240. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BAZTAN

Deialdia, izangai-zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko euskaraz dakien arkitekto teknikoko lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritze aldera, Baztango udalean gertatzen ahal diren beharrak asetzeari begira

Baztango Tokiko Gobernu Batzordeak 2016/11/18an deialdia eta oinarriak onartu zituen.

Hona deialdi hau arautuko duten

OINARRIAK

Lehena.

Deialdia iragartzen da izangai-zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, euskarazko C1 maila duen arkitekto teknikoko lanpostuan aritzeko, Baztango Udalean unean-unean gertatzen ahal diren beharrak asetzeari begira.

Bete beharreko zereginak izanen dira Baztango ezaugarriak dituen udal baten arkitekto teknikoari dagozkionak. Bertze batzuen artean, honakoak nabarmentzen dira:

–Hirigintza sailaren zuzendaritzaren edota zinegotziaren esanetara aritzea eta lanpostuaren titulazioari dagozkion zereginak betetzea, baita bertzelakoak ere, baldin eta lanpostuaren administrazio-mailari egokitzen bazaizkio.

–Zerbitzuaren mendeko langileak koordinatzea eta antolatzea.

–Zerbitzuaren plangintza eta segimendua egitea.

–Udal ondarearen (udal eraikinak, lokalak eta zerbitzuak, karrikak eta errotazio-espazioak...) mantentze-lanen programazioaz eta kontrolaz arduratzea, bai alor teknikoetan, bai konstruktiboetan.

–Udal eraikinen Energia Plana sortzea, garatzea eta gainbegiratzea.

–Txostenak, ikuskaritzak, balorazioak, ikerketak, analisiak, proposamenak... egitea.

–Eraikuntza-lanetan osasun eta segurtasun neurriak betetzen direla aztertzea, ikuskatzea eta exijitzea.

–Udal-lanen memoria teknikoak egitea.

–Udal-obrak zuzentzea eta egiaztatzea/obra-ziurtagiriak egitea.

–Udalaren mantentze-lanak gainbegiratzea.

–Hirigintzako eta obra publikoetako zerbitzuei laguntza ematea

–Udal batzordeei laguntza ematea eta txostenak prestatzea.

–Titulazioarekin lotutako azterlanak, planak eta programak egitea.

–Aurretik aipatutako eginkizunei dagozkien txostenak prestatzea.

–Bere eskumenei loturiko bilkura, batzar eta abarretan parte hartzea eta bertan laguntza ematea, izan Udalarenak nola kanpokoak, gobernu-organo eskudunak Udalak bertan egon behar duela uste baldin badu.

–Jendeari arreta-zerbitzua ematea.

–Titulazioari dagozkion bestelako lanak egitea, baita funtzio administratiboak eta lanok garatu ahal izateko loturiko funtzioak ere.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a.–Europar Batasuneko edozein estatuko herritarra izatea, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa. Europar Batasuneko edozein estatuko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta orobat beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b.–Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c.–Arkitektura Teknikoko titulua edo horren baliokidea edukitzea, edo halakoa erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzean.

d.–Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-
egiaztagiria eduki beharko dute.

e.–Euskaraz jakitea, eta hori hauetakoren baten bidez egiaztatzea: EGA titulua, Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiri baliokidea edo ofizialki baliokidetzat aitortutako titulua; edo eskatutako ezagutza (deialdi honetako 1. arauan adierazitako C1 hizkuntza eskakizuna) egiaztatzeko proba egitea. Nafarroako Administrazio Publikoetan Euskararen Erabilera Arautzen duen otsailaren 10ko 29/2003 Foru Dekretuak xedatutakoaren arabera, hizkuntza-jakintza egiaztatzeko, izangaiek proba bat egin beharko dute oposizioaren ariketekin hasi baino lehen. Hizkuntza Eskolako Gaitasun Agiria, EGA edo horien baliokidea dutenek ez dute proba egin beharko, eta, horretarako, titulua edo haren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute deialdian parte hartzeko eskaria aurkeztean.

f.–Ibilgailuak gidatzeko B motako baimena eta autoa edukitzea.

g.–Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

h.–Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

i.–Espainiarrak ez diren izangaiek zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, edo hitz eman, adierazteko ez dutela, beren estatuan, Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapen edo kondena-penalik.

2.2. Izangaiek behar diren agiriak aurkeztu eta eskabideak aurkezteko unean egiaztatu beharko dute oinarri hauetako 2.1.c) eta 2.1.d) idatzi-zatietan eskatzen diren titulazio-baldintzak betetzen dituztela.

