248. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Deialdia, Barañaingo Udaltzaingoko udaltzain izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko azaroaren 18ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Barañaingo Udaltzaingoko udaltzain izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren. Jarraian argitara ematen dira.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Barañainen, 2016ko azaroaren 18an.–Jarduneko alkatea, José Ignacio López Zubicaray.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Barañaingo Udaltzaingoko udaltzain izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzea. Udaleko plantilla organikoan 4.27, 4.29 eta 4.30 zenbakiak dituzte, eta honako txanda hauetan banatuta daude, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) Txanda irekiko lanpostua:

–Plantilla organikoko 4.27 lanpostua.

b) Igoera txandako lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat:

–Plantilla organikoko 4.29 eta 4.30 lanpostuak, biak hizkuntza eskakizunarekin, betebehar gisa euskararen B-2 mailarekin.

Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez ateratzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, jakite mailako hautaprobako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.

Deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitu daiteke hautaketa prozesua bitartean, betiere 7.3.3 oinarrian xedatuarekin bat deialdi honetan aurreikusten den lanpostu hautaketa egin baino lehen. Lanpostu kopurua handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Izendatzen diren izangaiek polizien eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta deialdiaren IV. eranskinean agertzen diren arrazoi medikoengatik baztertzeko moduan ez egotea.

e) Dolozko delitu bategatik inoiz kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen aitorpenaren bidez adieraziko da.

3.2. Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, txanda murriztuko izangaiek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan parte hartzeko gainerako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

3.3. Bi txandetarako.

Hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan, euskararen B-2 mailako betebeharra baitute, gutxienez ere B-2 maila frogatuko duen agiria eduki beharko da, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

Euskara maila hori frogatzeko beste bide bat izanen da proba egitea Euskarabidearen bitartez. Hala izanez gero, proba egin nahi duten izangaiek deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean adierazi beharko dute, horretarako jarritako tokian. Proba hori oposizioa hasi baino lehen eginen da.

Dena dela, txanda irekiko lanposturako izangaiek ere bide horiexek erabiliz frogatu beharko dute beren hizkuntza gaitasuna, baldin eta, igoera txandako lanposturen bat hutsik geratuz gero edo deialdi honen 7.3.2 oinarrian aipaturiko handitzea eginez gero, txanda irekikoari gehitzen ahal zaizkion lanpostuetara jo nahi badute, betiere lanpostu horiek hizkuntza eskakizuna badute (euskararen B2 maila). Aurreko lerroaldean aipaturiko proba egin nahi dutenek deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean adierazi beharko dute, horretarako jarritako tokian.

3.4. Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.1.f) eta 3.1.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako (deialdiko 7.3.6 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da, eta, bigarrenari dagokionez, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herritarrendako Harrera Bulegoan (Udaletxeko plaza, zk.g., 31010 Barañain), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

c) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.baranain.es helbidean, edo deialdia argitaratzen deneko Nafarroako Aldizkari Ofizialetik abiatuta.

4.2. Izangaiek aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa.

1. Osasun ziurtagiri ofiziala, izangaiak III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

2. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 9,60 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa hori eskudirutan ordaintzen ahal da eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES 84 2100 5181 14 2200064922 kontuan dirua sartuz edo transferentzia eginez, eta kasu horretan datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NAN/IFZ.

–Kontzeptua: Barañaingo Udaltzaingoko 2016ko oposizioa.

3. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

4. Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

5. Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak luzatua.

6. 3.3 ataleko lehenbiziko lerroaldean eskatzen den euskara mailaren ziurtagiria, baldin eta hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetara jo nahi bada atal bereko bigarren lerroaldean aipaturiko proba egin gabe. Dokumentazio horixe aurkeztu behar dute, orobat, txanda irekiko lanposturako izangaiek, baldin eta, igoera txandako lanposturen bat hutsik geratuz gero edo deialdi honen 7.3.2 oinarrian aipaturiko handitzea eginez gero, txanda irekikoari gehitzen ahal zaizkion lanpostuetara jo nahi badute, betiere lanpostu horiek hizkuntza eskakizuna badute (euskararen B2 maila).

4.3. 4.2.1 eta 4.2.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web orrian argitaratzeko aginduko du. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, txanda hauetako izangaien arabera:

1. Txanda irekiko izangaiak.

2. Igoera txandako izangaiak.

5.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web orrian argitaratuko.

6.–Epaimahaia.

6.1. Osaera.

Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Iñaki López Zubicaray, Barañaingo Udaleko Herritarren Babespen Alorreko zinegotzia.

–Ordezkoa: Daniel Cano Ortega, Barañaingo Udaltzaingoko burua.

–Mahaikidea: Egoi Beperet Redín, Burlatako Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Enrique Ayerra Ayerdi, Burlatako Udaltzaingoko inspektore-ordea.

–Mahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Ángel Labiano Mangado, Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko Segurtasun Bulegoko burua.

–Mahaikidea: Gorka Arregui Ramos, Barañaingo udaltzaina, Barañaingo Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezkoa: Daniel Chocarro Maestrojuán, Barañaingo udaltzaina, Barañaingo Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Mahaikide idazkaria: Guillermo Ruano Ampudia, Barañaingo Udaleko Herritarren Babespen Alorreko administraria.

