251. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 31 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

25/2016 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZENBAIT ZERGA ALDATU ETA BESTE TRIBUTU-NEURRI BATZUK HARTZEARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Foru lege honek arau hauek aldatzen ditu, besteak beste: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia; Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legea; Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren Testu Bategina, abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia; Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Testu Bategina, apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia; Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea; Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legea; eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea.

Foru legearen egitura hauxe da: hamaika artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

Arau aldaketen helburua da Foru Komunitateko tributuen arloko legedia egokitzea tributuen arloko harreman juridikoaren, hau da, tributuak aplikatzetik sortzen diren obligazio, betebehar eta eskubideen multzoaren oinarri diren errealitate juridiko eta ekonomiko aldakorretara, helburu iraunkor hauek betetzeko: zerga-bilketa hobetzea eta tributuen kudeaketan metatutako esperientziak une bakoitzean eskatzen dituen interpretazio arazoak konpontzea.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aldaketa asko sartu dira, hiru kategoriatan sailka daitezkeenak. Lehenik, legegintzako teknika hobetzeko, manu batzuk berrantolatu dira eta beste manu batzuei barneko eta kanpoko koherentzia handiagoa eman zaie, beste arau batzuetara eginiko igorpenak eta erreferentziak zuzenduz eta eguneratuz. Bigarrenik, sozietateen gaineko zergaren araudi berrian sartutako aldaketen ondorioz, bere edukia pertsona fisikoen zerga pertsonalaren edukiarekin koordinatu behar da hainbat alderditan, hala nola errentak eratxikitzeko araubidean, higiezinen errentamenduaren kontzeptuan, enpresa jardueren gastu kengarrietan edo enpresa ekintzailetzarako pizgarrietan. Hirugarrenik, tributuaren kudeaketan metatutako esperientziak gomendagarri egiten du aldaketa puntual batzuk sartzea zenbait arazo praktiko konpontzeko, arlo zehatz batzuetako erregulazio eza betetzeko, interpretazio zalantzak argitzeko eta segurtasun juridikoa hobetzeko.

Testuinguru horretan, errenta salbuetsiak arautzen dituen 7. artikuluaren egitura antolatu eta hobetu da, eta manu osoari testu berria eman zaio. Horrez gain, artikulu horretan salbuetsi nahi izan da Gizarte Segurantzak gaixotasun larria duten seme-alabak zaintzeko ematen duen prestazio ekonomikoa. Horretarako, salbuespen orokorra ezarri da seme-alaba adingabeak zaintzeko prestazio publikoetarako.

Errentak eratxikitzeko araubideari dagokionez, PFEZaren testu bateginaren 11. artikuluaren testu berriak xedatzen du ezen sozietate zibilek errentak eratxikitzeko araubidean ordainduko dituztela zergak, baldin eta sozietateen gaineko zergari lotuta ez badaude. Modu horretan, PFEZa sozietateen gaineko zergara egokitzen da, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera merkataritza helburua eta nortasun juridikoa dituzten sozietate zibilak sozietateen gaineko zergaren zergadunak izanen baitira.

Bestetik, kapital gisa jasotzen diren pentsio planen eta aurreikuspen plan aseguratuen prestazioetan lan etekin osoan aplikatu beharreko 100eko 40ko murriztapena aldatzen da, betiere bi urte igaro badira lehenbiziko ekarpenetik.

Izan ere, 17.2.b) artikuluari azken tarteki bat gehitu zaio, kasu zehatz batzuetan 100eko 40ko murriztapen horren aplikazioa mugatzeko. Hortaz, pentsio planen eta aurreikuspen plan aseguratuen onuradunek kapital gisa jasotzen dituzten prestazioetan, murriztapena kapital gisa jasotako zenbatekoari aplikatuko zaio, baina prestazioa jaso aurreko urtebetean egindako ekarpenen zenbatekoa kenduta.

Mugaketa honen arrazoia da egiten ari zen maltzurkeria hau saihestea: azken urtean kenkariaren goiko mugatik (7.000 euro) hurbil dauden ekarpenak egitea, zerga-oinarrian dagokion murriztapena sortuz, eta gero zenbateko horren arabera ordaintzea zergak, baina 100eko 40ko murriztapena aplikatuta.

Zuzeneko zenbatespenaren araubidean etekin garbia zehazteko arauei dagokienez, 35. artikuluak arau orokor bat eta berariazko arau batzuk finkatzen ditu enpresa edo lanbide jardueretan etekin hori zehazteko. Arau orokorrean ez dago aldaketarik: enpresa edo lanbide jardueretan etekin garbia zehazteko, zuzeneko zenbatespenaren araubidean sozietateen gaineko zergaren arauak aplikatuko dira. Berariazko arauetan aldaketa batzuk egin dira. Hortaz, nabarmendu behar da sozietateen gaineko zergaren arauetara eginiko igorpena, subjektu pasiboak jatetxe, ostalaritza, bidaia eta joan-etorrien zerbitzuei lotutako harreman publikoen arloan garatutako enpresa jardueren gastuen kasuan, baina ezberdintasun honekin: kontzeptu horien multzoaren gehieneko muga subjektu pasiboak zergaldian izandako diru-sarreren bolumenaren 100eko 5 izanen da, jarduera bakoitzak zehaztua.

Sozietateen gaineko zergarekiko koherentzia mantentzeko antzeko arrazoiengatik, zehazten da ondasun higiezinen errentamendua enpresa jardueratzat joko dela baldin eta, jarduera antolatzeko, lan kontratua eta lanaldi osoa dituen langile bat, gutxienez, erabiltzen bada, betiere subjektu pasiboaren ezkontidea ez bada eta, lerro zuzenean edo albotik, berarekin hirugarren maila arteko odol edo ezkontza bidezko ahaidetasunik ez badu.

Hirurogeita bost urtetik goitikoek edo menpekotasun larriko egoeran nahiz menpekotasun handikoan dauden pertsonek ohiko etxebizitza eskualdatzean duten salbuespena ere aldatzen da. Izan ere, kostu bidezko eskualdaketak salbuetsiko dira bakarrik, hau da, etxebizitza iraupen-gastuetarako dirua lortzeko saltzen denean. Bestetik, gutxieneko adina, 65 urtekoa zena, 70 urtekoa izanen da. Azkenik, ohiko etxebizitzaren lehenbiziko eskualdaketa salbuetsiko da bakarrik, hau da, etxebizitza baten eskualdaketa salbuetsiko da soilik.

Horrez gain, aldaketa esanguratsuak sartzen dira nazioarteko gardentasun fiskalari buruzko araubidean egiten den errenten egozpenean, sozietateen gaineko zergaren arauetara egokituz. Neurri horren oinarrizko helburua da zerga-iruzur eta -ihesaren aurkako nazioarteko borroka bultzatzea. Horretarako, kontuan hartu behar dira ELGAk zerga-oinarrien higaduraren eta mozkinen lekualdaketaren aurkako ekintza planean (BEPS) egindako azterlanak. Nazioarteko joera horiek enpresa egiturak tributazio txikiko jurisdikzioetara lekualdatzearen aurkako borrokarekin koordinatu behar dira.

Testuinguru horretan, PFEZaren subjektu pasiboek Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate batek lortutako errenta positiboak egotziko dituzte, baldintza hauek betetzen direnean:

a) 100eko 50eko edo hortik gorako partaidetza izatea Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatearen kapitalean edo entitate horren funts berekietan, berak bakarrik edo loturiko entitateekin batera, entitatearen sozietate-ekitaldiaren itxiera egunean.

b) Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak sozietateen gaineko zergaren izaera berdin-berdina edo antzekoa duen karga batengatik ordaindutako zenbatekoa, 51. artikuluan ezarritako errenta klaseetako baten bati egozten ahal zaiona, aipatu zergaren arauen arabera egokituko zitzaionaren 100eko 75etik beherakoa izatea.

Konturako ordainketetan, negozio-zifraren zenbateko garbia 2.000.000 eurotik 1.000.000 eurora murrizten da. Zenbateko hori errentak eratxikitzeko araubideko entitateei eskatzen zaie, zergaren konturako ordainketatzat jo ahal izateko jarduera ekonomikoen gaineko zergagatik ordaindutako kuota. Horrela, gure inguruneko zerga administrazioek ezarritako irizpide bera erabiltzen da. Horrez gain, konturako ordainketatzat joko dira gutxieneko udal kuota, autonomia erkidegoko kuota eta estatuko kuota.

Bestalde, diru-sarreren eta gastuen denbora-egozpenerako arau berri bat sartu da. Horren helburua da praktikan gatazkatsua zen kasu bat arautzea. Kasu hori da, nahitaezko desjabetzean, desjabetuak balio justua bide judizialean errekurritzea. Oro har, ondarean aldaketa gauzatzen da desjabetutako ondasuna okupatzen denean, eta zergaldi horretan ondare gehikuntza egotzi behar da. Hala ere, urte batzuk geroago balio justu handiagoa ezartzen duen ebazpen judizial bat ematen bada, bi aukera daude:

a) Ondare gehikuntza berriz kalkulatzea eta ondarean aldaketa gauzatu zen urtean egoztea eta, horren ondorioz, urte horretako autolikidazioa inpugnatzea. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren 2015eko maiatzaren 13ko Ebazpenaren irizpidea da, gaur egungo arauditik ondorioztatzen ahal dena.

b) Balio justu handiagoak ekarritako gehikuntza epai irmoa eman zen urtean egoztea. Horixe da, hain zuzen ere, gure inguruneko araudiek finkatzen duten aukera, eta, horri esker, aurreko autolikidazioen inpugnazioak saihesten dira.

Azken irizpideari jarraikiz, 10. idatz-zatia gehitu zaio 78. artikuluari, honako hau ezartzeko: errenta bat osorik ordaindu ez bada errenta hori jasotzeko eskubidea edo errentaren zenbatekoa ebazpen judizial batek zehaztu behar duelako, zenbateko ordaindugabeak aipatu ebazpen judiziala irmo bihurtu den zergaldiari egotziko zaizkio.

Autolikidazioaren proposamena arautzeari dagokionez, ikusi da batzuetan subjektu pasiboak ez duela autolikidazioaren proposamena berresten, ez eta PFEZaren beste aitorpen bat aurkezten ere, baina epez kanpo ordaintzen du proposamen horren ondoriozko kuota. Planteatzen diren interpretazio zalantzak argitzeko, xedatu da ezen, kasu horretan, autolikidazioaren proposamena autolikidazioa izanen dela; eta, gainera, zehazten da autolikidazioa ordainketaren egunean aurkeztutakotzat joko dela ondorio guztietarako.

Berrogeita laugarren xedapen gehigarriaren testu berriaren xedea da ekintzailetzari laguntzeko neurriak PFEZean arautzea. Sozietateen gaineko zergaren foru legean ekintzailetzari laguntzeko neurri berriak abian jarri direnez 2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, berrogeita laugarren xedapen gehigarrian honako hau zehazten da soilik: sozietateen gaineko zergaren foru arauan ezarritakoaren arabera, sozietateen gaineko zergaren foru arau horretan ekintzailetzari laguntzeko ezarritako neurriak aplikatuko zaizkie ekintzaile izateko bete behar diren baldintzak betetzen dituzten PFEZaren subjektu pasiboei edo entitate ekintzaile izateko bete behar diren baldintzak betetzen dituen errentak eratxikitzeko araubideko entitate bateko kideei.

Azkenik, berrogeita hamargarren xedapen gehigarria eta berrogeita hamaikagarrena sartzen dira, atxikipena egiteko betebeharra ezarriz landalurreko higiezinen errentamenduen ondoriozko etekinen gainean eta harpidetza eskubideen eskualdaketaren ondoriozko ondare gehikuntzen gainean, hurrenez hurren. Atxikipena edo konturako diru-sarrera egin beharko da landalurreko higiezinen errentamenduen edo azpierrentamenduen ondoriozko etekinengatik, eta atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren zenbatekoa hirilurreko higiezinen errentamenduen edo azpierrentamenduen kasuetako zenbateko berdina izanen da. Harpidetza eskubideen eskualdaketaren ondoriozko ondare gehikuntzen gaineko atxikipen ehunekoa 100eko 19 izanen da.

Ondarearen gaineko zergan bi aldaketa puntual sartu dira. Alde batetik, enpresa edo lanbide jarduerei atxikitako ondasun eta eskubideen balorazioa beste modu batean finkatzen da, edozein kasutan kontabilitatetik ateratzen den baliora egiten baita igorpena, betiere Merkataritza Kodean xedatutakora egokitzen bada. Kontabilitate baliora egiten den igorpen horrek ez du salbuespenik. Bestetik, sortutako zalantza bat argitzeko, zergaren sortzapenaren gaineko zehaztapen bat sartu da, subjektu pasiboa abenduaren 31n hiltzen den kasurako.

Oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan xedapen gehigarri bat sartu da, desgaitasuna duten pertsonek egoera hori eta desgaitasun maila errazago frogatu ditzaten. Horrez gain, judizialki deklaratutako ezintasuna dutenek eta mendekotasun egoera bat, edozein gradutakoa, aitortua dutenek 100eko 65eko edo gehiagoko desgaitasuna dutela ulertuko da.

Lau aldaketa nabarmendu behar dira ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan. Lehenik, 4.1 artikuluan egiten den aldaketaren helburua da honako hau argitzea: ez dira kostu bidezko ondare eskualdaketak izanen enpresaburu edo profesional batek bere enpresa edo lanbide jardueran gauzatutako ondasun entregak edo zerbitzu egiteak, ez eta, edozein kasutan, balio erantsiaren gaineko zerga ordaindu behar duten ondasun entregak edo zerbitzu egiteak ere.

Beraz, a contrario sensu, ulertzen da kostu bidezko ondare eskualdaketak izanen direla enpresaburu ez den pertsona batek gauzatutako ondasun entregak edo zerbitzu egiteak, kontuan hartu gabe eskuratzailea enpresaburua den ala ez.

Horrela, behin betiko argitu nahi da enpresaburuak ez diren pertsonek egindako urre eta antzekoen salmentak kostu bidezko ondare eskualdaketak direla, eskuratzailea enpresaburua bada, epaitegi ekonomiko-administratiboen eta epaitegi judizialen interpretazio okerrei aurka eginez.

Bigarrenik, 3. idatz-zatia gehitu zaio 8. artikuluari, higiezinen eskualdaketa jakin batzuetan karga-tasa murriztua ezartzeko. Jakina denez, gaur egun ondare eskualdaketen zergan 100eko 6ko karga-tasa aplikatzen zaie enpresa edo lanbide ondarearen parte diren elementu gorpuzdunen edo, kasua bada, gorpuzgabeen multzo baten eskualdaketan sartzen diren higiezinen eskualdaketei, baldin eta elementu horiek berez enpresa edo lanbide jarduera bat garatzeko gauza den unitate ekonomiko autonomo bat osatzen badute, betiere bere inguruabarrengatik ondare horren eskualdaketak balio erantsiaren gaineko zerga ordaindu behar ez badu. Beraz, BEZa ordaindu behar ez badu, karga-tasa normal bat aplikatzen da ondare eskualdaketen zergan.

Aldaketaren ondorioz, kasu horietan 100eko 2ko karga-tasa aplikatuko da bi baldintza hauek betetzen direnean:

a) Eskuratzaileak eskualdaketaren aurreko urtean zegoen langileen batez besteko plantilla mantentzea, lan arloko araudian araututako pertsona-urte unitatetan neurtua.

b) Higiezinak ez eskualdatzea eta xedatze-egintzarik edo sozietate-eragiketarik ez egitea, baldin eta zuzenean nahiz zeharka eskurapen balioaren gutxitze nabarmena ekar badezakete.

Baldintza hauek hiru urtez bete behar dira, datatik datara zenbatuta eskualdaketatik hasita. Neurri horren helburua da, batetik, araua Europar Batasuneko legegilearen espiritura egokitzea eta, horrenbestez, enpresa eskualdaketei trabarik (aparteko kostu fiskalik) ez jartzea; eta, bestetik, harrigarria ematen badu ere, zerga horren benetako bilketa handitzea, gaur egun enpresa berregituratzeko eragiketa gehienek BEZa ordaintzen baitute eta ez, beraz, kostu bidezko ondare eskualdaketen zerga.

Hirugarrenik, 22. artikuluaren 2. idatz-zatia aldatzen da, lerrokada berri bat gehituz, egintza juridiko dokumentatuen gaineko mailakako kuota 100eko 0,5etik 100eko primera igotzeko kasu batzuetan. Ondasun higiezinen eskualdaketak dokumentatzen dituzten eskrituren eta notario-akten lehenbiziko kopiak izan behar dira, eta eskualdaketa horietan balio erantsiaren gaineko zergaren salbuespenari uko egin behar izan zaio.

Azkenik, aipatu behar da berritasun garrantzitsuak sartzen direla balioen egiaztapenean, bai ondare eskualdaketen zergan bai oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan. Hortaz, egiaztapenak egiteko bi bide zuzendu, eta horien irismena zabaltzen da:

a) Erregistro fiskal ofizialetan agertzen diren balioei egindako erreferentziaren araberako zenbatespenaren bidez. Horrez gain, erreferentziaren araberako zenbatespena egiteko aukera bat argitzen du: koefiziente biderkatzaileak aplikatzea Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan ondasun higiezinetarako agertzen diren balioei.

b) Merkatuko batez besteko prezioei egindako erreferentziaren araberako zenbatespenaren bidez. Halaber, erreferentziaren araberako zenbatespena egiteko aukera bat zehazten du: merkatuko prezioak egiaztatzeko metodo estatistiko bat erabiltzea, eskaintzaren eta eskaeraren printzipioak araututako merkatu librean ondasunak duen balio probableena lortzeko.

Aurrekoa gorabehera, irabazi-asmorik gabeko entitateen jarduerak bultzatzeko, foru legeak onura fiskal batzuk sartu ditu mezenasgo sozialerako. Helburu horrekin, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarriari edukia gehitu zaio.

Onura fiskal berri horiek izateko, entitate onuradun jakin batzuei eman behar dizkiote dohaintzak. Entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte: irabazi-asmorik ez izatea; beren helburuak sozialak izatea, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan; eta horiek eskuratzeko gastuak kendu ondoren jasotako errenten eta diru-sarreren 100eko 70, gutxienez, bideratzea interes orokorreko helburuetara, eta gainerakoa, berriz, ondare zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratzea, horiek eskuratu eta gehienez ere 4 urteko epean.

Pertsona fisikoak diren dohaintza-emaileek eskubidea izanen dute, emandako lehenbiziko 150 euroetan, zergaren kuotatik 100eko 80 kentzeko. 150 eurotik gorako zenbatekoek 100eko 35eko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute. Bestetik, sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek, entitate onuradunei dohaintzak egiten edo diru-kopuru batzuk ematen badizkiete, onura fiskal hauek izanen dituzte:

a) Emandako zenbatekoak kenkaria egiteko modukotzat hartuko dira zerga-oinarrian.

b) Horrez gain, zergaren kuota likidoan dohaintzen zenbatekoaren 100eko 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute.

Gainera, foru legeak saneamenduko kanonaren tarifak eta Nafarroako Gobernuko Departamentuen tasa batzuk eguneratzen ditu. Saneamenduko kanon hori Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen bidez sortu zen. Horri dagokionez, nabarmentzekoak dira Osasun Departamentuaren osasun eta albaitaritza zerbitzuen tasa berriak, Kultura Departamentuaren dokumentu ondareko agirien erreprografia zerbitzuaren tasaren aldaketa eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren tasak.

