1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak
17/2016 FORU LEGEA, azaroaren 23koa, kreditu berezi bat ematekoa Arbizuko Utzubar industrialdean lurra sendotzeko lanak egiteko.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:
FORU LEGEA, KREDITU BEREZI BAT EMATEKOA ARBIZUKO UTZUBAR INDUSTRIALDEAN LURRA SENDOTZEKO LANAK EGITEKO.
ZIOEN AZALPENA
Arbizuko Udalak berehala ekin behar die Utzubar industrialdearen ondoko hegal baten lerratzea geldiarazteko lanei, ikusirik hala egin ezean eragina izan dezakeela bertan kokatutako enpresen funtzionamenduan. Arbizuko Udalak laguntza eskatu du lan horiei heltzeko ez duelako horretarako behar den dirua.
Indarreko 2016ko Gastuen Aurrekontuan ez dago krediturik Arbizuko Udalaren jarduketa hau finantzatzeko, eta beraz, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2004 Foru Legearen 48. artikuluan xedatutakoarekin bat, beharrezkoa da kreditu berezi bat ematea horretarako. 158.000 euroko zenbatekoa du, obra proiektuaren aurrekontuaren %80 adinakoa.
Era berean, foru lege honek gaikuntza ematen die eragile horiei laguntzak zuzenean emateko kontu-sail izendunak sortuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.
1. artikulua. Kreditu berezi bat ematea.
158.000 euroko kreditua ematen da, 2016ko ekitaldian Garapen Ekonomikorako Departamentuaren beharrei erantzuteko.
Kreditu hori aurrekontu kontu-sail honetan aplikatuko da:
KONTU-SAILA | ZENBATEKOA |
810008-81200-7609-458102 kontu-saila, “Arbizuko Udalarentzako laguntza. Utzubar industrialdean lurrak sendotzea” izenekoa | 158.000 euro |
2. artikulua. Kreditu bereziaren finantzaketa.
Kreditu berezi hori aurrekontuko kontu-sail honen kargura finantzatuko da:
KONTU-SAILA | ZENBATEKOA |
810008-81200-7609-458100 kontu-saila, “Jarduera ekonomikoen udal industrialdeetarako laguntzak” izenekoa | 158.000 euro |
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2016ko azaroaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.
Iragarkiaren kodea: F1613571