240. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

254/2016 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularrerako, 2016ko abenduaren 16rako, 9:00etatik 10:00etara, Transports Ciutat Comtal SLko (TCCko) enpresa batzordeak dei eginiko greba dela eta.

2016ko azaroaren 30ean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko erregistroan, Transports Ciutat Comptal SLko (TCCko) enpresa batzordeko buruak bidalitako idazki bat sartu zen. Enpresa hori Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren emakidaduna da. Idazki horren bidez, eskualdeko hiri garraioaren zerbitzuan grebarako deia jakinarazi zen, 2016ko abenduaren 16rako, 9:00etatik 10:00etara.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, gizartearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiari-garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etorrietarako aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea besteak beste Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, grebarako deia dela eta, bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen kalte larriez gainera, eta ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2016ko abenduaren 7an Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektroniko orokorrean sartu zen Iruñerriko Mankomunitateko buruak abenduaren 7an emandako 524/2016 Ebazpenaren kopia. Horren bidez, Garapen Ekonomikoari proposatzen zaio gutxieneko zerbitzuak ezartzea Iruñerriko erabiltzaile guztientzako hiriko bidaiari-garraio erregularrerako, Transports Ciutat Comtal SLko (TCCko) enpresa batzordeak dei eginiko greba dela eta. Izan ere, garraio mota horren titularra da Iruñerriko Mankomunitatea.

Aurreko aldietan, eskualdeko hiri garraioaren emakida duen enpresako enpresa batzordeak grebarako deiak egin dituenean, ondoko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, eta ebazpen honetan kontuan hartzeko modukotzat hartzen da:

–2004ko urtarrilean, urtarrilaren 12ko 10/2004 Foru Dekretuaren bidez %57ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren.

–2004ko martxoan, martxoaren 22ko 145/2004 Foru Dekretuaren bidez %57ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren abuztuaren 12ko 819/2001 epaiak deklaratu zuen zuzenbidearen araberakoak zirela.

–2007an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 26ko 88/2007 Foru Aginduaren bidez %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren uztailaren 3rako deitutako grebarako.

–2010ean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 29ko 47/2010 Foru Aginduaren bidez %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren uztailaren 21erako eta 28rako deitutako greba partzialerako. Foru agindu horren kontra ez zen errekurtsorik jarri.

–2013an, Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 2ko 145/2013 Foru Aginduaren bidez %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren 2013ko azaroaren 26rako deitutako grebarako.

Eskatzen diren gutxieneko zerbitzuak eskatzeko, kontuan hartu dira, orobat, aurretik deitutako greba orokor batzuk, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zuzenbidearen araberakoak deklaratutakoak. Horrela, hurrengo deialdietan aurkitzen dira aurrekari hurbilenak:

–2012ko irailaren 26rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 42/2012 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren apirilaren 17ko 352/2013 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 42/2012 Foru Agindua.

–2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 6/2011 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irailaren 13ko 389/2011 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 6/2011 Foru Agindua.

–2010eko irailaren 29rako greba orokorrerako deia, CCOO, UGT, CGT eta Confederación Intersindical sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren irailaren 16ko 57/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2010eko ekainaren 29rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 23ko 44/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 4ko 327/2011 Epaiak ez zuen onartu 6/2011 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

–2009ko maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 45/2009 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 24ko 424/2009 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 45/2009 Foru Agindua.

–2012ko irailaren 26rako greba orokorrerako deia, ELA eta LAB sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 42/2012 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren apirilaren 17ko 352/2013 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 42/2012 Foru Agindua.

Halaber, aipatu ebazpenak garraio zerbitzu horren inguruabarrak baloratzen ditu. Jarraian azaltzen dira balorazio horren datu esanguratsuenak.

Eskualdeko hiri garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Herri eta lantoki horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunero. Horietariko asko hiriko garraio publikoaren bidez gauzatzen dira.

Greba horrek garraio zerbitzu horretan bakarrik izanen du eragina; hortaz, erabilera ez da gutxituko, izan ere garraio publikoko joan-etorriak egiteko arrazoiek beren horretan segituko baitute greban ere, greba orokor batean ez bezala.

