248. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Abokatuen Elkargoarekiko lankidetza hitzarmena, aholkularitza eman dezan hipoteka-betearazpenen kasuetan

Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Alorreko zinegotzi delegatuak 2016ko azaroaren 17an emandako ebazpenaren bidez, Iruñeko Abokatuen Elkargoarekiko Hitzarmena onetsi zen, hipoteka-betearazpenen arloko aholku juridikoak emateko. Hona hemen haren edukia:

IRUÑEKO UDALAREN ETA IRUÑEKO ABOKATUEN ELKARGOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, HIPOTEKA-BETEARAZPENEI BURUZKO AHOLKULARITZA JURIDIKORAKO BULEGO BAT FUNTZIONAMENDUAN JARTZEKO

Iruñean, 2016ko ......aren ...(e)an.

Honako hauek batzarturik:

Alde batetik: Joseba Asirón Sáez jauna, Iruñeko Udaleko alkatea.

Beste aldetik: Blanca Ramos Aranaz andrea, Iruñeko Abokatuen Elkarteko dekanoa.

Bi aldeek, beren gain hartutako ordezkaritzaz baliaturik, hitzarmen hau eratzeko legezko gaitasuna dute eta horixe onartzen diote elkarri. Horrenbestez,

ADIERAZTEN DUTE:

Iruñeko Abokatuen Elkargoak eta Iruñeko Udalak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten 2012an, Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoa funtzionamenduan jartzeko. Bulego hori udal egoitza batean dago, Iruñeko Abokatuen Elkargoko abokatuek koordinatzen dute eta hartan laguntza ematen, eta hipoteka-maileguen ondoriozko ordainketei aurre egiterik ez izateagatik etxea galtzekotan diren pertsonei informazioa, aholkuak eta sostengua emateko xedea izanen du.

Bulegoa 2012ko irailean jarri zen abian, eta zerbitzuak herritarren eskaerei heldu die hipoteken bitartekaritzako lanak, aholkularitzakoak eta informazio pertsonalekoak egin ditzan bulegoan.

Geroago, arau aldaketa batzuk egin dira egoera latz horiek leuntzen saiatzeko, baina halako egoerak ez dira bukatu eta, beraz, bulegoak hasierako zerbitzua ematen jarraitu beharko luke.

Horri begira, bai Iruñeko Abokatuen Elkargoak bai Iruñeko Udalak erabaki dute lankidetza hitzarmen hau eratzea, sinatzen den egunetik aurrerako ondorioekin eta urtebeterako, eta klausula hauekin bat:

KLAUSULAK:

Lehena.–Zerbitzuaren helburua, edukia eta hartzaileak:

Hitzarmen honen helburua da bitartekaritzako eta aholkularitzako zerbitzua egitea ondotik zehazten diren egoeretako batean daudenei, beharrezko informazioa emanez etxebizitzaren edo ohiko bizilekuaren hipoteka ordaintzeko oztopoei heltzeko moduei eta aukerei buruz, kreditu bat eman dieten banku entitateen aurrean.

Aholkularitza doan eta pertsonalizatua izanen da, hipoteka ez ordaintzearen egoeraren aurretik edo hasieran segitu beharreko prozedura zehatzei buruzkoa, zordunaren eta banketxearen artean konponbideak bilatzen laguntzeko, hobetzeko itxura duten egoeretan edo, harremanean aldaketa batzuk eginez, konponbide eraginkorrak lor daitezkeenean, hipoteka-betearazpenera ez iristeko, arazoa konpontzeko konponbiderik egokienak bilatzeko xedez beti.

Zerbitzuaren hartzaileak Iruñeko etxebizitzetako bizilagunak izanen dira, etxebizitza baten jabe badira eta ohiko bizileku iraunkorra badute hori, betiere etxea galtzeko arriskuan badaude eta egoera hauetakoren batean:

–Oraindik hipotekako kuota ordaintzeari utzi ez izana, baina ez ordaintzearen ondorioei eta dauden aukerei buruzko informazioa behar izatea.