–Ordezkoa: José Ignacio Ursúa Garde, Barañaingo udaltzaina.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioaren nondik norakoak.

7.1. Oposizioa 2017ko maiatzean hasiko da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

Oposizioak, lehenengo fasean, hautapenaldia izanen du (proba baztertzaile hauek eginen dira: II. eranskineko gai zerrendari buruzkoak, gaitasun fisikoa neurtzekoak, proba psikoteknikoak eta medikoak) eta, bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.

7.2. Hautapenaldiko probetarako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Orokorrean, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu iragarki oholean eta Udalaren web orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki oholean eta Udalaren web orrian argitaratuko; kasuen arabera, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Oposizioaldian proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruz; 75 galdera teoriko-praktikoko sorta bati idatziz erantzun beharko zaio. Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun baliozko bakoitzak 2 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek puntu 1eko balorazio negatiboa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere bi ordu izanen dituzte.

Ariketa bakoitza gainditu eta baloratu ahal izateko, epaimahaiak ariketa hoberenari ematen dion kalifikazioaren erdia edo hortik goitiko puntuazioa atera beharko da. Ariketa gainditutzat hartzeko, deialdiko oinarrietan ariketa horretarako ezarritako gehieneko puntuazioaren herena atera beharko da gutxienez.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko eta egiten den markaren arabera puntuatzeko. Epaimahaiak zozketa bidez ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba honetako ariketak. Ariketa bakoitzari bost puntutik hamar puntura bitarte emanen zaizkio. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie eta, orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei. Proba honek gehienez ere 40 puntuko balorazioa izanen du.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura bitarte kalifikatuko da.

Hori egin aurretik, eta Alkatetzaren ebazpen baten bidez, lanpostuaren profil profesiografikoa onetsiko da eta epaimahaiari jakinaraziko zaio.

Proba fisikoak gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

d) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiako lanpostuak baino gehiago badira eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, dei eginen zaie osasun probak egiteko, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 ataleko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Osasun azterketa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak eginen du edo, hala behar bada, behar bezalako kreditazioa duen kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Osasun azterketetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

7.3.2. Lanpostu kopurua handitzea.

Barañaingo Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, deialdiko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren sortzen diren premiengatik, baina, betiere, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia (hurrengo oinarrian aurreikusia) egin baino lehen.

Lanpostuen kopurua handitzean, lanpostuak txanda bati edo beste bati esleitzeko kontuan hartuko da abuztuaren 20eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Lanpostuen kopurua handitzen bada, deialdiko lanpostuen kopurua handitzeko ebazpena Barañaingo Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Dauden lanpostu guztiak zehaztu eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, lanpostu hutsak hautatzeko egintzan parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta txanda irekia eta igoera txanda eta lanpostuetarako nahitaezkoa den hizkuntza eskakizuna kontuan harturik.

7.3.3. Lanpostuak aukeratzea.

a) Hautaketaren egintza prestakuntza ikastaroaren aurretik eginen da, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

b) Egintza horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, oposizioaldiko probetan lortutako puntuazio handienaren arabera, eta kasuan kasuko lanpostuen hizkuntza eskakizunak betez.

c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bata igoera txandako izangaiena izanen da eta bestea izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, handienetik txikienera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, lanpostu horietako bat hauta dezaten, eta, horiek betetakoan, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, jada igoera txandan hautaketa egin dutenak izan ezik, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

d) Egintza honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak oinarrizko prestakuntza ikastarorako behin-behinekoz proposatuak izanen dira, eta epaimahaiak argitara emanen du Udalaren iragarki oholean eta bertako web orrian, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.3.4. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena:

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinekoz onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki oholean eta web orrian argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 ataleko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aitzinaldeko eta gibelaldeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua izan, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe delitu-aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Barañaingo Udaleko Giza Baliabideen Alorrak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo haiek deuseztatu direla frogatzen duen agiria eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizuneko aitorpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala izanez gero, deialdiaren 8.2 atalean aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa, hautapen prozesuan sortutako bajak zehaztuko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, puntuazio hurrenkerari zorrotz jarraituz eta txandaren arabera; eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da aldez aurretik. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntzako ikastarorako onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki oholean eta web orrian.

7.3.5. Praktiketako funtzionarioen izendapena:

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Barañaingo Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.3.6. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa:

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

2007ko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun Eskolak luzatuko du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartuak izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, izangaiek, noiznahi, agintzen zaizkien osasun proba guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestakuntza ikastaroko izangaiei ematen dien kalifikazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestakuntza ikastaroko izangaiei zentzu horretan ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Prestakuntza ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

7.3.7. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen prozesu osoko puntuazioak batuko dira.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren bidez, Barañaingo Udaleko udaltzain izendatuko dira oposizioa gainditzen duten izangaiak, txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Jabetza hartzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Barañaingo Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda (teorikoa)

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun Indar eta Kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

5.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Babesari buruzkoa: II. titulua: datu babesaren printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: titulartasun publikoko fitxategiak.

