24. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Larrialdi sozialean dauden pertsonei eta familiei
gauzazko laguntza zuzenak emateko deialdia

Honako honen bidez aditzera ematen da Eguesibarko Udalak, 2015eko abenduaren 1ean egin osoko bilkuran, erabaki duela laguntzak emateko deialdia onestea ondotik adierazten den bezala:

Eguesibarren larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei diru-laguntza zuzenak eta gauzazko laguntzak emateko oinarri arautzaileak

2016. urtea

1.–Kontzeptua.

Laguntza bereziak dira larrialdi egoerei aurre egiteko eta/edo diru-sarrerak lortzeko pertsonei edo familiei ematen zaizkien prestazioak, horrela funtsezko beharrei erantzun ahal izateko eta gizarte bazterketako egoerak saihesteko edo arintzeko.

Laguntza bereziak xededunak eta enbargaezinak dira, eta zertarako eman diren, horrexetarako soilik erabiliko dira.

I. kapitulua

Prestazio ekonomikoak

2.–Familiendako diru-laguntzen helburua.

Laguntza hauen bidez ekonomikoki laguntzeko tresnak sortu nahi dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Lan profesionalaren osagarri, Eguesibarren bizi diren familientzat, betiere, ekonomiaren eta/edo gizarte eta osasunaren arloetan premia egiaztatuak izanik, gizarteratzeko oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak badituzte.

Laguntza hauen bidez krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen.

Diru-laguntza hauek eskatzen dituzten familiak horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako kontsignaziorik dagoen bitartean. 2016an, urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren halako hiru izanen da gehienez (lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa, hilabetekoa, hamabi pagatan).

3.–Laguntzen xedea eta helburuak.

3.1. Xedea.

Udalak, erantzukizun sozialez jokatuz, berariazko tresna bat sortu nahi du beharra dutenei eta beren kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenei laguntzeko, gainerako gizarte laguntzei modu osagarrian aplikatuz.

3.2. Helburuak.

a) Egoera desberdinen ondorioz diruaren, lanaren, osasunaren, gizartearen, kulturaren eta abarren arloetan zailtasunak edo arazoak dituzten pertsonen edo familien oinarrizko premien betetzea bermatu nahi da, egoera horiek gizarte bazterketa ekartzen baitute.

b) Gutxiengoetako edo kultur talde deberdinduetako pertsonak edo familiak gizarteratzen laguntzea.

c) Bazterketa egoeran eta/edo gatazkan dauden familietako adingabeen eskolaratzea eta gizarteratzea erraztea.

d) Beregaintasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak beren etxeetan gelditu ahal izatea bermatzea.

e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

4.–Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak, bateragarritasuna eta gehieneko zenbatekoak.

4.1. Ostatu ematea.

a) Etxebizitzaren alokairua ordaintzea, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota ordaintzea, etxebizitza partekatuko gela ordaintzea, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar) ordaintzea. Zor mota hauek ordaintzera bideratutako laguntzak gehienez ere urte bateko 4 hileko ordaintzeko izanen dira.

b) Utzarazpenaren ondoren etxebizitza aldatzearen ondoriozko gastuak, batetik bertzera igarotzea errazteko. Fidantza kontzeptua hartuko da kontuan, eta 2 hilabeteko alokairua gehienez.

c) Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.

4.2. Energia.

a) Elektrizitate, gas eta ur hornidurak ohiko etxebizitzan.

b) Energiaz hornitzeko kontratuen altak ohiko etxebizitzan.

c) Ez dira jasotzen komunikazio eta informazio gastuak.

d) Kontzeptu horien gehieneko zenbatekoa 600 eurokoa da familia-unitate bakoitzeko, energia hornidurari dagokionez (elektrizitatea, gasa eta ura). Horniduren kontratuetan alta emateko, altaren kostua emanen da eta, gehienez ere, oro har ezarritako gehienekoa.

