Iragarkia
240. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
428/2016 FORU AGINDUA, abenduaren 7koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Honen bidez arauak ezartzen dira, patataren hazi ziurtatuaren ekoizleei laguntzak ematearen gainean, naturaren aldetik mugak dituzten eremuetan nekazaritzako jarduera horri eustearren. Halaber, 2016rako laguntzen deialdia onetsi da.
Erregaien, ongarrien, fitosanitarioen eta beste nekazaritza sargai batzuen prezioa handitu da, eta horren ondorioz kostuak nabarmenki handitu dira eta hazitarako patata ziurtatuaren produkzioa metatu da. Gertaera honek ustiategien errentagarritasunean eragin negatiboa izan du, kostuen gorakada produktuaren azken prezioetan islatu ez baita, eta krisia sortu du hazitarako patataren ustiategietan. Bestetik, Espainiako ekoizleek jasotzen dituzten prezioek nabarmen behera egin dute, Europar Batasuneko eta beste toki batzuetako eremu mesedetuagoekin lehiatu behar baitute, eta nekazaritzako elikagaien merkatuak krisian daude, Errusiak Europar Batasuneko produktuen inportazioa debekatu baitzuen. Horregatik, egoera larritu eta luzatu da, eta irtenbiderik ez da aurreikusten epe labur eta ertainean. Horren ondorioz, jarduera desagertzeko arrisku larrian dago.
Hazitarako patataren produkzioa oinarrizko zutabe duten ustiategi ugariren desagerpena ekartzen ahal du krisiak, eta horrekin batera lanpostuak galtzea eta jarduera ekonomikoa murriztea. Egoera larriagoa da nagusiki landa eremuetan (esate baterako Pirinioetan) gertatzeagatik, non bideragarritasun ekonomikoa duten jarduerak urriak diren, are gehiago mendi eremuak direlako, oso despopulatuak, eta hango ekonomia deprimituko litzatekeelako.
Laguntzaren helburua da nekazaritzako enpresen bideragarritasun ekonomikoa erraztea patataren hazi ziurtatuaren landaketaren bidez, hura produzitzen den eremuetan landaketa mantentzeko eta hango alderdi ekonomiko eta sozialak indartzeko. Merkatuaren eragina oso txikia da, Espainiako eta Europako merkatuan landaketa horren eremua oso txikia baita eta soilik 200 bat hektarearen jarduera mantendu nahi delako, kontuan hartuta autonomia erkidego hurbilenetan milaka hektareatan landu dela hazitarako patata.
Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak beharrezko eta presakotzat jotzen du laguntza bat ezartzea hazi ziurtaturako patata ekoizten duten ustiategietarako, naturaren aldetik mugak dituzten eremuetan, hazitarako patataren landaketa ziurtatu, sustatu eta defendatzeko jarduera sostengatzen jarraitzeko, Nafarroako eskualde menditsuen alderdi ekonomiko eta sozialak mantentzea ekarriko baitu.
Foru agindu honetan arautzen den laguntza bat dator nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako Estatuko laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko Europar Batasuneko jarraibideekin.
Jarraibide horietan agertzen diren laguntza moten artean, landa garapeneko neurrietan sartzen dira “Naturaren aldetik mugak dituzten edo berariazko beste zailtasun batzuk dituzten eremuetarako laguntzak” (1.1.7 atala). Laguntza hauek lehen mailako nekazaritza ekoizpenean aritzen diren enpresak konpentsatzeko erabiliko dira; zehazki, kostu gehigarriak eta jaso gabeko errentak osorik edo horien zati bat konpentsatzeko, betiere eremu kaltetuan nekazaritzarako ekoizpenerako dauden mugekin lotuta badaude.
Laguntzen araubide hau bat dator nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako Estatuko laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko Europar Batasuneko jarraibideekin (2014/C 204/01). Hala, Europar Batasuneko barne merkatuarekin bateragarritzat jo da laguntza, Europako Batzordearen SA.44624 (2016/N) Erabakiarekin bat (erabaki hori naturaren aldetik mugak dituzten eremuetan patataren hazi ziurtatuaren ekoizleei laguntzak emateari buruzkoa da).
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.
Horrenbestez, bidezkoa da laguntza hauek emateko arauak ezartzea 2016-2020 aldirako, eta 2016rako deialdia onestea.
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Ikusirik Nekazaritza Zerbitzuko zuzendarien aldeko txostena eta ekitaldi honetan aurrekontuan dagoen diru erabilgarria.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1g) artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Arauen onespena.
Arauak onesten dira, 2016-2020 aldirako, patataren hazi ziurtatuaren ekoizleei laguntzak ematearen gainean, naturaren aldetik mugak dituzten eremuetan nekazaritzako jarduera horri eustearren. Foru agindu honen I. eranskinean daude.
