235. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

1306E/2016 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Eguesibarko udal mugapean Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-1 exekuzio unitatearen urbanizazio proiektua aldatzeko espedientea (bide loturak), UE-1 exekuzio-unitatearen Konpentsazio Batzordeak sustatua.

Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 13an hartutako Erabakiaren bidez behin betiko onetsi ondoren (2012ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 3koa), indarrean da “Salestarrak” Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UPS) Iruñeko eta Eguesibarko udal mugapeetan. Plan horren sustatzaileak San Joan Bosco salestarren kongregazioa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua eta NASUVINSA sozietate publikoa dira.

Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartutako Erabakiaren bidez behin betiko onetsi zen “Salestarrak” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa bat, bide loturei buruzkoa, UE-1eko Konpentsazio Batzordeak sustatua (2016ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 17koa).

Espediente honen xedea da urbanizazio proiektua egokitzea Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren ondoriozko planeamenduaren aurreikuspen berrietara, izan ere, eremu horren barruko zonaren urbanizazioa murriztuko da (NA-2310 errepidean), lau errei izatetik bi izatera pasatuko delako, eta Olazko lotura aldatuko da, PA-30 errepidearen gainean bigarren zubia eraikiko delako eta galtzada bikoiztuko delako.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak azaroaren 16an emandako 176E/2015 Ebazpenaren bidez, hasiera batez onetsi zen Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-1 exekuzio unitatearen urbanizazio proiektua Eguesibarko udal mugapean (bide loturak) aldatzeko espedientea. Sustatzailea UE-1 exekuzio unitatearen Konpentsazio Batzordea da.

Ebazpen hori prentsan argitaratu zen 2015eko abenduaren 22an, bai eta 2015eko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere (abenduaren 17koan). Espedientea hogei egunez egon zen jendaurrean eta, aldi berean, ukitutako udalei entzutea eman zitzaien.

Horretarako ezarritako epearen barrenean, 2016ko urtarrilaren 12an Olazko Kontzejuak alegazio idazki bat aurkeztu zuen.

Udalez gaindiko Plan Sektorialak gauzatzeko tramitatzen diren urbanizazio proiektuak tramitatzea eta onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43.1 d) artikuluaren arabera.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tramitaziorako onartzea eta aurkeztutako alegazioak ebaztea, alegazioen txostenean azaltzen denaren arabera, horiek espedientean baitaude.

2. Behin betiko onestea Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-1 exekuzio unitatearen urbanizazio proiektua Eguesibarko udal mugapean aldatzeko espedientea (bide loturak), UE-1 exekuzio unitatearen Konpentsazio Batzordeak sustatua.

3. Adieraztea sustatzaileak txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko duela.

4. Urbanizazio obren azken harrera egin aurretik, sustatzaileak eremuko hotsen neurketen txostena egin beharko du, Hotsari buruzko 37/2003 Legean eta urriaren 19ko 1513/2005 Errege Dekretuan ezarritako metodoari jarraikiz. Neurketa horiek Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusira igorri beharko dira, balorazioa egiteko.

Obrak egin ondoren, UPSaren eremurako ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, entitate sustatzaileak, harrera egin aurretik, helburu horiek betetzeko behar diren neurri zuzentzaile, gehigarri edo osagarriak hartu, aplikatu eta ordainduko ditu.

5. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta espedientearen sustatzaileari, Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziari eta Ebroko Ur Konfederazioari eta alegazio egileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko azaroaren 8an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1612681