4.3. Elikadura eta osasuna.

a) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Ondoko taulan ezarritakoa da kontzeptu honengatik hartzen ahal den gehieneko laguntza; gehienez ere, lau hileko dira, segidan edo ez, eta oro har ezarritakoa da gehieneko laguntza ekonomikoa.

–Pertsona bat: 203 euro hilabeteko.

–Bi pertsona: 250 euro hilabeteko.

–Hiru pertsona: 294 euro hilabeteko.

–Lau pertsona: 344 euro hilabeteko.

4.4. Osasunarekin ikusteko duten laguntzak.

a) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua; 500 euro, gehienez ere, pertsona bakoitzeko.

b) Norberaren funtzionamendu integraturako beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko laguntzak; besteak beste, zentzumenei lotutakoak (entzumenari eta ikusmenari).

4.5. Hezkuntzarekin ikusteko duten laguntzak.

Gizarte zerbitzuetako taldeak baloratuko du kontzeptu honengatik laguntzarik eman behar ote zaien honelako egoeretan dauden familiei:

–Eskolatzeko adinean dauden adingabeak dauzkatenak.

–Gizartearen eta familiaren sostengurik ez dutenak, egoerari edo arazoei buru eman ahal izateko.

–Beharrezkotzat jotzea normalizazioa eta sozializazioa erraztea esparru ez arautuan.

–Egokitzat jotzea eskolako esparrutik kanpo prestakuntza osagarria ematea.

–Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean daudenak.

–Nafarroako Gobernuan prestazio hauek, enpresetako gizarte onurak edo bertze batzuk eskatu dituztenak.

Eskatutako kontzeptuaren zenbatekoaren %90 arteko laguntzak emanen dira. Jantokiko kostuetan, tarifa publikoaren kostuaren %90 arteko estaldura aurreikusten da.

a) Eskolako materialerako eta ekipamendurako laguntzei dagokienez, gehienez ere kopuru hauek izanen dira urtean:

–Eskolako materiala:

  • Haur hezkuntza: 50 euro.
  • Lehen hezkuntza: 60 euro.
  • Bigarren Hezkuntza: 45 euro.

–Arropa/ekipamendua:

  • Haur eta Lehen Hezkuntza: 60 euro.
  • Bigarren Hezkuntza: 70 euro.

Liburuak eta koadernoak: haur, lehen eta bigarren hezkuntzak, kostuaren %90 arte. Eskaeren balorazioa egitean kontuan izanen dira kontzeptu horiengatik eskatzen diren bekak.

b) Laguntzak eskolako nahiz eskolaz kanpoko jardueretarako.

Laguntza hauek emanen dira dagokion teknikariak beharrezkotzat jotzen duenean ikaslearen parte-hartzea, berarekin gauzatzen ari diren planaren parte gisa.

–Eskolako indartze jarduerak.

–Kirol eta/edo arte jarduerak.

–Josteta jarduerak eta aisialdi osasungarrikoak.

Lehentasuna emanen zaio beti Eguesibarko Udaleko alorrek programatutako jardueretan parte hartzea sustatzeari.

4.6. Gizarte prebentzioarekin eta sustapenarekin ikusteko dutenak.

a) Isolamendu egoerei eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskua dutenei aurrea hartzeko laguntzak izanen dira, ibarrean egiten diren kultur eta kirol jardueretan eta antzekoetan parte hartzeko diru-laguntza emanez, betiere udal jardueretan parte hartzea lehentasunezkoa izanik. Diruz laguntzekoa den jardueraren kostuaren %90 arteko laguntza emanen da.

b) Hezkuntza jarduera arautu gabeetan parte hartzeko aukera ematen duten sostengu puntualak, prestakuntzan hasteko modu bakarra direnean.