Halaber, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeek eskaturik, zenbait datu jakinarazteko betebeharra arautzen duen abenduaren 9ko 21/1994 Foru Legearen artikulu bakarra aldatzen da, haren edukia egungo zirkunstantzietara egokitzeko asmoz. Izan ere, iritzia da indarreko arauak eragotzi egiten duela Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeek beren eginkizuna behar bezala betetzea. Hala ere, sartzen diren aldaketek kontuan hartzen dute pertsonen intimitatea eta segurtasun juridikoa bezain garrantzitsuak diren balioak zentzutasunez eta proportzioan baino ez direla ukitu behar, datuak eta zerga arloko aurrekariak jendaurrean ez jartzearen interesari dagokionez.

Halaber, aldaketa puntual bat egiten da Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean, kirol klub jakin batzuei zerga-zorren gerorapenak baldintza berezietan ematea ahalbidetze aldera.

Azkenik, hidrokarburoen gaineko zergaren karga-tasa autonomikoak kendu dira. Zerga bereziei dagokienez, gogoratu behar da ezen, Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluak xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak zilegi izanen duela zerga horien karga-tasak ezartzea, betiere lurralde erkidean unean-unean indarra duten mugekin eta baldintzetan. Diru-sarrera publikoak gehitzeko, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legeak hidrokarburoen gaineko zergaren autonomia erkidegoko karga-tasa batzuk ezarri zituen Nafarroan 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Inguruabar hori lehen ere gertatu zen, ekainaren 15eko 10/2012 Foru Legearen bidez. Lege horren indarraldia 2013ko abenduaren 31ra luzatu zen.

2016. urteko esperientzia berriarekin egiaztatu da estatuko tasatik soilik eratorritako bilketa pixka bat murriztu dela Nafarroan, 2015. urtean erregistratuarekin alderatuta. Hala ere, egia da bilketa osoa hobetu dela, hain zuzen ere autonomia erkidegoko tasaren ekarpenagatik eta Hitzarmen Ekonomikoaren ondorioz zerga bereziak doitzeko gaur egun dagoen mekanismoaren aplikazioagatik. Haatik, aurreikusita dago zentzuzko akordio bat lortzea Estatuarekin, zerga berezien doikuntzarako indizeak nabarmenki aldatuko dituena hurrengo urteetan aplikatzeko, eta, horregatik, bilketaren ikuspuntutik jada ez da interesgarria autonomia erkidegoko indarreko tasak mantentzea hidrokarburoen gaineko zergan.

Horrez gain, kontuan hartu behar da autonomia erkidegoko tasa horiek Nafarroako kontsumoa kaltetzen dutela, ondoko lurralde gehienetan prezio merkeagoan daudelako, eta garraio sektorearen ordezkariek behin eta berriz adierazi dute hori. Horregatik guztiagatik, bidezkotzat jotzen da tributazio hori kentzea. Izan ere, 2015. urtearen bukaeran onetsi zenean iragarri zen koiunturala zela.

Lehenengo artikulua.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren manu hauek (testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) testu hau izanen dute:

Bat.–7. artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“7. artikulua. Errenta salbuetsiak.

Errenta hauek salbuetsirik egonen dira:

a) Gizarte Segurantzak edo horren ordezko entitateek subjektu pasiboari aitortzen dizkioten prestazioak, erabateko ezintasun iraunkorraren edo baliaezintasun handiaren ondorioz.

Era berean, norbere konturako langile edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian txertatu gabeko profesionalei aitorturiko prestazioak -aipatu Gizarte Segurantzako araubide bereziaren ordezko lanak egiten dituzten gizarte-aurreikuspenerako mutualitateen prestazioak badira-, beti ere, Gizarte Segurantzaren erabateko ezintasun iraunkorrerako edo baliaezintasun handirako aurreikusi diren egoera berberetarako prestazioak badira.

Hauxe izanen da salbuetsitako kopuruaren muga: Gizarte Segurantzak dagokion kontzeptuarengatik onesten duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa. Mugaz gaindikoa lan etekin gisa ordainduko da zergan, eta, Gizarte Segurantzaren prestazioak lehen aipatutako mutualitateenekin batera gertatuz gero, lan etekina azken horietan gertatu dela ulertuko da.

Era berean, salbuetsiak egonen dira Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileak ordainketa bakarreko modalitatean ordaindutako langabezia-prestazioak (ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretua, enplegua sustatzeko neurri gisa, ordainketa bakarreko langabezia-prestazioa arautzen duena, bere zenbatekoaren balio eguneratuan), betiere, aipatu arauan aurreikusitako xedeetarako eta kasuetan.

Aurreko lerrokadan aurreikusitako salbuespena aplikatzeko, akzioa edo partaidetza bost urtez mantendu beharko da, baldin eta subjektu pasiboa lan-sozietateetan edo lan elkartuko kooperatibetan sartu bada edo merkataritza entitate bateko kapital sozialera ekarpen bat egin badu, edo bestela, jarduna epe berean mantendu beharko da langile autonomoaren kasuan.

b) Administrazio publikoek desgaitasunagatik edo baliaezintasunagatik aitortutako pentsioak, baldin eta gorputz-urritasunaren edo urritasun psikikoaren mailak edozein lanpostu betetzeko erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia badakar.

c) Langilea kaleratzeagatik edo lana uzteagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan edo hori garatzeko araudian, edo kasua bada, epaiak betearazteko araudian nahitaezko izaeraz ezarritako kopuruetan; hitzarmen, itun edo kontratuaren indarrez finkatutakoa ezin izanen da, ordea, derrigorrezko izaeraz ezarritako kalte-ordaintzat hartu.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa alde batera utzi gabe, kaleratze kolektiboak Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritakoarekin bat egiten badira edo aipatu Estatutuaren 52.c) artikuluan aurreikusitako arrazoien ondorio badira, eta betiere bi kasuetan kausa ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak, produkziokoak edo ezinbesteko kausak direla medio, aipatutako Estatutuan bidegabeko kaleratzeagatik derrigorrezko izaeraz ezarritako mugak gainditzen ez dituen kalte-ordainaren zatia salbuetsiko da.

Letra honetan aipatutako kalte-ordain salbuetsia 180.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

Baldin eta kaleratzearen kalte-ordaina guztiz edo hein batean ordaintzen bada kaleratutako langileak lan egiten zuen entitatetik heldu diren ondare-elementuak emanez, ondare-elementu horiek merkatuan duten balioa salbuetsita egonen da, betiere honako baldintzak betez gero:

1. Subjektu pasiboak ondare-elementu horiek jartzea jarduera ekonomiko bat langile autonomo gisa egiteko edo lan elkartuko kooperatiba bateko nahiz lan sozietate bateko bazkide-langile gisa jarduteko.

2. Subjektu pasiboak langile autonomo gisa jardutea edo bazkide-langile gisa aritzea bost urtez, gutxienez ere.

3. Subjektu pasiboak langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzea, hain zuzen ere 1044/1985 Errege Dekretuan arautu bezala.

4. Gauzazko kalte-ordainaren zenbateko salbuetsia ezin izanen da izan 180.000 eurori letra honetako lehenengo bi lerrokaden arabera salbuetsita dagoen diruzko kalte-ordainaren zenbatekoa kenduta ateratzen den kendura baino handiagoa.

d) Zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondoriozko kalte pertsonalengatik administrazio publikoek ordaindutako kalte-ordainak, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren IV. kapituluan ezarritakoaren arabera ezartzen badira.

Orobat, zerga honetatik salbuetsita egonen dira honako lege hauetan aipatutako kalte-ordainen ondorioz jasotako diru-kopuruak: Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea, Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunari buruzko urriaren 8ko 32/1999 Legea, eta Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa Emateko irailaren 22ko 29/2011 Legea. Era berean, salbuetsita egonen dira ekintza terroristen ondoriozko kalteak arintzeko prestazio publiko bereziak, bai eta terrorismoaren aurkako borrokan emandako dominetatik eta kondekorazioetatik heldu diren pentsioak ere.

e) Kalte pertsonalen ondoriozko erantzukizun zibilaren kalte-ordainak, legalki edo juridikoki onesten den zenbatekoan.

Halaber, salbuetsirik egonen dira mota horretako kalteetarako istripu aseguruen kontratuetatik heldu diren kalte-ordainak, salbu eta kontratu horien primek zerga-oinarria murriztu badezakete edo gastu kengarritzat har badaitezke foru lege honen 35. artikuluko 1. araua aplikatzearen ondorioz. Salbuespenaren muga izanen da jasandako kalteari zirkulazioko istripuetan pertsonei eragindako kalteak baloratzeko sistema aplikatzetik ateratzen den kopurua; sistema hori Ibilgailu motordunen zirkulazioko erantzukizun zibilari eta aseguruari buruzko Legearen Testu Bateginaren IV. tituluan eta Zirkulazioko istripuetan pertsonei eragindako kalteak baloratzeko sistema aldatzen duen irailaren 22ko 35/2015 Legearen eranskinean ezarri da. Testu bategin hori urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

f) Espetxeetan askatasuna kentzea konpentsatzeko estatuko eta autonomia erkidegoetako legedietan ezarrita dauden kalte-ordainak, Amnistiari buruzko urriaren 15eko 46/1977 Legean aurreikusitako kasuetan.

g) Literatur sari, sari artistiko edo sari zientifiko garrantzitsuak, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan, bai eta “Vianako printzea” eta “Asturiasko printzesa” sariak ere, modalitate guztietan.

h) Beka publikoak, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen aplikazio esparruan sartzen diren entitateek emandako bekak, bai eta Aurrezki-kutxei eta banku-fundazioei buruzko abenduaren 27ko 26/2013 Legearen II. tituluan araututako banku-fundazioek beren gizarte ekintza gauzatzeko emandako bekak ere, hezkuntza sistemaren maila eta gradu guztietako ikasketa arautuak Espainian nahiz atzerrian egiteko ematen direnak, are doktoregokoak ere, erregelamenduz ezartzen den bezala.

Salbuetsita egonen dira, orobat, erregelamenduz ezarriko den bezala, Prestakuntzako Ikerlarien Estatutua onetsi zuen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuak finkatutako eremuan, irabazi-asmorik gabeko entitateek eta lehen aipatutako banku-fundazioek ikerketarako emandako bekak eta beka publikoak, eta orobat, administrazio publikoen zerbitzuko funtzionario eta langileei eta unibertsitateko irakasle eta ikerlariei, ikerketarako bakar-bakarrik, entitate haiek ematen dizkieten bekak eta beka publikoak.

Salbuetsita egonen dira, halaber, teknologoak teknologia zentroetan, unibertsitateetan edo enpresetan prestatzeko Foru Komunitateko Administrazioak emandako bekak, kasuan kasuko deialdian hautatzen diren ikerketa eta garapen proiektuetarako.

Halaber, salbuetsiak egonen dira atzerriko unibertsitateetan masterreko programak egiteko Nafarroa Bekak, bai eta Foru Komunitateko Administrazioak “Ekintzailearen Beka” delako programaren bidez emandako laguntzak ere.

i) Epailearen erabakiaren ondorioz gurasoek mantenurako jasotako urtesariak.

j) Hirurogeita bost urteko edo hortik gorako pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak edo babesik gabe dauden adingabeak familian hartzeko edo egoitza batera edo eguneko zentro batera eramatearen gastua finantzatzeko erakunde publikoek emandako dirua.

Era berean, erakunde publikoengandik jasotako kopuruak, mendekotasun egoeran dauden pertsonek beren arretarako zaintzak etxean bertan jaso ditzaten, eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomiko publikoak, familiaren baitako zainketetarako eta laguntza pertsonalizaturako, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeari jarraikiz.

Era berean, Foru Komunitateko Administrazioak gizarte integraziorako etxebizitzen erosle edo esleipen-hartzaileei ematen dizkien diru-laguntzak.

k) Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginaren VI. tituluko I. kapituluan araututa dauden familia prestazioak, bai eta administrazio publikoetako langileentzat, hala jardunekoentzat nola pasiboentzat, seme edo alaba desgaitu bakoitzarengatik ezarritako familia laguntza.

Era berean, umezurtzei dagozkien pentsio eta sarrera pasiboak eta hogeita bi urtetik beherakoak diren edo lan guztietarako ezinduak dauden biloben edo anai-arreben aldekoak, Gizarte Segurantzaren eta klase pasiboen araubide publikoetatik jasoak eta, halaber, zurztasunarengatik jasotzen diren gainerako prestazio publikoak.

Modu berean, salbuetsiak egonen dira norbere konturako langile edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian txertatu gabeko profesionalei aitorturiko prestazioak -aipatu Gizarte Segurantzako araubide bereziaren ordezko lanak egiten dituzten gizarte-aurreikuspenerako mutualitateen prestazioak badira-, betiere, aurreko bi lerrokadetan aurreikusi diren egoera berberetarako prestazioak badira, hots, Gizarte Segurantzak aipatu araubide berezian txertatutako profesionalentzat aurreikusitakoak. Hauxe izanen da salbuetsitako kopuruaren muga: Gizarte Segurantzak dagokion kontzeptuarengatik onesten duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa. Mugaz gaindikoa lan etekin gisa ordainduko da zergan, eta, Gizarte Segurantzaren prestazioak lehen aipatutako mutualitateenekin batera gertatuz gero, lan etekina azken horietan gertatu dela ulertuko da.

Salbuetsiak egonen dira, halaber, Gizarte zerbitzuen arloan banakoentzako eta familientzako prestazioak eta laguntzak arautzen dituen ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretuan ezarritako prestazio ekonomikoak, bai eta Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen Foru Legean ezarritako errenta bermatua ere. Era berean, salbuetsiak egonen dira jaiotzagatik, adopzioagatik, seme-alabak norberaren kargura edukitzeagatik, adingabeak hartzeagatik, zurztasunagatik, haur batez baino gehiagoz erditzeagatik edo beste horrenbeste adoptatzeagatik edo minbiziak edo beste edozein gaixotasun larrik jotako seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako gainerako prestazio publikoak, bai eta jaiotza-tasa sustatze aldera eta langileen lana eta familiako bizitza ongi uztartzeko kasuan kasuko deialdien bidez familiaren arloan emandako laguntzak ere.

l) Goi mailako kirolariei emandako eduki ekonomikoko laguntzak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak edo Kirolaren Kontseilu Nagusiak Espainiako kirol federazioekin edo Espainiako Batzorde Olinpikoarekin ezarritako prestakuntza programei doituak daudenak, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.

m) Espainiako Estatuak nazioarteko bake edo gizabide misioetan parte hartzeagatik ordaindutako aparteko dohaintzak, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.

n) Atzerrian egindako lanengatik jasotzen diren lan etekinak, ondoko baldintza hauek betetzen baldin badira:

Lehena. Lan horiek egiteko langileak atzerrira joan behar badu, lekualdatutako pertsona enplegatu duen enpresaren edo entitatearen nazioz gaindiko zerbitzu prestazio bat dela eta.

Bigarrena. Lan horiek Espainiako egoiliarra ez den enpresa edo entitate batentzat edo atzerrian finkatutako establezimendu iraunkor batentzat egitea, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Bereziki, lan horiek hartuko dituen entitatea langilea enplegatu duen entitatearekin edo langileak bere zerbitzuak ematen ditueneko enpresarekin lotua badago, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 29. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.

Hirugarrena. Lanak egiten direneko lurraldean zerga hau bezalako edo antzeko beste zerga bat aplikatzea eta zerga paradisutzat jotzen den herrialde edo lurralde bat ez izatea. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta lanak egiten direneko herrialde edo lurraldeak Espainiarekin hitzarmena badu nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko, informazioa trukatzeko klausularekin.

Salbuespena atzerrian egon bitartean sortutako ordainsariei aplikatuko zaie, urtean 30.000 eurori gehienez. Erregelamenduz ezartzen ahalko da egun bati dagokion diru-zenbateko salbuetsia kalkulatzeko prozedura.

Atzerrian aritzen diren subjektu pasiboen kasuan, salbuespen hori ez da bateragarria izanen zerga ordaintzetik salbuetsitako soberakinen araubidearekin (zerga honi buruzko erregelamenduaren 8.ºA).3.b) artikuluan dago ezarria), haren zenbatekoa edozein izanda ere. Subjektu pasiboak soberakinen araubidea aplikatzea aukeratzen ahalko du, salbuespen honen ordez.

Salbuespen hau ez zaie aplikatuko mugaz gaindiko langileen izaera duten langileei, apirilaren 29ko 59/2011 Foru Aginduan aurreikusitakoarekin bat.

ñ) 1936-1939ko Gerran edo gerraren ondorioz lesioak edo mutilazioak jasan zituzten pertsonen alde aitortutako pentsioak, Estatuko klase pasiboen araubidearen bidez edo horretarako emandako legediaren babesean.

o) Giza Immunoeskasiaren Birusa duten pertsonek osasun sistema publikoan egindako jarduketen ondorioz jasotzen dituzten edozein motatako laguntzak. Laguntza horiek maiatzaren 28ko 9/1993 Errege Lege Dekretuan daude arautuak, horren bidez laguntzak ematen baitzaizkie Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) duten pertsonei.

Halaber, Hemofilia edo bestelako sortzetiko koagulopatiak dituzten eta C hepatitisa garatu duten pertsonentzako gizarte laguntzak arautzen dituen ekainaren 5eko 14/2002 Legearen 2. artikuluan araututako laguntza ekonomikoak, osasun sistema publikoan koagulazio faktoreen kontzentratuen tratamenduak jasotzearen ondorioz, eta bestelako zerga-arau batzuk.

p) Foru Komunitateko administrazioak erabilera partikularreko motorrezko ibilgailuak erosi edo egokitzeko pertsona desgaituei ematen dizkien prestazio ekonomikoak.

q) Ehorzketagatik edo lurperatzeagatik jasotako prestazioak; izandako gastuen zenbateko osoa izanen da muga.

r) Foru lege honen 30.1.g) artikuluan aipatzen diren aurrezki sistematikorako banakako planen ondorio diren biziarteko errenta aseguratuak eratzen direnean aditzera ematen diren errentak.

s) Epe luzeko aurrezki planak bideratzeko erabiltzen diren bizi-aseguru, gordailu eta finantza-kontratuetatik heldu diren kapital higigarriaren etekin positiboak, Estatuko araudian ezarritakoaren arabera, baldin eta zergadunak ez badu planetik heldu den kapitala ezertarako erabili hura ireki eta bost urteko epea amaitu baino lehen.

Aipatutako kapitalaren edozein erabilpenek edo aipatutako epea amaitu baino lehen Estatuko araudian ezarritako baldintzetatik edozein ez-betetzek beraiekin ekarriko dute aurreko lerrokadan aipatutako etekinak -planak indarra izan duen aldian sortutakoak- itzultzeko betebeharra, ez-betetze hori gertatzen den zergaldian.

t) Erakunde publikoek genero indarkeriaren biktimei eta Bortxazko delituen eta sexu askatasunaren kontrako delituen biktimei laguntzak eta sorospena emateari buruzko abenduaren 11ko 35/1995 Legean aipatzen diren bortxazko delituen biktimei emandako diru prestazioak.

u) Lan sozietateetan eta lan elkartuko kooperatibetan ordezkapen enpresariala sustatzeko laguntzetatik datozen prestazio ekonomiko publikoak.

v) Ibilgailu automobilak, ordenagailu eramangarriak, telebistak, etxetresna elektrikoak eta lurreko telebista digitala hartzeko deskodegailuak erosteko eta autoak eta ibilgailu astunak prest jartzeko diru-laguntza publikoak.

