236. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15E/2016 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Deierriko udal mugapean, Allozko uraren horniduraren proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona. Sustatzailea Allozko txaleten kolektiboa da.

2016ko ekainaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketan, ur hornidura berri bat egin gogo zaio Allozko txaleten kolektiboari (hamar etxebizitza Allozko urtegiaren ondoan). Izan ere, Izarbeibarko Mankomunitatearen hodia erabilerarik gabe gelditu ondoren, eskatu da Jurramendiko Mankomunitatetik egitea kondukzioa.

6. poligonoko 483. lurzatian dagoen kutxeta batetik abiatuko da kondukzio berria, han bat egiten baitu Allozko monasterioari zerbitzua egiten dion kondukzioarekin. Hegoaldetik iparrera joaten da hainbat lurzatitan barna (976, 427, 929, 982, 359, 981, 978, 979, 980). 10 hargune daude proiektaturik. Kondukzio nagusian bi tarte berri eginen dira: 1.a (PEADekoa eta 90 diametrokoa), bi azpitartetan dago banaturik (575 eta 104 metroko luzerakoak), eta 2. tartea (PEADekoa eta 90 diametrokoa), 387 m da luze. Galdaketako hodi bat aprobetxatuko da (520 m luze eta 500 mm-ko diametrokoa), zerbitzurik gabe gelditu baita. Hodi guztiak lurperaturik joanen dira zanga batean, hartxintxarrezko azpi baten gainean. Zagor naturalez edo hondeaketatik ateratako materialez beteko da zanga.

Uraren hornidura sare berri hori ezartzeko jarduketa eremua azterturik, ondorioztatzen da ez duela ingurumen arloko ondorio nabarmenik ekartzen.

Espedientean, Deierriko Udalaren 2015eko ekainaren 16ko txosten teknikoa dago jasota, non zenbait irizpen tekniko egiten baitzaizkio proiektuari, bai eta Deierriko Udalaren bi txosten juridiko ere, 2015eko abenduaren 30ekoa eta 2016ko ekainaren 17koa, non zenbait irizpen juridiko egiten baitira.

Bestalde, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2016ko urriaren 24ko kontrako txostena dago jasota espedientean. Txosten horretan, besteak beste, ondokoa zehazten da:

Eskatutako hornidura bizitegitarako erabileraren osagarria da, eta erabilera hori debekaturik dago lurzoru urbanizaezinean dagokigun eremuan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean, LAP4n eta udal planeamenduan xedatutakoarekin bat. Edonola ere, bidezko da aztertzea eta ikustea ea etxebizitzak legezko egoeran dauden: une hartan hirigintza arloan indarra zuen araudiari jarraituz eraiki ziren, beharrezko hirigintzako baimenak zituztela. Hori da legezko oinarria eta ezinbesteko abiapuntua eraikuntza horien hornidura baimentzeko.

Espedientean jasota dauden datuekin eta agiriekin bat, frogaturik gelditu da zerbitzua jaso gogo duten hamar etxebizitzetatik, bi baino ez zirela egin eraikitzeko unean hirigintza arloan indarra zuen araudiari jarraituz. Bestalde, gainerako eraikuntzak ezin dira legeztatu bizitegirako erabilera debekatuta baitago lurzoru urbanizaezinean dagokigun eremuan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean, LAP4n eta indarreko udal planeamenduan xedatutakoaren arabera. Hornidura legezko eraikuntzei baino ezin zaienez egin, proiektu horri ezin zaio baimenik eman, legezkoak direla frogatzen ahal duten eraikuntzei ura banatzeko sarearen edo horniduraren proiektua aurkeztutakoaz bestelakoa izan baitzen.

Ura banatzeko sarea edo hornidura legezko eraikuntzei egitea baimentzeko, proiektu egokitu bat aurkeztu beharko da, non frogatuko baita zerbitzua jaso gogo duten eraikuntzak legezkoak direla hirigintzaren aldetik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deierriko udal mugapean, Allozko uraren horniduraren proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2016ko urriaren 24ko txostenean biltzen ziren arrazoiengatik (ebazpen honen azalpen zatian dago jasota). Proiektuaren sustatzailea Allozko txaleten kolektiboa da.

2. Uko honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Deierriko Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldeko hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko azaroaren 9an.–Udalen Hirigintza Planeamendurako Ataleko burua (Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren ordezkoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 767/2016 Ebazpenaren bidez), Rafael Araujo Guardamino.

Iragarkiaren kodea: F1612686