229. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten jarduerak arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2016ko irailaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa

behar dituzten jarduerak arautzen dituen udal ordenantza. Hura 2016ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zuñigan, 2016ko azaroaren 14an.–Alkatea, Pedro María Oteiza Díaz.

I. eranskina

Erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten hirigintzako jarduerak arautzen dituen udal ordenantza

Zioen azalpena

Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea aldatu zuen: manu berriak erantsi zituen, erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar dituzten obrak arautzeko, eta adierazi zuen zer prozedura orokor beteko den obra horietarako lizentziak emateko.

Hala, 189.ter artikulu berrian ezartzen dira zer hirigintza jarduketa dauden erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidearen menpe, jasota gelditzearen, gauzatzearen eta geroko kontrolaren ondorioetarako.

Bestetik, 191.bis artikulu berriak arautzen du zer prozedura orokor beteko den hirigintzako jardueretarako lizentziak emateko, baldin eta delako hirigintzako jarduketek erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar badituzte.

Zuñigako Udalak erabaki du foru legeria berria transposatzea obra lizentzien arloan; hala, ezarri eta argitu da hirigintzako zer egintzek duten nahitaezkoa erantzukizuneko aitorpena eta Udalari aurretiazko komunikazioa egin beharra, baita horien geroko kontrola egiteko prozedura eta ez-betetzeen ondorioak ere.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzea, horien tramitazioa komunikazio araubideko eta araubide laburreko prozedura erraztuen bidez egitekoa denean.

Erantzukizuneko aitorpenak jardueraren titularrari ahalmena emanen dio nahi duen eta eskaeran adierazi duen hirigintzako jarduera egiteko, baldin beharrezko dokumentazio nahitaezkoa badu, galarazi gabe egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

Erantzukizuneko aitorpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizuneko aitorpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

Erantzukizuneko aitorpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, ondorio guztietarako ulertuko da lizentziarik gabeko jarduketak direla, eta lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie.

2. artikulua. Esparrua.

Obra txikiak dira ordenantza honen jarduketa eremua, eta kanpoan gelditzen dira gainerako jarduketak; horiek prozedura arruntaren bidez tramitatutako dira.

3. artikulua. Obra txikien tipologia.

Erantzukizuneko aitorpenaren eta aurretiazko komunikazioaren menpe daude honako obra hauek:

–Merkataritza jarduera egiteko lokalak egokitzeko obrak, aplikatu beharreko araudi sektorialarekin bat.

–Munta edo tamaina txikiko obrak, gauzatzearen kostua gehienez ere 2.500 euro izanik.

–Itxiturak eta hesiak.

–Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.

–Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

–Lorategi lanak eta zoladura lanak jabari pribatuko eremu libreetan, baldin obrek ez badute ukitzen erabilera, zerbitzu edo instalazio publikorik, eta aldaketarik sortzen ez badute lurzoruaren maila naturalean eta zuhaitzik mozten ez bada.

–Obra txikiak, halakotzat harturik eraikineko barneko eta kanpoko aldeen kontserbazioari eta mantentzeari dagozkienak, betiere gauzatzeko aurrekontua 2.500 euro bada gehienez ere:

  • Barneko eta kanpoko pintura lanak.
  • Barneko estaldurak (zoladura, paretak) berritzea eta aldatzea.
  • Barneko zur-lanak (ateak) berritzea eta aldatzea.
  • Kanpoko aldeko zur-lanak (leihoak) berritzea eta aldatzea, elementu amankomuneko zati ez direnean.
  • Instalazioak (elektrizitatea, hodiak, etab.) berritzea eta aldatzea.
  • Trenkadak berritzea eta aldatzea.

Obra txiki horietatik kanpo gelditzen dira honako hauek:

  • Aldamioak behar dituzten obrak.
  • Babes mailaren bat duten eraikinak edo multzoak ukitzen dituztenak.
  • Eraikinaren elementu amankomunak ukitzen dituztenak (adibidez, kanpoaldeko zur-lanak aldatzea, baldin zenbait etxebizitzaren elementu amankomun baten zati badira, adibidez bizitegien eraikin kolektiboetan).
  • Egitura ukitzen dutenak.
  • Elementuaren erabilera aldaketa dakartenak, edo banaketa aldatzen dutenak, eta, hala, bizigarritasun baldintzak ukitzen ahal dituztenak.
  • Eraikinaren kanpoaldeko itxuraren aldaketa funtsezkoa dakartenak.
  • Antolaketatik kanpo dauden eraikinetan edo elementuetan esku hartzen dutenak.

Erantzukizuneko aitorpenaren araubideak ez ditu galarazten toki entitateak dituen ikuskatzeko, kontrolatzeko eta zehapenak jartzeko ahalmenak, baldin obrak bat ez badatoz legediarekin, planeamenduarekin edo erantzukizuneko aitorpenarekin berarekin.

4. artikulua. Betekizun dokumental eta teknikoak.

Zuñigako Udaleko bulegoetan ondoko agiriak aurkeztuta hasiko da erantzukizuneko aitorpenaren eta aurretiazko komunikazioaren menpe dauden obren prozedura:

1. Eskabidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 70. artikuluan ezarritako datuekin.

2. Erantzukizuneko aitorpena, berariaz adierazten duena indarrean den araudian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla eta hori frogatzen duen dokumentazioa baduela.

3. EIOZaren (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) autolikidazioa, eredu normalizatuaren arabera, banku entitate batean ordainketa egin izanaren frogagiriarekin.

Gainera, obraren hirigintza arloko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Egin beharreko jarduketaren xede den higiezinaren kokapenaren planoa, adieraziz helbidea eta lurzatia.

–Egin beharreko jarduketak azaltzeko memoria laburra.

–Egintzak behar dituen bestelako baimenak, kasu bakoitzean araudi sektorialak eskatzen dituenak.

–Eraikineko kanpoaldeko elementuetan jarduketarik behar izanez gero, haren argazkiak aurkeztuko dira.

–Egin beharreko jarduketaren aurrekontua.

Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko aginduetan ezarritako baldintzen bat ez delako betetzen edo zehaztugabea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezala, hamar eguneko epean.

Baldin erantzukizuneko aitorpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintzako jarduera hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

Jardueraren titularrak, egoki juzgatzen badu, erantzukizuneko aitorpena aurkeztu aurretik egiaztatzen ahalko du jarduera bideragarria den hirigintzaren aldetik, hirigintzako kontsulta egiteko inprimakia erabiliz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrakoak diren edo honekin kontraesanean dauden udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1612809