2. artikulua. Gardentasuna aitortzeko betebeharra.
Onuradunek gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua onesten da, eta foru agindu honen II. eranskinean jaso da.
Lehen xedapen gehigarria.–2016rako laguntzen deialdia.
1. Patataren hazi ziurtatuaren ekoizleei laguntzak emateko deialdia onetsi da 2016. urterako, naturaren aldetik mugak dituzten eremuetan nekazaritzako jarduera horri eustearren.
2. 2016an laguntza eskaerak aurkezteko epea 7 egun naturalekoa da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
3. 2016rako laguntza eskaera aurkezteko eredua foru agindu honen III. eranskinean agertzen da.
Bigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko kreditua.
97.595 euroko gasturako baimena ematea, foru agindu honen ondoriozko konpromisoetarako. 2016ko gastuen aurrekontuetako “Hazitarako patataren ekoizpena sustatzea” izeneko 710000-71210-4701-412102 kontu-sailaren kargura gauzatuko da gastua.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Diru-laguntzen deialdiaren erregistroa.
Diru-laguntzen deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzeko agintzen da.
Laugarren xedapen gehigarria.–Deialdiaren aurkako errekurtsoak.
Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko abenduaren 7an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
I. ERANSKINA
Patataren hazi ziurtatuaren ekoizleei laguntzak ematearen gaineko arauak, 2016-2020 aldirako, naturaren aldetik mugak dituzten eremuetan nekazaritzako jarduera horri eustearren
1. artikulua. Xedea eta helburua.
1. Xedapen honen helburua da arauak ezartzea 2016-2020 aldirako, patataren hazi ziurtatua ekoizten dutenentzako laguntzen aldi baterako araubidea onesten dutenak, nekazaritzako jarduera hori mantentzeko. Laguntzen helburua da horren landaketa sustatu eta defendatzea egiturazko arazoak dituzten eremuetan, non landatutako azalera mantentzeak edo handitzeak eremuen ehun sozial eta ekonomikoa mantentzen lagunduko duen, gaur egun jarduera ekonomikorako aukera gutxi baitute.
2. Laguntzen araubide hau bat dator nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako Estatuko laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko Europar Batasuneko jarraibideekin (2014/C 204/01), 2014ko uztailaren 1eko Europar Batasunaren Egunkari Ofiziala. Jarraibide horietan agertzen diren laguntza moten artean sartzen dira “Naturaren aldetik mugak dituzten edo berariazko beste zailtasun batzuk dituzten eremuetarako laguntzak” (1.1.7 atala).
3. Horien xedea da lehen mailako nekazaritza ekoizpenean aritzen diren enpresak konpentsatzea; zehazki, kostu gehigarriak eta jaso gabeko errentak osorik edo horien zati bat konpentsatzeko, betiere eremu kaltetuan nekazaritzarako ekoizpenerako dauden mugekin lotuta badaude.
4. Arau honek indarra hartzen duenetik 2020ko abenduaren 31ra arte iraunen du laguntza araubide honek.
2. artikulua. Onuradunak eta laguntzak jasotzeko betebeharrak.
1. Laguntza hauen onuradunak izanen dira Nafarroan patataren hazi ziurtatua ekoizten duten nekazaritzako ustiategien titularrak, betiere baldintza hauek dituzten lurzatietan aritzen badira:
a) Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020rako Programaren arabera Goi Mendialdekotzat jotzen diren udalerrietan egotea, eta
b) Pirinioetako ekoizpen eremuan egotea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren uztailaren 11ko 255/2006 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.
2. Onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:
a) Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta izatea, horrela baitago arautua Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan, eta jarduneko nekazari baldintza betetzea.
b) Lankidetza kontratu bat sinatua izatea, laguntzarako eskabidea aurkezten den urtean, eta urte horrexetarako, hazitarako patata lantzeko, ekoizle ugaltzaile edo hautatzaile batekin.
c) Nafarroako Foru Komunitateko lurzatietan patata lantzea, eta lurzati horietan patata ziurtatua ekoitzi izana laguntza eskatzen den urtean.
d) Lur eremu hori deklaratzea, laguntza eskabidea aurkezten den urteko laguntzen eskabide bakarrean.
e) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 1. artikuluan ezarritako definizioaren arabera.
f) Krisi egoeran ez egotea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 14. puntuan ezarritako definizioaren arabera.
g) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.
h) Nafarroako Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzan zorrik ez izatea.
3. artikulua. Eskatzen diren baldintzak eta konpromisoak frogatzeko era.
