229. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

1257E/2016 EBAZPENA, urriaren 26koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batean onesten duena Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren urbanizazio proiektua, eremuko Konpentsazio Batzordeak sustatua, Baztango udal mugapean.

Nafarroako Gobernuaren 2015eko maiatzaren 20ko Erabakiaren bidez onetsitako Lekarozko Aroztegia jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren plana Udalez gaindiko Plan Sektoriala da esparruan bete beharrekoa. Sustatzailea Palacio de Arozteguía SL da.

Erabaki hori 2015eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 5ekoan. Eta horri buruzko araudia Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren uztailaren 8ko 616/2015 Ebazpenaren bidez argitaratu zen (2015eko 138. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa).

Espediente honen helburua da urbanizazio, azpiegitura eta zerbitzu amankomunen obrak zehaztea Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuan. Hartan ostatu hartzeko eskaintza oso espezializatua izanen da, honako hauek izanen dituena: hotel-bainuetxe-spa bat eta golf zelai bat, 9 zulokoa, eta golfeko eta lorezaintzako eskolak. Lekarozko (Baztan) Aroztegia jauregiaren ingurunean izanen da, Lekarozko eta Elizondoko hiriguneen artean, N-121-B errepidearen iparraldean (Irurita-Elizondo saihesbidea).

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagozkio urganizazio proiektuaren tramitazioa eta onespena, harena baita eskumena lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko gaietan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikuluarekin bat, udalez gaindiko plan sektorialak gauzatzeko tresna delako.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batean onestea Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren urbanizazio proiektua, eremuko Konpentsazio Batzordeak sustatua, Baztango udal mugapean, hurrengo determinazioarekin:

a. Sustatzaileak txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko du, baita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2016ko irailaren 14ko txostenaren E atalean ezarritakoa ere. Txosten horiek ebazpen honekin batera igortzen dira.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Kantauriko Ur Konfederazioari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, NILSAri, Baztango Udalari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko urriaren 26an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1612228