24. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

5/2016 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoarena garatzen dituena, bulegoen mailan.

Abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, atalen maila arte, eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa atxiki zitzaion. Foru dekretu hori 2015eko 170. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 31n.

Era berean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizial berean, abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuaren bidez Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onetsi, eta haren egitura organikoa ezarri zen, atalen mailara arte.

Hortaz, beharrezkoa da Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoaren egitura eta eginkizunak osatzea eta foru dekretu horietara egokitzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak 24.4 artikuluan ezartzen du bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango kontseilari titularraren foru agindua beharko dela.

Bestalde, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuaren 23. artikuluak ezartzen du bulegoak sortu, aldatu eta kentzea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko titularrari dagokiola eta foru agindu bidez eginen dela.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiak behar diren txostenak egin dituzte.

Horregatik, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilari gisa dagozkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedea eta egitura orokorra

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren egitura eta eginkizunak garatzea, bulegoen mailan.

2. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak bulego hauek ditu, biak ala biak Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Atalari atxikiak:

Gai Administratiboen eta Langileriaren Bulegoa.

Gai Ekonomikoen Bulegoa.

3. artikulua. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran, atxikipen eta guzti adierazten direla:

Idazkaritza Bulegoa, zuzendaritza nagusi horri atxikia.

Komunikazio Zerbitzuan:

Erakundeen Publizitatearen Bulegoa, zerbitzu horri atxikia.

Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan:

Nafar Biltokien eta Erkidegoen Etxeen Bulegoa, zerbitzu horri atxikia.

Argitalpenen Ekoizpen eta Diseinu Grafikorako Bulegoa, Argitalpen Atalari atxikia.

Argitalpenak Sustatu eta Zabaltzeko Bulegoa, Argitalpen Atalari atxikia.

Argitalpenak Koordinatzeko Bulegoa, Argitalpen Atalari atxikia.

4. artikulua. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren egitura.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoak bulego hauek ditu bere egituran, atxikipen eta guzti adierazten direla:

Programen Bulegoa, Kudeaketa Zuzendaritzari atxikia.

Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuan:

Egiaztapenen eta Ebaluazioen Bulegoa, Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Atalari atxikia.

II. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

5. artikulua. Gai Administratiboen eta Langileriaren Bulegoa.

Gai Administratiboen eta Langileriaren Bulegoa Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Atalari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkaritza Tekniko Nagusian tramitatzen diren espedienteen jarraipena, artxiboa eta kontrola egitea.

b) Laguntza administratiboa ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako eginkizunetan.

c) Araubide Juridikoaren Atalari laguntza administratiboa ematea.

d) Departamentuari atxikitako langileen arloko gaien ohiko kudeaketa administratiboa egitea eta tramitatzea, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organo batzuetako langileriaren arloko eskudantziak zehazten ditu.

e) Bere jarduera esparruaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun.

6. artikulua. Gai Ekonomikoen Bulegoa.

Gai Ekonomikoen Bulegoa Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Atalari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Laguntza teknikoa ematea departamentuko aurrekontuen aurreproiektua prestatzeko orduan.

b) Aurrekontuen kudeaketa, aldaketa eta exekuzioa kontrolatzea eta jarraipena egitea, bai eta eginkizun horien gaineko informazioa prestatzea ere.

c) Gastuen eta diru-sarreren espedienteak kontrolatzea, jarraipena egitea eta kontabilizatzea.

d) Kutxako aurrerakinen kontuak eta justifikatu beharreko ordainketa-aginduak koordinatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.

e) Kontabilitateko dokumentazioa artxibatu, gorde eta kontrolatzea.

f) Bere jarduera esparruaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun.

III. KAPITULUA

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia

7. artikulua. Idazkaritza Bulegoa.

Idazkaritza Bulegoa Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Jarduera administratiboa koordinatzeko, bultzatzeko eta kontrolatzeko lanak egitea.

b) Dokumentuen artxiboa ezarri, antolatu eta kudeatzea.

c) Informazioa eta komunikazioa koordinatzea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko gainerako unitate organikoekin.

d) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Zuzendaritza Nagusiak agintzen dion beste edozein eginkizun.

1. ATALA

Komunikazio Zerbitzua

8. artikulua. Erakundeen Publizitatearen Bulegoa.

Erakundeen Publizitatearen Bulegoa Komunikazio Zerbitzuari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Komunikazio Zerbitzuari sostengua ematea Nafarroako Gobernuak eta bere erakunde autonomo, fundazio edo enpresa publikoek sustatzen dituzten publizitate-espazioak kudeatzeko lanetan.

b) Komunikazio Zerbitzuari sostengua ematea Nafarroako Foru Komunitatearen irudia Nafarroa barnean eta kanpoan sustatzeko ekintzak antolatu eta koordinatzeko lanetan.

c) Nafarroako Gobernuaren eta bere erakunde autonomoen, fundazioen eta sozietate publikoen publizitate instituzionalaren kontratazio-espedienteen administrazio kudeaketa egitea.

d) Publizitate arloko kontratazio espedienteekin zerikusia duen administrazio eta sormen dokumentazioa gordailutu eta artxibatzea.

e) Erakundeek publizitatean egiten duten inbertsioari buruzko txostenak eta jarduera-memoriak prestatzea.

f) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.

