248. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

542/2016 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, eriondoan dauden ikasleei hezkuntza arreta etxean emateko laguntzetarako deialdiaren oinarriak onesten dituena 2016-2017 ikasturterako.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.

Arau horren 14.3 c) artikuluan agertzen da hezkuntza arreta etxean emateko programa, medikuak hala aginduta etxean luzaroan egon behar duten ikasleentzat. Programa horrek etxean ematen den hezkuntza arreta du xede, eriondoan dauden ikasleek behin-behinekoz dituzten desberdintasun egoerak desagertzeko modua izan dadin eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena berma dadin, ikastetxearekin koordinatuta.

Bestetik, Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak xedatzen du eritasun luzea pairatzen duen ikasleak beharrezkoa den laguntza jasotzeko eskubidea duela behartutako eskolagabetze horrek bere errendimendu akademikoan duen eragina gutxitzeko.

Nafarroan funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei hezkuntza zerbitzu egokia emateko, Hezkuntza Departamentuak etxean ematen den hezkuntza arreta kudeatzen du Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren bidez (CREENA), hezkuntza prozesuan laguntzeko berariazko behar bat dela ulertuta.

Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zen eriondoan dauden ikasleei hezkuntza arreta etxean emateko 2016-2017 ikasturterako laguntzen deialdia banakako ebaluazioaren araubidean tramitatzeko. Laguntza horiek Hezkuntza Departamentuak kudeatzen ditu.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, laguntza horiek ematea egokia eta guztion interesekoa dela, baita deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla ere, eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren ikus-onetsia dutela.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eriondoan dauden ikasleei hezkuntza arreta etxean emateko laguntzen deialdiaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. 70.000 euroko gastua baimentzea. Horietatik, 20.000 euro 2016ko gastuen aurrekontuetako “Hezkuntza berezirako bekak eta laguntzak” izeneko 425004-42190-4809-322400 kontu-sailaren kargura ordainduko dira, eta gainerakoa, hots, 50.000 euro, 2017ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den kontu-sail baliokidearen kargura.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Aniztasunari Arreta Emateko eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroari (CREENA) eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2016ko abenduaren 9an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak emateko oinarriak ezartzea, eriondoan edo gaixorik dauden ikasleei etxean ematen zaien hezkuntza arreta finantzatzeko. Ikasle horiek Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolaturik egon behar dute 2016-2017 ikasturtean, Nafarroan funts publikoak jasotzen dituen ikastetxe batean.

2. Helburua.

Laguntzen helburua da irakasle gaituak kontratatu beharrak familiei sortzen dizkien gastuak konpentsatzea, horrela, gaixorik edo eriondoan luzaz egoteagatik, 2016-2017 ikasturtean ikastetxera jarraituki joan ezin diren ikasleei etxeko hezkuntza arreta bermatzeko.

3. Deialdiaren helburuak.

Deialdi honek, hezkuntza arreta etxean emateko laguntzak banatuz, honako helburu hauek lortu nahi ditu:

a) Gaixorik dagoen ikasleari hezkuntzaren bana-banako arreta bermatzea etxean eriondoan dagoen bitartean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena segurtatzeko eta egoera horrek sortzen ahal duen eskola atzerapena saihesteko.

b) Komunikazioa eta koordinazioa segurtatzea ikastetxearen, familien eta, horrelakorik bada, ospitaleko eta etxeko arretarako taldearen artean, egoera berrira egokitzen eta ikastetxera azkar eta egokiro itzultzen laguntzeko.

c) Hezkuntza arreta etxean jaso behar duten ikasleei hezkuntza prozesuan jarraitzeko behar dituzten bitarteko eta baliabideak ematea, eta ikaslearen eta ikastetxearen arteko loturaren haustura galaraztea.

d) Ikasleek jasan dezaketen isolamenduari aurrea hartzea, hezkuntza-komunitatearekin elkar eragiteko eta parte hartzeko giroa sortuz.

e) Eriondoa bukatu ondoren ikasleak ikastetxera itzultzeko prozesua erraztea, haien eskolaratzea eta integrazio sozio-afektiboa errazagoak izan daitezen.

f) Familiei aholkuak ematea ikasleak eskolarekin, gizartearekin eta familiarekin duen komunikazioa gal ez dezan eta, orobat, aisialdia prestakuntzarako erabil dezan.

