24. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Erabakia, Iruñeko Udaleko langileak administrazio
araubidean kontratatzea arautzen duena

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2015eko abenduaren 21eko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

“Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen 2004-2007rako lan baldintzen gaineko erabakiak bere III. eranskinean arautzen du zer irizpide baliatu behar den lanpostuak aldi baterako betetzeko.

2015eko abenduaren 11n negoziazio mahaian akordioa negoziatu eta lortu da ordezkari sindikalekin kontratazio horiek arautzen dituen testu baten gainean, egungoa ordezteko.

Hori dela eta, onetsi da Iruñeko Udaleko langileak administrazio araubidean kontratatzea arautzen duen erabakia. Hona hemen:

IRUÑEKO UDALEKO LANGILEAK ADMINISTRAZIO ARAUBIDEAN KONTRATATZEA ARAUTZEN DUEN ERABAKIA

1. artikulua. Helburua.

Erabaki honek helburu du aldi baterako kontratatzeko zerrenden kudeaketa arautzea.

2. artikulua. Zerrendetako lehentasun hurrenkera.

Iruñeko Udalak aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatzen ahalko ditu. Horietan lehentasun hurrenkera hau izanen da:

1. Prestakuntzarako eta hobekuntzarako barreneko deialdietan gainditu duen Udal langileen zerrendak, kontuan harturik lehenbizikoak lehentasuna duela hurrengoen gainetik.

2. Probak gainditu baina lanposturik ez dutenen zerrendak; hau da, funtzionario gisa sartzeko edo delako lanpostuan lan-kontratudun finko izateko hautapen probak gainditu baina lanposturik eskuratzen ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu baina lanposturik ez dutenen zerrendetan, hurrenkera hautapen prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da.

Probak gainditu baina lanposturik ez dutenen lehenbiziko zerrendak lehentasuna izanen du ondorengo prozesuetan sortutako zerrenden gainetik.

3. Funtzionario gisa sartzeko edo delako lanpostuan lan-kontratudun finko izateko hautapen prozesuetatik heldu diren izangaien zerrendak, aurreko atalekoak izan gabe, baldin eta deialdian ezartzen den hautapen prozedurako proba edo fasea gainditu badute.

Atal honen babesean eratzen den izangaien zerrendan, izangai bakoitzak gainditu dituen proben emaitzen baturaren araberakoa izanen da lehentasuna.

Atal honetako lehenbiziko zerrendak lehentasuna izanen du ondorengo prozesuetan sortutako zerrenden gainetik.

4. Kasuan kasuko lanpostua aldi baterako betetzeko hautaproben deialdi publikoaren bidez osaturiko izangai zerrendak, kasuan kasuko hautaproban lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.

Lehenbiziko zerrendak lehentasuna izanen du hurrengoen gainetik.

5. Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorritako enplegu eskaintza orokorren ondorioz egindako hautaproben bitartez eratutako izangaien zerrendak, horiek kasuan kasuko lanpostuaren betebeharrak betetzen badituzte, delako hautaprobetan lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera.

Hautapen sistema hori erabiliko da 1. artikulutik 4.era bitarteko artikuluetako zerrendetan deitzeko moduko izangairik ez dagoenean eta justifikatzen denean kontratatzeko premia larria dagoela edo lanpostu horiek betetzeko zailak direla, berariazko ezaugarriak dituztelako.

Zerrenda zaharragoetako izangaiek lehentasuna izanen dute berriagoetakoen gainetik.

3. artikulua. Deietarako lehentasuna.

1. Oro har, zerrendan aktibaturik dagoen lehenbiziko pertsonari eginen zaio deia, 2. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera.

2. Hutsik gelditzen diren lanpostuak zerrendetan lehentasuna dutenei eskainiko zaizkie lehenbizi, 2. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera.

Irizpide bera baliatuko da 6 hilabeteko iraupena edo handik gorakoa aurreikusita duten lanpostuak aldi baterako betetzeko kasuetan.