2.3. Izangaiek aurreko baldintza guztiak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez ezik, hala dei egiten zaienean nola kontratazio-aldian ere.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Baztango Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dira edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Baztango Udalaren bulegoetan (Foruen Plaza, z/g, 1. solairua) edo Udalaren www.baztan.eus webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere ezertan galarazi gabe kontratatuak izateko deituak direnean jatorrizko dokumentuak edo fotokopia konpultsatuak edo legeekin bat kautotuak aurkezteko beharra:

–Nortasun Agiri Nazionala edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen agiriaren fotokopia, eta behar izatera, deialdiaren 2.1.a) oinarrian eskatutako nazionalitate- eta ahaidetasun-baldintzei buruzko agiriarenak.

–Ibilgailuak gidatzeko B motako baimenaren fotokopia.

–Arkitektura Teknikoko tituluaren edo horren baliokidearen fotokopia.

–Euskara titulua.

–Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak. Modu horretan egiaztatu ezin diren alderdiak badira, tituluen, ziurtagirien edo balioesteko aurkezten dituen bertzelakoen kopia egiaztatua edo fotokopia (jatorrizkoarekin batera aurkeztuko da konpultsatzeko).

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, haien eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzun beharra ezertan galarazi gabe.

3.3. Desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte -beharrezkotzat joz gero-, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu zer-nolako desgaitasuna duten eta eskatutako egokitzapenak.

Laugarrena.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Behin eskabideak aurkezteko epea amaituta, organo eskudunak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta zerrenda ikusgai paratuko da Baztango Udalaren www.baztan.eus webgunean eta Udalaren iragarki-taulan -Udaletxearen behealdean-.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

Behin erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta erreklamazioak ebatzita, organu eskudunak onetsiko du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda (baztertuen kasuan, bazterketaren zergatia agertuko da), eta agindua emanen du ikusgai paratzeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan. Zerrendakin batera, deialdi honetan aurreikusitako lehenengo hautaproba egiteko eguna eta tokia ere emanen dira argitara.

Izangaietan inor bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Baztango Udalaren webgunean nahiz iragarki-taulan argitaratuko da, hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik deialdietan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa -edo Administrazioak jasotakoa- aztertzean ondorioztatzen bada eskatutako baldintzaren bat ez dutela betetzen, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik bereganatutako eskubide guztiak galduko dituzte.

Bosgarrena.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epai-mahaiburua: Joseba Otondo, Baztango Udaleko alkatea.

Epai-mahaikidea: Baztango Udaleko langileen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Epai-mahaikidea: Borja Izaguirre, Baztango Udaleko arkitekto aholkularia.

Epai-mahaikidea: Patxi Frances, Doneztebeko Udaleko arkitekto aholkularia.

Epai-mahaikidea: Xabier Urtiaga, NASUVINSAren Baztan-Bidasoa eskualdeko bulegoko arkitektoa

Epai-mahaikidea: Roberto Perez, NASUVINSAren Baztan-Bidasoa eskualdeko bulegoko arkitekto teknikoa.

Epai-mahaikide/idazkaria: Udalekoa.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, Herri Sektorearen Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, halako inguruabar horietako bat gertatzen bada.

Epai-mahaiaren osaera aldatzen bada, epai-mahaikideek parte ez hartzeko edota haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla eta, jendaurrean emanen da horren berri izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek haien espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horiexetan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Seigarrena.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da; lehenbizi, lehiaketaldia izanen da eta gero oposizioaldia, oinarri hauetan adierazten den bezala.

Euskara: Oposizioaldia hasi baino lehen, zentzu hertsian, deialdi honetako 2.1.e) oinarrian eskatutako baldintza egiaztatu ez dutenek bakarrik egin beharko dute. Idatzizko proba bat eta ahozko bertze bat egin beharko dira eta proba horietan ikusiko da pertsona horrek deialdi honetan eskatzen den hizkuntza-mailari dagokion gaitasuna duen ala ez. Proba hori egin eta gero, "gai" kalifikazioa lortu dutenak oposizioaldiko probetara pasatuko dira.

6.2. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian, gehienez, 30 puntu lortuko dira.

Aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera puntuatuko dira

a) Administrazio Publikoan, antzeko lanpostuetan emandako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko puntu bat. Gehienez ere 20 puntu.

b) Enpresa pribatuetan, antzeko lanpostuetan emandako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko puntu bat. Gehienez ere 7 puntu eskuratzen ahal dira hemen.

