251. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 31 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

142/2016 FORU AGINDUA, azaroaren 28koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 28ko 19/2015 Foru Agindua aldatzen duena; foru agindu horren bidez, “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Ez-egoiliarren kontuen gaineko informazio aitorpena” izeneko 291 eredua onetsi zen, bai eta hori ordenagailuan zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian aurkezteko diseinu fisikoak eta logikoak ere.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 28ko 19/2015 Foru Aginduak “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Ez-egoiliarren kontuen gaineko informazio aitorpena” izeneko 291 eredua onetsi zuen, bai eta hori ordenagailuan zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian aurkezteko diseinu fisikoak eta logikoak ere; ebazpen horren azken xedapen bakarrak ezartzen du ezen Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko 14.1.f) artikuluan aipatzen diren ez-egoiliarren kontuen etekinen gaineko atxikipena egin beharretik salbuestearren, ez beste deusetarako, zergadunek aitorpen baten bidez frogatuko dutela egoiliarrak ez direla, non adieraziko baitute beste estatu bateko egoiliar fiskalak direla, aipatu legearen 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta ez dutela establezimendu iraunkorrik Espainian; orobat, bere eginen dute konpromisoa inguruabar horietako edozein aldaketaren berri emateko aipatu entitateei. Foru agindu horren III. eranskinean ezartzen da aitorpen eredua, aldez aurretik adierazitako inguruabarretako edozein aldaketaren berri emateko ere erabiliko dena.

Bestetik, Identifikazio Fiskalaren Zenbakia eta horri lotutako hainbat errolda arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 12. artikuluko 2., 7. eta 8. idatz-zatiek ezartzen dute ez dagoela IFZ adierazteko betebeharrik 3.000 eurotik beherako dibisa-trukearen eta bidaia txekeak erosteko eragiketetan ez-egoiliar dela frogatzen duenarentzat eragiketa egiteko unean, Espainian ez-egoiliar izatea frogatu duten pertsona edo entitateen izeneko kontuetan (eurotan eta dibisetan), ez eta Espainian ez-egoiliarrak direla aitortzen duten txeke edukitzaile edo hartzaileentzat ere. Aipatu 12. artikuluko 9. idatz-zatian esaten den moduan, 2., 7. eta 8. idatz-zatietako salbuespena, IFZ adierazteko betebeharrarena, aplikatzeko, ez beste ondorioetarako, bizileku duen herrialdeko agintari fiskalek egoitza fiskalari buruz emandako ziurtagiriaren bidez frogatzen ahalko da ez-egoiliarraren izaera, edo Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak onetsitako eredua eta baldintzak beteko dituen egoitza fiskalari buruzko aitorpen baten bidez.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA), informazioa trukatzeko prozedurak bultzatzen dituen nazioarteko antolakundea denez, informazio truke automatikorako duen Internet atarian, egoitza fiskala aitortzeko hainbat inprimaki argitaratu ditu, herrialde bakoitzeko araudiari egokitzeko modukoak, oinarri izan daitezkeenak finantza kontuen informazio truke automatikoaren sistema komuna eta estandarizatua aplikatzeko (CRS). Inprimaki horiek, prozedurak errazte aldera, aurreko lerroaldeetan aipatu ondorioetarako ere balioko dute; betiere, azaroaren 13ko 1021/2015 Errege Dekretuaren eranskineko I. ataleko 2. idatz-zatian aurreikusitakoa jaso beharko dute, bai eta, interesdunak egindako adierazpenen artean, kontua ez dela Espainiako lurraldeko establezimendu iraunkor batena ere. Orobat, errazteko helburu berarekin, finantza erakundeek beraiek ondorio beretarako prestatutako beste eredu batzuk ere balioko dute, aurretik adierazitakoa jasoz gero.

Aurrekoa oinarri, bidezko da urtarrilaren 28ko 19/2015 Foru Agindua aldatzea, Espainiako establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarraren izaera eta beste herrialde bateko egoitza fiskala frogatzeko beste aitorpen eredu hauen bidez, ondorioa izanik ez-egoiliarren kontuen etekinen gaineko atxikipena egin beharretik salbuestea, bai eta identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi beharretik ere, ez-egoiliarrek kreditu entitateekin egiten dituzten eragiketetan.

Gainera, urriaren 25eko HAP/1695/2016 Aginduak Estatuko 291 ereduaren diseinu fisiko eta logikoetarako onetsitako aldaketen bidetik, bidezko da urtarrilaren 28ko 19/2015 Foru Agindua aldatzea, aldaketa horiek berak sartzeko Nafarroako 291 ereduan. Aldaketa horien bidez, bi eremu berri eransten dira finantza kontuko funtsen sarrera eta irteeren guztirako bolumenari buruz, ez dadin horrela alde handirik egon banku kontuetan ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31ko edo urteko azken hiruhilekoko saldoen eta gainerako aldiko saldoen artean; bestetik, aldaketa bat egiten da “dirutan jasotakoaren zenbatekoa” izeneko eremuan, horrelako kontu motetako merkataritza baldintzak ez betetzeagatiko penalizazioei buruz.

