1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1309E/2016 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 29ko 165E/2016 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez Ingurumen eraginaren kontrako adierazpena egin zen Valle de Odieta Sociedad Cooperativak, Erriberriko La Plana alderdiko 571 hektarea ureztalur bihurtzeko, sustatutako proiektuaren gainean.
165E/2016 Ebazpen hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritakoaren babesean eman zen, horren bidez onetsi baitzen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.
Nekazaritza Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du lur horiek ureztalur bihurtzeko proposamenak ez duela zerbitzu horren baimena behar, ez baita organo substantiboa, lurrak ureztalur bihurtzeko baimenak emateko legez ezarritako kasuetan ez dagoelako.
Horrek esan nahi du sustatzaileak administrazioan egin behar duen tramite bakarra eraginaren adierazpenaren tramitazioa dela, eta, hala, adierazpen hori da sustatzaileak hasitako prozedurari bukaera ematen dion administrazio egintza.
Kasu honetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, egintza horren aurka sustatzaileak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, arau horretan ezarritako epeetan eta baldintzetan. Gainera, aukera hori ebazpenean berean adierazi behar da berariaz, arau horren 88.3 artikuluan ezartzen den bezala.
Otsailaren 29ko 165E/2016 Ebazpenean ez zen berariaz adierazi zer errekurtso jartzen ahal ziren haren aurka; hortaz, bidezkoa da orain aldatzea, interesdunei babesgabetasunik ez eragiteko (kasu honetan Valle de Odieta, S. Cooperativari, Erriberriko ureztalur berrien sustatzailea den aldetik).
Horrenbestez, adierazitakoarekin bat, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1.–Otsailaren 29ko 165E/2016 Ebazpena aldatzea. Ebazpen horren bidez Ingurumen eraginaren kontrako adierazpena egin zen Valle de Odieta Sociedad Cooperativak, Erriberriko La Plana alderdiko 571 hektarea ureztalur bihurtzeko, sustatutako proiektuaren gainean.
Aldaketa ebazpenari paragrafo hau eranstean datza:
“4. Ebazpen honen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, edo, aukeran, berraztertzekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.”
2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3.–Ebazpen hau Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari, Erriberriko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko azaroaren 8an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1612683