Aurreko bi ataletako merezimenduak zenbakitan emateko, ondokoak hartuko dira kontuan, betiere agiriz frogaturik: lan edo administrazio-
araubidean, behin behinean edo finko gisa emandako zerbitzuak, baita bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izanik emandakoak. Haatik, atal batean baino gehiagotan emandako zerbitzuak denbora berean eginak badira, puntuaziorik handiena dutenak baino ez dira baloratuko.

Egiaztatutako esperientzia-denbora urte osokoa ez bada, hilabete bakoitzari dagokion proportzioa hartuko da kontuan.

c) Prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 3 puntu. Egin beharreko lanpostuarekin ikusteko duten ikastaroak, behar bezala frogaturik badaude, honako irizpideei jarraikiz baloratuko dira:

50 orduko edo ordu gutxiagoko ikastaroak: 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko.

50 ordutik goitiko ikastaroak: 0,75 puntu ikastaro bakoitzeko.

d) Arkitektura bioklimatikoa edo jasangarriari buruzko prestakuntza ikastastaroak: gehienez ere 5 puntu. Egin beharreko lanpostuarekin ikusteko duten ikastaroak, behar bezala frogaturik badaude, honako irizpideei jarraikiz baloratuko dira:

50 orduko edo ordu gutxiagoko ikastaroak: 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko.

50 ordutik goitiko ikastaroak: 0,75 puntu ikastaro bakoitzeko.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Epaimahaiak bere iritziaren arabera balioetsiko ditu aurkeztutako merezimenduak, baina modu arrazoituan, kasuan-kasuan eta aurreko ataletako bakoitzerako, baina behin ere ezin izanen dira kontuan hartu alegatu edo dokumentuen bidez egiaztatu ez diren merezimenduak.

Lehiaketaldiaren akabailan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa argitaratuko da, Iragarki Taulan.

6.3. Oposizioaldia.

Hemen, gehienez ere, 70 puntu eskuratzen ahal dira.

Ariketa hauek izanen dira (euskaraz eta/edo gaztelaniaz eginen dira):

a) Ariketa teorikoa: erantzun laburreko edo test motako galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie II. eranskineko gaiei buruz.

Epaimahaiak erabakiko du probaren iraupena. Gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira eta baztertzailea denez, gainditzeko, gutxienez, 12,5 puntu eskuratu beharko dira.

b) Ariketa praktikoa: deialdiaren II. eranskineko gaiei loturiko kasu praktiko bat egin beharko da.

Epaimahaiak erabakiko du probaren iraupena. Gehienez ere 35 puntu eskuratzen ahalko dira eta baztertzailea denez, gainditzeko gutxienez 17,5 puntu eskuratu beharko dira.

c) Elkarrizketa pertsonala. Ariketa honetako gehienezko puntuazioa: 10 puntu. Ez da baztertzailea izanen.

Ariketa bakoitzerako, deialdi bakarra eginen da, eta izangai bakoitzak bere Nortasun Agiri Nazionala edo Epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio dokumentu bat aldean daramala joan beharko du. Agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira.

Hautaketa-probak egiten diren bitartean, elbarritasuna duten pertsonek hala eskatuta, posible diren denbora-eta baliabide-egokitzapenak eginen dira probak egiteko.

Hautaketan parte hartzea eskatu dutenei jakinaraziko zaie ariketak noiz hasiko diren; horretarako abisua emateko telefono-zenbaki bat edo helbide elektroniko bat idatzi beharko dute beren eskarian.

Oposizio-lehiaketaren azken kalifikazioa izangaiek lortu dituzten puntuazioen batura izanen da.

Zazpigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda, izangai-zerrenda eta deia.

7.1. Behin probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Halaber, organu eskudunari igorriko dio zerrenda, onets dezan hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, epaimahaiak ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

Izangai-zerrendak izangaiak deitzeko hurrenkerarekin bat onetsi aurretik, desgaitasuna egiaztatu duten izangaiei osasun-azterketa bat eginen zaie, lanposturako gaitasuna zehazte aldera.

7.2. Behin jasota hautapen-prozesuaren espediente osoa, organu eskudunak ebazpen bidez onetsiko du izangai-zerrenda, izangaiak deitzeko hurrenkerarekin bat (izena, abizenak eta lortutako puntuazioa agertuko dira), eta ikusgai paratuko da Udalaren iragarki-taulan eta www.baztan.eus webgunean.

