246. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartua, Nafarroako Hondakin Plana (2017-2027) onesten duena.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean, 12.4.a) artikuluan, ezartzen da autonomia erkidegoei dagokiela egitea hondakinen prebentziorako autonomia erkidegoen programak eta hondakinen kudeaketarako autonomia erkidegoen planak.

14. artikuluan xedatzen da hondakinak kudeatzeko Estatuko Esparru Planak ezarriko dituela behar diren orientabideak eta egitura, autonomia erkidegoetako planak nahitaez horietara egoki daitezen.

Artikulu horretantxe finkatzen da autonomia erkidegoetako planen edukia, baina zehazki eduki behar dutena V. eranskinean adierazten da.

Eta hondakinen prebentziorako programei dagokienez, 15. artikuluan eskumena administrazio publikoei dagokiela ezartzen da, dagozkien eskumen esparruetan. Halaber, xedatzen da independenteki onets daitezkeela, edo hondakinak kudeatzeko plan eta programetan sar daitezkeela.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, sektore inplikatu guztiekin egin da lan, parte-hartze prozesu zabal batean, helburu harturik Nafarroako Hondakin Planak (2017-2027) ahalik eta adostasun handiena izatea eta lanerako plana ezartzea hondakinen arloan, datozen urteetarako, arlo horretan onartu ohi den hierarkiarekin bat.

Planaren hasierako bertsioa jendaurrean egoteko aldia bukatuta (planarekin batera ingurumen azterlan estrategikoa ere jendaurrean izan da), planari eranskin bat gehitu zaio, aurkeztutako alegazioak eta haiei emandako erantzunak jasotzen dituena.

Bestalde, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen du zer prozedura bete behar den onetsi beharreko planen “Ingurumen ebaluazio estrategikoa” deitutakorako.

Arau horren 21. artikuluak xedatzen du ezen organo sustantiboak, kasu honetan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, jendaurrean jarriko duela planaren hasierako bertsioa, Ingurumen azterlan estrategikoarekin batera, gutxienez ere 45 eguneko epean.

Jendaurreko aldi hori ere bukatuta, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakin Planaren gaineko Ingurumen ondorioen adierazpena egin du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abenduaren 2ko 1398E/2016 Ebazpenaren bidez.

Horregatik guztiagatik, ikusirik Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak egindako txostena, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 12.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak.

ERABAKI DU:

1. Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Plana onestea. Planean sartuta dago Nafarroako Hondakinen Prebentziorako Plana.

2. Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Plana, erabaki honen eranskin gisa onetsitakoa, Nafarroako Parlamentura igortzea, haren berri izan dezan.

3. Erabaki hau igortzea Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau, eranskinik gabe, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Nafarroako Hondakin Plana Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da, http://gobiernoabierto.navarra.es/es/participacion/procesos-de-participacion/propuestas-gobierno/plan-residuos-navarra-2017-2027.

Iruñean, 2016ko abenduaren 14an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F1614233