4. Onuradunak.

4.1. Medikuak hala aginduta etxean eriondoan egon behar duten ikasleen aitek, amek edo legezko tutoreek eska ditzakete deialdi honen xedeko laguntzak, baldin eta, hori dela kausa, ikasleak ikastetxera 21 egun naturaletik gorako epean modu normalean joaterik ez badu eta hezkuntza arreta etxean jaso behar baldin badu, edo, gaixotasun kronikoren bat dela-eta, hilabetetik beherako aldizkako bajak hartzen baditu, 6 egun jarraitukoak bederen 6 hilabetean, gutxienez ere.

4.2. Laguntza eskatzen duen ikasleak, eskaera egiten den unean, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Nafarroan funts publikoak jasotzen dituen ikastetxe batean eskolaturik egotea.

b) Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatua izatea.

Atal honetan aurreikusita ez dauden gainerako egoera guztiak banan-banan baloratuko dira, salbuespen gisa, betiere aginduko txosten medikoa aurkezten baldin bada.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2017ko ekainaren 30ean bukatuko.

5.2. Eskaerak ikaslea eskolaturik dagoen ikastetxean aurkeztu beharko dira, II. eranskinean ezarritako eskabide-ereduari jarraikiz. Eredua interesdunen eskura egonen da ikastetxeetan.

6. Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Txosten medikoak, eriondoa bitartean etxean egon beharra agintzen dutenak, aurreikusten den iraupena adierazita. III. eranskina:

b) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada, edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie laguntzen eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ezetsi eginen dela beraien eskaera.

7. Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

7.1. Laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako moduan; zehazki, eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira, eta, betiere, aurrekontuan horretarako nahikoa kreditu dagoen bitartean.

7.2. Laguntza-eskaera jaso ondoren, ikastetxeak espediente osoa bidaliko dio Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (CREENA) ospitaleko eta etxeko arretarako taldeari, txostenekin eta egokitzat jotzen duen dokumentazioarekin batera, IV. eranskinari jarraikiz.

8. Eskaeren balorazioa eta etxeko hezkuntza arretarako orduen esleipena.

8.1. Jasotzen duen informazioa ikusirik, etxeko hezkuntza arretarako taldeak eskaera baloratuko du eta txostena eginen du. Bertan, eskatzaileari etxeko hezkuntza arretarako zenbat ordu esleitzen zaizkion zehaztuko du, eta, kasua bada, deialdi honetako 3. oinarrian ezarritako helburuak lortzeko behar diren irakasleen maila eta espezialitatea.

8.2. Eskaerak eta ikasleen beharrak hobeki ebaluatzearren, bai ikastetxeko orientazio taldea bai ospitaleko eta etxeko arretarako taldea etxean egon beharra agindu duen osasun arloko profesionalarekin harremanetan jartzen ahalko dira, laguntza eskatzaileak horretarako baimena eman ondoren.

8.3. Eskaerak baloratzeko, eskatzaileak aurkeztutako txosten medikoak aztertuko dira, kontuan hartuz eriondoak noiz arte iraunen duen gutxi gorabehera eta etxeko hezkuntza arretako zenbat ordu behar diren deialdi honetako 3. oinarrian ezarritako helburuak lortzeko.

8.4. Ondorio horietarako, irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Lehen Hezkuntzako ikasleei astean 5 orduko arreta emanen zaie, gehienez ere. Ordu horiek hiru alditan banatuko dira, ahal dela. Ordu horiek arlo instrumentalak lantzeko erabiliko dira, bereziki.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, astean 8 orduko arreta emanen da, gehienez ere. Ordu horiek bi orduko lau alditan banatuko dira, ahal dela.

c) Aurrekoez gain, hilero bi ordu erabiliko dira behar diren koordinazioak egiteko, programan dauden ikasleen tutoreen eta etxeko arreta ematen duten irakasleen artean.

d) Ikasturteko egutegiarekin bat emanen da etxeko hezkuntza arreta.

8.5. Balorazio txostena Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko zaio. Zerbitzu horrek, txostena ikusirik, interesdunari jakinaraziko dio zein baliabide esleitzen zaizkion.

8.6. Laguntza-eskaerak ezetsitzat joko dira baldin eta aurkezten direnetik hilabetera berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada.