Halaber, baoak aldatuz etxebizitzen isolamendu termikoa hobetzeko laguntza publikoak (leihoak, balkoietako ateak eta sabai-leihoak aldatzekoak), eta orobat, galdara, berogailu edo berokuntzarako sistema elektrikoak kendu eta horien ordez errendimendu handiko galdarak jartzeko laguntza publikoak”.

Bi.–11. artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“11. artikulua. Errentak eratxikitzea.

1. Sozietateen gaineko zergaren zergadunak ez diren sozietate zibilei dagozkien errentak eta jaraunspen jasogabeei, ondasun-erkidegoei eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren gainerako entitateei dagozkienak bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideei eratxikiko zaizkie, hurrenez hurren, foru lege honen III. tituluko II. kapituluaren 5. ataleko 1. azpiatalean ezarritakoarekin bat.

2. Errentak eratxikitzeko araubideko entitateek ez dute sozietateen gaineko zerga ordaindu behar.

3. Errentak eratxikitzeko araubidea ez zaie aplikatuko nortasun juridikoa eta merkataritza helburua dituzten sozietate zibilei, ez eta aurreko 1. idatz-zatian aipatu eta sozietateen gaineko zergaren zergadunak diren entitateei ere”.

Hiru.–14.1.f) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“f) Enpresek pentsioengatik beren gain hartutako konpromisoei aurre egiteko, enpresaburuek ordaindutako ekarpen edo kontribuzioak, Pentsio plan eta funtsak arautzen dituen Legearen Testu Bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta hori garatzeko araudian ezarrita dagoen moduan, enpresaren aurreikuspen sozialeko planak barne direla.”

Lau.–14.2.a).5 artikulua, lehen lerrokada. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

5. Enpresek pentsioengatik hartutako konpromisoak bideratzeko aseguru kolektiboko kontratuen onuradunek jasotako prestazioak, Pentsio plan eta funtsak arautzen dituen Legearen Testu Bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta hura garatzeko araudian ezarrita dagoen bezala, enpresaren aurreikuspen sozialeko planak barne direla.”

Bost.–14.2 artikulua, h) letra gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“h) Obra literario, artistiko edo zientifikoak egitetik datozen etekinak, baldin eta haiek ustiatzeko eskubidearen lagapena egiten bada. Hala eta guztiz ere, etekin horiek enpresa- edo lanbide-jardueretan aritzeagatiko etekintzat sailkatuko dira, produkzio baliabideak eta giza baliabideak, edo bietatik bat, norberaren kontura antolatzea dakartenean, ondasun edo zerbitzuen produkzio edo banaketan esku hartzea helburu”.

Sei.–15.1.f) artikulua, lehen lerrokada. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“f) Pentsio planen sustatzaileek ordaindutako ekarpen edo kontribuzioak eta, enpresek pentsioengatik beren gain hartutako konpromisoei aurre egiteko, enpresaburuek ordaindutako kopuruak, Pentsio plan eta funtsak arautzen dituen Legearen Testu Bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta hori garatzeko araudian ezarrita dagoen moduan, enpresaren aurreikuspen sozialeko planak barne direla.”

Zazpi.–17.2.b) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b) 100eko 40, foru lege honen 14.2.a) artikuluko prestazioak kapital gisa jasotzen badira, betiere bi urte iragan badira lehen ekarpenetik. Pentsio planen eta aurreikuspen plan aseguratuen onuradunek jasotzen duten prestazioetan, prestazioa jaso aurreko urtebetean egindako ekarpenak kenduta ateratzen den zenbatekoari aplikatuko zaio murriztapena.”

Zortzi.–30.1.g) artikulua, azken lerrokada. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Biziarteko errentaren ondoriozko eskubide ekonomikoak osorik edo hein batean aurreratuz gero, foru lege honen 7.r) artikuluan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz salbuetsita egon zen errenta aipatutako aurreratzea gertatzen den zergaldian sartu beharko du subjektu pasiboak.”

Bederatzi.–33.2 artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, ulertuko da ezen higiezinen errentamendua enpresa jardueratzat joko dela baldin eta, jarduera antolatzeko, lan kontratua eta lanaldi osoa dituen langile bat, gutxienez, erabiltzen bada, betiere subjektu pasiboaren ezkontidea ez bada eta, lerro zuzenean edo albotik, berarekin hirugarren maila arteko odol edo ezkontza bidezko ahaidetasuna ez badu.”

Hamar.–35. artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“35. artikulua. Etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren bitartez zehazteko arauak.

Enpresa- edo lanbide-jardueren etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren bidez zehaztean, Sozietateen gaineko Zergaren arauak aplikatuko dira, horrez gain, honako erregela berezi hauek kontuan hartuz:

1. Ez dira gastu kengarritzat joko enpresaburu edo profesional beraren gizarte aurreikuspeneko mutualitateei egindako ekarpenak, foru lege honen 55.1 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

Hala ere, gastu kengarritzat joko dira norbere konturako langile edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian txertatu gabeko profesionalek gizarte aurreikuspeneko mutualitateekin sinatutako aseguru-kontratuengatik prima edo kotizazio gisa ordaindutako kopuruak, baldin eta Aseguru Pribatuen Antolamendu eta Ikuskapenari buruzko azaroaren 8ko 30/1995 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritako betebeharra betetzeko, aipatu Gizarte Segurantzako araubide bereziaren ordezko gisa erabiltzen badira, Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen egoerez arduratzea helburu duen zatian, urteko 4.500 euroko mugaz.

2. Subjektu pasiboaren ezkontidea edo adingabeko seme-alabak berarekin bizi direla, berak garatutako enpresa- edo lanbide-jardueretan etenik gabe lan egin ohi dutela behar bezala egiaztaturik dagoenean, beharrezko lan kontratuaz eta Gizarte Segurantzako dagokion araubiderako afiliazioaz, etekina zehazteko bakoitzarekin hitzartutako ordainsarietako kenkaria eginen da, betiere haien gaikuntza eta beraiek burututako lanari dagozkionak merkatukoak baino handiagoak ez direnean.

Kopuru horiek ezkontideak edo adingabeko seme-alabek lortutzat joko dira, lan etekin gisa.

3. Subjektu pasiboarekin bizi diren ezkontide edo adingabeko seme-alabek haien jardueran erabilitako ondasun edo eskubide lagapenak egiten dituztenean, jardueraren titularraren etekina zehazteko hitzartutako kontraprestazioko kenkaria eginen da, betiere merkatu-balioa gainditzen ez duenean eta, haren faltan, azken honen kenkaria egin ahal izanen da. Kontraprestazioa edo merkatu-balioa ezkontide edo adingabeko seme-alaben kapitalaren etekintzat joko da.

Arau honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko bi ezkontideek amankomunean dituzten ondasun eta eskubideei.

4. Sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritako zenbateko eta baldintzekin, subjektu pasiboak jatetxe, ostalaritza, bidaia eta joan-etorrien zerbitzuei lotutako harreman publikoen arloan garatutako enpresa jardueren gastuak kengarriak izanen dira, baina kontzeptu horien multzoaren gehieneko muga subjektu pasiboak zergaldian izandako diru-sarreren bolumenaren 100eko 5 izanen da, jarduera bakoitzak zehaztua.

5. Subjektu pasiboak berarentzat, ezkontidearentzat eta gutxiengo familiarra dela-eta kenkarirako eskubidea ematen dioten ondorengoentzat egin duen gaixotasun-aseguruaren primak gastu kengarritzat joko dira etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren araubidearen arabera zehazterakoan. Aipatutako pertsona horietako bakoitzeko gehieneko gastu kengarria 500 eurokoa izanen da.

6. Zuzeneko zenbatespen erraztua. Modalitate hau, subjektu pasiboak garatutako jardueretarako, aurreko urtean, negozio kopuruaren zenbateko garbia, subjektu pasiboak egindako guztietarako, erregelamendu bidez ezarriko den zenbatekotik gorakoa ez duten jarduerei aplikatuko zaie, aplikatzeari uko egin ezean. Halaber, zenbait gastu kengarri zenbatzeko erregela bereziak ezarri ahal izanen dira.”

Hamaika.–39.4.c) artikulua, lehen lerrokada. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“c) Enpresa baten inter vivos eskualdaketa doaneko bat egiten denean, edo eskualdaketa hori denean Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 33.1.b) artikuluan araututako kenkaria aplikatzen zaien entitateetako partaidetza guztiena edo haien zati batena. Baldintza hauek bete beharko dira:”

Hamabi.–39.5.b) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b) Hirurogeita hamar urtetik goitikoek edo menpekotasun larriko egoeran nahiz menpekotasun handikoan dauden pertsonek ohiko etxebizitza lehenbizikoz eta kostu bidez eskualdatzen dutenean, Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Foru Legean xedatzen denaren arabera. Salbuespen hori ez da inolaz ere aplikatuko ondare-gehikuntza 300.000 eurotik gorakoa denean. Kopuru horren gainetik dagoen zenbatekoa zergapean geratuko da”.

Hamahiru.–39.5.e) artikulua indargabetzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hamalau.–51 artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“51. artikulua. Errenten egozpena nazioarteko gardentasun fiskalari buruzko araubidean.

1. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate batek lortutako errenta positiboak (2. edo 3. idatz-zatietan aipatzen direnak) egotziko dituzte subjektu pasiboek, inguruabar hauek betetzen direnean:

a) 100eko 50eko edo hortik gorako partaidetza izatea Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatearen kapital, funts bereki, emaitza edo boto-eskubideetan, bera bakarrik edo loturiko entitateekin (sozietateen gaineko zergaren foru legearen arabera) edo, lerro zuzenean edo albotik, lehen edo bigarren mailako odol edo ezkontza bidezko ahaidetasuna (ezkontidea barne) duten subjektu pasiboekin batera, entitatearen sozietate-ekitaldiaren itxiera egunean.

Egotzi beharreko errenta positiboaren zenbatekoa proportzionala izanen da entitatearen emaitzetan duten partaidetzarekin edo, bestela, kapitalean, funts berekietan edo boto-eskubideetan duten partaidetzarekin.

Egozpen hori derrigorrez eginen da, bai entitate ez egoiliarrean partaidetza zuzena dagoenean, bai zeharkako partaidetza dagoenean beste entitate ez egoiliar baten edo batzuen bidez. Azken kasu horretan, egotzi beharreko errenta positiboaren zenbatekoa zeharkako partaidetzari dagokiona izanen da.

b) Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak sozietateen gaineko zergaren izaera berdin-berdina edo antzekoa duen karga batengatik ordaindutakoa, 2. edo 3. idatz-zatietan ezarritako errenta klaseetako bati egozten ahal zaiona, aipatu zergaren arauen arabera egokituko zitzaionaren 100eko 75etik beherakoa izatea.

2. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak lortutako errenta positibo osoa egotziko dute subjektu pasiboek, baldin eta entitateak horretarako behar den baliabide materialen eta giza baliabideen antolaketa ez badu, eragiketak errepikatzen badira ere. Haatik, dibidenduak, mozkinetako partaidetzak edo partaidetzak eskualdatzearen ondoriozko errentak badira, 5.a) idatz-zatian xedatutakoari jarraituko zaio edozein kasutan.

Idatz-zati hau ez da aplikatuko subjektu pasiboak egiaztatzen duenean eragiketa horiek Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate batean dauden baliabide materialekin eta giza baliabideekin egiten direla, edo haren osaerak eta jarduerak arrazoi ekonomiko baliagarriei erantzuten dietela. Entitate horrek talde berekoa izan behar du, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza non duten eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra duten kontuan hartu gabe.

Artikulu honen ondorioetarako, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan azaltzen den sozietate-taldeak entitate taldeaniztunak eta elkartuak, merkataritzako legeetan agindu bezala, barne hartzen dituela ulertuko da.

Idatz-zati honen lehenbiziko lerrokadan xedatutakoa hurrengo idatz-zatian ezarritakoaren gainetik dago.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa aplikatzen ez bada, iturri hauetatik datorren errenta positiboa egotziko da soilik:

a) Hiri- zein landa-ondasun higiezinen edota horiei dagozkien eskubide errealen titulartasuna, salbu eta enpresa jarduera bati lotuta badaude edo horien erabilera egoiliar ez diren entitateei lagata badago. Entitate horiek titularraren sozietate-talde berekoa izan behar dute, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza non duten eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra duten kontuan hartu gabe, eta jarduera ekonomiko bati lotuta egon behar dute.

b) Edozein entitate motaren funts berekietako partaidetzak eta kapital berekiak hirugarrenei lagatzea. 28. eta 29. artikuluetan aipatzen dira. Ez da sartuko ondorengo finantza-aktiboetatik eratortzen den errenta positiboa:

1.–Enpresa jardueretan aritzearen ondorioz sorrarazten diren legezko eta erregelamenduzko betebeharrak betetzeko direnak.

2.–Jarduera ekonomikoak garatzean ezarritako kontratu-harremanen ondorioz sortzen diren kreditu eskubideak biltzen dituztenak.

3.–Baloreen merkatu ofizialetan bitartekotza jardueretan aritzearen ondorioz sortu direnak.

4.–Kreditu eta aseguru entitateek beraien jardueretan aritzearen ondorioz dauzkatenak, g) letran ezarri dena ezertan galarazi gabe.

Norberaren kapitalak hirugarrenei lagatzetik eratortzen den errenta positiboa g) letran aipatuko diren kreditu- eta finantza-jarduerak burutzetik datorrela ulertuko da, lagatzailea eta lagapen-hartzailea sozietate-talde batekoak direnean Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren arabera, egoitza non duten eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra duten kontuan hartu gabe, eta lagapen-hartzailearen diru-sarrerak, 100eko 85ean, gutxienez, enpresa jardueretan aritzeagatik datozenean.

c) Kapitalizazio eta aseguru eragiketak, entitatea bera onuradun dutenak.

d) Jabetza industrial eta intelektuala, aholkularitza teknikoa, ondasun higiezinak, irudi-eskubideak eta negozio edo meategien errentamendu edo azpierrentamendua, 30.3 artikuluan ezarri bezala.

Hala ere, ez da egotziko 52. bis artikuluan xedatutakoaren arabera egotzi behar den irudi-eskubideen errenta.

e) Aurreko a), b), c) eta d) letretan aipatutako ondasun eta eskubideen eskualdaketa, betiere errentak sortzen baditu.

f) Finantza-tresna deribatuak, berariaz identifikatutako arrisku bat, jarduera ekonomikoak egitearen ondoriozkoa, estaltzeko izendatuak izan ezik.

g) Espainiako lurraldeko pertsona edo entitate egoiliarrekin zuzenean edo zeharka egindako kreditu jarduerak, finantza jarduerak, aseguru jarduerak eta zerbitzuak emateko jarduerak. Lotutako pertsonak edo entitateak izan behar dira, sozietateen gaineko zergaren foru legearen arabera, eta jarduerek zerga ondorioetarako kengarriak diren gastuak sortu behar dituzte pertsona egoiliar horientzat.

Errenta positiboa ez da sartuko, baldin eta, entitate ez-egoiliarrak halako jarduerak (kreditu jarduerak, finantza jarduerak, aseguru jarduerak eta zerbitzuak emateko jarduerak) egitearen ondoriozko diru-sarreretan, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legearen arabera ez lotutako pertsona edo entitateekin egindako eragiketek sarreren 100eko 50etik gora sortzen badute.

4. Errenta hauek ez dira egotziko:

a) 3. idatz-zatiko b) eta e) letretan aurreikusitakoak, entitateen kapitalean edo funts berekietan duten partaidetzaren ondoriozko baloreen kasuan, baldin eta entitate baten kapitalaren ehuneko 5 edo gehiago ematen badute eta gutxienez urtebetez badute, partaidetza zuzendu eta kudeatzeko, betiere behar den baliabide materialen eta giza baliabideen antolaketa bada eta partaidetzako entitatea ondare entitatea ez bada Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Entitateak, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, sozietate-talde berekoak badira, egoitza non duten eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra duten kontuan hartu gabe, talde horretako entitate guztiak kontuan hartuko dira aurreko lerrokadan eskatutako betebeharrak zehazteko.

b) 3. idatz-zatian aurreikusitako errentak, haien zenbatekoen batuketa entitate ez-egoiliarrak lortutako errenta osoaren 100eko 15etik beherakoa bada, salbu eta g) letran aipatzen diren errentak, oso-osorik egotziko baitira.

5. Egotzi beharreko errentaren zenbatekoa kalkulatzeko, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean eta zerga horren gaineko gainerako xedapenetan zerga-oinarria zehazteko ezartzen diren printzipio eta irizpideak erabiliko dira. Errenta osotzat hartuko da printzipio eta irizpide horiek aplikatzetik ateratzen den zerga-oinarriaren zenbatekoa.

Sozietateen gaineko zergaren izaera berdin-berdina edo antzekoa duten zergak ez dira egotziko subjektu pasiboaren zerga-oinarrian; hau da, zerga horietan sozietate ez-egoiliarrak sartu beharreko errenta zatiagatik benetan ordaindutakoa.

Egotzi beharreko errentaren zenbatekoa zehazteko, Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatearen sozietate-ekitaldiaren itxieran indarrean dagoen kanbio-tasa erabiliko da.

Artikulu honetan aipatzen diren errenta positiboak zerga-oinarriaren zati orokorrean egotziko dira, 53. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Entitate ez-egoiliarraren errenta osotik gorako zenbateko bat ez da inolaz ere egotziko.

Errenta positibo bakoitza behin baino ezin da egotzi, egozpenaren mota eta xedeko entitatea edozein izanik ere.

6. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak bere sozietate-ekitaldia bukatu duen eguna sartuta dagoen zergaldian eginen da egozpena. Ondorio hauetarako, zergaldia ez da 12 hilabetetik gorakoa izanen.

7. Dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak ez dira zerga-oinarrian sartuko, egotzitako errenta positiboari dagokion zatian. Tratamendu bera aplikatuko zaie konturako dibidenduei.

Erreserben banaketa kasuetan, akordio sozialean jasotako izendapena hartuko da kontuan, eta, hala ez bada, ulertuko da erreserba horretara ordaindutako azkeneko kopuruak aplikatu direla.

8. Atzerrian egiazki ordaindutako zerga edo karga kengarria izanen da kuota likidoan, dibidenduen edo mozkinetako partaidetzaren banaketaren ondorioz, dela zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen baten arabera, dela kasuan kasuko herrialde edo lurraldearen barne-legediaren arabera; hain zuzen, zerga-oinarrian lehenago egotzitako errenta positiboari dagokion zatian.

Dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak jasotzen diren zergaldian eginen da kenkari hori, egozpenaren zergaldia eta zergari dagokion zergaldia ezberdinak izanik ere.

Paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurraldeetan ordaindutako zergak ez dira inola ere kenkari gisa hartuko.

Kenkari hori ezin da izan zerga-oinarrian egotzitako errenta positiboagatik Espainian ordaindu beharko lukeen kuota osoa baino handiagoa.

9. Zuzeneko nahiz zeharkako partaidetza eskualdatzetik eratorriko errenta kalkulatzeko, eskurapen balioari egiazki banatu ez diren onura sozialen zenbatekoa gehituko zaio. Onura sozial horiek bazkideei haien akzioen edo partaidetzen errenta gisa, eskurapenetik eskualdaketara doan aldian, egotziko zizkioketen errentei dagozkie.

Partaidetza onura sozialak lortu ondoren eskuratzen duten bazkideen kasuan, eskurapen balioari dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen zenbatekoa kenduko zaio. Dibidendu edo partaidetza horiek lehenago egotzitako errentei dagozkie.

Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legearen arabera ondare entitateak diren entitateen kasuan, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legean aurreikusitako moduan, zenbatu beharreko eskualdaketa balioa, gutxienez, eskualdatutako balioei dagokien ondare garbiaren balioa, itxitako azken balantzean duena, izanen da, behin aktiboen kontabilitate balioa ondarearen gaineko zergaren ondorioetarako izanen luketen balioaz edo merkatuan izanen luketen balioaz, hori txikiagoa izanez gero, ordeztu ondoren.

10. Partaidetzako entitateak bere egoitza paradisu fiskal gisa kalifikatutako lurralde edo herrialde batean edo tributazio gabeko lurralde edo herrialde batean duenean, honako hau ulertuko da:

a) 1.b) idatz-zatian aurreikusitako inguruabarra betetzen dela.

b) Partaidetzako entitatearen errentek 3. idatz-zatiko ezaugarriak dituztela.

c) Partaidetzako entitateak eskuratutako errenta partaidetzaren erosketa-balioaren 100eko 15 dela.

Aurreko letretan bildutako presuntzioek kontrako proba onartuko dute.

11. Artikulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatea Europar Batasuneko beste estatu baten egoiliarra denean, betiere subjektu pasiboak frogatzen badu haren osaerak eta jarduerak arrazoi ekonomiko baliagarriei erantzuten dietela eta jarduera ekonomikoak gauzatzen dituela, edo inbertsio kolektiboko funtsa denean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauan arautua, 52.4 artikuluan aurreikusita ez dagoena eta Europar Batasuneko estatu batean eratua eta helbideratua. Zuzentarau horren bidez, balore higigarrietako inbertsio kolektiborako erakunde batzuentzako lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak koordinatzen dira.

12. Artikulu honetan ezarritakoa aplikatu behar zaien subjektu pasiboek Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatearen datu hauek aurkeztu beharko dituzte, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenarekin batera:

a) Izena edo sozietatearen izena eta egoitza sozialaren helbidea.

b) Administratzaileen zerrenda eta haien egoitza fiskalaren helbidea.

c) Balantzea, irabazien eta galeren kontua eta memoria.

d) Egotzi beharreko errenta positiboaren zenbatekoa.

e) Egotzi beharreko errenta positiboarengatik ordaindutako zergen justifikazioa.”

Hamabost.–52.1 artikuluaren c) letra, lehen lerrokada eta d) letra. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“c) Sozietateen gaineko zergan karga-tasa orokorrak ordaintzen ez dituzten kapital aldakorreko inbertsio sozietateen kapitala murrizten denean ekarpenak itzultzeko, itzulketaren zenbatekoa edo jasotako ondasun edo eskubideen merkatuko balio normala. Kapital higigarriaren etekin gisa kalifikatuko da, 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta zenbateko hauetako handiena izanen du muga:

“d) Sozietateen gaineko zergan karga-tasa orokorrak ordaintzen ez dituzten kapital aldakorreko inbertsio sozietateen akzioen jaulkipen-primaren banaketaren kasuan, eskuratutako zenbateko osoa, akzioen eskurapen balioaren gutxitzea (28.d) artikuluan ezarria) aplikatu gabe.”

Hamasei.–54.1.a) artikulua, azken lerrokada. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Lotura bazkideen edo partaideen eta entitatearen arteko harremanean oinarritzen bada, kontuan hartu beharreko partaidetza-portzentajea 100eko 25 izanen da.”

Hamazazpi.–55.1.2.a).c’) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“c’) Besteren konturako langileek edo bazkide langileek gizarte aurreikuspeneko mutualitateekin egindako aseguru-kontratuetan ordaindutako kopuruak, lan etekin gisa egotzi zaizkien sustatzailearen ekarpenak barne, Pentsio plan eta funtsak arautzen dituen Legearen Testu Bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera egin badira, aipatu bazkide langileentzako langabezia-prestazioa sartuz.”

Hemezortzi.–55.1.4 artikulua, azken lerrokada. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Mendekotasuneko aseguru kolektiboak direnean, Pentsio plan eta funtsak arautzen dituen Legearen Testu Bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta hura garatzeko araudian ezarritakoari jarraikiz eratuak, aseguruaren hartzaile gisa enpresa besterik ez da agertuko, eta aseguratu eta onuradun izaera langileari egokituko zaio. Enpresak aseguru kontratu horiengatik ordaintzen dituen primek murrizketako muga berekia eta independentea izanen dute, urtean 5.000 eurokoa”.

Hemeretzi.–55.1.5 artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“5. Enpresek pentsioengatik hartutako konpromisoak gauzatzen dituzten aseguru kolektiboko kontratuetan langileek egindako ekarpenak eta hartzailearen kontribuzioak, Pentsio plan eta funtsak arautzen dituen Legearen Testu Bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta hura garatzeko araudian ezarri bezala, enpresetako gizarte aurreikuspeneko planak barne.”

Hogei.–55.1.7.a) artikulua. b´) letra aldatzen da. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b’) 3.500 euro urtean.

Berrogeita hamar urtez goitiko partaide edo mutualisten kasuan, zenbatekoa 6.000 eurokoa izanen da urtean”.

Hogeita bat.–62.1.a) artikulua, lehen lerrokada. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“a) Subjektu pasiboaren ohiko etxebizitza dena edo izanen dena eskuratzeagatik kasuko zergaldian ordaindutako kopuruaren ehuneko 15, etxebizitza babestutzat kalifikatu bada eta eskuratzen den unean salmenta-prezioaren muga bat ezarria badu. Halaber, kenkari horretarako eskubidea emanen du 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten eta Nafarroako Lurralde Estrategiako 10. eremuko 10.4 azpieremuaren barruan ez dauden udalerrietan dauden etxebizitzak eskuratzeak, baldin eta udalerri horietan etxebizitza babesturik ez badago.

Kenkari honen gehieneko oinarria 7.000 eurokoa izanen da urtean”.

Hogeita bi.–62.1.h) artikulua. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“h) Subjektu pasiboak kenkari hau aplikatzeko eskubidea izanen du zergaldiko oinarrien batura, 53. eta 54. artikuluek ezarritakoaren arabera kalkulatua eta, kasua bada, 55.2 artikuluak aipatzen dituen pentsio konpentsatzaileek gutxitua, ondoko zenbateko hauek baino txikiagoa baldin badauka:

a’) 24.000 euro, oro har.

b’) 27.000 euro, kenkaria edukitzeko eskubidea ematen dien ondorengo bat edo bi dituzten subjektu pasiboentzat.

c’) 30.000 euro, kenkaria edukitzeko eskubidea ematen dieten hiru ondorengo edo gehiago dituzten subjektu pasiboentzat, edo g) letran aipatzen diren familia ugarientzat.

Zenbateko horiei 3.000 euro gehituko zaizkie 100eko 33ko edo hortik gorako eta 100eko 65etik beherako desgaitasuna duen subjektu pasibo bakoitzeko, edo 7.000 euro, desgaitasuna 100eko 65ekoa edo handiagoa denean. Lerrokada honetan adierazitako zenbatekoak 1.500 euro edo 3.500 euro izanen dira, hurrenez hurren, ezgaitasuna izan eta kenkaria edukitzeko eskubidea ematen duen ondorengo ahaide bakoitzagatik”.

Hogeita hiru.–62.3 artikulua, lehen lerrokada. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Zerga honen subjektu pasiboei, enpresa- edo lanbide-jardueretan aritzen badira, sozietateen gaineko zergari buruzko arauetan enpresa inbertsiorako eta enplegu sorkuntzarako ezarririk edo ezartzeko dauden bultzagarri eta pizgarriak aplikatu ahalko zaizkie kuotan egin beharreko kenkari edo itzulketa gisa, kenkarien portzentajeak, baldintzak eta mugak berdinak direlarik.”

Hogeita lau.–62.9.b) artikulua, azkeneko lerrokada. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Nolanahi ere, subjektu pasiboek ahaidetasun gradu desberdina baldin badute aurreko ahaidearekin edo ondorengoarekin, gutxieneko familiarrarengatiko kenkaria gradurik hurbilenekoei aplikatuko zaie, non eta horiek ez duten ondorio askotarako errenta-adierazleaz (IPREM) goitiko errentarik (salbuetsiak alde batera utzita), kasu horretan hurrengo gradukoei aplikatuko baitzaie.”

Hogeita bost.–62.11 artikulua indargabetzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hogeita sei.–62. artikulua. 12. idatz-zatia aldatzea eta 13. eta 14. idatz-zatiak gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“12. Energia berriztagarrien instalazioetan eginiko inbertsioengatiko kenkariak.

1.–Iturri berriztagarrietatik datorren energia berokuntzarako eta elektrizitatea sortzeko erabiltzen duten instalazioetan egindako inbertsioek eskubidea emanen dute inbertsio horien zenbatekoen 100eko 15eko kenkaria egiteko, honako muga hauekin:

a) Kengarri izanen dira energia elektrikoa autokontsumorako sortzeko instalazioetako inbertsioak bakarrik, sistemak energia-metaketa baliatzen ahalko duela. Instalazioek ez dute kenkaria izateko eskubiderik emanen, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera derrigorrezko izaera badute, salbu eta haien potentzia nominala eskatzen den gutxienekoa baino handiagoa bada. Halakoetan, instalazioaren kostuaren kenkaria egon daiteke, eskatzen den gutxieneko horretatik gora instalatutako potentziaren proportzioan.

b) Eraikingintzaren Kode Teknikoari jarraikiz proiektu batean aginduzkoa bada energia berriztagarrien instalazio bat egitea etxeko ur beroa sortzeko, kengarri izanen da berokuntzaren eta/edo hoztearen lagungarri gisa diseinatutako instalazioetan egindako inbertsioa bakarrik. Kasu honetan instalazioaren kostuaren ehuneko 70eko kenkaria baino ez da aplikatuko, ulertzen baita gainerako ehuneko 30 dela aipatu araua betetzeko behar den inbertsioa.

c) Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioei dagokienez, inbertsio kengarritzat joko da emandako energia berriztagarriaren eta ponpak emandako energia termiko erabilgarriaren arteko erlazioari dagokion inbertsio-ehunekoa bakarrik, Europako Batzordeak 2013ko martxoaren 1ean emandako Erabakiari jarraituz, zeinak gidalerroak ezartzen baititu Estatu kideek hainbat teknologiatako bero ponpetatik datorren energia berriztagarria kalkulatzeko. Baldin eta ponpari eragiteko lehen mailako energia osorik iturri berriztagarrietatik badator, kengarritzat joko da inbertsioaren zenbateko osoa.

2.–Iturri berriztagarrietatik datorren energiatzat joko da iturri ez-fosiletatik datorren energia; hau da, energia eolikoa, eguzki energia, aerotermikoa, geotermikoa, hidrotermikoa, ozeanikoa, hidraulikoa, biomasa, zabortegietako gasak, araztegietako gasak eta biogasa, Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2009ko apirilaren 23ko 2009/28/EB Zuzentarauari jarraituz.

3.–Halaber, kengarriak izanen dira mikrosareetan egindako inbertsioak. Mikrosaretzat jotzen da halako multzo bat, kargak, generazio banaturako elementuak, biltegiratzeko elementuak eta kontrol eta kudeaketarako elementu eta sistemak dituena, eta horiek lotuta daude sare elektrikoarekin lotura puntu beraren bidez, eta energia kudeatzeko estrategia batekin elkartuta daude. Mikrosare horiek elikatuko dira, funtsean, generazio berriztagarriko iturrien bidez, baina baztertu gabe energia fosilen erabilera, euskarri gisa egoera jakin batzuetan, edo errentagarritasun ekonomikoko arrazoiengatik. Edonola ere, justifikatu egin beharko dira. Generazio ez berriztagarriko elementuei ez zaie kenkaririk aplikatuko.

4.–Energiaren arloko organo eskudunak egindako inbertsioei buruzko egiaztapen-txosten bat emanen du, baina bertan ez dira sartuko energiaren produkziorako helburuak betetzeko beharrezkoak ez diren elementuen inbertsioa, ezta funtzionamenduan hasteko datarena ere. Halaber, egiaztatuko du instalazioak zerbitzuan jarri direla aplikatzekoa den erregelamendu teknikoaren arabera.

Kenkariaren oinarria txosten horretan frogatutako inbertsioen zenbatekoak determinatuko du.

Baldin eta aipatutako instalazioak enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikita badaude, kenkaria aplikatuko da sozietateen gaineko zergari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz eta artikulu honetako 3. idatz-zatian ezarritakoarekin bat”.

13. Ibilgailu elektrikoengatiko kenkaria.

1.–Ibilgailu elektriko berrietan egindako inbertsioek eskubidea emanen dute inbertsioen zenbatekoaren 100eko 15eko kenkaria egiteko, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2007ko apirilaren 5eko 2007/46/EE Zuzentarauan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2013ko urtarrilaren 15eko 168/2013 Erregelamenduan (EB) zehaztutako kategoria hauetako baten batekoak badira:

a) M1 turismoak: Gehienbat pertsonak eta haien ekipajea garraiatzeko asmatu eta fabrikatutako ibilgailu motordunak, gidariaren eserlekuaz gain beste zortzi eserleku, gehienez, dituztenak.

b) N1 furgonetak edo kamioi arinak: Gehieneko masa 3,5 tonatik gorakoa ez duten salgaiak garraiatzeko xede nagusiarekin asmatu eta fabrikatutako ibilgailu motordunak.

c) L1e ziklomotorrak: Bi gurpileko ibilgailuak, fabrikazioz orduko 45 kilometroko gehieneko abiadura hartzen dutenak eta 4 kW-tik gorakoa ez den potentzia jarraitu nominala dutenak.

d) L2e trizikloak: Hiru gurpileko ibilgailuak, fabrikazioz orduko 45 kilometroko gehieneko abiadura hartzen dutenak eta 4 kW-tik gorakoa ez den potentzia jarraitu nominala dutenak.

e) L6e kuadriziklo arinak: Kuadriziklo arinak, hutsean 350 kilogramoko edo hortik beherako masa dutenak (baterien masa kontuan hartu gabe), fabrikazioz orduko 45 kilometroko edo hortik beherako abiadura hartzen dutenak eta 4 kW-ko edo hortik beherako gehieneko potentzia dutenak.

f) L7e kuadriziklo astunak: Kuadrizikloak, hutsean 400 kilogramoko edo hortik beherako masa dutenak (550 kg-koa, salgai-garraiorako diren ibilgailuen kasuan), baterien masa kontuan hartu gabe, eta 15 kW-koa edo hortik beherakoa den gehieneko potentzia dutenak.

g) L3e motozikletak: bi gurpileko eta sidekarrik gabeko ibilgailuak, 50 cm³ baino gehiagoko motorra dutenak eta/edo fabrikazioz orduko 45 kilometro baino gehiagoko gehieneko abiadura har dezaketenak.

h) L5e kategoria: hiru gurpil simetrikoko ibilgailuak, 50 cm³ baino gehiagoko motorra dutenak eta/edo fabrikazioz orduko 45 kilometro baino gehiagoko gehieneko abiadura har dezaketenak.

i) Motor elektrikodun bizikletak.

2.–Kenkaria aplikatzeko, 1. zenbakian aipatutako ibilgailuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) M eta N kategorietako ibilgailuak: ibilgailu elektriko huts-hutsak izatea (BEV, Battery Electric Vehicle).

b) L kategoriako ibilgailuak eta bizikleta elektrikoak: motor elektrikoek bakarrik higiarazitakoak izan eta ibilgailu elektriko gisa homologatuta egotea. Horiez gain:

a’) Motozikleta elektrikoek (L3e eta L5e kategorietan) litiozko bateriak izan beharko dituzte, 3 kWh-ko edo hortik gorako potentzia eta modu elektrikoan 70 km-ko gutxieneko autonomia dituztenak.

b’) Motor elektrikodun bizikletek litiozko bateriak izan eta aplikatu beharreko arau harmonizatuen aginduak bete beharko dituzte; bereziki, UNE-EN 15194:2009 araua.

3.–Kenkariaren oinarria ezin izanen da honako hauek baino handiagoa izan:

a) M1 eta N1 kategorietako ibilgailuei dagokienez: 32.000 euro.

b) L1e eta L2e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 5.000 euro.

c) L3e eta L5e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 10.000 euro.

d) L6e eta L7e kategorietako ibilgailuei dagokienez: 15.000 euro.

e) Motor elektrikodun bizikletei dagokienez: 1.500 euro.

Baldin eta aipatutako inbertsioak enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikita badaude, kenkaria aplikatuko da sozietateen gaineko zergari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz eta artikulu honetako 3. idatz-zatian ezarritakoarekin bat”.

14. Errekarga sistemetan egindako inbertsioagatiko kenkaria.

1.–Kengarri izanen da potentzia arrunteko edo handiko errekarga sistema bat abiarazteko behar diren obra zibilean, instalazioetan, kableetan eta lotura puntuetan egindako inbertsioaren zenbatekoaren 100eko 15, Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2014ko urriaren 22ko 2014/94/EB Zuzentarauan ezarritako definizioari jarraikiz.

Instalazioek ITC BT-52 Jarraibide Tekniko Osagarria onesten duen abenduaren 12ko 1053/2014 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute.

2.–Kenkariaren oinarriak ezin izanen ditu gainditu honako muga hauek:

a) Potentzia arrunteko errekarga puntuetarako: 5.000 euro.

b) Potentzia handiko errekarga puntuetarako: 25.000.euro.

3.–Energiaren arloko organo eskudunak txosten bat prestatuko du, egin diren inbertsioen zenbatekoa frogatzen duena. Kenkariaren oinarria txosten horretan frogatutako inbertsioen zenbatekoak determinatuko du.

4.–Baldin eta aipatutako inbertsioak enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikita badaude, kenkaria aplikatuko da sozietateen gaineko zergari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz eta artikulu honetako 3. idatz-zatian ezarritakoarekin bat”.

Hogeita zazpi.–64. artikulua. 1. artikulua aldatzen da. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. 62. artikuluko 4, 6., 8, 12., 13. eta 14. idatz-zatietako murrizketen oinarrien batura ezin izanen da subjektu pasiboaren likidazio-oinarriaren % 25etik gorakoa izan”.

Hogeita zortzi.–66.f) artikulua. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“f) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan ordaindutako kuotak. Kuotak errentak eratxikitzeko araubidean dauden entitateek ordaintzen dituztenean, bazkide, erkide edo partaideek entitatearen errentatik egozten zaien proportzioaren arabera aplikatuko dituzte kenkariak, 49.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Kenkari hori errentak eratxikitzeko araubidean dagoen entitatearen zergaldiko negozio zifra garbia 1.000.000 euro baino gutxiago izan denean soilik aplikatu ahal izanen da.

Udal kuoten kasuan, kenkariaren gehieneko zenbatekoa jarduera ekonomikoen gaineko zergaren gutxieneko kuota izanen da.

Kenkari hau bateraezina izanen da zenbateko bera enpresa edo lanbide jardueren etekin garbia zehazteko gastu kengarritzat hartzearekin.”

