242. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARANGUREN

Deialdia, administrari-ofizial izateko lanpostua aldi baterako kontratuarekin eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko izangaien zerrenda eratzeko

Aranguren Ibarreko Udalak, Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko urriaren 13an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez, deialdi baten oinarriak onetsi zituen, administrari-ofizial lanposturako izangaien zerrenda bat eratzeko, oposizio-lehiaketa bitartez, aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko, sortzen diren premiei erantzun beharrez.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdia iragartzen da izangaien zerrenda bat eratzeko, Aranguren Ibarreko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostua hautaproben bidez betetzeko, Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Zerrenda erabil daiteke laneko bajengatik egin beharreko behin-behineko ordezkapenetarako, oporretarako eta udal zerbitzuak indartzeko behar puntualetarako.

1.2. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, besteak beste jendea hartzea, ordenagailuak erabiltzea, testu lanketak, kudeaketa programa..., eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen artetik agintzen zaizkion lan guztiak.

1.3. Lanpostuek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion lansariak izanen dituzte. Orobat eskuratuko dituzte plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak, baita hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere.

1.4. Lanaldia izan daiteke osoa nahiz partziala. Horiek guztiak zerbitzuaren beharretara egokituko dira eta noiznahi aldatzen ahalko dituzte administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatutako nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Aranguren Ibarreko Udaleko Erregistro Orokorrean (Mutiloa plaza, z.g., Mutiloa) aurkeztu beharko dira (ordutegia: 9:00etatik 14:00etara) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako aukeretako edozein erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte, edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena. Lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak ere aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutakoak; bestela, ez aurkeztutzat joko dira.

3.2. Minusbalioa duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbalioa dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer ezintasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Aranguren Ibarreko Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da Aranguren Ibarreko Udalaren iragarki oholean, bai eta Udalaren web orrian ere (www.aranguren.com).

Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Aranguren Ibarreko Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Aranguren Ibarreko Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.–Epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Aranguren Ibarreko Udaleko Langileriaren zinegotzia.

Ordezkoa: Aranguren Ibarreko Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

–Mahaikidea: Aranguren Ibarreko Udaleko ordezkari sindikalek izendatua.

Ordezkoa: Aranguren Ibarreko Udaleko ordezkari sindikalek izendatua.

–Epaimahaikidea: Aranguren Ibarreko Udaleko esku-hartzailea.

Ordezkoa: Aranguren Ibarreko Udaleko diru-bilketaren arduraduna.

–Mahaikide idazkaria: Aranguren Ibarreko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: legez izendatzen dena.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Aranguren Ibarreko Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatutako aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

8.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen egintza berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

8.2. Lehiaketaldia: oposizioaldia gainditu dutenak baloratuko dira lehiaketaldian, eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

Eskarmentua:

–Nafarroako toki entitate batendako, administrari-ofizialaren lanetan zerbitzu egiten emandako urte bakoitzeko: 4 puntu, urte bakoitzeko.

–Nafarroako toki entitate batendako, administrari laguntzailearen lanetan zerbitzu egiten emandako urte bakoitzeko: 3 puntu, urte bakoitzeko.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

Aurreko bi atalen batura ez da 20 puntu baino handiagoa izanen.

Prestakuntza:

–Informatikako ikastaroak egiteagatik: Word Excel eta Acces 2007-2010, Outlook eta udaletako aplikazio informatiko berariazkoak (errolda-kontabilitatea-bilketa-katastroa): 0,04 puntu, ikastordu bakoitzeko.

–Deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak egiteagatik: 0,05 puntu, ikastordu bakoitzeko.

Aurreko bi atalen batura ez da 7 puntu baino handiagoa izanen.

–Euskara titulua izateagatik, edo behar den ezagutza-proba gainditzeagatik, gainditu duten izangaiek eskatu badute.

B1: puntu bat.

B2: 2 puntu.

C1: 3 puntu.

8.3. Oposizioaldia: hautapena honako ariketa hauen bidez eginen da:

8.3.1. Proba teoriko-praktikoa: bertan galdera teoriko-praktiko batzuk idatziz erantzun beharko dira; horietatik hiru laurdenak, gutxienez, II. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren laurden bateko zigorra izanen dute. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 50 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

8.3.2. Oposiziogileei eskaintzen zaizkien datuak erabiliz bi agiri ofizial prestatzeko proba. Ariketa honek, gehienez ere, 15 puntu izanen ditu. Bazterturik geldituko dira gutxienez 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

8.3.3. Elkarrizketa pertsonala. Hartan, balioetsiko da zer neurritan egokitzen diren izangaiak deialdiko lanpostura; epaimahaiak baloratuko du objektiboki. Balorazioak gehienez ere 5 puntu izanen ditu.

8.4. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

8.5. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin, Aranguren Ibarreko Udalaren iragarki oholean. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.aranguren.com helbidean.

8.6. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute aldean. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

Hautapen prozesua bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Aranguren Ibarreko Udalaren iragarki oholean, proba gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta Tokiko Gobernu Batzarrari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, behin betiko onets dezan.

Izangai bi edo gehiago puntuetan berdindurik badaude, berdinketa zozketa bidez hautsiko da.

10.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

10.1. Kontratazio zerrendek lau urteko iraunaldia izanen dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

10.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu bat dela bide, lanean ari edo aritu denean eta, kontratua bukatu eta hurrengo 12 hilabetean udal berean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

Lan-kontratudun batek muzin egiten ahalko dio kontratuari iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egiteak:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–Hiru urte baino gutxiagoko semea edo alaba, norberak izandakoa zein adoptatua, zaindu beharrean egotea.

4.–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

5.–Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabortz egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

Aitzineko atalean adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehenengo idatz-zatian aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egin arte, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Izangaiak honako kasu hauetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Deia eginda lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

10.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Mutiloan, 2016ko urriaren 25ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena, jakinarazpenak.

2.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen erroldaren ideia orokorra, tramiteak eta prozedurak.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua. Udalerria. V. titulua: Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua. Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola. Bereziki gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena: I. titulua. Udalbatzetako kideen estatutua. II. titulua: Toki entitateen beharrezko antolaketa. III. titulua: Toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: Toki entitateen antolaketa osagarria. VI. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa.

7.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

8.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea. V. titulua: Administrazioaren esku hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintzako diziplina, hirigintzako lizentziak.

9.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa. III. titulua: Zer jarduera sailkatuk behar duten Udalaren lizentzia. VI. titulua. Zehapen araubidea.

10.–Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Iragarkiaren kodea: L1612840