Pertsona horiei dei eginen zaie haien egoera edozein delarik ere, aktibaturik egon ala ez. Nolanahi ere, desaktibaturik daudenei bitan baino ez zaie deituko lanpostu huts bat eskaintzeko. Uko eginez gero, ez zaie berriz deituko.

Lanpostu huts bat betetzen ari denari ez zaio beste lanpostu hutsik eskainiko, ezta lanpostu berean 6 hilabeteko iraupena edo handik gorakoa duen kontraturik ere.

3. Lan-kontratudun bat lanpostu batean aritzen denean aldi baterako kontratu batengatik eta kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epean lanpostu bera bete behar denean, Administrazioak kontratua izangai horri eskainiko dio, baldin eta dei berria egitean eskura badago indarreko kontratazio zerrendan eta ez bada bigarren paragrafoan aurreikusitako kasua, hau da, 6 hilabeteko iraupena edo handik gorakoa duen lanpostu hutsa, kasu horretan artikulu honetako bigarren paragrafoan aurreikusitakoa aplikatuko baita.

4. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat jakinarazi behar dute gutxienez.

2. Izangaiei deitzeko orduan, 2. eta 3. artikuluetan ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.

3. Kontratazioa presakoa bada (eta halakoa izanen da lanpostuan bi eguneko epean hasi behar denean) eta 6 hilabetetik beherakoa, egun berean lokalizatzeko bi saio eginen dira, 2 orduko tartea utziz. Izangaia ezin bada lokalizatu, zerrendako hurrengoari edo hurrengoei deituko zaie.

Presakoa bada baina kontratuaren iraupena 6 hilabetekoa edo handik gorakoa bada, lokalizatzeko 4 saio eginen dira 2 eguneko epean, eta izangaia ezin bada lokalizatu, zerrendako hurrengoari edo hurrengoei deituko zaie.

Kontratazioa ez bada presakoa, iraupena edozein delarik ere, 4 saio eginen dira 3 eguneko epean, eta izangaia ezin bada lokalizatu, zerrendako hurrengoari edo hurrengoei deituko zaie.

4. Kasu guztietan dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Lehenbiziko deian ezin bada izangaiarekin harremanetan jarri, SMS bat igorriko zaio horren berri emateko.

5. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontrataziorik eskainiko, baldin eta horiek ez badira lanpostu hutsak edo 6 hilabeteko iraupena edo handik gorakoa duten kontratuak (3.2 artikuluan araututako kasuak), edo deia egiten bada lanpostu horrena ez den beste zerrenda batetik, edo lanaldi partzialean aritzen badira eta eskaintza lanaldi osoko lan baterako bada, iraupena 3 hilabetetik 6 hilabetera bitartekoa izanik.

Kasu horietan, ukoak ez du ekarriko zerrendatik baztertzea. Halaber, 4. artikuluko 5. atal honetan araututako salbuespenetako batean dauden izangaiei behin baino ez zaie deituko, eta uko eginez gero, ez zaie berriz eskainiko.

5. artikulua. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoeretako batean dagoela frogatu ezean:

a) Lotuta egotea indarrean dagoen kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatu arte uko egitea justifikatu zuen egoera bukatu dela.

c) Bere zaintzapean edukitzea 3 urtetik beherako ume bat, dela naturaz dela adopzioz, edo bigarren gradura bitarteko odol nahiz ezkontza bidezko ahaideren bat, adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz bere kasa baliatzeko gauza ez dena eta lan ordaindurik egiten ez duena. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ezin dira berriz eskura egotera itzuli uko horretatik urtebete iragan arte gutxienez, salbu eta, lehenbiziko kasuan, adingabeak lehenago 3 urte betetzen badu, eta, bigarren kasuan, kontzesioa ekarri zuen arrazoia bukatzen bada, eta subjektu eragile berak ezin izanen du arrazoi hori alegatu.

d) Izangaiak frogatu eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak baimentzen dituztenak, aldez aurretik langile batzordeari jakinarazita.