Hogeita bederatzi.–75.lehena artikulua. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Lehena. 62.1.h) artikuluan aipatzen den oinarrien baturaren zenbatekoa honakoak baino txikiagoa izanen da familia unitate osoarentzat:

a’) 48.000 euro, oro har.

b’) 54.000 euro, seme edo alaba bat edo bi ondorengo dituzten familia unitateak direnean, horiek kenkaria egiteko eskubidea ematen badute.

c’) 60.000 euro, kenkaria edukitzeko eskubidea ematen dieten hiru ondorengo edo gehiago dituzten familia unitateentzat, edo abenduaren 31n familia ugaritzat jotzen diren familia unitateentzat, Familia Ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Zenbateko horiei 3.000 euro gehituko zaizkie 100eko 33ko edo hortik gorako eta 100eko 65etik beherako desgaitasuna duen subjektu pasibo edo ondorengo bakoitzeko, kenkaria egiteko eskubidea ematen badu, edo 7.000 euro desgaitasuna 100eko 65ekoa edo handiagoa denean.”

Hogeita hamar.–78. artikuluari 10. idatz-zatia gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“10. Errenta bat osorik edo partez ordaindu ez bada errenta hori jasotzeko eskubidea edo errentaren zenbatekoa ebazpen judizial batek zehaztu behar duelako, zenbateko ordaindugabeak ebazpen judizial hori irmo bihurtu den zergaldiari egotziko zaizkio.”

Hogeita hamaika.–80.3.d) artikulua. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“d) Ondasun higiezinen errentamenduaren ondoriozko etekinak.”

Hogeita hamabi.–84. artikuluari 8. idatz-zatia gehitzea. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“8. Subjektu pasiboak autolikidazioaren proposamen positiboa berretsi ez badu, ez eta PFEZaren beste aitorpen bat aurkeztu ere, eta proposamen horren ondoriozko kuotaren zenbateko osoa kuota ordaintzeko erregelamenduz ezarritako epeaz kanpo ordaintzen badu, proposamena zerga horren autolikidazioa izanen da. Ulertuko da, ondorio guztietarako, autolikidazio hori ordainketaren egunean aurkeztu dela.”

Hogeita hamahiru.–87. artikulua. Tituluaren aldaketa. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“87. artikulua. Atxikitzailearen eta konturako diru-sarrerak egitera behartuta dagoenaren betebehar formalak eta bestelako informazio betebehar batzuk”.

Hogeita hamalau.–87.2. artikulua. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina.

“2. Erregelamendu bidez, informazioa emateko betebeharra ezarri ahal izanen zaie ondoko eragiketak egiten dituzten edo ondoko egoeretan dauden pertsona eta entitateei:

a) Atxikipenik gabeko lan edo kapital errentak ordaintzen dituzten pertsona edo entitateentzat. Ogasun arloko eskumenak dituen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio eman beharreko informazioa eta informazioa emateko betebehar hori betetzeko modua eta epeak zehazteko.”

b) Jaulkipen-prima banatzen duten edo ekarpenak itzuliz kapitala murrizten duten entitateentzat, egin diren banaketa atxikipengabeei dagokienez.

c) Sariak ordaintzen dituzten entitate eta pertsona juridikoei, zergaren eraginetarako zerga salbuetsitzat hartuak izanda ere.

d) Zerga honetan kenkaria izateko eskubidea ematen duten dohaintzak jasotzen dituzten entitateei, dohaintza emailearen identitateari eta jasotako zenbatekoei dagokienez, zerga honen aitorpenaren eraginetarako dohaintzaren ziurtagiria eskatu dutenean.

e) Kreditu entitateentzat, bertako etxebizitza-kontuetan ezarritako diru kopuruei dagokienean. Horretarako, subjektu pasiboek kreditu entitatearen aurrean helburu horretarako kontua zein den adierazi beharko dute.”

Hogeita hamabost.–Laugarren xedapen gehigarria, 7.c) zenbakia. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“c) Aseguru entitateek eta finantza entitateek bizitza-aseguru baten hartzaile diren pertsonen gaineko informazioa eman beharko dute, erreskate-balioa adieraziz, eta orobat, kapital bat eskudirutan edo ondasun higigarrien edo higiezinen bidez aurkezteagatik aldi bateko edo bizi arteko errenta baten onuradun diren pertsonei buruzkoa, kapitalizazio-balioa adieraziz. Halaber aurkeztu beharko dute informazio hori Europako esparru ekonomikoko kide den beste estatu batean helbideratutako aseguru-entitateek, Espainian zerbitzu-emate libreko araubidean baldin badihardute, Espainian egiten diren eragiketei dagokienez”.

Hogeita hamasei.–Zortzigarren xedapen gehigarria. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Zortzigarren xedapen gehigarria.–Zerga-oinarrian sartzen ez diren laguntzak.

1. Ez dira zerga honen zerga-oinarrian sartuko ondoko hauen ondorioz agerian gelditzen diren errenta positiboak:

a) Nekazaritzako Politika Bateratuko laguntza hauek jasotzea:

a’) Mahastilana erabat uzteagatik.

b’) Primak udareondoak, sagarrondoak, mertxikondoak, brinoiondoak eta platanondoak erauzteagatik.

c’) Esne-ekoizpena erabat uzteagatik.

d’) Udareondo, mertxikondo eta brinoiondoen laborantza erabat uzteagatik.

e’) Azukre-erremolatxaren eta azukre-kanaberaren laborantza erabat uzteagatik.

f’) Erregelamendu bidez zehaztuko direnak.

b) Errepide bidezko garraio-jarduera uzteko laguntzen araudian ezarritako beharkizunak betetzen dituzten garraiolariei ematen zaizkien laguntzak jasotzea.

c) Diru-laguntza publikoak jasotzea, betiere laguntza horiek sute, uholde, hondoratze edo osasungintzako aferen bidez jarduera ekonomikoei atxikitako ondare-elementuetan eragindako kalteak konpontzeko jasotakoak badira.

d) Europar Batasuneko arrantza-politikako ondorengo laguntzak jasotzea: itsasontzi baten arrantza-jarduera behin betiko uzteagatik eta beste herrialde batzuetan sozietate mistoak eratzeko eskualdatzeagatik, bai eta arrantza-jarduera behin betiko uzteagatik ere.

e) Abereak nahitaez hiltzeagatik kalte-ordain publikoak jasotzea abereen izurri edo gaitzen kontrako jarduketetan. Xedapen hau ugalketarako diren abereei baino ez dagokie.

2. Zerga-oinarrian sartuko ez den errenta kalkulatzeko, bi kopuru hartu behar dira kontuan: batetik, jasotako laguntzen zenbatekoa, eta bestetik, jarduerei lotutako ondare-elementuetan izandako galerak, baldin badaude. Diru-laguntza hori aipatu elementuetan gertatutako galeren zenbatekoa baino txikiago bada, diferentzia negatiboa zerga-oinarrian integratu ahal izanen da. Galerarik izan ez denean, diru-laguntzen zenbatekoa bakarrik salbuetsiko da zergatik.

3. Orobat, ez dira zerga-oinarrian integratuko kapitaleko diru-laguntzak, ondokoak egiteagatik jasoak: oihan-finkak ustiatzen direnean oihangintza arloko administrazio eskudunak onetsitako plan teknikoei, mendien antolaketari, plan dasokratikoei edo basoberritze planei jarraikiz; betiere produkzioaren batez besteko denbora hogeita hamar urtekoa edo gehiagokoa bada.

4. Aurreko 1. idatz-zatian aurreikusita ez dauden laguntza publikoak, sute, uholde, hondoratze edo beste arrazoi natural batek ondare-elementuetan eragindako kalteak konpontzeko jasotakoak badira, zerga-oinarrian sartuko dira kalteak konpontzeko kostuaren gainetik dagoen partean. Konponketa kostuak, laguntza horren zenbatekoraino, ez dira inola ere zerga ondorioetarako kengarriak izanen, eta ez dira hobekuntzatzat hartuko.

Ez dira zerga honen zerga-oinarrian sartuko honako hau konpentsatzeko jasotzen diren laguntza publikoak: aipatu arrazoiengatik zergadunaren ohiko etxebizitza edo jarduera ekonomikoaren titularrak jarduera egiten zuen lokala aldi baterako edo behin betiko uztea.”

Hogeita hamazazpi.–Hamabigarren xedapen gehigarria. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hamabigarren xedapen gehigarria.–Estatuko araudia aplikatzea.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboei dagokienez, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da, indarrean dagoen bitartean, lurralde erkidean indarra duen araudia Nafarroan aplikatu beharraz, erregulazio berekirik ezean, gai hauetan:

a) Meatzaritzaren tributu araubide bereziak eta hidrokarburoak ikertu eta ustiatzekoak.

b) Birmoldaketaren eta berrindustrializazioaren onura fiskalak.

c) Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez direnen gaineko xedapenak, eta Espainia nazioarteko zer erakunderen parte den, horien tributu araubidea.

d) Sistema Elektriko Nazionala antolatzeko 40/1994 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria eta Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen hogeita hamaikagarren xedapen gehigarria eta 52. artikulua.

e) Kreditu Entitateen Antolamenduari, Gainbegiratzeari eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legean ezarritako lehentasunezko partaidetzei eta zor baliabideei aplikatzen zaien araubide fiskala.”

Hogeita hemezortzi.–Hamazazpigarren eta hemezortzigarren xedapen gehigarriak. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hamazazpigarren xedapen gehigarria.–Honako hauen betebehar fiskalak: Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batean helbideratutako aseguru-entitateak, zerbitzu-emate libreko araubidean diharduten inbertsio kolektiboko erakundeen kudeaketarako entitateek izendatutako ordezkariak eta Europar Batasuneko beste estatu kide batean baimendutako inbertsio kolektiboko erakundeetako partaideen edo akziodunen erregistro zentralizatuaren ardura duen entitateko ordezkariak, azkeneko kasu horretan erakundeak merkaturatzaile baten baino gehiagoren bidez merkaturatzen baldin badira Espainian.

1. Europako Esparru Ekonomikoko kide den beste estatu batean helbideratuta egon eta Espainian zerbitzu-emate libreko araubidean diharduten aseguru entitateek honako zerga betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Atxikipena egin eta diru hori sartu edo konturako dirusarrera egin Nafarroako Ogasunean, Espainian egiten diren eragiketak direla eta, egoitzagabeen errentaren gaineko zergari buruzko arauek ezarritako moduan edo pertsona fisikoen errentaren gaineko edo sozietateen gaineko Nafarroako arauetan ezarritako moduan, eta hori, betiere, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako esparruan.

b) Foru Komunitateko tributu-administrazioari informazioa eman Espainian egiten diren eragiketak direla eta, egoitzagabeen errentaren gaineko zergari buruzko arauek ezarritakoarekin bat edo pertsona fisikoen errentaren gaineko edo sozietateen gaineko Nafarroako arauetan ezarritakoarekin bat, eta hori, betiere, aurreko letran ezarritako muga berekin.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako zerga betebeharrak honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen 55.7 artikuluaren arabera, zerbitzu-emate librearen araubidean jarduten duen kudeatzailearen izenean izendatutako ordezkaria.

b) Europar Batasuneko beste estatukide batean baimendutako inbertsio kolektiboko erakundeetako partaideen edo akziodunen erregistro zentralizatuaz arduratzeko izendatutako entitatea, erakundeak merkaturatzaile baten baino gehiagoren bidez merkaturatzen baldin badira Espainian, Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatu zuen urriaren 4ko 31/2011 Legearen azken xedapenetan bigarrenean xedatutakoarekin bat.”

Hemezortzigarren xedapen gehigarria.–Egoitza Europar Batasuneko kide den beste estatu batean duten pentsio funtsen zerga arloko betebeharrak.

Helbidea Europar Batasuneko kide den beste estatu batean duten pentsio funtsek, Espainian enpleguko pentsio planak, Espainiako legediari loturikoak, gauzatzen badituzte, Europako Parlamentuak eta Kontseilu Europarrak enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta gainbegiratzeari buruz 2003ko ekainaren 3an emandako 2003/41/EE Zuzentarauan xedaturikoarekin bat edo, hala denean, haien entitate kudeatzaileek, atxikipena egin eta haren zenbatekoa pagatu beharko dute edo konturako diru-sarrerak egin, Espainian egiten diren eragiketei dagokienez. Gainera, irailaren 30eko 1307/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko Pentsio plan eta funtsei buruzko Erregelamenduan pentsio funtsak kudeatzen dituzten entitateendako aipatzen diren tributu arloko informazioko betebehar berak izanen dituzte, hori dena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoak zedarrituriko esparruan”.

Hogeita hemeretzi.–Hogeita bigarren xedapen gehigarria. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita bigarren xedapen gehigarria.–Zenbait bizi-aseguru aurrezki sistematikoko banakako plan bihurtzearen zerga-ondorioak.

Bizi-aseguruko kontratuak estatuko araudiari jarraikiz aurrezki sistematikoko banakako plan bihurtuz gero, foru lege honen 7.r) eta 30.1.g) artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

Behin aurrezki sistematikoko banakako plan bihurtuta, foru lege honen 7.r) artikuluan ezarritakoa aplikatzeagatik salbuetsita egon den errenta itzuli beharko du subjektu pasiboak aurrerakina gertatzen den zergaldian, baldin eta eratu den biziarteko errentatik heldu diren eskubide ekonomikoak, osorik edo hein batean, jaso baditu aldez aurretik.”

Berrogei.–Berrogeita laugarren xedapen gehigarria. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Berrogeita laugarren xedapen gehigarria.–Ekintzailetzari laguntzeko neurriak.

Sozietateen gaineko zergaren foru arauan ezarritakoaren arabera ekintzaile izateko bete behar diren baldintzak betetzen dituzten zerga honen subjektu pasiboei, edo entitate ekintzaile izateko bete behar diren baldintzak betetzen dituen errentak eratxikitzeko araubideko entitate bateko bazkideei, arau horretan ekintzailetzari laguntzeko ezarritako neurriak aplikatuko zaizkie.”

Berrogeita bat.–Berrogeita bederatzigarren xedapen gehigarria gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Berrogeita bederatzigarren xedapen gehigarria–Aseguruen ondoriozko etekinak, onuraduna hartzekodun hipotekarioa denean.

Aseguru batek estalitako ezintasunagatiko prestazioaren ondoriozko errentek, prestazio hori zergadunaren hartzekodun hipotekarioak jasotzen duenean haren onuradun gisa eta zergadunaren hipotekaren kuota osorik edo partez amortizatzeko beharra badu, onuraduna zergaduna izanez gero zegokion tratamendu fiskal bera izanen dute. Hala ere, errenta horiei ez zaie inola ere atxikipenik aplikatuko.

Ondorio horietarako, hartzekodun hipotekarioak kreditu-erakunde bat izan behar du, edo mailegu edo kreditu hipotekarioak lanbide jarduera gisa ematen dituen beste entitate bat.”

Berrogeita bi.–Berrogeita hamargarren xedapen gehigarria gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Berrogeita hamargarren xedapen gehigarria.–Atxikipen betebeharra, landalurreko higiezinen errentamenduek ekarritako etekinetan.

Atxikipena edo konturako diru-sarrera egin beharko da landalurreko higiezinen errentamendutik edo azpierrentamendutik heldu diren etekinengatik.

Atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren ehunekoa hirilurreko higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduetan aplikatzen den ehuneko bera izanen da.”

Berrogeita hiru.–Berrogeita hamaikagarren xedapen gehigarria gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Berrogeita hamaikagarren xedapen gehigarria.–Atxikipena edo konturako diru-sarrera harpidetza eskubideen eskualdaketaren ondoriozko ondare gehikuntzetan.

Harpidetza eskubideen eskualdaketetan zerga horrengatik atxikipena edo konturako diru-sarrera egitera behartuta egonen da entitate gordailuzaina edo, bestela, eskualdaketan parte hartu duen bitartekari finantzarioa edo fede-emaile publikoa.

Harpidetza eskubideen eskualdaketaren ondoriozko ondare gehikuntzen gaineko atxikipen ehunekoa edo konturako sarrerarena 100eko 19 izanen da.

Ehuneko hori erregelamendu bidez aldatzen ahalko da.”

Berrogeita lau.–Hamahirugarren xedapen iragankorra, bigarren lerrokada. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Kenkaria pertsona lagunduaren ezkontideak edo bikote iraunkorrak baliatuko du, edo, horrelakorik ez badu, gradu hurbileneko ahaideak, salbu bere errentak ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa (IPREM) baino handiagoak ez badira, errenta salbuetsiak kenduta, hurrengo graduko ahaideari egokituko baitzaio.”

Berrogeita bost.–Hemeretzigarren xedapen iragankorra. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hemeretzigarren xedapen iragankorra.–Sindikatu eta elkargoen kuotak, alderdi politikoentzako kuotak eta ekarpenak, eta dohaintzak, 2014an eta 2015ean ordaindutakoak.

Epean aurkeztutako aitorpen informatiboan sartu ez zirelako, 2014ko eta 2015eko zergaldietan kenketarik eragin ez zuten sindikatu eta elkargoen zenbait kuota, alderdi politikoentzako kuotak eta ekarpenak, eta dohaintzak kenkariaren xede izan daitezke 2016ko zergaldiko aitorpenean, betiere horiek jaso dituzten entitateek 2016ko zergaldian aurkeztu beharreko eredu informatiboan aurreikusitako moduan aitorpenean sartzen badituzte.

2014ko abenduaren 31n eta 2015eko abenduaren 31n, hurrenez hurren, indarrean zegoen araudiarekin bat eginen da kenkaria.”

Berrogeita sei.–Hogeita bigarren xedapen iragankorra gehitzea. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita bigarren xedapen iragankorra.–Enpresa gazte eta berritzaileen akzio edo partaidetzen eskualdaketa.

Zergatik salbuetsita egonen dira entitateetako akzioen edo partaidetzen eskualdaketan agerian gelditzen diren ondare gehikuntzak, eskurapen unean entitate horiek enpresa gazte eta berritzailetzat hartu baldin badira Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, betiere 2016ko abenduaren 31n aplikatu beharreko testuari jarraikiz foru lege honen 62.11 artikuluaren b) letratik f) letrara bitarte, biak barne, aurreikusitako betebeharrak eta baldintzak betetzen badira eta eskualdatzen diren baloreak eskualdatu aurreko bost urtean eskuratu baldin badira.

Salbuespena ezin da 6.000 eurotik gorakoa izan urtean.”

Berrogeita zazpi.–Hogeita hirugarren xedapen iragankorra gehitzea. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu eraginak.

“Hogeita hirugarren xedapen iragankorra.–Minbiziak edo beste edozein gaixotasun larrik jotako seme-alaba adingabeen zainketagatiko salbuespena.

Atzera-eraginez erreklamatu ahalko dira edozein administrazio publikoren eskutik 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako familia-laguntzen eta -prestazioen salbuespenak, 7.k) artikuluak aipatzen dituenak, hain zuzen ere honakoei lotutakoak: jaiotza, adopzioa, ardurapeko seme-alabak, adingabeen harrera, zurztasuna, erditze edo adopzio anizkoitza eta minbiziak edo beste edozein gaixotasun larrik jotako seme-alaba adingabeen zainketa.”

Bigarren artikulua.–Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldietan ondorioak izateko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen artikulu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–11. artikulua. Enpresa eta lanbide jarduerak.

“11. artikulua. Enpresa eta lanbide jarduerak.

Enpresa edo lanbide jarduerei atxikitako ondasun eta eskubideak beren kontabilitatetik ateratzen den balioagatik konputatuko dira, betiere kontabilitatea Merkataritza Kodean xedatutakora egokitzen bada.

Merkataritza Kodean xedatutakora egokitzen den kontabilitaterik ez badago, zerga honen gainerako arauak aplikatzetik ateratzen dena izanen da balorazioa.