4.7. Lana, familia eta gizarte bizitza bateratzeko laguntzak.

Irizpide orokor gisa, pertsona heldu tutorearen lan jardueraren hasierako lehen hiru hilabeteak hartuko dira kontuan. Laneko eta familiako eginkizunak bateratzea bada laguntzaren helburua, osorik edo hein batean lotuko du onuraduna itzultzeko konpromisoa hartzera, lanaren ondoriozko diru-sarrerak lortzen dituenean.

Laguntza hauetan sartzen diren kontzeptuak:

a) Haurtzaindegi pribatuak ordaintzea.

b) Adingabeen zaindariari ordaintzea.

c) Beste bateratze zerbitzu batzuk erabiltzeko laguntzak.

d) Udalaren Haur Eskoletan, jantokirako soilik erabiliko da laguntza.

4.8. Aurreko ataletan jaso gabeko beste egoera batzuk.

Oinarrizko beste premia batzuk betetzea. Aurreko ataletan jaso gabeko beste egoera batzuk, haien apartekotasunaren arabera eta familia-unitateak jasan ditzakeen kalte konponezinen arabera. Baloratuko da zenbateraino diren salbuespena eta familia unitate eskatzaileari ekartzen ahal dizkioten kalteak konponezinak ote diren.

4.9. Bateragarritasuna.

Kontzeptuak bateragarri eta osagarritzat jotzen dira, betiere horien baturak ez badu urteko gehienekoa gainditzen eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badira.

5.–Onuradunak, baldintzak, betebeharrak eta baldintzak frogatzeko modua.

5.1. Onuradunak.

Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonek eta/edo familia unitateek jaso ditzakete laguntza hauek. Baremo ekonomikoa ez da Udalaren prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintza bakarra. Horren aitzinetik kontuan hartuko dira bertzelako irizpide teknikoak, prebentzioa, egokitasuna, presa edo gisakoak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek ezarriko dituztenak.

5.2. Betebeharrak.

a) Eguesibarren erroldatuta daudela frogatzea.

b) Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko programaren batean egotea.

c) Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbertzean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko, hala nola:

–Familiaren etxebizitzatik alde egitea tratu txarrak, banantzeak etab. direla eta.

–Ekonomia egonkorretan aurreikusi gabeko krisi ekonomikoak: banantzeak, gaixotasunak, aparteko gastu justifikatuak.

–Krisi ekonomikoa langabezia luzearen eta bertzelako ezegonkortasun ekonomikoen ondorioz, eskaera egiten den unean.

–Bertze prestazio batzuek ekarriko luketen aukera, lana etab. itxaron bitarteko tarteak.

d) Bertzelako egoerak, zehazten zailak.

e) Edozein zerga betebehar edo bestelako udal betebeharrak eguneratuak izatea, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak emandako aurrerakinak itzultzeke ez izatea, itzultze epeak amaitu direnean eta itzuli beharrekoa itzuli ez denean.

f) Familia-guneko adingabeen osasun eta hezkuntza arloetako behar banakoak betetzeko laguntzetarako, legezko tutoreak eskatutakoetarako, ez da kontuan hartuko aurreko puntuan azaldutakoa.

5.3. Onuradunen betebeharrak:

a) Dagokion teknikariarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza hau eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin edo egoera hori hobetzeko bitarteko pertsonalak abian jar daitezen. Lehentasunez, kontuan hartzen dira bai gizarteratze erabakietan bai kasuko planetan hartutako erabakiak. Jarduera horiek ez betetzeak berarekin dakar emandako laguntza etetea, baita deuseztatzea ere. Hala denean, erabakiak ez betetzeak berarekin ekar dezake zehapenen araubidea abian jartzea (oinarri arautzaileen 11. puntua).

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla; orobat, diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea, Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan.

c) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea gauzatzen ari den esku-hartze sozialarekin loturik lortutako edozein laguntza (ebazpenak ...). Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

d) Udalak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

e) Jasotako laguntzarekin egindako gastua frogatzea, 8.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5.4. Betebeharrak frogatzeko moduak.

