1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
1307E/2016 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Iruñeko udal mugapeko Z-2.2 unitatean Erruki Etxearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona. Sustatzailea Morea Inversiones SA da.
I.–Aurrekariak, deskripzioa eta xedea.
Esparruan indarrean dago Iruñean merkataritza barruti handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuak 2014ko irailaren 24an hartutako Erabakiaren bidez onetsia (2014ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 8koa).
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 784/2016 Ebazpenaren bidez, xedatu da haren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Espedientearen helburua da hirigintza antolaketa xehakatuetarako determinazioak aldatzea, Iruñeko UI XVIII unitate integratuko Z-2.2 unitaterako ezarriak, eraikuntza bolumenak berrantolatzeko eta aurreikusitako merkataritza azalera eraikigarria murrizteko.
Bereziki, aldaketa hauek eginen dira:
–Eraikuntzaren gehieneko lerrokadurak aldatzea beheko solairuan. Horrek esan nahi du gehieneko okupazioa 4949,51 m²-tik 5310,31 m²-ra pasako dela, Z-2.2 eta Z-2.3 unitateen arteko zama-lanen eranskina kenduko dela eta Ezkirotz kalearen aurreko espaloia murriztuko dela.
–Basamenturako aurreikusitako solairu kopurua handitzea, B-I-etik B+II-ra pasako baita.
–Hirigintzako araudi partikularraren 29. artikulua aldatzea, basamentuko solairuen osaera librea izan dadin (ezarritako gehieneko garaierak eta lerrokadurak gainditu gabe).
–3,3 metro murriztea B+4+A blokerako ezarritako gehieneko garaiera.
–Dorreko garai kopurua handitzea, B+10etik B+11ra pasako baita, gehieneko garaiera aldatu gabe (43,7 m).
–Basamentuaren gainean berinape irtenak egiteko aukera sartzea (31. artikuluan).
–33. artikulua aldatzea, ezarritako mugak kentzeko gehieneko garaitik gora baimendutako eraikuntza osagarrietarako.
–Basamentuaren gainetik irteten diren blokeen bolumena aldatzea, eta, ondorioz, goiko solairuetako lerrokadura berriak zehaztea.
–35. artikulua aldatzea estalki inklinatuak baimentzeko, eraikuntzaren diseinuan bertan instalazioetako elementuak estaltzeko balio dutenean.
II.–Kontuan hartzekoak.
Bolumenen berrantolamendu proposatuak ez du aldatzen unitateko gehieneko azalera eraikigarria. Halaber, ez du aldaketarik ekartzen jabari eta erabilera publikoko espazioen gainean ez finka mugakideen hirigintzako baldintzen gainean, jarduketa guztia lurzati pribatuaren barrenean egiten baita. Laburbilduz, ez dago hirigintza arloko kontsideraziorik bolumetria berriaren kontra.
Aurrekoa gorabehera, agiria aztertzean atzeman da zenbait puntu zuzendu eta/edo osatu beharra dagoela. Hona hemen:
–Memoriak zuzendu beharreko inkoherentzia edo akats hauek ditu:
- 5.2 eta 10. ataletan, indarreko udalez gaindiko plan sektorialaren memoriaren hitzez hitzeko transkripzioak biltzen dira. Hori nahasgarria da egun aplikatu ezineko hirigintzako antolamendu bati buruzkoak baitira (Iruñeko Udal Planeko aldaketa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren martxoaren 25eko 57/2010 Foru Aginduaren bidez behin betiko onetsitakoa).
- Alde horretan, dokumentazio idatzia mugatu beharko da UPSan ezarritako indarreko parametroetara egokitu edo birdoitzen diren hirigintzako antolamenduari buruzko determinazioetara, eta, bere aldetik, aldaketen eragina, jatorria eta komenigarritasuna justifikatuko ditu.