Horrenbestez, Tributuari buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 28ko 19/2015 Foru Agindua aldatzea; horren bidez, “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Ez-egoiliarren kontuen gaineko informazio aitorpena” izeneko 291 eredua onetsi zen, bai eta hori ordenagailuan zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian aurkezteko diseinu fisikoak eta logikoak ere.

Urtarrilaren 28ko 19/2015 Foru Aginduaren manu hauek ondoko testu hau izanen dute:

Bat.–Xedapen gehigarri bakarra lehen xedapen gehigarria izanen da aurrerantzean.

“Lehen xedapen gehigarria.–Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadun izatea nola frogatu, ez-egoiliarren kontuetako etekinen gaineko atxikipena egin beharretik salbuesteko.

Ez-egoiliarren kontuen etekinen gaineko atxikipena egin beharretik salbuesteko baino ez (horri buruzkoa da martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko 14.1.f) artikulua), ez-egoiliarrak diren zergadunek (Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko 5. artikuluan definituak), baldin eta, establezimendu iraunkorrik gabe, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergatik salbuetsitako errentak lortzen badituzte (Espainiako Bankuak eta kanpoko transakzio ekonomikoen araudian aipatzen diren gainerako entitateek ordaindutako ez-egoiliarren kontuen etekin gisa), ez-egoiliarrak direla frogatuko dute entitate horietan; horretarako, aitorpen bat eginen dute, non azalduko baitute beste estatu batean dutela egoitza fiskala, aipatu Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta ez dutela establezimendu iraunkorrik Espainian; gainera, konpromisoa hartu beharko dute aipatu entitateei inguruabar horietako edozein aldaketaren berri emateko.

Aurreko lerroaldean aipatzen den aitorpena foru agindu honen III. eranskineko aitorpen ereduari egokituko zaio, eta kontua ireki eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da dagokion entitatean. Orobat, aipatu entitateak aldez aurretik aitortu den edozein inguruabar aldatu izanaren jakitun egiteko erabiliko da eredu hori.

Xedapen honetan aipatzen den aitorpenak mugagabeko epean izanen du balioa, non ez den aldaketaren bat gertatzen aitortu diren inguruabarretan, eta haren berri ematen dagokion entitateari; kasu horretan, eta une horretatik aurrera, aitorpenak ez du baliorik izanen.

Aurreko lehen lerroaldean aipatu entitateek zerga administrazioarentzat gorde beharko dituzte aitorpen horiek eta haien euskarri diren dokumentuak, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 55. artikuluan aipatzen den preskripzio aldian.

Orobat, balio bera izanen dute Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) bere Internet atarian, finantza kontuen informazio truke automatikorako sistema komun eta estandarizatuaren ondorioetarako (CRS), egoitza fiskalari buruz argitaratzen dituen inprimakiak erabiliz egiten den aitorpenak eta, ondorio berekin, finantza erakundeek beraiek prestatutako ereduak erabiliz egiten denak, adierazpen eta baldintza horiek jasota. Lehen kasuan, azaroaren 13ko 1021/2015 Errege Dekretuaren (zenbait finantza konturen titulartasuna edo kontrola dutenen egoitza fiskala identifikatzeko betebeharra ezartzen du, bai eta kontu horiei buruz informatzekoa ere, elkarren laguntzaren esparruan) I. eranskineko 2. idatz-zatian aurreikusitakoa jasotzeko beharrezko egokitzapenak egin beharko dira, eta berariaz adierazi kontua ez dela Espainiako lurraldean dagoen establezimendu iraunkor batena.

Aurrekoa galarazi gabe, norbera bizi den herrialdeko agintari fiskalek emandako ziurtagiriaren bidez frogatzen ahalko da dagokion entitatean zergaduna dela, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga dela eta.”

Bi.–Bigarren xedapen gehigarria erantsi da. Hauxe du edukia:

“Bigarren xedapen gehigarria.–Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadun izatea nola frogatu, kreditu entitateekiko eragiketetan IFZ adierazi beharretik salbuesteko.

1. Identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako hainbat errolda arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 12. artikuluko 9. idatz-zatian aipatzen den egoitza fiskalaren aitorpena foru agindu honen III. eranskinean jasotzen den aitorpen ereduari egokituko zaio.