Aipatutako betebeharrak betetzen direla eta debekurik ez dutela frogatzeko, zortzigarren oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez frogatzea.

6.–Gehieneko zenbatekoa eskaera bakoitzeko.

Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:

–Familia unitatearen hilabeteko baliabide ekonomikoak (hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean jasotakoak) eta horien egonkortasuna, nomina bidez frogatuta, eta ondoko datu ekonomikoak: eskaeraren aurreko hiru hilabeteetan familiak izandako diru-sarreren batez bestekoa (aplikatzeko barne irizpide gisa utziko da eta ez da ordenantzan agertuko); pentsioak (erretiroa, baliaezintasuna, mantenua ...); ondasun higigarrien kapitaleko errentak, indarra duen errenta aitorpenean agertzen direnak (aplikatzeko barne irizpide gisa utziko da eta ez da ordenantzan agertuko).

–Laugarren oinarrian kontzeptu bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoak.

–Eskatutako zenbatekoa.

Eskatutako kontzeptuagatik diru-laguntza gisa eman daitekeen diru kopuruaren gainean halako ehuneko bat aplikatzearen ondorioa izanen da eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Ehuneko hori lortzeko oinarria izanen da bi hauen arteko zatidura: eskatzailearen eta familia unitateko kideen baliabide ekonomikoak zati familia unitate horren osaera dela-eta legokiokeen gizarteratze errentaren zenbatekoa.

Horri dagokionez eta orokorrean, tarte hauek ezarri dira:

a) Ateratzen den zatidura 1 edo gutxiago baldin bada, aplikatu beharreko ehunekoa %100 izanen da.

b) Zatidura 1 baino gehiago bada eta 2 baino gutxiago, aplikatu beharreko ehunekoa eragiketa honen emaitza izanen da: familia-unitate eskatzailearen kide kopuruari dagokion oinarrizko errenta bider 100 eta zati familia-unitate horren diru-sarrerak.

c) Zatidura 2 baino gehiago bada, laguntza ukatuko da.

7.–Diru-laguntzaren zenbateko egiazkoa.

Kasu partikular bakoitzean aplikatzen ahal den gehieneko zenbatekoa hauen arabera aldatzen ahalko da:

–Aurrekontuetan dagoen dirua.

–Sortutako premiari dagokionez Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten duten balorazioa, bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzen laguntzeko duen garrantzia edo haren lehentasuna.

–Zehazten zailak diren larritasun handiko egoerei erantzutea, haurren babesarekin, biziraupeneko egoerekin edo gisakoekin ikusteko dutenak.

8.–Prozedura.

8.1. Eskabideak. Agiriak.

Laguntza hauek eskatzeko, udaletxean aurkeztu beharko da eskabidea.

Aldizkako laguntzen eguneratzeak izan ezik, gizarte zerbitzuko gizarte langileek eskaturik kudeatuko da laguntza, izan ere, taldeak egiten duen esku-hartze teknikoaren barnean kokatzen baitira laguntza horiek, laneko oinarrizko tresna gisa. Horregatik, aipatu profesionalekin banan-banan egiten diren elkarrizketen barnean eginen dira eskaerak.

Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

–Eskatzailearen eta familia unitateko gainerako kideen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Familia Liburuaren fotokopia.

–Familia unitateak kasuan kasuko urtean dituen diru-sarreren frogagiria edo, halakorik ez bada, horren gaineko zinpeko aitorpena. Lehentasunez frogatuko da familia unitateak eskaeraren aurreko hiru hilabeteetan izan duen egoera ekonomikoa.

–Laguntza oinarrizko eta presako zer premiatarako eskatzen den, horri loturiko aurrekontua(k) edo zorraren frogagiria.

–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bestelako agiriak, aitzineko ataletan jaso ez direnak.

–Eguesibarko Udalak erroldari eta bizikidetzari buruz emandako ziurtagiria.

–Errenta aitorpen indarduna.

–Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.

Agiri horiek udal erregistroetan aurkeztuko dira.

Aldez aurretik eskatutako laguntza bat berritu edo eguneratu behar denean, buruz buruko elkarrizketa ez da beharrezkoa izanen, arau orokor gisa. Eskaera berri batekin batera aurkeztu beharko dira, soilik, eskaera berria baloratzeko behar-beharrezkoak diren datu eguneratuak:

–Eskaera data berrian eguneratutako datu ekonomikoak.

–Laguntza zer premia oinarrizko eta presakorako eskatzen den, horri loturiko aurrekontuak edo zorraren frogagiria.

–Familiaren egoerari buruzko bertze datu batzuk, aitzineko eskaerakoak ez direnak (osaera, arazoak etab.).

Dena dela, teknikariek edozein unetan eska dezakete hitzordua familia eskatzailearekin, informazioa biltzeko eta aurkeztutako eskaera eraginkortasun handiagoz aztertzeko.

8.2. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 31ra artekoa izanen da (hezkuntzako laguntzetarako ezarri epeak izan ezik), baldin eta aurrekontuko kontsignazioari eusten bazaio, organo eskudunak oinarri hauek onetsi eta biharamunetik hasita.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

Zuzeneko diru sariak jaso ahal izateko, Gizarte Laneko profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu. Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eskatuko dira.

8.3. Balorazioa, ebazpena, ebazpen epeak eta diru-laguntza ematea.

Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da diru-laguntza.

Ebazpenak administrazio bidea bukatuko du, eta Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko talde teknikoak egindako esleipen proposamenaren ondoren emanen da, eta bertan agertuko da zerrendaturik diru-laguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, ebaluazioa eta hura egiteko balorazioa zein diren zehaztuta.

Laguntza onartzeko ebazpenean honako hauek adieraziko dira: onartutako laguntzaren zenbatekoa eta eskatutako zenbatekoaren aldean egiten duen ehunekoa, salbu eta eskatua diru-laguntzan gehienez ere ematen ahal den zenbatekoa baino gehiago bada, orduan ehunekoa dagokion gehienekoaren aldean ezarriko baita; orobat adieraziko dira laguntza ordaintzeko bidea eta gero etor daitezkeen aldaketak aurkezten diren frogagirien arabera.

Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan ezarritako zenbatekoa.

Diru-laguntza ez da inolaz ere izanen diru-laguntzaren xede diren gastuak baino handiagoa. Aurreratutako zenbatekoak gastua baino handiagoak balira, pertsona onuradunak itzuli egin beharko luke horren gainetik jasotako zenbatekoa.

8.4. Ordainketak eta gastua frogatzea.

Aldeko ebazpena emanik, gehienez ere 15 eguneko epean ordainduko da laguntza, laguntzen berehalakotasuna kontuan harturik. Laguntza eskaeraren egunetik hasita zenbatuko da epea.

Fakturek edo gastuen frogagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, horretan barne direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN), gastuen kontzeptuak zehazturik, eta horiei dagokien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion atala barne, halakorik bada. Orobat, pertsona fisiko edo juridiko igorlearen hartze-agiriko zigilua eta sinadura jaso beharko dituzte fakturek edo frogagiriek. Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, nahitaez.

Onartutako laguntza berezien ordainketa dena batera edo zatika egin daiteke. Orokorrean, laguntzaren hartzailea eskatzailea bera izanen da.

9.–Entitate laguntzaileak.

Laguntza behar bezala erabiltzen dela bermatzeko, aukera izanen da, salbuespenez, laguntzaren zenbatekoa entitate laguntzaileei ordaintzeko, laguntza hobeki erabili ahal izateko.

Entitate horien laguntza izateko, onuradunaren baimen espresa behar da, laguntzaren dirua entitatearen kontuan sartu ahal izateko.

Halakoetan, entitateek Udalari frogatu beharko diote beren laguntzaren xede den kontzepturako ordainketa egin dutela.