8.7. Laguntza-eskaera ukatzen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

9. Etxeko hezkuntza arreta gehiago jasotzeko beharra.

Esleitzen diren orduak aski ez badira etxeko hezkuntza arreta jasotzen duen ikasle baten beharrak asetzeko, eriondoko susperraldia hasierako eskaeran uste zena baino luzeagoa delako, eskatzaileak inguruabar hori frogatzen duen beste txosten mediko bat aurkeztu beharko du. Txosten hori ikusirik, esleitutako ordu kopurua handitzen ahalko da.

10. Laguntzaren zenbatekoa.

Etxeko arretarako esleitzen diren orduak ordaintzeko ematen den laguntza ekonomikoaren zenbatekoa zehazteko, modulu ekonomiko hauek erabiliko dira:

a) 12 euro orduan, Lehen Hezkuntzako irakasleentzat.

b) 18 euro orduan, Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat.

11. Laguntza ordaintzeko eskaera eta haren justifikazio ekonomikoa.

11.1. Etxeko hezkuntza arretarako orduei dagokien laguntza ordaintzeko, beharrezkoa izanen da onuradunek justifikatzea zerbitzu hau ematen duten irakasleei ordaintzeko egindako gastuak.

11.2. Horretarako, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko ospitaleko eta etxeko arretarako taldeak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen zerrenda bat jarriko du onuradunen eskura. Irakasle horiek gaituak egonen dira eriondoan dauden ikasleek etxeko hezkuntza arretarako dituzten beharrak asetzeko.

Laguntzaren onuradunek izanen dute irakasle horiei ordaintzeko ardura, emandako zerbitzuen truke. Irakasleek ez dute inolako kontratu- edo lan-harremanik izanen Hezkuntza Departamentuarekin.

11.3. Laguntza kobratu ahal izateko, onuradunek hilero aurkeztu beharko dute aurreko hilabeteari dagokion laguntza ordaintzeko eskaera, agiri hauekin batera:

–Irakasleari egindako ordainketa frogatzen duen agiria (banku bidezko transferentzia edo jaso izanaren agiria).

–Ordainketari dagokion kontzeptua azaltzen duen agiria (irakaslearen izena, abizenak eta NANa, etxeko hezkuntza arretan eman diren ordu kopurua, eta zein egun eta ordutan eman diren). V. eranskina.

11.4. Agiri horiek Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari zuzenduta.

Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatutako tokietatik edozeinetan aurkezten ahalko dira (urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarraren indarrez), edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen bezala.

11.5. Nolanahi ere, ordainketa-eskaerak aurkezteko azken eguna 2017ko uztailaren 15a izanen da.

12. Laguntzak ematea eta ordaintzea.

12.1. Ordainketa-eskaera ikusirik, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak egiaztatuko du eskaeran adierazitako orduak bat etortzen diren ospitaleko eta etxeko arretarako taldeak eskatzaileari esleitutako arreta orduen kopuruarekin, eta laguntza ordaintzeko proposamena igorriko du.

12.2. Ordainketa-eskaerak ebaztea Hezkuntzako zuzendari nagusiari dagokio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 136/20115 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

13. Bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin.

14. Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Laguntza erabiltzea aurreikusi den xederako, eta Hezkuntza Departamentuak eskatzen dituen egiaztapenak onartzea eta horretarako erraztasunak ematea.

b) Etxeko arretarako irakasleekin adostutako ordutegia errespetatzea, eta hezkuntza arreta behar bezala emateko leku bat prestatzea etxean.

c) Ordutegi horretan etxean adinez nagusiko senitarteko bat edo behar bezala baimenduriko pertsona bat dagoela ziurtatzea.

d) Behin eriondoa bukaturik, programaren irakasle edo maisu/maistrari oroitaraztea jarraipen txostenak igorri behar dizkiola etxeko hezkuntza arretarako taldeari, talde horrek ikastetxeko zuzendaritzari igor diezazkion.

15. Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, laguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

17. Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Gurasoen edo legezko tutoreen eskaera, etxeko hezkuntza arretaren programan parte hartzeko.

III. ERANSKINA

Txosten medikoa.

IV. ERANSKINA

Ikastetxearen txostena, etxeko hezkuntza arreta eskatzeko.

V. ERANSKINA

Hartu-agiria.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1614002