246. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19E/2016 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Cintruenigoko 2. poligonoko 65. eta 73. lurzatietan (Los Portillos alderdia) ureztaketarako erauzte eta berdintzeko lanetarako ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena. Lanen sustatzaileak Jose Antonio Ayensa Madurga eta Angeles Madurga Martinez SC dira.

2016ko uztailaren 7an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K) kategorian dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz. Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketa zenbait lursail berdintzea da, Cintruenigoko Los Portillos alderdian, aurrerago uholdeka ureztatzeko. Guztira 46.425 m³-ko lur mugitu eta bertatik aterako da, aurkeztu duten memoriaren arabera. Material horiek El Culebreteko zabortegian erabiliko dira. Lanak Tutera-Cintruenigo errepidetik ikusten ahal dira.

Lanak hasita daude –eta geldiarazita–; 30.494 m² inguruko azalerari eragiten diote, 65., 66. eta 73. lurzatietan eta 74-B eta 78-B azpilurzatietan, eta bertan hondeatze-lanak eta lur metaketak egiten aritu dira. 66. lurzatia eta 74-B eta 78-B azpilurzatiak herri-lurrak dira.

Lehenago, 2015eko urriaren 20an, aldeko txostena eman zuen Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak (0003-0102-2015-001225 espedientea), finken egokitzapen arrunta egiteko, lurrak lurzatietatik atera gabe (izan ere, sustatzaileak irailaren 17an egindako eskaeran ez zuen lur mugimendurik zenbatesten, eta adierazten zuen “ingurunean konpentsaziorako irizpidea” erabiliko zela”).

SEPRONAk eta AEMINAk (Nafarroako Meatzaritzako Enpresaburuen Elkartea) jarduera honen kontrako salaketa aurkeztu zuten 2016ko ekainean.

Espedientean bi txosten daude: Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarena 2016ko abuztuaren 25ekoa, eta Cintruenigoko Udalarena, 2016ko irailaren 5ekoa. Cintruenigoko Udalak 279/2016 Ebazpena eman zuen lehenago, lanak geldiarazteko eta lehengoratzeko espedientea irekitzeko. Irailaren 5eko txostenean udalak dio, besteak beste, beharrezkoa dela jarduerak ingurumen ukipenetarako baimenaren prozedura betetzea, bai eta herri-lurren arloko baimena ere, lurzatiak Montes de Cierzo eremuan daudelako.

Energiaren eta Meategien Atalak 2016ko urriaren 14an emandako txostena ere badago, adierazten duena ez dela meatzaritzako jarduera bat, materialak hondakindegi batean erabili behar direlako.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du jarduketaren ondorioz paisaiaren gaineko eragin handia gertatuko dela neurri batean gertatu da dagoeneko- kalitateko nekazaritza ingurune batean, non erliebe laua trantsizio leunean mazela bihurtzen baita Los Portillos alderdian. Lanaren ondorioz muino bat desegin eta zelaituko da alderdi horretan; memoriaren arabera, lurraren kota 399tik 393ra jaitsiko da (gehienez ere lur-maila 6 metro beheratzea). Horrez gain, sarbide berri bat ireki da hegoaldean –aurkeztutako memorian aurreikusi gabea–, mediterraneo aldeko larre-sastrakadia duen mazelari eraginez, lur-erauzketa eginez.

Ikusirik gehienbat lur-mugimendua eta paisaiaren gaineko eragina, nekazaritzako jarduera ez dago justifikatua, eta lur horiek ureztalur bihurtzeko beste alternatiba batzuk aztertu beharko dira (ponpaketa eta idoi bat egitea, ureztatzea aspertsore bidez edo tantaka egitea, uholdeka egin beharrean, terrazak eginez edo mazelan diseinatzea...), edo lanen aurreko egoera, lehorreko lurrena, mantentzea, tarteka ureztaketak eginez.

Sustatzaileak aurkeztu duen ingurumen ukipenen azterlanean ez dago Nafarroako Gobernuko Arkeologia Atalak emandako aldeko txostenik, inguru horretan balizko aurkikuntzei edo aztarnategiei buruzkorik (aginduzkoa da, lehen aipatutako abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 34. artikuluaren arabera). Lurra dagoeneko kendu denez, balizko aztarnategien gaineko eragina konponezina da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Cintruenigoko udal mugapeko 2. poligonoko 65. eta 73. lurzatietan (Los Portillos alderdia) ureztaketarako erauzte eta berdintzeko lanetarako. Lanen sustatzaileak Jose Antonio Ayensa Madurga eta Angeles Madurga Martinez SC dira. Ukatzeko arrazoiak azalpen zatian adierazita daude.

2. Hasitako jarduketak lehengoratu beharko dira, baldintza hauekin:

–Erauzitako lurren bolumena eta lubetakoa lurzatietan bertan konpentsatuko da.

–Ertzetan, paisaiako integrazioa aurkeztutako memorian ageri bezala eginen da, 3H:1V aldako ezpondak diseinatuz alegia, basogintzan erabiltzeko.

–2. poligonoko 66, 74-B eta 78-B azpilurzatiak edo lurzatiak, herri-lurrak baitira, basogintzan erabiltzeko utzi beharko dira, profila berriz eman ondoren.

–Lehengoratzean sartuko da hegoaldetik irekitako sarbide berria, mediterraneo aldeko larre-sastrakadia duen mazelari eragiten diona. Hasierako topografia lehengoratuko da, eta basogintzako erabilera.

–Lehengoratze lanak hiru hilabeteko epean egin beharko dira, gehienez ere, ebazpen hau ematen den egunetik hasita. Lana egin ondoren, txosten tekniko bat aurkeztu beharko da Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalean, amaierako egoera erakusten duten argazkiekin.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Cintruenigoko Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko azaroaren 16an.–Udalen Hirigintza Planeamendurako Ataleko burua (Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren ordezkoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 767/2016 Ebazpenaren bidez), Rafael Araujo Guardamino.

Iragarkiaren kodea: F1613062