1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
222/2016 FORU AGINDUA, azaroaren 3koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana. Honen bidez, erakunde sindikalek eta enpresaburuen erakundeek Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan parte hartzeagatik jasoko dituzten konpentsazioak arautzen dira.
Europar Batasuneko arauetan nahiz Espainiako Konstituzioan berean aurreikusita dago herritarren jarduera publikoan parte hartzeko beharra, halako eran non eragile ekonomikoek eta sozialek, zein bere erakundeek ordezkaturik, parte har dezaten gai publikoei buruzko erabakiak hartzeko unean. Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluak adierazten du herritarren partaidetza sustatu behar dela bizitza publikoan, politikoan, ekonomikoan eta sozialean. Halaber, Espainiako Konstituzioaren 129.1 artikuluak aurreikusten du interesdunek parte hartuko dutela erakunde publikoen jardueran, partaidetza instituzionalaren bitartez.
Nafarroako Gobernuak garrantzi berezia ematen dionez eragile horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan nahiz Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan parte hartzeari, konpentsazio bat eman gogo zaie erakunde horietan aktiboki aritzen diren erakundeei, partaidetza horrek ekartzen dituen gastuengatik.
Azaroaren 12ko 22/2014 Foru Legearen bitartez, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua eratu zen. Horren 16. artikuluan, konpentsazio bat arautu zen partaidetza instituzionalarengatik.
Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko estatutuak onetsi ziren, eta aurreikusi zen erakunde sindikalek eta enpresaburuen erakundeek parte hartzea horren kontseiluan eta segimendu eta lan batzordeetan.
Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legeak, 37. artikuluan, ezartzen du beharrezko xedapenaren bidez arautuko dela sindikatuen eta enpresaburuen eragileen partaidetza instituzionala. Xedapen horretan zehazten den moduko eta kopuruko konpentsazioa jasoko dute parte-hartzaileek, “Eragile sozial eta enpresarialentzako transferentzia, haien parte-hartze instituzionalaren araberakoa” izeneko kontu-sailaren kargura.
Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuak, 1. artikuluan, xedatzen du departamentu horri dagokiola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lan harremanak bultzatu eta antolatzearen gainean esleitutako eskumenak erabiltzea.
Hori ikusita, foru agindu honen bidez arautzen da zer zenbateko ordaindu behar zaien Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gobernu organoetan eta batzordeetan parte hartzen duten erakunde sindikalei eta enpresaburuen erakundeei. Konpentsazio horiek ez zaizkio norberari emanen, baizik eta norberak ordezkatzen duen erakundeari, azaroaren 12ko 22/2014 Foru Legearen 16.2 artikuluan xedatutakoarekin bat (martxoaren 18ko 7/2015 Foru Legeak aldatu zuen).
Eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideen arabera zehaztu da konpentsazioen zenbatekoa. Bi dedikazio orduko kostua kalkulatu da bilera bakoitzeko, eta lau, berriz, bakoitza prestatzeko.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea.
1. Foru agindu honen xedea da erakunde sindikalek eta enpresaburuen erakundeek Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan parte hartzeagatik jasoko dituzten konpentsazioak arautzea.
2. Ondoko bilkuretara joateagatik emanen da konpentsazioa:
a) Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua: Kontseiluaren, Batzorde Iraunkorraren eta batzorde espezializatuen bilerak.
b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua: Gobernu Kontseiluaren, Enplegu politiken jarraipena egiteko batzordearen eta Orientazioaren, enplegu sustapenaren eta enpresentzako zerbitzuen arloko lan batzordearen bilerak.
2. artikulua. Konpentsazioen zenbatekoa.
1. 244 euro jasoko dira ordezkari eta bilera bakoitzeko.
Zenbateko hori urtero eguneratuko da, Nafarroako aurreko urteko kontsumorako prezioen indizearen arabera.
2. Bilera egin dela frogatzeko, horren aktaren kopia beharko da. Ordezkari bakoitzaren partaidetza frogatzeko, organo bakoitzaren idazkaritzan aritzen den pertsonak horretarako emandako ziurtagiria beharko da.
3. artikulua. Konpentsazioen ordainketa.
Urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehenago, Lan Zerbitzuak aurreko artikuluko ziurtagiriak eta aktak bilduko ditu, urte horretan zehar egin direnak.
Bilerak benetan egin direla eta erakunde bakoitzak bere ordezkarien bidez parte hartu duela frogatu ondoren, unitate kudeatzaileak ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, konpentsazio ekonomikoak ordain ditzan.
4. artikulua. Betebeharrak eta bateraezintasunak.
1. Foru agindu honetan araututako konpentsazioen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Bide telematikoz aurkeztea diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan araututakoa, Lan Zerbitzuak eskatu ondoren eta konpentsazioa ordaindu baino lehen. Informatzeko betebehar hori betetzen ez bada, konpentsazioa itzuli beharko da.
b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
c) Beharrezko publizitate publikoa ematea jasotako konpentsazioei Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan eta Nafar-Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan parte hartzeagatik.
2. Bileretara erakunde sindikalak eta enpresaburuen erakundeak ordezkatuz joaten direnek fede onez joan behar dute, eta probetxua ateratzeko konpromisoarekin. Hala egin ezean, kasuan kasuko konpentsazioa ez da ordainduko.
3. Foru agindu honetan araututako konpentsaziok bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera bererako emandako beste laguntza batzuekin. Xedapen iragankor bakarra. 2016. urteko konpentsazioen ordainketa.
Foru agindu honetan araututako konpentsazioak ordaintzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten dituzten bilkurak.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko azaroaren 3an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.
Iragarkiaren kodea: F1612717