–Ordaintzeari utzi ez izana, baina finantza entitatearekin konponbide bat bilatzen aritzea, aurreragoko kuotak ordaintzerik ez dutela izanen aurreikusten bada (ordaintzen jarraitzeko baldintza hobeak lortu ahal izateko eskatzen da bitartekaritza).

–Ordaintzeari utzi izana, baina oraindik demanda jarri gabe egotea (orientazioa eskatzen da, eta finantza entitatearekin esku hartzen da demanda jar ez dadin).

–Ordaintzeari utzi izana, demanda jarrita egotea eta herritarra prozesuko edozein fasetan egotea, baita etxetik botatzekoan ere.

Bigarrena.–Zerbitzua antolatzea:

Iruñeko Abokatuen Elkargoak zerbitzuaren funtzionamendu egokirako irizpideak ezarriko ditu, zerbitzuaren eraginkortasuna eta jardunbide ona bermatuko du, eta aholkularitzako kideei barne funtzionamenduko arauak emanen dizkie.

Finkatuko du, halaber, zerbitzua eman behar duten profesionalen kopuru egokia, gutxieneko lanbide esperientzia eta horietan inskribatzeko behar diren ezagutzak, kontuan harturik zerbitzuaren edukia eta aholkularitzako gaiak.

Zerbitzua emanen duten legelarien helburuak, besteak beste, betearazpen prozesuak hastea saihestuko duten neurri zuzentzaileak planteatzera bideratuko dira, bai eta etxebizitzari eusten lagundu eta botatzeak saihesteko neurri alternatiboak negoziatzera ere.

Udalak sustatu eginen du bulegoak ematen duen zerbitzua eta horren zabalkundea eginen, eta zerbitzuak funtzionamendu egokia izateko behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak jarriko ditu.

Hitzarmen honen iraupen aldiko astearte eta ostegun baliodunetan emanen dute laguntza legelariek, 10:00etatik 12:00ak arte, Udalak horretarako jarri dituen bulegoetan.

Zerbitzua lortu nahi duten erabiltzaileek zuzenean jotzen ahalko dute aipatu bulegoetara, aldez aurretik hitzordua eskatuz, edo Udalaren gizarte zerbitzuek bidaliko dituzte, pertsona ukituen eskaera zuzenaren ondorioz edo Iruñeko Udaleko Hirigintza Alorrak bideratuta.

Udalak konpromisoa hartu du banketxeei bulegoaren eta bere funtzionamenduaren berri emateko.

Udalak pertsona bat izendatuko du, beharrezkoa den dokumentazioa biltzeaz ardura dadin. Eskatutako dokumentazioa aurkezturik, Iruñeko Abokatuen Elkargoak izendatutako legelariarekin hitzordua emanen zaio.

Hirugarrena.–Bitartekaritza eta aholkularitza:

Legelariak dokumentazioa aztertuko du eta kasuan kasuko finantza entitatearekin harremanetan jarriko da. Hitzordua emanen die bi aldeei eta bitartekaritza lanean hasiko da, lortu nahi diren emaitzetara iristeko.

Kasu bakoitzean espedientea prestatuko da, bertan bilduz egindako lan guztia, akordiorik baden ala ez eta beste edozein jarduketa garrantzitsu.

Akordioa bada, aldeek kasuan kasuko prozedura judiziala hasita badute, akordio hori auziko legelariei igorriko zaie, azken homologazioa egin dezaten. Prozedura hasi gabe badago, akordioaren kopia emanen zaio alderdietako bakoitzari, beharrezko gestioak egin ditzan akordioa betetzeko.

Akordiorik ez bada, bukatutzat joko da jarduketa.

Guztiz debekatuta dago zerbitzu profesionalak eskaintzea eta bezeroak bereganatzea laguntza ematen den bitartean.

Laugarrena.–Jarraipena eta koordinazioa:

Zerbitzuaren funtzionamenduaren jarraipena egitea Iruñeko Udalari dagokio, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorraren bitartez, eta beharrezkoa iruditzen zaion informazio guztia biltzen ahalko du.