Kasu horietan guztietan agiri bidez frogatu behar da badela arrazoi bat, 15 egun naturaleko epean, ukoaren lanpostua eskaintzen den egunaren biharamunetik hasita. Halakoetan zerrendan dauden toki berean jarraituko dute. Hala egin ezean, lanpostuari uko egitea justifikaziorik gabekotzat joko da. Kasu guztietan, izangaiek idatziz jakinarazi eta frogatu behar dute eskura daudela lanean aritzeko ukoa justifikatu zuen egoera bukatutakoan. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, Iruñeko Udaleko Langileria Departamentuan (Zapateria karrika, 40, 1.a), dela buruz buru dela posta elektronikoz dei telefonikoaren ondoren, ez zaie lanposturik eskainiko.

6. artikulua. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasako dira honelakoren bat egiten dutenak:

A.–Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

B.–Izenpetutako kontratuari uko egitea, non ez den beste administrazio publiko batean aritzeko.

C.–Kasuan kasuko kontratua ez izenpetzea, izangaiari egozten ahal zaio arrazoi batengatik, behin lanpostua onetsita deia egin ondoren, salbu eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak baimendutako eta aldez aurretik Langileria Batzordeari jakinarazitako kasuetan.

D.–Izangaiarekin harremanetan jarri ezin izatea, 4. artikuluan ezarritako epeen arabera, dei egiten bazaio 3 eskaintza desberdinetarako.

7. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) 6. artikuluko kasuetako edozeinetan bigarren aldiz daudenak, egoera bera izan edo ez.

b) Probaldia ez gainditzea, betiere zerbitzuaren arduradunak egin eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak onetsitako txosten arrazoitu batekin.

c) Kontratua amaitzea diziplina espediente baten tramitazioaren ondorioz, amaiera onesten duen ebazpen irmo batekin bukatzen bada.

d) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiengatik, dela kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, eta horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez egitea galarazten duen errendimendu eskasa badakar, dela lanpostuaren eginkizunak aldatzeagatik, betiere interesdunari entzun eta Langileria Batzordeak edo langileen delegatuek txostena eman ondoren.

8. artikulua. Zerrenden indarraldia.

2. artikuluan araututako zerrendek 5 urteko indarraldia izanen dute. Giza Baliabideen Zuzendaritzak erabaki dezake aldi hori luzatzea, betiere Negoziazio-mahiarekin adostu ondoren.

Orobat, Giza Baliabideen Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du 4 urte bete ondoan zerrenda berriak sortzeko tramiteak hasteko.

9. artikulua. Indarra hartzea, atzeraeragina eta indargabetzea.

Erabaki honek Tokiko Gobernu Batzarrak onesten duen egunean hartuko du indarra.

Erabaki honek indarra hartzen duenean indarra duten aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendei bertan ezarritako indarraldien araubidea aplikatuko zaie. Era berean, zerrendetako lehentasun araubidea aplikatuko da, erabaki honetan xedatua, indarra hartzen duen egunetik aurrera.

Zerrenden indarraldia amaitzen bada, kasuan kasukoaz baliatzen ahal da, 2. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera, indarraldia bukatuta badago ere, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren berariazko erabakiaren bidez horren luzapenaren gainean ebazten den bitartean.

Indarrik gabe gelditzen dira 2007/5/02ko JOB, 17/PR eta 2012/02/21eko JOB/SG erabakietan aldi baterako kontrataziorako araututako irizpideak, baita horietan beste erabaki batzuetara igortzen zutenak ere.”

Iruñean, 2015eko abenduaren 21ean.–Zinegotzia eta Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Martín Abaurrea San Juan.

Iragarkiaren kodea: L1600453