edo zakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

d) Animaliak heztea haien erasokortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

e) Gaitasun agiria ez duenak arriskutsua izan daitezkeen animaliak heztea.

f) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, animalien oldarkortasuna erakustea helburu badute.

3.–Arau-hauste administratibo larriak honako hauek izanen dira:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Animaliari identifikagarria paratzeko betebeharra ez betetzea.

c) Erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskutsua izan daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

e) Lege honek ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

4.–Arau-hauste arintzat hartuko da ordenantzaren kapitulu honetan ezarritako betebeharretatik edozein ez betetzea, non ez diren artikulu honetako 2. eta 3. zenbakietan aipatzen.

5.–Aitzineko 2., 3. eta 4. ataletan sailkaturiko arau-hausteengatik isun hauek ezarriko dira:

–Arau-hauste arinak, 50 eurotik 100 eurora bitarte.

–Arau-hauste larriak, 100,01 eurotik 250 eurora bitarte.

–Arau-hauste oso larriak, 250,01 eurotik 500 eurora bitarte.

6.–Aurreko ataletan tipifikaturiko arau-hausteek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea, antzutzea edo akabatzea, establezimendua ixtea eta arrikutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia edo hezitzaile izateko gaitasun agiria aldi baterako edo behin betiko etetea.

9. artikulua. Zehapena murriztea berehala ordainduz gero.

Arau-hauste oso larrien kasuan, salatuak ez du murrizketarako eskubiderik izanen berehala ordaintzeagatik.

Arau-hauste arinen eta larrien kasuan, salatuak, prozedura hasi izana jakinarazi eta 30 eguneko epean, bere erantzukizuna onartzen ahal du eta isuna borondatez ordaindu. Halakoetan, amaitutzat joko da zehapen prozedura, ondorio hauekin:

1. Zehapen ekonomikoaren %50 murriztea.

2. Alegazioak egiteari uko egitea. Eginez gero, ez aurkeztutzat joko dira.

3. Prozedurari bukaera ematea, berariazko ebazpenik eman behar izan gabe, ordainketa egiten den egunean.

4. Administrazio bidea amaitzea; administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalean soilik aurkezten ahalko da errekurtsoa.

5. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea hasiko da ordainketa egunaren ondorengoan.

6. Zehapena administrazio bidean irmo bihurtuko da ordainketa egiten den unean, eta biharamunetik sortuko ditu ondorio guztiak.

10. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Kapitulu honetan ezartzen ez den orotan honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua; orobat, horiekin bat datozen eta aplikatzekoak diren arauak.

11. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Haren xedea da Itzako Udalak 50/1999 Legean Udalei ematen zaizkien beharkizunak bete ditzala. Fitxategia Itzako Udalak bakarrik erabili ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabiltzea artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

BIGARREN KAPITULUA

Etxeko animaliak edukitzea

12. artikulua. Xedea.

Kapitulu honen xedea da bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak arautu eta ezartzea, etxeko animalientzat eta haien jabeentzat, Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen babesean, Itzako udal mugapeari dagokionez, osasun eta segurtasun baldintza beharrezko batzuk bermatzeko, Itzako udalerriko bizilagunek animaliekin bizi kalitate erazkoa eta babes egokia izan ditzaten.

Etxeko animaliatzat jotzen dira aurreko kapituluan sartu ez diren zakur guztiak.

13. artikulua. Baldintzak.

Itzako udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene eta osasun baldintzak betetzea.

14. artikulua. Osasun betebeharrak.

Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz osasun agintariek eta/edo gai horretan eskumena duten beste batzuek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritzako klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Itzako Udaleko Alkatetzari jakinarazi beharko diote berehala, Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan ukatu gabe.

15. artikulua. Debekuak.

Debeku orokor hauek ezarri dira:

1. Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

2. Debeku da lotu gabeko zakurrak ibiltzea Itzako Udalaren herrietako hirigune guztietan, baita ibilgailuak pasatzen diren kale edo errepideetan ere, eta ibai parkean. Eremu horietan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu zakurrak, horretarako uhal bat erabiliz, gehienez bost metrora bitarte luzatzen ahalko dena.

3. Debeku dira zakurren edo beste edozein animaliaren gorozkiak kaleetan, parkeetan, lorategietan edo erabilera publikoko beste edozein eremutan, Itzako Udalaren herrietako hirigunearen barnean. Animalia daramanak bildu egin beharko ditu gorozkiak.

4. Arduradunak behar bezala kontrolatu ezin dituen lekuetan debeku da animaliarik edukitzea.

5. Debeku da animaliak kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea.

6. Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

7. Orobat debeku da animaliarik izatea haurrak jostatzeko alderdietan, lorategi eremuetan, soropiletan eta landare multzoetan.

8. Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean edo kapitulu honetan ezarritakoa aplikatzetik datorren edozein debeku.

16. artikulua. Animalien edukitzaileen betebeharrak.

Animalien edukitzaileek honako betebehar eta erantzukizun hauek dituzte:

a) Animalia baldintza egokietan eduki beharko dute higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen dute, Nafarroako Administrazio Publikoek osasunaren alorrean ezartzen dituzten aurreneurriak aplikatuz. Zakurrak urtero txertatuko ditu albaitari kolegiatu batek, eta albaitari horrek animaliaren osasun egoera egiaztatuko du.

b) Zakurren edukitzaileek identifikatuta eduki beharko dituzte, Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezartzen duen eran.

c) Animaliaren edukitzailea izanen da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

d) Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei kalterik edo trabarik egin ez diezaien.

e) Animaliaren edukitzaileak neurriak hartu beharko ditu animaliek bide eta eremu publikoak zikin ez ditzaten; hortaz, erantzukizuna berea du, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan.

f) Zakurrarekin dabilen lagunak galarazi behar du zakurrak kaka egin dezan espaloi, galtzada eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.

Arrazoi kontrolaezinengatik galarazten ahal ez badu, zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Eremu publikoan dagoen bitartean, gomendagarria da animaliak zakurren aisialdirako eremuetan kaka egitea. Hala ere, jabeak animaliaren gorotzak bildu behar ditu, behar den bezala, aisialdirako eremu horietan ere.

g) Zakurraren jabeak zakurra isilik eduki beharko du gaueko 22:00etatik goizeko 08:00ak arte, eta beharrezko neurriak hartu beharko ditu auzokoei eragozpenik ez sortzeko.

h) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legetik, kapitulu honetan ezarritakotik eta aplikatzekoa den gainerako legedia aplikatzetik datozen gainerako betebehar eta erantzukizun guztiak.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

b) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

c) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

d) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

e) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

3. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.

c) Animalia zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

f) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

g) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

4. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea.

c) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

d) Zakurrak beti loturik edukitzea.

5. Aurreko arau-hausteek isun hauek izanen dituzte:

–Arau-hauste arinak, 45 eurotik 90 eurora bitarte.

–Arau-hauste larriak, 90,01 eurotik 220 eurora bitarte.

–Arau-hauste oso larriak, 220,01 eurotik 450 eurora bitarte.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

6. Kapitulu honetan aurreikusitako arau-hausteetakoren bat egiteagatik ezartzen diren zehapenei 9. artikuluan aipatu murrizketa aplikatuko zaie berehala ordaintzeagatik, artikulu horretan aipatu ondorioekin.

18. artikulua. Erantzukizun zibila.

Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila baztertzen, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituen ordainak ere, halakorik bada.

19. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Kapitulu honetan arautu ez den orotan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta aplikatzekoa den beste edozein arautan ezarritakoari jarraikiko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L1600817