Iruñeko Abokatuen Elkargoak zerbitzua koordinatzeaz arduratuko den pertsona izendatuko du eta horren berri emanen dio Iruñeko Udalari; esku hartzearen ondorioz sortzen diren gaiei buruzko txostenak eginen ditu.

Bosgarrena.–Iruñeko Udalaren ekarpena:

Udalak, zerbitzuaren funtzionamendurako, hogeita bost mila (25.500) euro jarriko ditu hitzarmenak indarra duen urtean; gastu hori 2016rako Udal Aurrekontuko 30/15220/482090 kontu-sailaren kargura eginen da, honela zehazturik:

Zuzeneko zaintzak eta tokian tokiko lana, gehieneko ekarpena 46,87 euro orduko, guztira 22.497,60 euro, zerbitzu honetan guztira aurreikusten diren 480 orduen ondorioz; zuzeneko 96 zaintza, bakoitza 2 ordukoa, eta egindako zaintza bakoitzari dagokion tokian tokiko lanaren 3 ordu.

Iruñeko Abokatuen Elkargoko kudeaketa, koordinazio eta administrazioko kostuetarako, gehieneko ekarpena 3.000 euro, hau da, Elkargoko langileen 100 ordu, 30 euro orduko ordainduta. Horretan, eginkizun hauek sartzen dira: legelariak hautatzea, egutegiak prestatzea, koordinatzaileak zerbitzuko kideekin hilean behin bilerak egitea, kontrol estatistikoa eta urteko memoria egitea, Elkargoko bereko Orientazio Juridikoaren Zerbitzuarekin koordinatzea beharrezkoa den kasuetan, erabiltzaileei Elkargoaren web orrian informazioa ematea eta legelariei ordaindu beharrekoa kudeatzea.

Aurreko lerroaldeetan aipatzen diren kopuruak guztirakoak izanen dira, BEZa barne, aplikatu behar denean.

Ekarpen hori ez da bateragarria izanen Iruñeko Abokatuen Elkargoak lor dezakeen beste edozein laguntzarekin, aipatu zerbitzua izateari begira.

Iruñeko Abokatuen Elkargoak ezin izanen du arreta egiteko jarduera Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoarekin azpikontratatu.

Seigarrena.–Ekarpenaren ordainketa:

Adostutako kopurua osorik ordainduko da, aldez aurretik Iruñeko Abokatuen Elkarteak ordaintzeko eskatuta, sinaduraren ondoko hilabetetik hasita eta, betiere, 2016ko abenduaren 31 baino lehen.

Zerbitzua herritarren eskaririk ez izateagatik edo beste edozein arrazoirengatik ematen ez bada, bertan behera uzten bada edo eteten, Iruñeko Abokatuen Elkargoak itzuli eginen du aurreratutako dirua.

Zazpigarrena.–Kontuen justifikazioa:

Aldia bukatutakoan, Iruñeko Abokatuen Elkargoak zerbitzuaren ebaluazio memoria aurkeztuko du Udalean.

Memorian jaso beharrekoak: egin den lanaren programa, gauzatutako jarduketen laburpen zehaztua horien tipologia ere azalduta, lortutako emaitzak eta zerbitzua ematen duen taldearen xehetasunak.

Gastuak justifikatzeko kontua aurkeztu beharko dute hiru hilabeteko epean jarduera bukatutakoan.

Zortzigarrena.–Indarraldia:

Hitzarmen hau urtebeterako sinatu da, sinadura egunetik hasita, seigarren klausulan ezarritakoa galarazi gabe.

Bederatzigarrena.–Araubide juridikoa:

Hitzarmen honen izaera administratiboa dela eta, haren edukiaren edo aplikazioaren inguruan gerta daitezkeen auzietan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari men egin beharko zaio.

Eta adostasunaren adierazgarri, hitzarmen honen bi kopia sinatzen dituzte hasieran adierazitako egunean eta tokian.

Iruñeko Abokatuen Elkargoko dekanoa, Blanca Ramos Aranaz.–Iruñeko alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L1613268