- 2. orrialdeko eskemetako akotazioak ez dira egiazkoak: indarreko UPSko garaien eskemak zehazten du 3,00 m dela beheko solairuko gutxieneko garaiera, ez gehienekoa, aldaketa horrek adierazten duen moduan.
- 3.1.2 puntuko katastroko erreferentzia gaizki dago: 219. lurzatia aipatzen da 54.aren ordez.
- Ibilgailu elektrikoak kargatzeko hornigailuei buruzko xedapena (17. orrialdea) eguneratu behar da erakusketarako eta salmentarako proposatzen den azalera erabilgarrira.
- 5.2.1 eta 8. ataletan aurkeztu ez diren eranskinak aipatzen dira.
- 11. atalak ez du zentzurik, espedientean ez baitago bideragarritasun ekonomikoaren azterlanik.
- 13. atalean betebeharrak konplitzeko bermeei buruz egiten den baieztapena ez da egiazkoa: ikus 35/2002 Foru Legearen 43.3.b) artikulua (Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak aldatu duen idazketan).
- Bestalde, atal hori kontraesanean dago aurreko atalean (12. Sustatzailearen konpromisoa) zehaztutakoarekin. Kentzea iradokitzen da.
–85/1995 Foru Dekretuaren 52. artikuluarekin bat, zein indarrean baitago, kontra egiten ez dion bitartean maila goragoko ordenamendu juridikoari eta hirigintzakoari, planeamendua aldatzeko espediente orok hirigintza arloko indarreko antolamendu determinazioak eta horiek ordeztuko dituztenak ekarri behar ditu. Hortaz, komeni da bi araudi osoak sartzea espedientean.
–Arrazoi teknikoak edo objektiboak ere erantsi behar dira proposamena bideragarriagoa dela indarreko antolamendua baino frogatzeko; izan ere, aldaketen komenigarritasuna bideragarritasun horretan oinarrituta justifikatzen da.
–Bestalde, aztertu beharra dago nolako eragina duen basamentuaren bolumetria berriak erabilera publikoko zortasuna duen lurzati pribatuaren azaleraren gainean, eta justifikatuko da aldaketak galerarik ez dakarrela oinezkoentzako ibilbidearen kalitatean.
–Memorian bezala, araudiko garaieren eskemek akotazio okerrak jasotzen dituzte beheko solairurako: gehieneko garaierari egiten zaio aipamena eta ez guxtienekoari. Akats bat ez bada, gomendatzen da berriz azter dadin, zeren gorputz irtenen gehieneko garaiera 3,00 metrokoa izatea muga handia izan baitaiteke. Orobat, udal planeamenduko aldaketari eta udalez gaindiko plan sektorialari dagozkien eskemak kendu behar dira.
III.–Txosten sektorialak.
Aurkeztutako memoriaren arabera, merkataritzako establezimendua UPSan aurreikusitako azaleraren erdian eginen da. Hortaz, txosten tekniko bat eskatu zaio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko Merkataritza Sustatzeko Atalari (Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia), bere eskumeneko gaiari buruz.
IV.–Eskumena.
Aldaketa hori Udalez gaindiko Plan Sektorial baten hirigintza antolaketa xehakatuetarako determinazioei dagokie, eta horren tramitazioa eta onespena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45.5 artikulua aplikatuz.
V.–Proposamena.
Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostena, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Iruñeko udal mugapeko Z-2.2 unitatean Erruki Etxearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea. Sustatzailea Morea Inversiones SA da.
2. Sustatzaileari adieraztea espedientea ebatzi aurretik agiria osatu beharko duela ebazpen honen II. atalean, “Kontuan hartzekoak” izenekoan, aipatzen diren argibideak aurkeztuz.
3. Halaber, Merkataritza Sustatzeko Atalak xedatutakoa beteko du sustatzaileak.
4. Espedientea jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea eragindako Udalari. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.
Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Merkataritza Sustatzeko Atalari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko azaroaren 8an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1612715