2. ATALA

Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzua

9. artikulua. Nafar Biltokien eta Erkidegoen Etxeen Bulegoa.

Nafar Biltokien eta Erkidegoen Etxeen Bulegoa Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroan ezarrita dauden erkidegoen etxeei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei ematen zaizkien laguntzak kudeatzea.

b) Beste eskualde eta herrialde batzuetan ezarrita dauden nafar biltokiak eta Nafarroan ezarrita dauden beste erkidegoen etxeak sustatzea.

c) Nafar biltokiekin eta Nafarroan ezarrita dauden beste autonomia erkidego batzuen etxeekin lankidetza eta laguntza harremanak izatea.

d) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo bizi diren nafarrekiko edo horien ondorengoekiko harremanak sustatzea.

e) Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

10. artikulua. Argitalpenen Ekoizpen eta Diseinu Grafikorako Bulegoa.

Argitalpenen Ekoizpen eta Diseinu Grafikorako Bulegoa Argitalpen Atalari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsaren obren edizio prozesuaren tramitazio administratiboa eta jarraipena.

b) Nafarroako Gobernua ordezkatzen duten adierazpen grafikoak jasotzen dituzten paper-gauza arruntak inprimatzea.

c) Argitalpen Ataleko prozesu administratiboak koordinatu eta gauzatzea.

d) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Argitalpen Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

11. artikulua. Argitalpenak Sustatu eta Zabaltzeko Bulegoa.

Argitalpenak Sustatu eta Zabaltzeko Bulegoa Argitalpen Atalari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsa kontrolatzea, erakundeetan eta merkatuan banatzea eta saltzea.

b) Nafarroako Gobernuko Argitalpen Funtsaren obrak sustatu eta kanpoan hedatzea.

c) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Argitalpen Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

12. artikulua. Argitalpenak Koordinatzeko Bulegoa.

Argitalpenak Koordinatzeko Bulegoa Argitalpen Atalari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako kulturaren ikerketa eta zabalkunderako argitalpen monografiko eta aldizkakoak egiteko urteko plana koordinatzea, baita beste material batzuena ere: entzunezkoak, ikus-entzunezkoak eta multimedia.

b) Aipatu planean jasotako argitalpenak editatzeko prozesua koordinatzea fase guztietan.

c) Urtero prestatu eta gainbegiratzea Argitalpen Ataleko bulego guztien artean koordinatutako ekintza plana, trazabilitaterik egokiena lortzearren edozein argitalpenetarako plangintza, ekoizpen, biltegiratze eta banaketa faseetan.

d) Argitalpen Ataleko prozesu administratiboak koordinatzea.

IV. KAPITULUA

Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutua

13. artikulua. Programen Bulegoa.

Programen Bulegoa Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren eskumeneko administrazio espedienteak tramitatu eta artxibatzea.

b) Aurrekontuen exekuzioa kudeatzea, erakunde horren funtzionamendurako esleitu diren baliabideen mugen barrenean.

c) Erakundeak egoki jarduteko beharrezkoa den materiala erosi eta kudeatzea.

d) Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren liburutegiaren kudeaketa orokorraz arduratzea, eta hango ikus-entzunezko materiala eta funts bibliografikoa erregistratu eta sailkatzea.

e) Langileen asistentziaren kontrol administratiboa.

f) Bulegoaren antolamendua eta jarduna hobetzeko txostenak eta proposamenak egitea.

g) Bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

14. artikulua. Egiaztapenen eta Ebaluazioen Bulegoa.

Egiaztapenen eta Ebaluazioen Bulegoa Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Atalari atxiki zaio, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskara maila egiaztatzeko probak egitea, hala langileen prestakuntza prozesuetakoak nola hautapen prozesuen barrenekoak, eta Egiaztapenen Erregistroaz arduratzea.

b) Prestakuntza eta lanpostuetan duen eragina ebaluatzeko sistemak abian jartzea.

c) Indarra duten xedapenek agintzen edo esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

1. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren barrenean, honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan: Idazkaritza Bulegoko burutzako titularrarena; Argitalpenen Ekoizpen eta Diseinu Grafikorako Bulegoko burutzako titularrarena; eta Argitalpenen Sustapen eta Hedapen Bulegoko burutzako titularrarena.

2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren barrenean, berresten da, era berean, Programen Bulegoko burutzako titularraren izendapena.

3. Nafar Biltokien eta Erkidegoen Etxeen Bulegoko burutza prestasun osoz eta erabateko dedikazioz beteko da.

Bigarren xedapen gehigarrria.–Kendu diren bulegoak.

1. Kendu egiten da Argitalpenen Biltegiaren Bulegoa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari atxikia zegoena.

2. Kendu egiten da Euskarazko Prestakuntza Bulegoa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari atxiki zegoena.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 28an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1601096