236. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUBIETA

Mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Zubietako Udalak, 2016ko irailaren 14an egin osoko bilkuran, legeak eskatzen duen quoruma zuela, erabaki zuen hasiera batean onestea Zubietako mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2016ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zubietan, 2016ko azaroaren 23an.–Alkatea, Ernesto Dominguez Olea.

ZUBIETAKO MENDIKO PISTA ETA BIDEEN
ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zubietako herribide publikoen sarea zubietar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Zubietako hermendian pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Zubietako natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Helburua horixe dela, Zubietako Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiari jarraikiz, Zubietako udalerrian herribide publikoen sarearen erabilera eta sarbidea arautzen ditu eta, gainera, erabilera komun berezi edo pribatiboagatiko tasa bat ezartzea aurreikusten du.

2. artikulua. Herribideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Zubietako herribide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.–2 metro zabal edo gehiago duten bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiapenetara joateko.

b) Bordetako sarbideak, gehienetan aitzineko horien adar izaten direnak, herritar batek edo guti batzuek bordetan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dituztenak.

c) Pista nagusiak, normalean hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora egoten direnak, eta erabiltzen direnak mendi alde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Gauza bat baino gehiagotarako erabiltzen dira: basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza.

d) Bigarren mailako pistak, hermendian izaten dira eta sare nagusiaren osagarri dira, eta mendi, baso berri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dute.

e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzen.

2.–2 metro zabal baino gutiagoko bide meharrak. Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Zubietako Udalak zainduko du 2.1.a), b), c) eta d) ataletan zehazten diren herribide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak) gal ez daitezen.

Hiru metroko zortasun eremua errespetatuko da bidearen kanpo aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan jasotzen den gisara.

Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada, Zubietako Udalak egin ahal du eta lan horien kostua partikularrari kobratuko dio.

4. artikulua. Ibilgailu motordunak.

1.–Orokorrean, debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, artikulu honetako ondoko paragrafoetan xedatzen dena kontuan hartuko bada ere.

2.–Bestelako baimenik ukatu gabe, honako ibilgailu motordun hauek ibiltzen ahal dira Zubietako udalerriko mendiko pistetan:

a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak, eta/edo nekazaritzako ustiapenekin ikusteko dutenak.

b) Basoko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.

c) Edozein administrazio publikoren ibilgailu ofizialak.

d) Mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren oihan lanetan erabiltzen diren ibilgailuak (oihan aprobetxamenduekin, oihaneko beharrekin eta oihaneko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira oihan lanetan).

e) Nekazaritzako eta abeltzaintzako zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak, zeregin horiek egiten diren lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean.

f) Administrazio publikoenak ez diren ibilgailuak baina naturguneetan zaintza lanetan aritzen direnak.

g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateenak ere.

h) Ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean.

i) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei sostengu egiteko ibilgailuak.

j) Pistak erabiltzeko eta horietatik pasatzeko eskaera egin eta Zubietako Udalaren baimena lortzen duten ibilgailuak.

3.–Zubietako gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo Zubietako Udalaren baimena duten bestelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira.

4.–Debeku da:

a) ibilgailua aparkatzea pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpora.

b) Mendiko bide edo pistetan 15 tonatik gorako ibilgailu motordunekin ibiltzea, euria ari duen egunetan edo lohia dagoenean.

c) Mendiko bide edo pistetan kamioi artikulatuak ibiltzea, haien pisua edozein delarik ere. Kamioi zurrunak dira ibili ahalko diren bakarrak.

d) Hormigoizko bide eta pistetatik katedun trakzioko makinak ibiltzea, salbu eta gomazko kateak badituzte edo zorua oholekin babesten bada.

5. artikulua. Baimenak.

1.–Zubietako Udalak emanen du Zubietako pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Zubietako herritarrek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste pertsona batzuek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

2.–Baimen bereziak eman ahalko dira pìsu handiko makinak sartzeko, zertarako erabiliko diren justifikatuz.

3.–Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.

6. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura eta pisua.

1.–Zubietako mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 20 kilometro orduko izanen da edozein ibilgailu motarentzat, dela motorduna dela motor gabea.

2.–Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

3.–Zubietako mendiko pista eta bideetan ibiltzeko gehieneko pisua 28 tona da. Salbuetsiko dira 5.2 artikuluan aipatzen diren makinak, baimen berezia lortu eta gero.

7. artikulua. Jarduera debekatuak.

Ordenantza hauen 4. artikuluan ezarritakoaz gainera, berariaz debekatuta daude taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren turismo jarduerak, baita ibiltariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak ere. Salbuespen gisara, Zubietako Udalak baimena ematen ahalko du taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

8. artikulua. Bideen erabilera berezia. Lizentzia eta fidantza.

Bideen erabilera berezia da pisu gordina 20 Tm baino handiagoa duten ibilgailuek egiten dutena, nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioetan obrak egitean, etxebizitza berriak eraikitzean edo oihangintzan aritzean.

Arriskugarritasuneko eta intentsitateko zenbait inguruabar izateagatik erabilera publikoko ondasunek erabilera berezi hori izan dezaten, lizentzia eskuratu beharko da aldez aurretik, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 122.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Erabilera horretarako Udalaren lizentzia behar da; beharrezkoa izanen da jakitea jabea edo sustatzailea nor den, kamioia edo makina zein den, zenbat tona egiten dituen eta zenbat bidaia egin behar dituen. Hartara, Udaleko langileek agerraldia eginen dute bidea erabili aitzin eta bidea erabili ondoan. Horretarako, erabiltzen hasi aurretik jakinarazi beharko da Udaletxean hasiera data zehatza.

Orobat, oihan-aprobetxamenduak ateratzeko fidantza edo banku-abala pausatu beharko da Udaleko bulegoetan, erabiltzen den bidean eragiten ahal diren kalteen berme:

–Matarrasa: euro 1 Nafarroako Gobernuko baimenak jartzen duen metro kubiko bakoitzeko. Gutxieneko diru-kopurua, 300 euro.

–Entresaka: -Kubikazioa dagoen kasuetan: euro 1 Nafarroako Gobernuko baimenak jartzen duen metro kubiko bakoitzeko. Gutxieneko diru-kopurua, 300 euro.

–Kubikazioa ez dagoen kasuetan: 300 euro.

–5 arbol baino gutxiago moztu behar badira: 300 euro.

9. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna.

2.–Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da, eta zehazki:

a) Abiadurari, pisuari eta kargari dagokienez ordenantza honetan adierazten diren mugak ez betetzea.

b) Ordenantza honetako 4. artikuluan aipatzen diren kasuetan eta jarduketetan, ibilgailuak Udal honen baimen espresurik gabe ibiltzea edo debekuak ez betetzea.

c) Mendian barna sartzea, bide eta pistetatik kanpora, lege honetan aurreikusten diren salbuespenak salbu.

d) Ibilgailu motordunetan taldeka ibiltzea, baita antolaturik daudenean ere.

e) Delako bide eta pista horietan eta Zubietako karriketan barna oihangintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea, baita kate bidezko ibilgailuen joan-etorria ere.

10. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; gehienez ere 300 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarri bezala.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

Isunen zenbatekoa eta eragindako kalte-galeren ordaina administrazioaren premiamendu bidean galdatu eta gauzatuko da.

11. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indarrik gabe gelditzen dira Zubietako Udalaren Osoko Bilkurak lehenago pista eta bideen erabilera arautzeko onetsitako ordenantzak.

Iragarkiaren kodea: L1613286