Iruñerrian hiriko bestelako garraio kolektiborik ez dago (metrorik, aldiriko trenik, tranbiarik eta abarrik) eskualdeko hiriko garraioan egunero egiten diren joan-etorriak bideratzeko. Hori oso kontuan hartzekoa da, greba honen funtsezko zerbitzuak finkatzerakoan. Orobat, taxi zerbitzua ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiriko garraioarenarekin eta haien gaitasuna, bistan denez, ez da aski joan-etorrietarako, eskola eguneko ostiral batean 130.000 bidaiari daudelako gutxi gorabehera (horietatik 7.560 inguru grebaren aldian).

Bestetik, autorik edo beste garraiobide alternatiborik ez duten pertsonentzat da bereziki larria. Kalkuluen arabera, egoera horretan 71.500 bidaiari daude egunero, eta horietatik 4.160 grebaren aldian.

Halaber, kontuan hartu behar da zehazten den zerbitzu maila erabat argia izan behar dela. Hiriko garraioaren erabilera garraio horri buruzko informazioaren menpe dago neurri handi batean. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da, informazio eskuragarriaren arabera.

Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazterakoan, gutxi direnez, erabiltzailea “ezin daitekeelako geralekuan gelditu autobusaren zain”, ordu zehatz eta ezagunetan joan beharra dago eta. Horregatik, gutxieneko zerbitzutzat jotzen den portzentajeak linea bakoitzean, autobus batetik bestera, zentzuzko denbora ekarri behar du eta haien gaineko informazioak ulergarria izan behar du.

Iruñerriko Mankomunitateko buruaren aipatu ebazpenean jasotzen dira eguneko zerbitzuan, lanegun arrunt batean, dauden eskaintzaren eta eskariaren ezaugarri nagusiak, grebaren deia 2016ko abenduaren 16ko ordu tarte jakin baterako baita.

Beraz, eskaintzari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:

–Eguneko sareak 22 linea ditu: 18 erradial edo bitan erradial, 2 perimetral eta 2 zirkular.

Honela sailka daiteke eskaintza (laneguneko puntako ordu batean):

  • Handia. 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 10 linea (2, 3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).
  • Ertaina-handia: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 8 linea (1, 5, 6, 11, 15, 17, 19 eta 20).
  • Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 4 linea (10, 14, 23 eta 25).

–Lanegun batean autobus kopuru hauek daude lanean:

  • Autobus finkoak, eguneko zerbitzu osoan dabiltzanak: 109.
  • Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 7 inguru.
  • Erreserbako autobusak, matxuratzen diren finkoak edo errefortzuak ordezteko: 2.
  • Guztira: 118 inguru.

Eguneko zerbitzuan eskola eta lan eguna den ostiral baterako eskariari dagokionez (2016ko azaroko datuak, zehazki), honako hau nabarmentzen da:

–Eskola eta lan eguna den ostiral batean 130.000 bidaiari daude, batez beste. Zehazki, 9:00etatik 10:00etara doan ordu tartean, 7.560 bidaiari daude gutxi gorabehera.

–Eskola eta lan eguna den ostiral baterako garraio-eskariak puntako hiru ordu ditu:

  • Goizeko puntako ordua: 6:30etik 9:30era; 10.000 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %18,6 inguru biltzen du.
  • Eguerdiko puntako ordua: 13:00etatik 15:30era; 12.150 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %19,9 inguru biltzen du.
  • Arratsaldeko puntako ordua: 17:00etatik 20:30era; 8.900 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %23,2 inguru biltzen du.
  • Erabilera gutxieneko orduei (haraneko orduei) dagokienez, goizeko haraneko orduak (9:30etik 13:00etara) erabilera txikiagoa du arratsaldekoa (15:30etik 17:00etara) baino.

–Hona hemen batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan EHGko erabiltzaileek betetako inkestatik erauziak eta ehunekotan emanak:

a) Lana: %38,3.

b) Ikasketak: %20,4.

c) Kudeaketak egitea: %13,2.

d) Erosketak: %6,6.

e) Medikuak eta ospitaleak: %6,3.

f) Bestelakoak: %15,2.