10.–Laguntza bereziak, itzultzeko konpromisoari lotutako aurrerakina.

Kontzeptua: laguntza bereziko modalitatea, baldintza hau duena: onuradunak laguntza horren zati bat edo guztia itzultzea.

Laguntza modalitate hau kudeatuko da kasuan kasuko profesionalaren irizpideari jarraikiz, hezkuntzako tresna gisa, onuradunen normalizazio sozialaren prozesuan, eta beste diru-sarrera eta/edo laguntza ekonomiko batzuk emateko epeen ondorioak arintzeko neurri gisa.

Prozedura honek xede zehatz bat eduki behar du esku-hartze prozesuan.

Prozedura/baldintzak:

a) Zenbatekoak: beharrezkoa den zenbatekoa izanen da aurkeztutako premiari erantzuteko kuantifikatzen dena. Edonola ere, ordaindu ahal izateko, horretarako egokia den kontsignazioa beharko da aurrekontuan.

b) Urteko aurrerakinen gehienekoa: behar adinbat. Horietako bakoitza gauzatzeko, ezinbestekoa da aldez aurreko aurrerakina itzultzea. Aldi berean ez dira bi aurrerakin baino gehiago egonen itzultzeke.

11.–Jasotako laguntzak itzultzea.

Ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea diru-laguntza.

c) Diru-laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean zantzuek erakusten badute jasotako diru-laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, Udalak erabakitzen ahal du fakturak edo zantzu horiek erakusten dituzten agiri baliokideak atxikitzea.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

Dirua itzultzearen eta zehapenaren erantzule subsidiarioak izanen dira haien jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoen administratzaileak.

13.–Aurrekontua.

Deialdiak eraginkortasuna izateko, beharrezkoa da 2016ko ekitaldiko aurrekontu indardunean kontu-saila egotea. “Oinarrizko gizarte zerbitzuaren laguntza bereziak” 1-23110-48000” izena izanen du laguntzak finantzatzeko kontu-sailak.

II. kapitulua

Gauzazko laguntzak

14.–Familiei ematen zaizkien gauzazko laguntzen helburua.

Bide arautuak sortzea, oinarrizko ondasunen banaketa bidezko bat bermatzeko gauzazko dohaintzak iristen direnean erakundeetatik –esaterako Nafarroako Elikagaien Bankua, elikagaien soberakinen Europako programa, Gurutze Gorria– edo beste entitate edo iturri partikular batzuetatik eta Udal funtsetatik hileroko oinarrizko saskiari laguntzeko, “Gure etxean ongi jaten dugu” udal proiektuaren barrenean.

Prestazio hauek babesteko tresnak dira, larrialdi sozialeko laguntza ekonomikoen osagarriak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Lanaren ekintza profesionalaren esparruan.

Horien bidez, krisi egoeretan berehala esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten.

15.–Gauzazko laguntzak lortzeko irizpideak:

a) Familia unitate eskatzailean adingabeak izatea eta, bereziki, familia ugariak direnean edo bularra hartzen ari diren haurrak daudenean.

b) Familia unitatearen azken hiru hilabeteetako diru-sarrerak aztertu ondoren, “0 eta 1 artean” sartzea, larrialdi sozialeko prestazioetarako udal laguntza bereziak arautzen dituzten oinarrien arabera.

c) Familia unitateak parte hartzea gizarteratzeko eta laguntza integralerako beste prozesu batzuetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programetatik sustatuak betiere, beharra duten esparruetan normalizatzen laguntzeko.

d) Gizarte Zerbitzuko taldearen balorazio teknikoa izatea, adieraziko duena aipatu baldintzak bete ez arren bidezkotzat jotzen dela, salbuespenez, laguntza hori ematea.

