248. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Udal ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Mendabiako Udalak, 2016ko irailaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza, 2016ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 10ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2016ko azaroaren 22an.–Alkate udalburua, María Josefa Verano Elvira.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Mendabiako udal mugapean desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzea; gisa horretan beteko da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruz martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Legearen 7 b) artikuluan aurreikusitako betebeharra, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an emandako 98/376/CE Gomendioari eta abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuarekin bat, azken honen bitartez arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak eman eta erabiltzeko baldintzak. Helburua da testu arau-emaile honen bigarren artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten pertsonek automobila sarbide edo helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatu ahal izatea, joan-etorri luzeak saihestuz.

2. artikulua. Beharkizunak.

1. Mendabiako Udalak emandako aparkatzeko txartela eskuratzen ahalko dute desgaitasuna ofizialki aitortua duten pertsona fisikoek, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategineko 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi baitzuen, betiere eskabidea egiteko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udalerrian erroldatuta egotea.

b) Minusbaliotasun bat izatea; desgaitasun mota hauetako bat gutxienez frogatu beharko da:

–Lokomozio aparatuko desgaitasunen baten ondorioz mugikortasuna murriztua izatea eta honako alderdi hauek frogatzea:

  • Elbarritasun maila %33koa edo handiagoa duela frogatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan eskuratutako puntuak agertuko dituena, abenduaren 23ko 1971/4999 Errege Dekretuaren eranskinean jasotzen baita; hau da, garraio publiko kolektiboa erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan A, B edo C atalean egotea edo D, E, F, G eta H ataletan, betiere 7 puntu edo gehiago baldin baditu.

–Desgaitasuna ikusmenekoa bada, honako hau frogatu behar da:

  • Desgaitasuna %33koa edo handiagoa dela dioen ziurtagiria.
  • Honako egoera honen gaineko ziurtagiria:
  • Begirik hoberenean begi-zorroztasuna 0,1 (1/10 Wecker eskalan) edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek, bai mugikortasun murriztua bai ikusmeneko desgaitasuna, desgaitasun-maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute. Talde horiek desgaitasun eta minusbaliatasun maila kalifikatzeko eginkizunak eskualdatu zaizkien erkidego autonomoetako organoen menpe dauden organo tekniko eskudunen baitan egonen dira, minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan jasotako aurreikuspenekin bat. Hartara, talde multiprofesional horiek irizpena emanen dute, aginduzkoa eta lotestea izanen dena, Udalak ondotik txartela eman dezan.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

Artikulu honetan eskatzen diren baldintzak betez gero, dagokion aparkatzeko txartela emanen zaio.

2. Orobat, aparkatzeko txartelaren titularrak izan ahalko dira soilik desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko ibilgailuen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak, Mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aipatzen diren gizarte zerbitzuak ematen badituzte mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko, edo baita ere Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean aipatzen diren gizarte zerbitzuak ematen badituzte (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia).

3. Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta irizpen ofizialik izan ez, larritasun handiko gaixotasun edo patologiaren bat duelako, eta horrek bizi esperantza, bere adinerako normaltzat jotzen dena, nabarmen jaisten badu, bai eta ere gainerako egoera pertsonalengatik, betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean. Kasu horretan, osasun arloko zerbitzu publikoetako medikuek luzatutako ziurtagiria beharko da. Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta epe bererako luzatu ahalko dira, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela. Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

–Desgaitasun maila frogatzen duen ziurtagiria, organo eskudunak emana, bigarren artikuluan azaldutakoarekin bat.

–Karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa.

–Desgaitasuna duen pertsonaren NANaren fotokopia.

–Mendabiako erroldan ageri dela frogatzen duen agiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

Ordenantza honen 2.2 artikuluan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Txartela norberarena baino ez da eta ezin da eskualdatu; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo desgaitasuna duen titularrak berak gidatu beharko du. Txartel bakarra emanen da desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko, eta titularra baizik ez da izanen onuraduna. Hala egiten dela egiaztatzeko, txartelaren titularra beharturik egonen da bere burua identifikatzera agintaritzaren agente batek eskatzen diolarik. 2.2 artikuluan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

–Txartela jasotzen dutenek, txartel hori lortzeko baldintzetan edo betebeharretan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman behar diote Udalari. Aldaketen berri ez ematea txartela bertzerik gabe kentzeko arrazoi izanen da. Udalak ahalmena izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion errekerimenduak egiteko, ordenantza hau betetzearen ondorioetarako.