Orobat, balio bera izanen dute Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) bere Internet atarian, finantza kontuen informazio truke automatikorako sistema komun eta estandarizatuaren ondorioetarako (CRS), egoitza fiskalari buruz argitaratzen dituen inprimakiak erabiliz egiten den aitorpenak eta, ondorio berekin, finantza erakundeek beraiek prestatutako ereduak erabiliz egiten denak, adierazpen eta baldintza horiek jasota. Lehen kasuan, azaroaren 13ko 1021/2015 Errege Dekretuaren (zenbait finantza konturen titulartasuna edo kontrola dutenen egoitza fiskala identifikatzeko betebeharra ezartzen du, bai eta kontu horiei buruz informatzekoa ere, elkarren laguntzaren esparruan) I. eranskineko 2. idatz-zatian aurreikusitakoa jasotzeko beharrezko egokitzapenak egin beharko dira, eta berariaz adierazi kontua ez dela Espainiako lurraldean dagoen establezimendu iraunkor batena.

2. Aitortzaileak dagokion entitateari aurkeztuko dio aitorpena eragiketa egiteko unean edo, aktiboko, pasiboko edo baloreetako kontua irekiz gero, hura ireki eta hilabeteko epean.”

Hiru.–391 ereduko diseinu fisiko eta logikoak, II. eraskinean jasoak, aldatzen dira.

1. Beste bi eremu eransten zaizkie 2. motako erregistroko (aitortuaren erregistroa) diseinu logikoei. Hona haien edukia:

384-401

Zenbakizkoa

FUNTS SARREREN BOLUMENA, GUZTIRA.

Zeinurik eta koma dezimalik gabe adieraziko da urtean, guztira, kontuan izan diren funts sarrerak, kontuaren hartzekoan urteko guztirako zenbatekoa apunteak batuz konputatuta (abonuen batura).

Eremu hau bitan banatzen da:

384-399

Funts sarreren osoko zatia.

Edukirik ez badu, zeroz beteko da.

400-401

Funts sarreren dezimalen zatia.

Edukirik ez badu, zeroz beteko da.

402-419

Zenbakizkoa

FUNTS IRTEEREN BOLUMENA, GUZTIRA.

Zeinurik eta koma dezimalik gabe adieraziko da urtean, guztira, kontuan izan diren funts irteerak, kontuaren zorretan urteko guztirako zenbatekoa apunteak batuz konputatuta (karguen batura).

Eremu hau bitan banatzen da:

402-417

Funts irteeren osoko zatia.

Edukirik ez badu, zeroz beteko da.

418-419

Funts irteeren dezimalen zatia.

Edukirik ez badu, zeroz beteko da.

2. 2. motako erregistroko (aitortuaren erregistroa) 384-432 idazguneak, zuriuneak, 420-432 idazguneetara (zuriuneak) pasatzen dira.

420-432

ZURIUNEAK.

3. “Dirutan jasotakoaren zenbatekoa” izeneko eremuak, 2. motako erregistroko (aitortuaren erregistroa) 132 - 146 idazguneak, testu hau izanen du:

132-146

Alfazenbakizkoa

DIRUTAN JASOTAKOAREN ZENBATEKOA.

Bakarrik T, U eta B aitortuaren gakoetarako (101 idazgunea).

Eremu hau bitan banatzen da:

132

IKURRA: eremu alfabetikoa. Kontuaren saldoa negatiboa bada “N” bat adieraziko da. Beste edozein kasutan, eremu honen edukia tarte bat izanen da.

133-146

ZENBATEKOA: Zenbakizko eremua, 14 idazgunekoa.

Eskatzen den zenbatekoa edo dibisetan dauden kontuetan haren kontrabalioa adieraziko da, koma dezimalik gabe.

Eremu hau bitan banatzen da:

133-144

Zenbatekoaren osoko zatia; edukirik ez badu, zeroz beteko da.

145-146

Zenbatekoaren dezimalen zatia; edukirik ez badu, zeroz beteko da.

Kontuko etekinen hartzaile bat baino gehiago daudenean, haietako bakoitzak etekinean duen partaidetzaren arabera egozten ahal zaion zenbatekoa adieraziko da.

Kontu bati loturik ezarpen eta/edo berritze batzuk daudenean, etekinak erregistro bakar batean edo hartzaile kopuruaren arabera bidezkoak direnetan metatuko dira.

Kontuak era guztietako finantza erakundeetan izatearen ondoriozko merkataritza sustapenetako baldintzak ez betetzeagatiko penalizazio gisa lortutako etekin negatiboak ere zenbateko horren parte izanen dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2016. urteko 291 ereduko aitorpenak aurkezteko aplikatuko da lehen aldiz.

Iruñean, 2016ko azaroaren 28an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1613492