16.–Azterketa egiteko beharrezkoak diren agiriak:

Udalaren laguntza bereziak eskatzeko beharrezkoak diren berberak (8.1 eta 8.2), berezitasun honekin:

a) Hileroko saskiaren banaketan, berariazko eskabidearen fitxa (eredua erantsi da). Europako funtsen banaketan, eskatzen den berariazko fitxa.

b) Beste edozein agiri, eskatzailearen familia unitatearen larrialdi sozioekonomikoa frogatuko duena.

Ofiziozko tramitazio kasuan edo agiriak jada Gizarte Zerbitzuan daudenean, ez da beharrezkoa izanen berriz eskatzea, benetako larritasun egoera ahalik eta gehien eguneratzeko behar diren datuak frogatuko dituztenak izan ezik.

17.–Balorazioa eta esleipena.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko talde teknikoak zehaztuko du laguntzen ematea, hamabigarren oinarrian aipaturiko irizpideak betetzen direla egiaztatu ondoren. Banatzekoak diren gauzen ezaugarrien arabera eginen dira esleipenak, bai eta Gizarte Zerbitzuak antolaketarako ezartzen dituen irizpideei jarraikiz ere.

18.–Prestazioaren iraupena.

Elikagaiak ez diren produktuen dohaintzak daudenean, dohaintza hori bera banatzeko egiten da balorazioa, eta ez du ematen eskubiderik beste dohaintza batzuk automatikoki jasotzeko aurretiazko baloraziorik gabe.

Hileroko oinarrizko saskiaren laguntza proiektuan, prestazio hau emanen da sei hilabetez, eskabidea egiten den datatik.

Edozein unetan, talde teknikoak ofiziozko eguneratzeak egin ditzake, egoki ikusten badu, laguntza berrikusi, deuseztatu eta aldatzeari dagokionez, banaketa familia eskatzaileen benetako egoeraren arabera moldatzeko eta banaketa justuagoa egiteko.

Ofiziozko berrikustea egiten bada, familiei abisatuko zaie aldaketak egin direla beren egoera dela eta.

19.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Laguntza lortzea hura eskuratzeko baldintzetan gezurra erranez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko zuten datuak ezkutatuz.

b) Debekatua dago jasotako elikagaiak edo ondasunak saltzea.

c) Jasotako elikagaiak edo ondasunak elikagaiak hartu dituen pertsonaren familia unitatearentzat dira. Debekatua dago haiek lagatzea edo ematea familia unitatekoak ez diren pertsonei.

d) Hileroko oinarrizko saskiaren laguntza zerbitzuan automatikoki baja hartu beharko da kasu hauetako batean:

–Garai batean saskia emateko zegoen baldintzaren bat orain ez betetzea.

–Hilabeteko epean Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari ez jakinaraztea familia unitatearen egoera ekonomikoan eta/edo elkarbizitzakoan gertatzen den edozein aldaketa.

–Kontsumitu behar ez den produktua botatzea, familia unitate onuradunak kontsumitu ez eta beste erabilera bat egitea (saltzea eta abar).

20.–Aldizkako prestazioak berritzea.

20.1. Hileroko oinarrizko saskiaren laguntza:

Laguntza jasotzen 6 hilabeteak iragan ondoren, prestazio hori berritu daiteke. Horretarako, erreferentziazko teknikarien taldeak beste balorazio bat egin beharko du. Zerbitzua berriz hasiko da beste alta eskaera bat tramitatzen denean.

Ez berritzeko irizpide teknikoak:

a) Onuradunak aurreko kontzesio garaian hitzartutako akordioak eta konpromisoak, eskabide orrian sinatuak, ez betetzea osoki zein partzialki.

b) Aurreko puntuarekin lotutako arau-hausteak egitea.

Sarrigurenen, 2015eko abenduaren 1ean.

I. ERANSKINA

Laguntza eskatzeko behar den informazioa-dokumentazioa (PDF).

II. ERANSKINA

Hileroko oinarrizko saskiaren laguntzaren eskaera (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1600258