4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

6.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua: egoera administratiboak.

7.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteari buruzkoa. I. titulua eta VII. titulua.

8.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalari buruzko Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: Polizia Judiziala VI. titulua. II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: sarrera eta erregistroa toki itxian. II. kapitulua: liburu eta paperen erregistroa. III. kapitulua: atxiloketa eta gutuneria idatzi eta telegrafikoa irekitzea.

6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, Habeas Corpus prozedura arautzen duena.

9.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa. I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Segurtasun sistemaren antolaketa. IV. kapitulua. Segurtasun arloko plangintza. V. kapitulua. Administrazio publikoen arteko harremanak. VI. kapitulua. Herritarrekiko harremanak.

10.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

11.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Hitzaurrea. I., II. eta III. kapituluak. V. kapitulua (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era, eta 52. artikulua, denak barne). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

12.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

13.–Barañaingo Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:

–4. ordenantza. Udalaren osasun ordenantza, Barañaingo udal mugapean animaliak edukitzearen gainekoa.

–13. ordenantza. Ordenantza, Barañaingo udalerrian arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena.

14.–Barañaingo Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:

–10. ordenantza. Trafikoari buruzko ordenantza.

15.–Barañaingo Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:

–23. ordenantza. Udal ordenantza, herritarren arteko bizikidetza eta eremu publikoen babesa arautzen dituena.

16.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak hartua 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

17.–Barañaingo geografia eta kale-izendegia (Udalaren web orriko testuaren eta planoaren arabera).

18.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1. Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 40 kg gizonentzat eta 22 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 40 edo 22 kiloko pisua goratu behar du, 60 segunduan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

Errepikapenak eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

25 baino gutxiago

25 - 30 artean

31 - 35 artean

36 - 40 artean

41 - 50 artean

50 - 59 artean

60 edo gehiago

EMAKUMEAK

25 baino gutxiago

25 - 28 artean

29 - 33 artean

34 - 39 artean

40 - 44 artean

45 - 49 artean

50 edo gehiago

2. Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba. (50 metro estilo librean).

Deskribapena: 25 metroko igerileku batean estilo librean igeri egitea, joan eta etorri.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 41 segundo gizonentzat eta 46 segundo emakumeentzat.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoa ukitu edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: ondoko eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

Denbora eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

42” edo gehiago

41” - 41”9 artean

40” - 40”9 artean

39” - 39”9 artean

38” - 38”9 artean

35” - 37”9 artean

35” baino gutxiago

EMAKUMEAK

47” edo gehiago

46” - 46”9 artean

45” - 45”9 artean

44” - 44”9 artean

43” - 43”9 artean

40” - 42”9 artean

40” baino gutxiago

3. Zalutasun proba. (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

L1613152_0.pdf

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bertzera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzak bi saio izanen ditu ibilbide bakoitzean, saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako gehienez aurreikusitako denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. Puntuazioa ondoko eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

Denbora eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

5 puntu

6 puntu

7 puntu

8 puntu

9 puntu

10 puntu

GIZONAK

25”8tik goiti

25”4 - 25”7 artean

25”0 - 25”3 artean

24”7 - 24”9 artean

24”4 - 24”6 artean

23”9 - 24”3 artean

23”8 edo gutxiago

EMAKUMEAK

27”8tik goiti

27”4 - 27”7 artean

27”0 - 27”3 artean

26”6 - 26”9 artean

26”2 - 26”5 artean

25”8 - 26”1 artean

25”7 edo gutxiago

4. Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Testaren helburua da markatutako erritmoari jarraitzea eskatutako tarteak bete arte. Ondoren azaltzen diren kasuetan, proba bukatu eta ordura arte pasatako denbora kontatuko da:

–Izangaia gelditzea.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra ez zapaltzea.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. Izangaia marjinaren barrenean ez egotea seinalea entzuten denean, behin bakarrik.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

Tarteak eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK TARTEAK

EZ GAI

5 puntu

6 puntu

7 puntu

8 puntu

9 puntu

10 puntu

GIZONAK

10 baino gutxiago

10 - 11 artean

11,5

12

12,5

13

13tik goiti

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

8 - 9 artean

9,5

10

10,5

11

11tik goiti

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1. Ikusmena. Begien sistema:

–Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2. Entzumena. Entzuteko sistema:

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3. Mintzamena:

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua:

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5. Digestio aparatua:

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Kakari eutsi ezina.

6. Bihotz-hodietako sistema:

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7. Arnas-aparatua:

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8. Nerbio sistema:

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Perlesia periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste alterazio motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9. Alterazio psikiatrikoak:

–Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak.

–Gogo-aldartearen alterazioak (alterazio bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi larria, alterazio distimikoak).

–Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Ugaltze eta gernu aparatua.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernuari eutsi ezina.

–Giltzurruneko polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa:

Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak:

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13. Odola eta organo hematopoietikoak.

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14. Bestelakoak:

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15. Arau orokorrak:

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L1613152