Enpresa edo lanbide jarduerak kalifikatzeko eta ondare-elementuak jarduerei atxikita daudela ulertzeko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

Bi.–29. artikulua. Zergaren sortzapena.

“29. artikulua. Zergaren sortzapena.

Urte bakoitzeko abenduaren 31n sortuko da zerga, eta egun horretan subjektu pasiboa titular duen ondareari eraginen dio.

Abenduaren 31n hiltzen bada, ulertuko da hildakoa ondarearen titularra dela egun horretan.”

Hirugarren artikulua.–Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Testu Bategina.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetarako, abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Testu Bateginaren ondoko arau hauek jarraian agertzen den testua izanen dute:

Bat.–12.e) artikulua.

“e) Eskualdatzailearen ohiko etxebizitzaren erabateko jabetza edo usufruktua dohaintzaren bidez edo doako eta “inter vivos”ko beste edozein negozio juridikoren bitartez eskuratzea, eskuratzailea odolkidetasuneko lerro zuzeneko ondorengoa edo adoptatua bada, eta ehuneko 65eko edo gorako desgaitasuna duela frogatzen badu.”

Bi.–28.1 artikulua. c) eta d) letrak gehitzea.

“c) Erregistro fiskal ofizialetan agertzen diren balioei egindako erreferentziaren araberako zenbatespenaren bidez.

Erreferentziaren araberako zenbatespen hori egiteko, aukera bat da Nafarroako zerga administrazioak erregelamenduz ezarri bezala zehazten eta argitaratzen dituen koefiziente biderkatzaileak aplikatzea ondasun mota bakoitza baloratzeko erreferentzia gisa hartzen den erregistro fiskal ofizialean agertzen diren balioei. Ondasun higiezinen kasuan, ondasun horiek baloratzeko koefiziente biderkatzaileak zehazteko, erreferentzia gisa hartuko den erregistro fiskal ofiziala Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa izanen da.

d) Merkatuko batez besteko prezioei egindako erreferentziaren araberako zenbatespenaren bidez.

Erreferentziaren araberako zenbatespena egiteko, aukera bat da merkatuko prezioak egiaztatzeko metodo estatistiko bat erabiltzea, erregelamenduz definitua, ondasunak eskaintzaren eta eskaeraren printzipioak araututako merkatu librean duen balio probableena lortzeko.”

Hiru.–32.bis artikulua.

“32.bis artikulua. Desgaitasuna duten subjektu pasiboen “mortis causa” eskurapenak.

Subjektu pasiboek gauzatzen dituzten mortis causa eskurapenek 60.000 euroko murriztapena izanen dute; horretarako, 100eko 33ko edo hortik gorako eta 100eko 65 baino gutxiagoko desgaitasun-gradua egiaztatu beharko dute. Zenbateko hori 180.000 eurokoa izanen da, subjektu pasiboak 100eko 65eko desgaitasuna edo handiagoa duela frogatzen badu.

Murriztapen hori aplikatu aurretik, eta kasua bada, kapitulu honetan aurreikusitako murriztapenak egin beharko dira.”

Lau.–Bigarren xedapen gehigarria gehitzea, xedapen gehigarri bakarra lehen xedapen gehigarri bihurtuz.

“Bigarren xedapen gehigarria.–Pertsona desgaitutzat jotzea eta desgaitasunaren gradua egiaztatzea.

1. Zerga honen ondorioetarako, 100eko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutenak hartuko dira pertsona desgaitutzat.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ildotik, desgaitasunaren gradua egiaztatutzat joko da Foru Komunitateko, Estatuko Administrazioko edo dagokion autonomia erkidegoko organo eskudunek egiaztatzen dutenean.

3. Hala ere, ulertuko da 100eko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutela administrazio publikoek aitortutako prestazioak, 100eko 65eko edo gehiagoko ezintasunaren ondoriozkoak, jasotzen dituzten pertsonek, aipatu prestazioak erabateko ezintasun iraunkorraren edo baliaezintasun handiaren ondoriozkoak direnean.

Halaber, ulertuko da 100eko 65eko edo gehiagoko ezgaitasuna dutela judizialki deklaratutako ezgaitasuna duten pertsonek eta mendekotasun egoera bat, edozein gradutakoa, aitortua dutenek”.

Laugarren artikulua.–Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Testu Bategina.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrera eragiten diren zerga-egitateetarako, apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Testu Bateginaren ondoko arau hauek jarraian agertzen den testua izanen dute:

Bat.–1.bis artikulua gehitzea.

“1.bis artikulua.

1. Egintza edo kontratu likidagarriaren benetako izaera juridikoaren arabera ordainaraziko da zerga, alderdiek emandako izena edozein delarik ere, bere balioa eta eraginkortasuna ukitzen ahal dituzten formazko zein berezko akatsak alboratuz.

2. Baldintzaren bat duten egintza edo kontratuetan, Nafarroan indarrean dagoen legedi zibilean dauden aginduen arabera kalifikatuko dira. Baldintza etengarria bada, zerga hura bete arte ez da likidatuko, eta likidazioaren etena ondasunen inskripzioan adieraziko da, dagokion erregistro publikoan. Baldintza suntsiarazlea bada, berehala ordainaraziko da zerga, eta, baldintza betetzen denean, dagokion itzulketa eginen da, 41. artikuluko arauen arabera.

3. Kontratuan jabariaren erreserba ezartzen bada hitzartutako prezio osoa ordaindu arte, ulertuko da, zergaren likidazio eta ordainketaren ondorioetarako, eskualdaketa baldintza suntsiarazle batekin egiten dela, hau da, prezioa hitzartu bezala ordaintzen ez bada, kontratua suntsiaraziko da.”

Bi.–1.ter artikulua gehitzea.

“1.ter artikulua.

1. Zergaren ondorioetarako, ondasunen kalifikazio juridikoa haien izaera ezberdin, destino, erabilera edo aplikazioaren arabera egiteko, Nafarroan indarrean dagoen legedi zibilean edo, bestela, zuzenbide administratiboan horri buruz xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Zergaren ondorioetarako, ondasun higiezinak izanen dira edozein motatako instalazio iraunkorrak, eraikitzeko moduagatik garraiagarriak badira ere eta dauden lurzatia instalazioen jabearena ez bada ere.”

Hiru.–4.1 artikulua.

“1. Aurreko artikuluan zerrendatutako eragiketak ez dira titulu honetan araututako kostu bidezko ondare eskualdaketak izanen, enpresaburu edo profesional batek bere enpresa edo lanbide jardueran gauzatu badu ondasun entrega edo zerbitzu egitea eta, edozein kasutan, balio erantsiaren gaineko zerga ordaindu behar duten ondasun entregak edo zerbitzu egiteak badira. Hala ere, zerga kontzeptu horrengatik ordaindu beharko dute ondasun higiezinen entregek edo errentamenduek, baita horien gaineko erabiltze eta lupertze eskubide errealen eraketak edo eskualdaketak ere, baldin eta eragiketa horiek balio erantsiaren zergatik salbuetsita badaude, salbu subjektu pasiboak salbuespen horri uko egiten badio Zergaren Foru Legean jasotako inguruabar eta baldintzekin; enpresa edo lanbide ondarearen parte diren elementu gorpuzdunen edo, kasua bada, gorpuzgabeen multzo baten eskualdaketan sartzen diren higiezinen entregek ere ordaindu behar dute, baldin eta elementu horiek berez enpresa edo lanbide jarduera bat garatzeko gauza den unitate ekonomiko autonomo bat osatzen badute, betiere bere inguruabarrengatik ondare horren eskualdaketak balio erantsiaren gaineko zerga ordaindu behar ez badu.”

Lau.–8.3. artikulua.

“3. Enpresa edo lanbide ondarearen parte diren elementu gorpuzdunen edo, kasua bada, gorpuzgabeen multzo baten eskualdaketan sartzen diren higiezinen eskualdaketetan, baldin eta elementu horiek berez enpresa edo lanbide jarduera bat garatzeko gauza den unitate ekonomiko autonomo bat osatzen badute, betiere bere inguruabarrengatik ondare horren eskualdaketak balio erantsiaren gaineko zerga ordaindu behar ez badu, 100eko 2ko karga-tasa aplikatuko da baldintza hauek betetzen badira hiru urtez, datatik datara zenbatuta eskualdaketatik hasita:

a) Eskuratzaileak eskualdaketaren aurreko urtean zegoen langileen batez besteko plantilla mantentzea, lan arloko araudian araututako pertsona-urte unitatetan neurtua.

b) Higiezinak ez eskualdatzea eta xedatze-egintzarik edo sozietate-eragiketarik ez egitea, baldin eta zuzenean nahiz zeharka eskurapen balioaren gutxitze nabarmena ekar badezakete.”

Bost.–22.2. artikulua.

“2. Eskrituren eta notario-akten lehenbiziko kopiek ere 100eko 0,5 karga-tasa izanen dute egintza edo kontratu horiei dagokienez, baldintza hauek betetzen dituztenean: beren xedea kopuru edo gauza baloragarria izatea; jabetza-erregistroetan, merkataritza-erregistroetan, jabetza industrialaren erregistroetan eta ondasun higigarrien erregistroetan inskribatzeko moduko egintza edo kontratuak biltzea; eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga eta foru lege honen 1. artikuluko 1. idatz-zatiaren 1. eta 2. zenbakietako kontzeptuak ordaintzeko beharra ez izatea. Protesto akten kopiek karga-tasa bera izanen dute.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaren salbuespenak dira higiezinen eskualdaketak dokumentatzen dituzten eskrituren eta notario-akten lehenbiziko kopiak, eskualdaketa horietan balio erantsiaren gaineko zergaren salbuespenari uko egin bazaio, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.2 artikuluan ezarri bezala. Kasu horietan, 100eko 1eko karga-tasa izanen da.”

Sei.–35.I.B).15 artikulua.

“15. Eskudiruzko gordailuak eta maileguak, zein den ere haiek gauzatzeko bidea, ordaindukoek, bonuek, obligazioek eta antzeko tituluek ordezkatutakoak barne. Gordailua edo mailegua dokumentatzen duten tituluen geroko eskualdaketa ere salbuetsita dago, bai eta ordainduko, bonu, obligazio eta serieko antzeko tituluei dagozkien egintza juridiko dokumentatuen gaineko karga ere, gehienez 18 hilabeterako jaulkiak, besteren kapitalak ordezkatzen dituztenak. Kapital horiek kontraprestazio bat ematen dute, jaulkipenean ordaindutako zenbatekoaren eta epemugan pagatuko denaren arteko aldea, hain zuzen ere.”

Zazpi.–35.I.B) artikuluari 28. idatz-zatia gehitzea.

“28. Pentsio funtsak eratu, desegin eta aldatzea (gehikuntzak eta murrizketak).”

Zortzi.–36.2 artikulua, a) eta c) letrak.

“a) Zenbatespena, erregistro fiskal ofizialetan agertzen diren balioen araberakoa.

Erreferentziaren araberako zenbatespen hori egiteko, aukera bat da Nafarroako zerga administrazioak erregelamenduz ezarri bezala zehazten eta argitaratzen dituen koefiziente biderkatzaileak aplikatzea ondasun mota bakoitza baloratzeko erreferentzia gisa hartzen den erregistro fiskal ofizialean agertzen diren balioei. Ondasun higiezinen kasuan, ondasun horiek baloratzeko koefiziente biderkatzaileak zehazteko, erreferentzia gisa hartuko den erregistro fiskal ofiziala Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa izanen da.

c) Merkatuko batez besteko prezioei egindako erreferentziaren araberako zenbatespena.

Erreferentziaren araberako zenbatespena egiteko, aukera bat da merkatuko prezioak egiaztatzeko metodo estatistiko bat erabiltzea, erregelamenduz definitua, ondasunak eskaintzaren eta eskaeraren printzipioak araututako merkatu librean duen balio probableena lortzeko.”

Bosgarren artikulua.–Balio erantsiaren gaineko zerga.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, eta ondoren azaldu bezala gelditu:

Bat.–47.1. artikulua.

“1. Enpresa edo lanbide jarduerako sektore berezituetan jarduera ekonomikoak egiten dituzten subjektu pasiboek bereizita aplikatu beharko dute kenkarien araubidea haietako bakoitzari buruz.

9.1.c) artikuluaren a’), c’) eta d’) letretan xedatutakoa aplikatuz zehazten diren enpresa edo lanbide jarduerako sektore berezituei hainbanaketa bereziaren erregela aplikatzen ahalko zaie, bakoitzari berea.

Betiere, 9.1.c) artikuluaren b’) letran xedatutakoa aplikatuz zehaztutako jarduera sektore berezituei dagozkien kenkari araubideak lege horretan araubide berezi erraztuarentzat, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubidearentzat, inbertsioko urre bidezko eragiketen araubidearentzat eta baliokidetasun-errekarguaren araubidearentzat aurreikusitakoaren arabera arautuko dira: zein dagokion, haren arabera.

Ondasunak edo zerbitzuak hainbat jarduera sektore berezitutan batera erabiltzeko eskuratu edo inportatzen direnean, 50. artikuluko 2. idatz-zatian eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da eskurapen edo inportazio horietan jasandako kuotei zer kenkari portzentaje aplikatzen ahal zaien zehazteko; horretarako, sektore berezitu bakoitzean egindako eragiketak kontatuko dira, eta kontuan hartuko da nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziko edo baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziko eragiketek ez dutela kenkarirako eskubiderik sortzen.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaren salbuespen gisa, entitate taldearen jarduera sektore berezituan egindako eragiketak ez dira kontuan hartuko.

Orobat, eta aipatu lerrokadan aurreikusitakoa aplikatu ezina izanik, ondasun edo zerbitzu horiek aldi berean araubide berezi erraztuaren babeseko jardueretan eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziaren edo baliokidetasun-errekarguarenaren menpeko beste jarduera batzuetan erabiltzen direnean, aipatu kenkariaren portzentajea ehuneko 50ekoa izanen da araubide erraztuaren ondorioetarako, baldin eta ondorioa aipatu araubide berezietako biren menpeko jarduerei buruzkoa bada; bestela, heren batekoa.”

Bi.–Hemeretzigarren xedapen iragankorra gehitzea.

“Hemeretzigarren xedapen iragankorra.–Sozietate zibilek balio erantsiaren gaineko zergaren baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziari uztea.

2016. urtean pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga errentak eratxikitzeko araubidean ordaindu duten sozietate zibilek, balio erantsiaren gaineko baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziari atxikita badaude baina, 2017ko urtarrilaren 1etik aurreko ondorioekin, sozietateen gaineko zergaren zergadun bihurtzen badira eta, horren ondorioz, araubide berezi horri uzten badiote, foru lege honen 100. artikuluan eta bere erregelamenduaren 49. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ahalko dute.”

Seigarren artikulua.–Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen Foru Legea.

Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea Erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen manu batzuek, ondotik heldu direnek, honako testu hau izanen dute:

Bat.–Hamargarren xedapen gehigarria. Mezenasgo sozialerako zerga pizgarriak. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Hamargarren xedapen gehigarria.–Mezenasgo sozialerako zerga pizgarriak.

1. Entitate onuradunei emandako dohaintzek, baldin eta xedapen gehigarri honetan aurreikusitako araubidearen aitorpena jaso badute Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentutik edo Nafarroako Berdintasunerako Institututik, xedapenean ezarritako onura fiskalak izanen dituzte.

2. Ondorio horietarako, entitate onuradunak izanen dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Edozein kasutan, irabazi-asmorik gabeko entitateak izanen dira fundazioak, onura publikoko elkarteak, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den Ministerioko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak), gizarte-ekimeneko kooperatibak (Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatuak) eta aurreko entitate guztien federazioak eta elkargoak.

b) Helburu sozialak izatea, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arlokoak. Edozein kasutan ulertuko da gai hauei lotutako xedeak edo jarduketa-eremuak dituzten entitateek helburu sozialak dituztela: desgaitasuna, mendekotasuna, bazterketa, adingabeentzako arreta gizarte zerbitzuetan, presoak eta preso ohiak, etxegabeak, etorkinak, gutxiengoak, droga-mendekotasunen eta beste adikzio batzuen prebentzioa eta tratamendua, adineko pertsonak, garapenerako lankidetza edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Gai horiek direla eta, Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan, garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den Ministerioko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan edo Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan daude inskribaturik.

c) Nafarroan jarduera egin izana b) letran aipatutako eremuren batean, 3. idatz-zatian aipatzen den eskaera aurkeztu aurreko azken 4 urteetan. Edozein kasutan ulertuko da azken 4 urteetan Nafarroan jarduera egin dutela ekitaldi horietan guztietan Nafarroako administrazio publikoetatik diru-laguntzaren bat jaso dutenak.

d) Jasotako errenta eta diru-sarreren 100eko 70 edo gehiago, horiek eskuratzeko gastuak kendu ondoren, interes orokorreko helburuetara bideratzea, eta gainerakoa ondare zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratzea, horiek eskuratu eta 4 urteko epean, gehienez ere.

e) Diru-laguntza publikoen entitate onuradunei ezarritako gardentasun betebeharrak betetzea.

3. Entitate interesdunek Eskubide Sozialetako Departamentuari edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuari eskatu beharko diote xedapen gehigarri honetan ezarritako araubidean sartzeko, departamentu eta erakunde horien titularrek onesten duten eredua erabiliz. 2. idatz-zatian aipatzen diren betebeharrak betetzearen frogagiriak erantsiko zaizkio eskabideari, kasua bada.

Ez da beharrezkoa izanen betebehar horiek betetzearen frogagiriak aurkeztea ondorioztatzen bada horietako bat betetzen dela administrazio publiko baten erregistro batean inskribatuta egoteagatik edo Nafarroako administrazio publikoetatik diru-laguntzak jasotzeagatik, edo administrazio publiko bati edozein prozedura edo tramitetan emandako dokumentazioaren azterketatik. Kasu horietan, aski izanen da dagokion prozedura edo erregistroa aipatzea.

4. Xedapen gehigarri honetan ezarritako araubidean sartu ondoren, dohaintzen entitate onuradunek Eskubide Sozialetako Departamentuari eskatu beharko diote araubide hori mantentzeko, hurrengo ekitaldiko lehenbiziko zortzi hilabetean, departamentu horren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren titularrek onesten duten eredua erabiliz. Horrez gain, epe horretan, entitate horien ordezkariek erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko dute, frogatzeko 2. idatz-zatian ezarritako betebeharrak betetzen dutela, bai eta entitatearen kontuak ere, salbu Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan dagoeneko aurkeztu badituzte zerga-araudia betetzeko.

Eskubide Sozialetako Departamentuari eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagokie egiaztatzea ezarritako baldintzak betetzen direla, entitate eskatzaileen jarduera eremuaren arabera.

5. Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak 3. eta 4. idatz-zatietan aipatzen diren eskaerak ebatziko ditu, entitateen xede soziala gizarte zerbitzuen edo garapenerako lankidetzaren arlokoa bada, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko entitateen eskaerak.

Pertsona berberei dagokie xedatzea entitate batek xedapen horretan ezarritako araubidea erabiltzeari utzi behar diola, egiaztatzen dutenean betebeharren bat betetzen ez duela.

Hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da ebazpen hori. Epe hori igarota ebazpen espresurik jakinarazi ez bazaio, eskaera aurkeztu duen entitate interesdunak zilegi du ulertzea eskaera baietsi dela administrazio isiltasunaren bidez.

Hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da araubidea erabiltzeari uzteko ebazpena. Epe hori igarota ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da.