–Aitzineko haizetakoan paratu beharko da txartela –betiere jatorrizkoa–, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

5. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

6. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek ondotik aipatzen diren eskubideak izanen dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna dutenendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Mendabian, denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea Alde horretatik, eta 1056/2014 Errege Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat, txartelen erabiltzaileek informazioa eskuratu beharko dute desgaitasuna dutenendako txartelen erabiltzaileei bertze herri batzuetan aplikatzen zaizkien irizpideei eta/edo tarifei buruz.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea, gehienez ere 15 minutuz; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbertzekoa den denbora tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; betiere, helmuga aipatutako eremu horren barnean badago.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

7. artikulua. Balioaldia eta berritzea.

Orokorrean, txartelak honako balioaldi hau izanen du, ematen den egunetik edo berritze egun bakoitzetik hasita:

a) Bost urte, txartela eman edo berritzen den unean titularrak hogeita hamar urte bete gabe dituenean.

b) Hamar urte, titularrak hogeita hamar urte bete dituenean eta hirurogeita hamarretara iritsi ez denean.

c) Iraunkorra, titularrak hirurogeita hamar urte bete dituenean.

Salbuespena: Desgaitasuna aldi batekoa denean, kasuan kasuko erakundeak emandako ziurtagiriaren arabera; halakoetan, txartelaren balioaldia ziurtagirian agertzen dena izanen da.

Titularrak balioaldia bukatu baino hilabete lehenago eskatu beharko du berritzea eta, horretarako, hirugarren artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu, txartela lortzeko baldintzak aldatzen ez direnean izan ezik, orduan karnet neurriko kolorezko argazki berri bat bertzerik ez baitu aurkeztu beharko. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

Gaur egun indarra duten txartelak baliozkoak izanen dira, txartela emateko jatorrizko dokumentuan ezarritako epea bete arte, baina berritzen direnean txartelak eskuratzeko hemen onartu diren baldintzak bete beharko dituzte.

Aparkatzeko txartela udal bulegoetan itzuli beharko da bere indarraldia bukatuta.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Udal ordenantza honetan xedatua betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera gelditzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake.

Orobat, txartela eskuratzeko aurkezten diren datuak, ziurtagiriak eta abar faltsutzea arau-hauste administratiboa da, baita hura eskuratzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea ere. Halaber, txartela eskuratzeko eskatzen diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, horiek ez jakinaraztea.

Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo bertze baten txartela erabiltzea.

Aparkatzeko txartela erabiltzean iruzur egitea ere arau-haustetzat joko da; hain zuzen ere, ibilgailua iristen edo irteten denean txartelaren titularra bertan ez dagoenean.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

9. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie. Espedientea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatzen denari jarraikiz tramitatuko da.

Aparkatzeko erreserba-txartela erabiltzen bada ibilgailua iristean edo irtetean txartelaren titularra bertan ez dagoela, sei hilabetez kenduko da txartela lehen aldian, urtebetez bigarrenean eta bi urtez hirugarrenean eta, gainera, ibilgailua behar ez bezala aparkatzeagatik dagokion zehapena ezarriko da.

Txartelak faltsutzen badira, Alkatetzak halako arau-hausteetan ezar dezakeen zehapenik handiena jarriko da.

Azken xedapena. Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Aparkatzeko txartelaren eskaera, desgaitasuna dutenentzat

Desgaitasuna duenaren datuak:

Izena: ..................., NANa: ............., herri honetako bizilaguna: ....................., karrika: ...................., zenbakia: ......., telefonoa: ............

Ibilgailuaren datuak*:

Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula ...........................................

AZALTZEN DUT:

Desgaitasun egoera izanik ordenantza honetan ezarritako baldintzen arabera,

ESKATZEN DUT:

Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko ematen zaien txartela eman dakidala.

Aurkeztutako agiriak:

–NANaren fotokopia.

–Desgaitasun maila frogatzen duen ziurtagiria, organo publiko eskudunak luzatua.

–Karnet neurriko argazki bat.

–Erroldaren ziurtagiria.

....................... (e)n, 20......(e)ko ................... aren ........(e)an
(Eskatzailearen sinadura)

* Soilik eskatzaileak baldin badira Mendabian desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantzaren 2. artikuluaren 2. atalak aipatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoetakoak.

Iragarkiaren kodea: L1613256