246. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

115/2016 FORU DEKRETUA, azaroaren 30ekoa, “Frantzisko Xabierkoa” saria Juan Miguel Sola Prado jaunari ematen diona.

Nafarroako Gobernuak “Frantzisko Xabierkoa” saria sortu zuen abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez, eta haren helburua pertsona, entitate eta erakundeei esker ona azaltzea da, Foru Komunitatetik kanpo egindako lanaren bidez Nafarroari buruzko irudi ederra emateagatik gizartearen aurrerapenean, ongizatean eta hobekuntzan diharduen erkidego gisa.

Nafarroako Gobernuaren ustez, Juan Miguel Sola Prado jaunak guztiz betetzen ditu ezaugarri horiek Nafarroaz ematen duen irudiagatik sukaldeko artearen eta Nafarroako produktuen bitartez.

Juan Miguel Sola (1959), Azagran (Nafarroa) sortua, nekazari familia batetik heldu da eta bere jaioterrian abiatu zen sukaldaritzan, jatorrizko Manducan; familiaren upeltegi zahar batean ireki zuen, eta bertan garatu zuen bere sukaldaritzaren kontzeptua, eguneko berdura eta barazki freskoez osatutako errezeten eskaintza oinarritzat hartuta.

2003an Madrilen jarri zen bizitzen eta Anabel Arriezu andrearekin eta Raquel Sánchez lehengusinarekin La Manduca de Azagra ireki zuen Sagasta kalean. Establezimendua, non Idoia Sola alabak lan egiten duen, Nafarroako gastronomiaren erreferentzia handietako bat bilakatu da Espainiako hiriburuan, eta denetariko bezeroen ohiko topalekua da; maiz biltzen dira bertan Espainiako zein atzerriko artista, kirolari, enpresaburu, arkitekto, intelektual eta politikariak.

Kritikari gastronomiko entzutetsuek onartu dutenez, La Manduca de Azagra kultu-tokia da gaur egun sukaldaritza tradizionala maite dutenentzat; horien artean, munduaren edozein tokitatik heldu den jende ospetsua dago, bertako menua dastatzea bilatzen duena; izan ere, Azagrako familiarren eta herritarren baratzeetatik egunero sasoiaren arabera hartzen diren berdura eta barazkiak dira nagusi, Nafarroako produktuen kalitatea eta freskura izanik arrakastaren oinarria.

Horregatik guztiagatik, bere ibilbide profesional bikaina eta bere sukalde lanaren bidez Nafarroaz eskaintzen duen irudi ona goraipatu nahirik, Nafarroako Gobernuarentzat bidezkoa da hari “Frantzisko Xabierkoa” saria ematea.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 30ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. “Frantzisko Xabierkoa” saria Juan Miguel Sola Prado jaunari ematea.

2. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2016ko azaroaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1613596