6. Pertsona fisioen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek, entitate onuradunei dohaintza egiten badiete, eskubidea izanen dute, emandako lehenbiziko 150 euroetan, zergaren kuotatik 100eko 80 kentzeko. “Inter vivos” dohaintza ezeztaezin, soil eta hutsetan emandako zenbatekoak hartuko dira kontuan, bai eta 2. idatz-zatian aipatzen diren entitateekin egindako lankidetza hitzarmenen ondorioz emandakoak ere, entitateak, edo, hala bada, Eskubide Sozialetako Departamentuko zerbitzuko edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuko titularraren ebazpenean jasotako jarduerak, 5. idatz-zatian aipatzen direnak, finantzatzera bideratzen badira. 150 eurotik gorako zenbatekoek 100eko 35eko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute. 150 euroko muga hori subjektu pasibo bakoitzeko eta zergaldiko aplikatuko da.

Doako zerbitzu-emateetan, kenkariaren oinarria egindako gastuen kostua izanen da, irabazi-marjina kontuan izan gabe.

Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen Testu Bateginaren 64.1 artikuluan aipatzen den mugaren ondorioetarako kontatuko da.

7. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek entitate onuradunei dohaintzak edo zenbatekoak ematen badizkiete betiere aurreko idatz-zatian ezarritako kasu, baldintza eta helburuekin, onura fiskal hauek izanen dituzte:

a) Zerga-oinarria zehazteko, dohaintzan emandako zenbatekoak kengarritzat hartuko dira.

b) Horrez gain, zergaren kuota likidoan dohaintzen zenbatekoaren 100eko 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute.

Zerga oinarrian kentzen ahal den zenbatekoa honako muga hauetako handiena adinakoa izanen da, gehienez ere:

–Murriztapen hori eta, kasua bada, foru lege honen 37., 42. eta 47. artikuluek aipatzen dituztenak egin aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 30.

–Negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3.

Bestetik, kuotako kenkaria gauzatzeko, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio, eta han ezarritako mugak izanen ditu.

8. Bateraezina izanen da xedapen gehigarri honetan ezarritako onura fiskalak eta foru lege honetan ezarritako gainerakoak zenbateko berberetarako jasotzea.

9. Onura fiskal hauek aplikatzeko, entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dohaintzak edo lankidetza hitzarmenaren ondoriozko zenbatekoak egiaz eman direla eta entitateak edo, hala bada, xedeko jarduerak finantzatzeko egiaz erabili direla frogatzea, kasuan kasuko ziurtagirien bidez.

b) Emandako egiaztagirien edukia jakinarazi beharko diote zerga administrazioari, zerga-araudian ezarritako eredu eta epeekin.

10. Urte bakoitza bukatu baino lehen, Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xedapen gehigarri honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitate onuradunen zerrenda bidaliko diote zerga administrazioari.”

Bi.–Xedapen iragankorraren titulua aldatzen da, orain “Lehenbiziko xedapen iragankorra” izanen baita.

Hiru.–Bigarren xedapen iragankorra gehitzea. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Bigarren xedapen iragankorra.–“Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua dagoeneko lortu duten proiektuei aplikatzekoak zaizkien pizgarri fiskalak.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua lortu zuten urte anitzeko proiektuei emandako dohaintzek eta foru lege honen hamargarren xedapen gehigarrian –2017ko urtarrilaren 1ean indarrean den testuaren arabera– mezenasgo sozialerako ezarritakoek onura fiskal berberak izanen dituzte, betiere Gizarte Politiketako kontseilariak “Konpromiso sozialeko proiektua” izeneko zigilua emateko deialdia onetsi zuen foru aginduan eta proiektu jakin bati zigilu hori ematen dion foru aginduan ezartzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badira.

Urte anitzeko proiektuaren gauzatzea bukatzen den arte aplikatuko dira aipatu onura fiskalak.”

Zazpigarren artikulua.–Hondakin uren saneamenduko kanonaren tarifak.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legeak sortutako saneamenduko kanonaren tarifak, foru lege horren bigarren xedapen iragankorrean (Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legearen 11. artikuluak emandako testuaren arabera) zehazten direnen ordez, honako hauek izanen dira:

1. a) Saneamenduko sare publikoetara konektatutako etxeko ur-erabilerei aplikatu beharreko karga tasak: 0,597 euro metro kubiko bakoitzeko.

b) Saneamenduko sare publikoetara konektatutako ur-erabilerei, etxekoak ez direnei, aplikatu beharreko karga tasak: 0,715 euro metro kubiko bakoitzeko. Karga kutsatzaileari dagokion indize zuzentzailea aplikatuko da, hala behar denean, apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuan eta Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian araututako moduan.

c) Saneamenduko sare publikoei konektaturik ez dauden baina erakunde eskudunek eman beharreko baimen administratiboak dituzten erabiltzaileak: 0,086 euro metro kubiko bakoitzeko. Ibilgu publikora isurtzeko baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, a) edo b) letretan ezarritakoaren arabera dagokion tarifa aplikatuko da.

2. Ur-banaketan aritzen diren entitateek horniduragatiko tasak arautzen dituzten ordenantzetan ezarritakoa aplikatu ahal izanen diote saneamenduko kanonari ur-ihesak daudenean isuria kalkulatzen den kasurako edo hobari sozialak aplikatzeko.

3. Arazketa-instalazio pribatuetatik datozen lohiei tarifa hauek aplikatuko zaizkie tratatuak izateagatik, baldin eta onartzen badira Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzendariari atxikitako hondakin-uren araztegietako lohien lerroetan:

NEURKETA

PREZIOA

5 m³ arte

42,50 euro

10 m³ arte

85,00 euro

10 m³ baino gehiago

8,50 euro/m³

4. Aurreko zenbatekoei balio erantsiaren gaineko zerga gehituko zaie”.

Zortzigarren artikulua.–Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legea.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen manu hauen testua honakoa izanen da:

Bat.–103. artikulua, 2.E) idatz-zatia.

E)

Pertsona edo/eta animalientzako medikamentuak eta haien printzipio aktiboak prestatzen dituen industria

Fabrikazio onerako arauak betearazteko ikuskapena eta egiaztapena. Ikuskapenean eta/edo egiaztapenean emandako egun bakoitzeko

450

Publizitatea baimentzea

125

Ikuskapen arautua edo alderdi batek eskatua

75

Botikak eta beste produktu batzuk baimendu ondoko azterlanak. Baimena

600

Bi. 103.5 artikulua.

“5. Albaitaritza zerbitzuak.

KODEA

IZENA

TARIFA

AZ01

Animalien osasun kontrola, ausikia gertatzen denean

25

AZ02

Zakurrak harrapatu eta biltzeko zerbitzuak. (Prezioak txakurreko)

60

AZ02.1

Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentroan (Etxaurin) uztea

15

AZ02.2

Beste jabe batzuek adoptatutako zakurrak

15

AZ02.3

Egonaldi gastuak Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentroan (Etxaurin)

20 (1)

AZ03

Osasun ziurtapenak elikagaiak esportatzeko

10

AZ04

Albaitarien jarduketak zezenketetan (Prezioak albaitari bakoitzeko)

250

(1) 20 euro, gutxienez. 5. egunetik aurrera, 3 euro gehituko dira egonaldiaren egun bakoitzeko.”

Hiru.–103.6 artikulua.

“6. Elikagaien arloko Enpresen Erregistroa.

IZENA

TARIFA

Hasierako inskripzioa, funtzionamendurako baimena behar duten industrien erregistroan, Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2004ko apirilaren 29ko 853/2004 (EE) Erregelamenduan ezarri bezala. Erregelamendu horren bidez, animalia-jatorriko elikagaiei buruzko higiene-arau berariazkoak ezartzen dira

50

Elkarren onarpena duten elikadura-osagarrien jakinarazpenak (jakinarazitako osagarri bakoitzeko)

10

Elkarren onarpenik gabeko elikadura-osagarrien jakinarazpenak (jakinarazitako osagarri bakoitzeko)

20

Lau.–103. bis artikulua gehitzea.

“103.bis artikulua. Onura fiskalak.

1. Tasa ordaintzetik salbuetsita daude nagusiki prebentziokoak diren osasun zerbitzuak, bai eta funtsean epidemiologikoak edo elikagaien arlokoak direnak edo komunitatearen osasuna zuzenean babestekoak, Osasun Departamentuak ematen dituen jarraibideen arabera.

2. Tasan 100eko 40ko murriztapena aplikatuko da irabazi-asmorik gabeko entitateei emandako zerbitzuetan.

Murriztapena aplikatzeko, interesdunak eskaera egin behar du, eta erregelamenduz ezartzen diren baldintzak bete behar ditu.

3. “Botikak eta beste produktu batzuk baimendu ondoko azterlanak. Baimena” (103.2 artikuluko E) letra) izeneko tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira saiakuntza klinikoen araudiaren arabera “merkataritza asmorik gabeko ikerketa klinikoa” diren azterlanak.”

Bost.–IX. tituluaren II. kapitulua.

“II. kapitulua. Abereen eta haien produktuen osasun ikuskapen eta kontrolen tasak.”

104. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Foru Komunitateak tasa horiek eskatuko ditu baldin eta Nafarroan kokatzen bada abereak hiltzen, kanalak zatitzen, haragiak biltzen edo animalietako eta haien produktuetako substantziak eta hondakinak kontrolatzen diren establezimendua.

2. Kapitulu honetan araututako tasen zenbatekoa ezin zaie hirugarren pertsonei itzuli, ez zuzenean ez zeharka, haragien esportazioagatik edo beste arrazoi batengatik.

105. artikulua. Zergapeko egintza.

1. Tasa hauen zerga-egitatea da Foru Komunitateko Administrazioak behar diren zerbitzuak ematea osasun publikoa eta animalien osasuna zaintzeko, abereen, gizakiek jateko diren haragi freskoen eta animalia-jatorria duten beste produktu batzuen osasun ikuskapen eta kontrolen bidez, dagozkien zerbitzuetako fakultatiboek gauzatuak, abereak hiltzeko, zatitzeko eta hoztuta biltegiratzeko Nafarroako lokal edo establezimenduetan edo gainerako kontrol eta azterketak egiteko dauden zentro egokietan.

2. Tributuaren ordainarazpenaren ondorioetarako, zerga-egitatean sartzen diren osasun ikuskapen eta kontroleko jarduerak honela sailkatzen dira:

a) Osasun ikuskapen eta kontrolak, abereak hil aurretik, haragi freskoak ateratzeko abere hauetatik: abelgorriak, zerriak, ardiak, ahuntzak, beste hausnarkari batzuk, untxiak eta lumadun eta iledun ehizaki xehea, solipedoak/ekidoak eta oilategiko hegaztiak.

b) Osasun ikuskapen eta kontrolak, abereak hil ondoren, hildako abereen haragi fresko horiek lortzeko.

c) Establezimenduetan egindako eragiketen kontrol dokumentala.

d) Gizakiek jateko diren kanal, errai eta barrukien kontrola eta markaketa, eta haragia zatitzeko aretoetan lortutako piezen markaketa edo zigilaketa.

e) Gizakiek jateko diren haragi freskoak biltegiratzeko eragiketen kontrola, horrela ezartzen den unetik aurrera, salbu azken kontsumitzaileei saltzeko lokaletan egiten diren kopuru txikikoak.

f) Substantzien eta hondakinen kontrola animaliengan eta haien produktuetan, araudi indardunean ezarri bezala.

106. artikulua. Subjektu pasiboak.

Tasaren subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, zerbitzua eskatzen dutenak edo hiltze, zatitze, biltegiratze edo kontrol eragiketen hartzaileak.

107. artikulua. Ordezkoak.

Honako hauek behartuta daude tributua ordaintzera, zergadunaren ordezko gisa:

1. Abereei hil aurretik edo hil ondoren egiten zaizkien osasun ikuskapen eta kontrol ofizialei dagozkien tasen kasuan, bai eta gizakiek jateko diren kanal, errai eta hondakinen markaketaren kasuan ere, hilketa edo ikuskapena egiten den establezimenduen titularrak.

2. Zatiketa eragiketen kontrolari dagozkion tasen kasuan:

a) Aurreko 1. idatz-zatian zehaztutako pertsona berberak, zatitze eragiketak hiltegian berean egiten direnean.

b) Zatitze eragiketak modu independentean egiten dituzten establezimenduen titularrak, gainerako kasuetan.

3. Biltegiratzearen kontrolari dagozkion tasen kasuan, establezimendu horien titularrak.

4. Animalietako eta haien produktuetako substantzien eta hondakinen kontrolari dagozkion tasen kasuan, kontrol eta analisi horiek egiten diren establezimenduen titularrak.

Interesdunak hirugarren batetik eskuratu badu aberea, bizirik, gero hiltzeko, hirugarren horri eskatzen ahalko dio 105.f) artikuluan definitutako kontzeptuari dagokion tasaren zenbatekoa.

108. artikulua. Tributuaren erantzuleak.

Honako hauek tributuaren erantzuleak izanen dira subsidiarioki:

a) Beren jarduerari utzi dioten sozietateen administratzaileak, ordaindu gabeko tasei dagokienez.

b) Porroten, konkurtsoen, sozietateen eta, oro har, entitateen sindiko, kontu-hartzaile edo likidatzaileak, baldin eta, zabarkeriaz edo fede gaiztoz, egoera horien aurretik sortutako tributu-betebeharrak, dagozkien subjektu pasiboei egozten ahal zaizkienak, erabat betetzeko behar diren kudeaketak egiten ez badituzte.

109. artikulua. Haragi freskoen eta untxi eta ehizaki haragien osasun ikuskapen eta kontrolei dagozkien tasen tarifak.

1. Zergadunari tarifa eskatuko zaio animalia bat hiltzen den bakoitzeko, zatikatzeko eragiketa bakoitzeko eta biltegietako kontrol bakoitzeko.

Hiltegietan egiten diren hilketei dagozkien tarifak bertan hiltzen diren animalien kopuruaren arabera likidatuko dira.

Abereak hiltzen direnean, hil aurreko eta ondorengo osasun ikuskapen eta kontrolerako jarduerei, eginiko eragiketen agiri bidezko kontrolari eta kanal, errai eta barrukien markaketari dagozkien tarifak, behar bezala baimenduriko establezimendu edo instalazioetan hildako abere bakoitzarendako, ondorengo tauletan agertzen diren zenbatekoetan ezartzen dira:

a) Hiltegietako ikuskapen eta osasun kontroletan aplikatzekoak diren tasen zenbatekoak, animalia bakoitzeko:

AZIENDA MOTA

TARIFA ANIMALIA
BAKOITZEKO

1. TARIFA

Abelgorrien haragia

1. Abelgorri pisudunak

5,50 euro (0,36)

2. Abelgorri gazteak

2,20 euro (0,25)

2. TARIFA

Solipedoak, ekidoak

3,20 euro (0,21)

3. TARIFA

Zerrikia, zerriek kanalean duten pisuaren arabera

1. 25 kg-tik beherakoa

0,61 euro (0,03)

2. 25 kg-koa edo hortik gorakoa

1,01 euro (0,107)

4. TARIFA

Ardi eta ahuntzen haragia, animaliek kanalean duten pisuaren arabera

1. 12 kg-tik beherakoa

0,20 euro (0,01)

2. 12 kg-koa edo hortik gorakoa

0,40 euro (0,029)

5. TARIFA

Hegaztien eta untxien haragia

1. Hegaztiak, Gallus generokoak eta pintadak

0,006 euro (0,001)

2. Ahateak eta antzarak

0,011 euro (0,02)

3. Indioilarrak

0,025 euro (0,002)

4. Haztegiko untxiak

0,006 euro (0,001)

5. Etxe-hegaztiak ez izan arren etxe-abere gisa hazten diren hegaztiak, erratiteak izan ezik

0,006 euro (0,001)

6. TARIFA

Haztegiko ehiza

1. Oreinak

0,40 euro (0,029)

2. Haztegiko ehizako beste ugaztun batzuk:

0,40 euro (0,029)

Hiltzeko diren abere bizidunengan eta tasa honen xedeko haragietan, ezarritako kontrol eta teknika analitikoei buruzko osasun araudiarekin bat, substantziak kontrolatzeko eta hondakinak ikertzeko kontrol eragiketen tarifa hilketari aplikatzen zaion kuota osoan sartzen da, eta informaziorako xehakatzen da aurreko taulan, parentesi arteko zifren bidez.

b) Animaliak zatikatzeko aretoetako ikuskapen eta osasun kontroletan aplikatzekoak diren tasen zenbatekoak, tona bakoitzeko:

AZIENDA MOTA

TARIFA TONA BAKOITZEKO

1. TARIFA

Behi, zerri, solipedo, ekido, ardi eta ahuntzen haragia

2,20 euro

2. TARIFA

Haztegiko hegaztien eta untxien haragia

1,70 euro

3. TARIFA

Basa ehizakien eta haztegiko ehizakien haragia

1. Lumadun eta iledun ehizaki xehearen haragia

1,70 euro

2. Erratiteen haragia (ostrukak eta beste)

3,20 euro

3. Aketzen eta hausnarkarien haragia

2,20 euro

c) Ehizakia eraldatzeko instalazioetako ikuskapen eta osasun kontroletan aplikatzekoak diren tasen zenbatekoak:

AZIENDA MOTA

TARIFA ANIMALIA BAKOITZEKO

1. TARIFA

Lumadun ehizaki xehea

0,006 euro

2. TARIFA

Iledun ehizaki xehea

0,011 euro

3. TARIFA

Erratiteak

0,60 euro

4. TARIFA

Lurreko ugaztunak

1. Basurdeak

1,70 euro

2. Hausnarkariak

0,60 euro

d) Haragiak biltegiratzeagatik aplikatzekoak diren tasen zenbatekoa.

Haragiak biltegiratzeko eragiketetan, biltegiratzea kontrolatzeko eragiketen xedeko tonen arabera zehaztuko dira kuotak. 0,51 euroko tarifa aplikatuko da tona bakoitzeko.

2. Establezimendu berean abereak hiltzeko, zatitzeko eta biltegiratzeko jarduerak modu integratuan egiten badira, zenbateko handiena duen jardueraren tasa jasoko da soilik. Ondorio horietarako, ulertuko da establezimendua dela zenbait instalazio erantsi dituena titular beraren jarduerak, abereak hiltzeko eta zatitzekoak, egiteko.

110. artikulua. Esne, esneki eta oboproduktuetako substantzien eta hondakinen kontrol eta ikerketetan aplikatzekoak diren tasen zenbatekoa.

Esne, esneki eta oboproduktuetako substantzien eta hondakinen kontrol eta ikerketa eragiketetan, 0,02299 euroko tarifa aplikatuko da lehengai gisa erabilitako mila litro esne gordineko, edo oboproduktuen tona metriko bakoitzeko.

111. artikulua. Murriztapenak hiltegien osasun ikuskapenaren tasan.

Likidazio bakoitzean, tasen xedeko hiltegietako jardueren erantzuleak diren subjektu pasiboek ondoko murriztapenak aplikatzen ahalko dituzte beren autolikidazioan, 109. artikuluko tauletan ezarritako zenbatekoak aplikatzetik kalkulatzen den kuotan. Murriztapenak bateragarriak dira elkarren artean likidazio bakoitzean:

a) Murriztapena lan ordutegiagatik.

100eko 30eko murriztapena tasaren tributu-kuotan, albaitaritza zerbitzu ofizialaren presentzia bakarrik lanegun diren astelehenetik ostiralera, 06:00etatik 15:00etara, eskatzen duten hiltegietarako eta ehizakien haragia manipulatzeko aretoetarako. Murriztapena aplikatu ahal izateko, hiruhilekoko hilabete bakoitzean 100eko 5eko desbiderapena, gehienez, izanen da ordutegi horretan.

