246. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

242/2016 FORU AGINDUA, azaroaren 25ekoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 8ko 294/2012 Foru Agindua aldatzen duena, hartan Nafarroako kontrol metrologikoaren antolamendua ezarri baitzen.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 8ko 294/2012 Foru Aginduaren bidez, kontrol metrologikoaren antolamendua ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Metrologiari buruzko abenduaren 22ko 32/2014 Legean ezarritako erregulazio berriak eta hura garatzen duen ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuak aipatu foru legea aldatzera behartzen dute.

Erreferentziak Estatuko araudiari jarraituz eguneratzea du xede foru agindu honek, bai eta beharrezko xedapenak txertatzea ere Nafarroako kontrol metrologikoa betearaziko duen gaikuntzaren araubidea Metrologiari buruzko abenduaren 22ko 32/2014 Legeari egokitzeko, haren xedapen iragankor bakarrean ezarritakoaren arabera. Zehazki, “Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarra SL” sozietate publikoaren gaikuntza desagertzen da konponketa edo aldaketa ondoko egiaztapena zein aldian behingo egiaztapena egiteko; izan ere, egiaztatzeko baimenduta dauden erakundeek eginen dituzte jarduera horiek, abenduaren 22ko aipatu 32/2014 Legearen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako kontrol metrologikoaren antolamendua ezartzen duen Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 8ko 294/2012 Foru Aginduaren aldaketa.

Nafarroako kontrol metrologikoaren antolamendua ezartzen duen Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 8ko 294/2012 Foru Aginduaren hurrengo aginduak honela idatzita gelditu dira:

Bat.–2. artikuluaren aldaketa. Kontrol metrologikoa:

“2. artikulua. Kontrol metrologikoa.

1. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak Metrologiari buruzko abenduaren 22ko 32/2014 Legearen 15. artikuluan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu.

2. Egiaztatzeko baimenduta dauden erakundeek beren jarduketaren eremuan egindako egiaztatze jardueren eta burutzen duten beste edozein jardueraren berri emanen diote Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, zer neurketa tresna eta sistematan esku hartzen duten, haien identitikazioa eta ezaugarriak barne direla; orobat, titularraren, kokalekuaren eta egiten dituzten froga eta entsegu guztien emaitzaren berri; hori guztia, Metrologiari buruzko abenduaren 22ko 34/2014 Legea garatzen duen ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretuaren 67. artikuluan erabakitakoari jarraituz. Informazio hori hilean behin igorriko zaio aipatu zuzendaritza nagusiari, hark ezartzen dituen ereduetara moldatua.”

Bi.–5. artikuluaren aldaketa. Zaintza eta ikuskapena.

“5. artikulua. Zaintza eta ikuskapena.

1. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak beteko ditu zaintzari eta ikuskapenari dagozkien eginkizunak, metrologiari buruzko legerian ezarritakoa betetzen dela bermatzeko.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak enkarguak egiten ahalko dizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ente instrumentalei, horiek egin beharrekoak egin ditzaten, legez eta erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten neurketa aparatu, tresna edo sistemen berri emateko zuzendaritza nagusi horri, ez bestetarako.”

Hiru.–7. artikuluaren aldaketa. Prezioak eta tasak.

“7. artikulua. Prezioak eta tasak.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen zerbitzu eta tramite metrologikoei arlo hori arautzen duen Nafarroako Foru Komunitateko legerian ezarritako tasa eta prezio publikoak aplikatuko zaizkie.”

Lau.–Aipamenak administrazio organoei egokitzea.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 8ko 294/2012 Foru Aginduaren artikuluetan Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari egiten zaizkion aipamenak industria arloan eskumena duen departamentuari egindakotzat hartuko dira. Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari egiten zaizkionak Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari egindakotzat hartuko dira.

Bosgarrena.–Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 8ko 294/2012 Foru Aginduaren eranskina kentzea.

Kendu egiten da “CEINek egin beharreko jarduketak zerbitzuan dauden neurgailuen kontrol metrologikoaren fasea gauzatzeko” izena duen eranskina Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 8ko 294/2012 Foru Agindutik.

Azken xedapen bakarra.–Foru agindu honek 2017ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko azaroaren 25ean.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1613495