Aurreko artikuluan eskatzen diren baldintzak frogatzeko, Nekazaritza Zerbitzuak dagozkion administrazio kontrolak eginen ditu aurkeztutako eskaeren gainean. Izan ere, eskatzailea agertzen den datu-baseak gurutzatuko dira, NPB laguntzen eskaeran adierazitako azaleren aitorpenei dagokienez, hazitarako patata ziurtatzeko lurzatien entitate ekoizle hautatzailearen aitorpenekin, eta tokian berean eginen dira kontrolak gainerako baldintzen gainean.
4. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.
1. Zenbatekoa, hektarea hautagarri bakoitzeko, 1.330 eurokoa izanen da gehienez hektareako.
2. Eskaera bateko lehenengo 25 hektareek azalerako laguntzaren %100 jasoko dute. Hurrengo hektareek, 50 bitarte, landutako azaleraren %75ari dagokion zenbatekoa jasoko dute, 50etik 75era bitarte, landutako azaleraren %50ari dagokion zenbatekoa, 75etik 100era bitarte, landutako azaleraren %25ari dagokiona, eta 100 hektareatik gora ez da laguntzarik jasoko.
3. Aurreko puntuan ordainketarako azaldu diren tarteak ez dira gehituko ogibide nagusia nekazaritza duten bi nekazariz edo gehiagoz osatutako pertsona juridikoen eskaerak izanez gero.
5. artikulua. Urteko deialdiak.
1. 2016ko eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira. Halaber, Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan aurkezten ahal dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan biltzen diren tokietako edozeinetan. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria baliatuz.
2. 2017ko eskaerak eta hurrengoak NPB laguntzen eskabide bakarrean sartuta eginen dira, kanpaina bakoitzaren barnean, deialdiaren foru aginduan azaltzen diren egun, toki eta epeetan.
3. Eskaeraren gutxieneko edukia eskabidearen ereduan dago, foru agindu honen III. eranskinean.
6. artikulua. Diru-laguntza emateko prozedura.
1. Arau honen xede diren laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Laguntza jasotzeko eskubidea duten eremu guztietarako behar adina finantza baliabiderik ez badago, neurri berean murriztuko da eremuan baliozkotutako hektarea bakoitzeko zenbatekoa, finantza baliabideak agortzen dituen balio bat lortu arte.
7. artikulua. Ebaluazio organoa.
Nekazaritza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.
8. artikulua. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa, ebazpena eta ordainketa.
1. Eskaera jasotzen denean, eskatzailea onuradun ote den egiaztatuko da, 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gero, eskatutako dokumentazio guztia ote duen egiaztatuko da; bestela, gehienez hamar eguneko epean osatzeko eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.
2. Eskaera ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpen proposamena eginen du.
3. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.
4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez. Epea ebazpen espresik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
5. Onuradunak laguntza lortu ahal izateko baldintzak, konpromisoak eta betebeharrak betetzen dituela egiaztatutakoan, laguntza emanen zaio ordainketa bakarraren bidez.
9. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak dira onuradunen betebeharrak, bereziki hauek:
–Laguntza ematen duen organoak edo erakunde laguntzaileak egiten dituzten egiaztapen jarduketak onartzea edo, bestela, kontrolerako organo eskudun nazionalek zein Europar Batasunekoek egiten ahal dituzten egiaztapen eta kontrol finantzarioko jarduketak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazioa ematea.
–Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari, onuradunarenak edo entitate laguntzailearenak izan. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
10. artikulua. Onuradunaren gardentasunerako betebeharrak.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
11. artikulua.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak jakinarazi egin beharko ditu bai helburu bererako eskatzen dituen laguntzak bai azkenean lortzen dituenak.
12. artikulua. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Deialdi honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, diru-laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.
13. artikulua. Publicación e información.
1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak konpromisoa hartzen du laguntzen araubidearen testu osoa eta hori aplikatzeko xedapenena argitaratzeko, edo norbanako laguntzen oinarri juridikoa, edo horren esteka bat internet globaleko gune batean jartzeko, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako Estatuko laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko jarraibideen I. zatiko 3.7 puntuaren 128. puntuarekin bat (2014/C 204/01).
2. Laguntza emateko erabakia hartu ondoren argitaratuko da informazio hori. Gutxienez 10 urtez gordeko da informazioa, eta murrizketarik gabe jendearen eskura egonen da.
3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak konpromisoa hartzen du txostenak eta berrikuspenak egiteko, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako Estatuko laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko jarraibideen III. zatiko 2. kapituluan ezarritakoarekin bat.
14. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, patataren hazi ziurtatua ekoizten dutenentzako laguntzei dagokien fitxan. Laguntzak nekazaritzako jarduera horri eusteko ematen dira.
II. ERANSKINA
Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpena.
III. ERANSKINA
2016. urteko laguntza eskabidearen eredua.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1613931
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