7.3. Gainditzen duten izangaiei Baztango Udalean sortzen diren beharren arabera deitzen ahalko zaie, arau hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak eta aplikagarriak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren Xedapen gehigarrian ezarritakoa, eta horretarako % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek egoera hori egiaztatu beharko dute organo eskudunak egindako jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua edo legeekin bat kautotua aurkeztuta.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Epai-mahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Baztanen, 2016ko azaroaren 18an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa jauna

I. ERANSKINA

Eskabidea, deialdian parte hartzeko (PDF).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Uirigintza.

–35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa:

  • V. Titulua. Eraikuntzaren eta lurzoruaren erabileraren gainean administrazioaren esku-hartzea eta hirigintza-diziplina.

–85/1995 Foru Dekretua, apirilaren 3koa, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duena:

  • IV. Titulua. Hirigintza-Legezkotasunaren babesa: II. Kapitulua. Hirigintzako arau-hausteak zehatzeko prozedura.

2. gaia.–Udal plangintza.

–Baztango Udal Plana (2003ko apirilaren 1eko 40. NAOan argitaratua).

–Baztango Udal Planaren Ordenantza Orokorrak (2010eko urtarrilaren 15eko NAOan argitaraturiko aldaketa).

3. gaia.–Ingurumena.

–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzkoa:

  • III. Titulua. Jarduera sailkatuetarako udal lizentzia behar duten jarduerak.

–93/2006 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena:

  • III. Titulua. Udalen jarduera sailkatuko lizentzia behar duten jarduerak eta 4A, 4B, 4C, 4D eranskinak.

4. gaia.–Araudi sektoriala.

ERREPIDEAK

–5/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako errepideei buruzkoa:

  • IV. Titulua. Bideen jabari publikoaren babesa eta jabetzari ezarritako mugak.
  • V. Titulua. Errepideen hiri barneko tarteak eta zeharbideak.

URAREN LEGEA

–1/2001 Errege Dekretu Legegilea, uztailaren 20koa, Uren Legearen testu bategina onartzen duena:

  • I.Titulua estatuaren jabari publiko hidraulikoa
  • V. Titulua. Jabari publiko hidraulikoaren babesa eta uren kalitatea. I. Kapitulua.–Arau orokorrak eta II. Kapitulua - Isurketak.

5. gaia.–Eraikuntzaren antolamenduari buruzko legea

38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzkoa.

6. gaia.–Segurtasuna eta istripuen prebentzioa.

–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eraikuntza-obretako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ezartzen dituena:

  • Istripuen prebentzioa. Babes pertsonalerako bitartekoak.
  • Segurtasuna eta osasuna eraikitze-lanetan:
  • Segurtasunaren eta osasunaren azterketa
  • Segurtasunaren eta osasunaren plana

7. gaia.–Eraikuntzaren Kode Teknikoa.

–DB-SUA: Erabilpen-segurtasuna eta irisgarritasuna- ETK

–DB-SI: Sutearen aurreko segurtasuna-EKT

8. gaia–Etxebizitza: bizigarritasun baldintzak.

–142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena:

  • Nafarroako etxebizitzetako bizigarritasun baldintzak.
  • Bizigarritasun-zedula Nafarroan: izaera, tramitea, edukiak eta ondorioak.

9. gaia.–Lursailen eta eraikinen balioespenak.

–2/2008 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 20koa, lurzoruari buruzko legearen testu bategina onesten duena.

  • III. Titulua balioespenak.

–ECO/805 Agindua, 2003ko martxoaren 27koa, ondasun higiezinak eta eskubide jakin batzuk finantza-helburu jakin batzuetarako baloratzeko arauei buruzkoa.

  • II. Titulua tasazio-balioaren kalkulua.

10. gaia–zarata eta bibrazioen emisioa.

–135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, zaratak eta bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

11. gaia–Nafarroa atlantikorako lurraldearen antolamenduko plana.

–44/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 16koa, Nafarroa Atlantikoko Lurraldearen Antolamenduko Plana onesten duena.

  • III. Titulua. Natur eta kultur ondarea antolatzeko estrategia. I. Kapitulua 5. atala eta PN8 Eranskina: Zenbait erabilera eta jarduera baimentzeko irizpideak lurzoru urbanizaezinean.

Iragarkiaren kodea: L1613582