24. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Xehetasun azterlana Landakoa karrikako 2. zenbakian.
Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2016ko urtarrilaren 13ko osoko bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, behin betiko onestea xehetasun azterlanaren proiektu bat, oztopo arkitektonikoak kendu eta igogailua paratzeko Landakoa karrikako 2. zenbakian, Landakoa karrikako 2. zenbakiko jabeen elkarteak aurkeztua.

Argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Agoitzen, 2016ko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

XEHETASUN AZTERLANA IGOGAILUA PARATZEKO ETA OZTOPO ARKITEKTONIKOAK KENTZEKO

1.–Justifikazioen memoria.

1.1. Sustatzailea eta helburua.

Landakoa karrikako 2. zenbakiko jabeen elkarteak eskaturik (IFK: H7125186, helbidea Landakoa karrikako 2. zenbakia, 31430 Agoitz), elkarteko buru Valeria Tapia Bueno andrearen bitartez (NANa: 15652680-F), honako xehetasun azterlan hau egin du Iñaki Ayechu Echarte arkitekto teknikoak, oztopo arkitektonikoak kendu eta igogailuak paratzeko, Agoizko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorreko Hirigintza Arauetan jasotako determinazioei jarraikiz.

1.2. Kokapena.

Xehetasun azterlan hau 1. poligonoko 288. lurzatiari buruzkoa da, 1. azpieremua, Z.O.1.6 eremu antolatua, Agoizko (Nafarroa) udal mugapean. Lurzati horrek fatxada dauka Las Eras multzoaren eta Landakoa karrikaren aldera, eta karrika bereko 1. eta 3. atariekin mehelina partekatzen du, xehetasun azterlan honekin batera aurkeztutako informazio planoetan ikus daitekeen moduan.

1.3. Formulazioaren bidezkotasuna.

Agoizko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorreko Hirigintza Arauek, arau xehakatuek, Z.O.1.6 eremu antolatuak (oztopo arkitektonikoak kentzeko determinazioei dagokienez) ezartzen dute nahitaezkoa dela xehetasun azterlana egitea jarduketa hau gauzatu aurretik. Halaber, ezartzen du xehetasun azterlana Agoizko Udalak aztertu eta onetsi beharko duela, edozein lizentzia eman baino lehen. Aipatu etxe multzoan igogailua paratu eta oztopo arkitektonikoak kentzeko aurreikusi diren obrak egitea beharrezkoa dela kontuan harturik, honako xehetasun azterlan hau egin da, mota horretako dokumentuak prestatzeko jarraibideekin bat; dokumentu horiek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legea onesten duen abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 62. artikuluei jarraikiz prestatuko dira.

2.–Deskribapen memoria.

2.1. Eraikinaren deskribapena.

Xehetasun azterlan honen xede den eraikinak beheko solairua gehi 3 solairu ditu; beheko solairuan, gehienbat, saltokiak eta biltegiak daude, eta gainerako solairuetan etxebizitzak, guztira 6. Igogailuak paratu eta oztopo arkitektonikoak kendu gogo dira, helburu horretarako prestatu baita agiri hau. Arkupedun egitura du, bi orriko fatxada tradizionalekoa da, pintura plastikoz babestutako morterozko estaldurarekin. Estalki makurtua du, eta arabiar erako zeramikazko teilaz estalita dago.

2.2. Hautatu diren konponbideak.

Instalazioa fatxadaren lerrokaduretatik kanpo egiteko aukera aurkeztu da.

Igogailua paratzeko aurkeztu den aukera egokiena da bai teknikoki bai ekonomikoki, eta horrek fatxadatik eta lerrokaduratik kanpoko aprobetxamendua dakar.

2.3. Instalazioaren deskribapena.

Udal araudiaren arabera, oztopo arkitektonikoak kentzearren, obrak lerrokaduretatik kanpo egiten ahalko dira, aprobetxamendua kontsumitu gabe. Kasu horretan, eskaileraren kutxa lurzatiaren gehieneko mugara eraman behar da, behar adinako tokia egon dadin igogailua paratzeko. Igogailuaren zuloa itxiko da gainerako eraikinaren sistema berarekin: zeramikazko adreilua morteroz estalia. Hortaz, ez du aldaketarik izanen. Oraingo fatxadaren kolore berarekin margotuko da. Eskaileraren kutxa berriaren estalkia laua izanen da, egungoa bezalakoa, eta babes iragazgaitza eta autoerresistentea izanen du.

2.4. Lerrokadurak, sestrak eta bolumenak.

Aldatu eginen da eraikinaren lerrokadura, baina ez da eremu publikoa aprobetxatuko, eraikineko jabeen elkartearena baita. Terrazen zati bat aprobetxatzen da. Eraikinaren bolumena %1,59 handituko da (45,5 m³), eta 5,43 m²-ko okupazioa izanen du solairuan. Fatxadatik aterako den elementuan eskaileraren kutxa berria aurreikusi da. Etxolak ez du gainditzen isurkiaren kota. Hartutako irtenbideak antza dauka eraikin bereko ondoko atarian egindakoarekin (Landakoa, 3).

Iragarkiaren kodea: L1600505