Horren arabera, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea..) dira arrazoi nagusiak, bidaien %60 baitira eskualdeko hiri garraioko linea guztietan. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoiek garraio publikoan egindako joan-etorrien bi heren biltzen dute.

Egun tartearen arabera arrazoien banaketari dagokionez, lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen dira batez ere, eta mediku eta ospitaleengatik egindakoak egunean zehar banatzen dira.

–Laneguneko bidaiarien %55ek ez dute bestelako garraiobiderik, aipatu inkestaren emaitzen arabera.

–Bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, ikasketak, medikua etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, garai horretarako gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje gisa definitua, neurri horretakoa izan beharko litzateke.

Azaldutakoa kontuan harturik, eta greba 9:00etatik 10:00etara tarterako deitu denez (goizeko puntako orduaren bukaeran, hain zuzen), Iruñerriko Mankomunitateak laneguneko garraio-zerbitzu arruntaren %60ko gutxieneko zerbitzuak proposatu ditu, bai autobus finkoetarako, bai erreserbakoetarako, bai errefortzuetarako.

Portzentaje hori zehazteko, Iruñerriko Mankomunitateak behar diren baliabideak balioetsi ditu, eta 66 autobus finko eta erreserbarako autobus bat behar dira, eranskinean zehazten den bezala.

Beraz, kontuan hartuz lanegun batean 111 autobus izaten direla (finkoak gehi erreserbakoak), definitutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da.

Funtsezko zerbitzu hau jaiegunetakoa bezalakoa da 8 lineatan (2, 9, 10, 14, 15, 16, 18 eta 20), 8 lineatan jaiegunetakoa baino txikiagoa da (3, 5, 6, 7, 8, 11, 19 eta 21) eta 6 lineatan zertxobait handiagoa da (1, 4, 12, 17, 23 eta 25).

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. artikulua kontuan harturik, Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraio Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2016ko abenduaren 16rako, 9:00etatik 10:00etara, Transports Ciutat Comtal SLko (TCCko) enpresa batzordeak dei eginiko grebak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularrean:

–Ohiko lanegun bateko garraio zerbitzu normalaren %60. Portzentaje hori bai autobus finkoetan bai erreserbakoetan aplikatuko da, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Garapen Ekonomikorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau eta eranskina Transports Ciutat Comtal S.L. (TCC) enpresako enpresa batzordeari, Transports Ciutat Comtal, S.L. (TCC) enpresari eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko abenduaren 13an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

ERANSKINA

Gutxieneko zerbitzuak 2016ko abenduaren 16ko greban, 9:00etatik 10:00etara - Lanegunen %60

LINEA

LANEGUNETAKO ZERBITZUA

GUTXIENEKO ZERBITZUA

Autobus finkoak

Tarteak autobus batetik bestera (minututan)

Espedizio denbora (minututan)

Autobus kopurua

Tarteak autobus batetik bestera (minututan)

Espedizio denbora (minututan)

L-1

3

20

60

2

30

60

L-2

5

10

50

3

20

60

L-3

4

10

40

3

15

45

L-4

17

6

102

10

10

100

L-5

4

15

60

2

30

60

L-6

4

15

60

2

30

60

L-7

10

10

100

5

20

100

L-8

4

12

48

2

25

50

L-9

5

12

60

3

20

60

L-10

3

30

90

2

45

90

L-11

5

15

75

3

25

75

L-12

6

10

60

4

15

60

L-14

1

30

30

1

30

30

L-15

3

20

60

2

30

60

L-16

9

12

108

5

20

100

L-17

4

20

80

3

30

90

L-18

8

12

96

5

20

100

L-19

6

15

90

3

30

90

L-20

2

20

40

1

60

60

L-21

4

10

40

3

15

45

L-23

1

60

60

1

60

60

L-25

1

30

30

1

30

30

Erreserbak

2

1

GUZTIRA

111

67

F1614018

Iragarkiaren kodea: F1614018