1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 30ean hartua, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea xedatzen duena, 108.700.000 euroko muga gainditu gabe.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:
a) Mailegu edo kreditu eragiketak.
b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.
c) Finantza-tresnekiko bestelako eragiketak.
Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak, 64. eta 66. artikuluetan, xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.
Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legeak 17.2 artikuluan ezartzen du artikulu horren lehen idatz-zatian finkatutako zorpetze-muga gainditzen ahalko dela Nafarroako Gobernuaren eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren artean ituntzen ahal diren zorpetze-eragiketak egiteko, Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren baitan eta aurrekontu egonkortasunaren erregulazioak ezartzen dituen mugen barrenean.
Aurreikuspen hori gauzatzeko, beharrezkoa da halako zorpetze-eragiketak egiteko bide ematen duen erabaki bat onestea.
Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea, 108.700.000 euroko muga gainditu gabe, 2015ean izandako gehiegizko defizita hein batean finantzatzeko, 34.000.000 hain zuzen, bai eta defizitaren helburua BPGaren %0,7ra igotzearen ondorioz ere, 74.700.000 euro hain zuzen, betiere Ministroen Kontseiluak baimena ematen badu zorpetze-eragiketak egiteko eta hartan adierazten diren baldintzak betez gero.
2. Zenbateko horren barrenean, gauzatzen diren baloreen jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
3. Erabaki honetan jasotako finantza-eragiketetarako, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren foru agindu baten bidez, baloreen jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketen ituntzea zehaztuko dira. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.
5. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.
6. Erabaki hau Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2016ko azaroaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1613672