Albaitaritza zerbitzu ofiziala ordutegi horretatik kanpo eskatzen duten hiltegiek 100eko 10eko murriztapena izanen dute, baldin eta, gutxienez, eskaeraren erdia ordutegi horretan egiten bada.

Albaitaritza zerbitzu ofiziala larunbatetan, igandeetan edo jaiegunetan eskatzen bada, ez da murriztapenik aplikatuko kontzeptu horrengatik, egun horietan hildako edo zatikatutako abereei dagokienez. Ez da aurreko baimenik eman behar murriztapena aplikatzeko. Interesdunek albaitaritza zerbitzu ofizialek noizean behin ematen duten informazioa erabiliko dute kontzeptu horrengatik bidezkoa den likidazioa kalkulatzeko; informazioa kudeatzen duten administrazio organoek egiaztatuko dute informazio hori, eta horren ondorioz eskatzen ahalko da murriztapenak erregularizatzeko.

b) Murriztapena hiltegien jardueraren plangintzagatik eta hura betetzeagatik.

Murriztapena aplikatzeko, hiltegiek plangintza eta programazio sistemak aplikatu behar dituzte produkzio prozesuetan, eta sistema horiei esker ikuskapen zerbitzuek gutxienez bost egun natural lehenago jakinen dute eman beharreko zerbitzuaren data.

Kontzeptu honengatik murriztapenaren zenbatekoa kalkulatzeko, 100eko 15 aplikatuko zaio kuotari.

c) Murriztapena kontrol ofizialari emandako laguntza instrumentalagatik.

Murriztapen hau aplikatzeko, establezimenduak ikuskapen zerbitzuen eskura jarri behar ditu berariazko kontrol jarduerak instalazioetan gauzatzeko behar diren materiala eta ekipamendua. Hornidura instrumentala honako hauetan zehazten da: babes ekipamendu egokiak, lan espazio eta ekipamendu egokituak (lan arriskuen prebentziorako baldintzak kontuan hartuta), tresnak, zerbitzu informatikoa, eta bulegoko eta komunikazioetako material egokia.

Murriztapenaren zenbatekoa kalkulatzeko, 100eko 15 aplikatuko zaio kuotari.

d) Murriztapena hiltegiko langileen laguntzagatik.

Kasuan kasuko espezieari dagokion kuotaren 100eko 15eko murriztapena, baldin eta subjektu pasiboak, bere jardueraren eta araudi indardunaren arabera, ikuskapenari laguntza ematen dioten hiltegiko langileak baditu. Langile horiek subjektu pasiboaren kargura izanen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 29ko 854/2004 EE Erregelamenduaren I. eranskineko 111. atalaren III. kapituluko B puntuarekin bat. Erregelamendu horren bidez, gizakiek kontsumitzeko diren animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak antolatzeko berariazko arauak ezartzen dira.

e) Murriztapena hil aurreko kontrol eta ikuskapenak egiteagatik. Murriztapen hau aplikatzeko, jarduera horiek jatorrizko ustiategian egin behar zaizkie hil beharreko animaliei, hiltegian errepikatu beharrik gabe, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 29ko 854/2004 EE Erregelamenduan zehaztutakoarekin bat, edo sistema bat badute abereak kontrolatu eta erregistratzeko, hiltegira heltzen direnean, modu horretan hil aurreko ikuskapena erraztuz.

Kontzeptu honengatik murriztapenaren zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko 5 aplikatuko zaio kasuan kasuko espezieari dagokion kuotari.

f) Murriztapena aldeko ebaluazioa duten autokontrol sistema aurreratuengatik. Murriztapena aplikatzeko, establezimenduak autokontrol sistemak izan beharko ditu, Arriskuen Azterketa eta Kontrol Gune Kritikoak (AAKGK) sistemetan oinarrituta daudenak eta aldeko ebaluazioa dutenak; eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasunaren Institutuko zerbitzu teknikoek baloratu behar dute abantailak dituztela kontrol ofizialak aplikatzeko, eta, horren ondorioz, kontrol horien kostuak murrizten dituztela.

Kontzeptu honengatik murriztapenaren zenbatekoa kalkulatzeko, 100eko 5 aplikatuko zaio kuotari.

112. artikulua. Tasaren murriztapena animaliak zatikatzeko aretoetan, ehizakiak eraldatzeko establezimenduetan eta toreaketa-zezenak tratatzeko aretoetan egiten diren ikuskapen eta kontrolengatik.

Animaliak zatikatzeko aretoetan, ehizakiak eraldatzeko establezimenduetan eta toreaketa-zezenak tratatzeko aretoetan ardura duten elikagaien enpresek murriztapena aplikatzen ahalko dute aldeko ebaluazioa duten autokontrol sistema aurreratuengatik.

Murriztapena aplikatzeko, establezimenduak autokontrol sistemak izan beharko ditu, Arriskuen Azterketa eta Kontrol Gune Kritikoak (AAKGK) sistemetan oinarrituta daudenak eta aldeko ebaluazioa dutenak; eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasunaren Institutuko zerbitzu teknikoek txosten batean adierazi behar dute abantailak dituztela kontrol ofizialak aplikatzeko, eta, horren ondorioz, kontrol horien kostuak murrizten dituztela.

Kontzeptu honengatik murriztapenaren zenbatekoa kalkulatzeko, 100eko 35 aplikatuko zaio kuotari.

113 artikulua. Aurreko baimena murriztapenak aplikatzeko, eta mantendu beharreko baldintzak.

1. 111. artikuluaren b), c), d), e) eta f) letretan eta 112. artikuluan ezarritako murriztapenak aplikatzeko, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aurreko onarpena eman behar du. Hiru hilabeteko epean jakinarazi beharko da, eskaera tramitazioaren organo eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik hasita. Eskaera epe horretan ebazten ez bada, ulertuko da interesdunak murriztapenerako eskubidea duela. Epe hori bukatu ondoren eginen duen lehenbiziko autolikidazioan aplikatu beharko da.

2. Murriztapena aplikatzen jarraitzeko, onarpena ekarri zuten inguruabarrak mantendu beharko dira.

114. artikulua. Sortzapena.

Animalien eta animalia-jatorriko produktuen osasun ikuskapen eta kontroletarako ezarritako tasak sortuko dira 109. eta 110. artikuluetan zerrendatzen diren zerbitzuak ematen diren unean.

115. artikulua. Likidazioa eta diru-sarrera.

Ordezko subjektu pasiboen autolikidazio sistemaren bidez ordainduko dira tasak; hiruhileko natural batean sortutako tasak hurrengo hilabetearen lehen hogei egunetan ordaindu beharko dira.

115. bis artikulua. Erregistroa izateko betebeharra.

1. Esne, esneki eta oboproduktuetako substantzien eta hondakinen kontrol eta ikerketen tasak ordaindu behar dituzten subjektu pasiboak behartuta daude tasa horiei lotutako eragiketa guztien erregistro bat izatera. Hildako animaliak agertu behar dira, eragiketen zenbakia, eguna eta ordua eta animalien pisua adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ematen dituen ereduekin bat, formatu elektronikokoak barne. Animaliak zatikatzeko eragiketak ere erregistratuko dira, foru lege honetan ezarritako baldintzekin.

2. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuarekin batera, aurreko lerrokadan aipatzen diren erregistroen ereduak ezarriko ditu, formatu elektronikokoak barne, elikagaien enpresek bete beharrekoak, bai eta tasa hauen zenbatekoak ordaintzeko aurkeztu behar diren aitorpen eta autolikidazio ereduak ere.”

Sei.–182.1 artikulua.

“1. Zerga-egitatea.

Tasaren zerga-egitatea da dokumentu ondareko agirien erreprografia zerbitzua ematea.”

Zazpi.–Titulu berri bat (XV.a) gehitzea.

“XV. titulua. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren tasak.”

Zortzi.–I. kapitulua gehitzea XV. tituluari.

“I. kapitulua. Enpresei eta prestakuntza zentroei zerbitzu administratiboak emateagatik ordaindu beharreko tasa.”

183. artikulua.

1. Zerga-egitatea.

Tasaren zerga-egitatea da enpresei eta ekimen pribatuko prestakuntza zentroei baimena ematea profesionaltasun ziurtagirietarako prestakuntza (funts publikoen bidezko finantzaziorik gabea) emateko, prestakuntza horien ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egiteko eta kualifikazioa egiaztatzeko.

2. Subjektu pasiboak.

Tasaren subjektu pasiboak dira bere zerga-egitatearen xedeko zerbitzuak eskatzen edo haietatik onura ateratzen duten enpresak eta ekimen pribatuko prestakuntza zentroak.

3. Sortzapena.

Tasa sortuko den unea:

a) Baimen fasean: prestakuntza emateko baimena eskatzen denean.

b) Kualifikazioaren ebaluazio, jarraipen, kontrol eta egiaztapen fasean: prestakuntza hasi baino lehen.

4. Tarifak.

Tarifa hauen arabera eskatuko da tasa:

a) Baimen fasean:

Prestakuntza modulu solteak: 200 euro modulu bakoitzeko.

Ikastaro osoa: 300 euro ikastaro bakoitzeko.

b) Ebaluazio, jarraipen, kontrol eta egiaztapen fasea:

Prestakuntza modulu solteak: 200 euro modulu bakoitzeko.

Ikastaro osoa: 300 euro ikastaro bakoitzeko.”

Bederatzi.–II. kapitulua gehitzea XV. tituluari.

“II. kapitulua. Tasa entitate pribatuei lanbide gaitasunen egiaztapen deialdiak baimentzeagatik.

184. artikulua.

1. Zergapeko egintza.

Tasaren zerga-egitatea da deialdiak egiteko baimena ematea pertsonek lan-esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko, entitate pribatuek eskatuta.

2. Subjektu pasiboa.

Tasaren subjektu pasiboak dira deialdiak egiteko eskaera aurkezten duten entitate pribatuak.

3. Sortzapena.

Deialdia egiteko eskaera aurkeztean sortuko da tasa. Hala ere, deialdia baimentzean eskatuko da tasa.

4. Tarifa.

Tasaren tarifa 650 eurokoa izanen da ikaspostu bakoitzeko.”

Hamar.–III. kapitulua gehitzea XV. tituluari.

“III. kapitulua. Tasa lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran izena emateagatik.

185. artikulua.

1. Zergapeko egintza.

Tasaren zerga-egitatea da izena ematea pertsonek lan-esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduretan.

2. Subjektu pasiboak.

Prozeduran izena emateko eskaera aurkezten duten pertsona fisikoak dira tasaren subjektu pasiboak.

3. Sortzapena.

Izen emateko eskaera aurkezten den unean berean sortuko da tasa.

4. Tarifak.

Tarifa hauen arabera eskatuko da tasa:

Aholkularitza faserako izena ematea: 20 euro.

Ebaluazio faserako izena ematea: Hautagaiak izena ematen duen gaitasunaren unitate bakoitzeko: 10 euro”.

Hamaika.–IV. kapitulua gehitzea XV. tituluari.

“IV. kapitulua. Tasa profesionaltasun ziurtagirien kopiak luzatzeagatik.

186. artikulua.

1. Zergapeko egintza.

Tasaren zerga-egitatea da profesionaltasun ziurtagirien kopiak luzatzea.

2. Subjektu pasiboak.

Ziurtagirien kopia luzatzeko eskaera aurkezten duten pertsona fisikoak dira tasaren subjektu pasiboak.

3. Sortzapena.

Ziurtagiriaren kopia eskatzean sortuko da tasa.

4. Tarifa.

Tarifa 10 eurokoa izanen da ziurtagiriaren kopia bakoitzeko.”

Hamabi.–Azken xedapenetan lehenengoa. Bigarren lerrokada.

Azken xedapenetan lehengoaren bigarren lerrokada indargabetzen da.

Bederatzigarren artikulua.–Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen Foru Legea.

2017eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen I. eranskineko epigrafe hauek honako testua izanen dute:

Bat.–751.1 epigrafea:

751.1 epigrafea. Ibilgailuak garajeetan eta lokal estalietan gorde eta zaintzea.

Kuota:

Jarduera horretarako azalera 250 metrokoa bada gehienez: 29.910 pezeta (179,76 euro).

Aurreko mugatik gaineko 50 metro karratuko zati bakoitzeko (edo horren zatikiko): 6.624 pezeta (39,811042 euro).

Jarduera horretarako azalera konputatzeko, sarbideak, arrapalak, barneko bideak eta espazio eta elementu osagarri guztiak kenduko dira.

Oharra: Kuota hauek ez dute baimena ematen soilik ordu batzuk, nagusiki gauez sartzen diren kotxeekin txandakatuz, gordetzen diren autoak egunez zaintzeko.

Zainketa mota hori gauzatzen bada, kuotei 100eko 25 gehituko zaie.

Bi.–Eduki berri bat gehitzen zaio 969.4 artikuluari (Josteta eta Zorizko Makinak), honako testuarekin:

969.4.7 azpiepigrafea. Apustu makinak erregulatzen dituen erregelamenduko makinak, funtzionatzen ari diren tokia edozein delarik ere.

Gutxieneko udal kuota: 77 euro makina bakoitzeko.

Oharra: Makina instalatuta dagoen establezimendu edo lokalaren entitate edo pertsona titularrak ordainduko du kuota, ez beste inork.

969.4.8 azpiepigrafea. Apustu makinak erregulatzen dituen erregelamenduko makinen titulartasuna, funtzionatzen ari diren tokia edozein delarik ere.

Kuota nazionala: 77 euro makina bakoitzeko.

Oharra: makinen jabea den pertsonak edo entitateak ordainduko du kuota, ez beste inork.

Hiru.–86. elkartzearen barruan (lanbide liberal, artistiko eta literarioak) 863. talde berri bat gehitzen da, honako testu honekin:

“863. taldea. Idazleak. Kuota: 18.300 pezeta”.

Hamargarren artikulua. 21/1994 Foru Legea, abenduaren 9koa, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeek eskaturik, zenbait datu jakinarazteko betebeharra arautzeari buruzkoa.

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeek eskaturik zenbait datu jakinarazteko betebeharra arautzeari buruzko abenduaren 9ko 21/1994 Foru Legearen artikulu bakarra aldatzen da.

“Artikulu bakarra.

Nafarroako Foru Komunitateko zerga administrazioek esku artean dituzten zerga aitorpen, datu, txosten eta aurrekari guztiak eman beharko dizkiete Nafarroako Parlamentuak sortutako ikerketa batzordeei, bai eta, hala denean, egiaztapen eta ikerketa jarduketen ondoriozko dokumentazioa ere, horiek eskatzen baldin bazaizkie eta honako baldintza hauek betetzen badira:

Lehena.–Honako pertsona edo entitate hauei buruzkoak izatea:

Bat. Hautaketa edo izendapena tarteko, honako kargu hauetakoren batean jardun duten edo diharduten pertsona fisikoak:

a) Nafarroako Gobernuko kideak.

b) Nafarroako Parlamentuko kideak.

c) Nafarroako toki entitateetako hautetsiak.

d) Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako zuzendari nagusiak.

e) Gobernuko lehendakariaren eta kontseilarien eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren kabineteetako kideak.

f) Izendapen libreko lanpostuen titularrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan eta erakunde autonomoetan, nahitaez funtzionarioek bete beharrekoenak izan ezik.

g) Izendapen libreko lanpostuen titularrak, Nafarroako toki entitateetan eta horien menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan eta erakunde autonomoetan, nahitaez funtzionarioek bete beharrekoenak izan ezik.

h) Nafarroako Foru Komunitateko eta Nafarroako toki entitateetako sozietate publikoetako lehendakariak, zuzendari exekutiboak edo baliokideak.

Bi. Aurreko idatz-zatian aipatutako pertsonen gaur egungo edo ikerketaren arreta-gaia den uneko ezkontideak, bikotekide egonkorrak edo bigarren mailarainoko ahaideak (odolkidetasunekoak zein ezkontza bidezkoak) diren pertsona fisikoak.

Hiru. Pertsona juridikoak, zeinetan aurreko idatz-zatiek aipatutako pertsonek zuzenean edo zeharka 100eko 10 baino gehiagoko sozietate-partaidetza izan baitute edo horien zuzendaritzan, aholkularitzan edo administrazioan nolabait parte hartu badute. Idatz-zati honen ondorioetarako, banakako partaidetza gehituko zaio beste sozietate batzuen bidez edo beren izenean jardun arren aurreko idatz-zatietan adierazitakoen kontura egiten duten pertsonen bidez duenari.

Lau. Pertsona juridikoak, Nafarroako Foru Komunitateko eta Nafarroako toki entitateetako sektore publikoarekin edozein izaeratako kontratuak sinatu dituztenak edo administrazio publiko horiengandik diru-laguntzak, kredituak edo abalak jaso dituztenak.

Bigarrena.–Ikerketaren xedeak zerikusia izatea kargu horietako jardunarekin edo pertsona juridiko horien jarduerarekin.

Ikerketa batzordeak nahasmenerako biderik eman gabe identifikatu beharko du zer pertsona edo entitateri buruzko datuak eskatzen dituen, eta bere eskaera arrazoitu beharko du datuen lagapena baimentzen duten artikulu honetako baldintzak adieraziz.

Hirugarrena.–Ikerketa batzordearen ustez datu, txosten, aurrekari eta dokumentu horiek izan gabe ezinezkoa izatea bere sortze-eginkizuna betetzea.

Laugarrena.–Zerga administrazioak ikerketa batzordeari bidalitako datuak, txostenak, aurrekariak edo dokumentuak isilpean mantentzea, ikerketaren konklusioetan jasotzen direnak izan ezik”.

Hamaikagarren artikulua.–Abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra, Tributuei buruzkoa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari hogeita zazpigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio.

“Hogeita zazpigarren xedapen gehigarria.–2017an geroratzeko baldintza bereziak, kirol-lehia ofizial profesionaletan parte hartzen ez duten kirol klubentzakoak.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrak baldintza bereziak eman ahalko dizkie kirol-lehia ofizial profesionaletan parte hartzen ez duten kirol klubei, Nafarroako Foru Komunitatearekiko 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenago sortutako eta urte horretako ekainaren 30a baino lehen likidatu edo erregularizaturiko zerga-zorren zatikatze-epeari dagokionez.

Zorra ordaintzeari dagokionez, ez da inola ere emanen gabealdirik, ezta hamar urtetik gorako zatikatze-aldirik ere. Kuotak hilekoak izan beharko dira, eta ezin izanen dira gero eta handiagoak izan denboran.

Zatikatzeek dirauten bitartean, eman lekizkiekeen diru-laguntza guztiak ofizioz konpentsatuko dira, bai eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 2. artikuluan definitzen den foru sektore publikoko entitateetako edozeinekin sina litzaketen babes-kontratuen ondoriozko zenbatekoak ere.

Xedapen honetan aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoari jarraituko zaio”.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Hidrokarburoen gaineko zergaren karga-tasa autonomikoen aplikazioa indargabetzea.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren sortzapenen ondorioetarako, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legearen hamabosgarren artikulua indargabetzen da.

2. 1988ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko maiatzaren 12ko 3/1988 Foru Legearen VII. tituluaren VI. kapitulua indargabetzen da.

3. Zenbait zerga aldatu eta beste zerga neurri batzuk hartzeko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria indargabetzen da.

Azken xedapenetan lehena.–Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1614850