229. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORTES

Datuen babesari buruzko araudiaren aplikazioa

Cortesko Udalak 2016ko azaroaren 14an egin osoko bilkuran hartutako erabakia.

Cortesko Udalak, 2007ko abenduaren 17ko osoko bilkuran, ondotik azaltzen den xedapena eman zuen, datu pertsonalak biltzen dituzten fitxategiak honako arau hauei egokitzeko: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Datu pertsonalak dituzten fitxategien segurtasun neurrien gaineko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak xedea du pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzea eta babestea, bereziki haien ohorea eta intimitate pertsonala eta familiarra, datu pertsonalen tratamenduaren arloan. Euskarri fisikoan erregistraturik egoteagatik tratamendua izan dezaketen datu pertsonalei aplikatzekoa da, baita datu horiekin geroago sektore publiko nahiz pribatuek egiten ahal duten edozein erabilerari ere.

Cortesko Udalak grabatu egiten ditu osoko bilkurak. Osoko bilkuretako grabazioen bidez irudi eta soinuak hartzea tratamendu bat da, datuen babesaren ikuspegitik. Datu Pertsonalen Babesari buruzko Lege Organikoak, 3 c) artikuluan, honela definitzen du tratamendua:

“c) Datuen tratamendua: eragiketa eta prozedura teknikoak, automatizatuak izan ala ez, horien bidez bilketa, grabazioa, kontserbazioa, prestaketa, aldaketa, blokeatzea eta deuseztatzea egin ahal izateko, bai eta komunikazio, kontsulta, interkonexio eta transferentzietatik ateratzen diren datuen lagapenak ere.

Datuen babesari buruzko araudia betetzeak eskatzen du datu pertsonalen tratamenduaren aurretik datu pertsonalen fitxategia onestea; orain arte ez da xede horietarako fitxategirik sortu.

Udalak datu eta informazio pertsonalak jasotzen ditu kontratuen kudeaketarako eta langileak hautatzeko deialdietarako, eta orain arte ez da xede horietarako fitxategirik sortu.

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren arabera, “adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza izanen da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori egiaztatzeko”. Hortaz, Udalak ziurtagiri hori eskatu behar die ohiko lanaldian adingabeekin jarduteko kontratatzen dituen eta horiekin lan eginen duten guztiei.

Entitatea administrazio elektronikoaren araudira egokitzeko, beharrezkoa da kontrola zehaztu eta ezartzea administrazio elektronikoko informazio sistema erabiliko duten pertsonen sarbide baimenduen gainean. Horrela, sisteman erregistratuko dira sarbide baimendua duten langileen datu pertsonalak eta zein den betetzen duten lanpostua.

Udalak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikulua betetzeko xedez, arauen prestaketari eta herritarrendako interesa duten beste gai batzuei buruzko iritzia adierazten duten pertsonen eta erakundeetako kideen datu pertsonalak jasotzen ditu.

Aurrekari horiek kontuan harturik, bidezkoa da jarduketak egitea, Cortesko Udaleko datu pertsonalen fitxategiak arautzeko.

Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa da xedapen orokor bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko dena.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

–Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.

–Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.

–Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herrialdeendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

–Segurtasun neurriak, zehaztuz nolakoak diren: oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak.

Fitxategiak kentzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, edo nola suntsitu behar diren adieraziko da, hori xedatuz gero.

Horrenbestez, honako erabaki hau hartu da, aho batez:

Lehena.–“Langileak” fitxategiaren atal hauek aldatzea:

Xede eta erabilera aurreikusiak: langileen kudeaketa: nominak, gizarte aseguruak, laneko arriskuei aurrea hartzea, kontratuak, aseguruak. Administrazio elektronikoan sartzeko baimena duten langileen kontrola eta sartzeko baimenen eta dokumentuen sinaduraren kudeaketa.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: izen-deiturak, helbidea, Gizarte Segurantzako zenbakia, IFZ, sinadura digitala.

Osasun arloko datuak.

Ezaugarri pertsonalen datuak.

Enpleguko xehetasunen gaineko datuak.

Ikasketa eta lanbide datuak.

Datu ekonomiko eta finantzarioak.

Bigarrena.–Datu pertsonalen honako fitxategi hauek sortzea:

Ikus-entzunezkoen artxiboa.

Xede eta erabilera aurreikusiak: ikus-entzunezko fitxategi baten mantentzea ahalbidetzea, osoko bilkuren grabazioekin eta interes publikoko beste grabazio batzuekin.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek emanda, haien irudiak grabaturik.

Norbanako eta talde ukituak: grabazio lekuetan dauden pertsonak. Osoko bilkuretan parte hartzen duten udalkideak eta Udaleko langileak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: irudia, ahotsa.

Tratamendurako erabilitako sistema: automatizatua.

Datuen komunikazioa: Udalaren webgunean argitaraturik.

Organo arduraduna: Cortesko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cortesko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Kontratuak.

Xede eta erabilera aurreikusiak: langileen kontratazioen kudeaketa, zerbitzu, obra, hornidura eta laguntzen kontratuen esleipenak, aplikatzeko den legeriaren arabera.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek emanda, dagokien kontratua esleitzeko aurkezten diren agiriekin batera.

Ukitutako norbanakoak edo taldeak: enplegu deialdietan parte hartzen dutenak eta Udalak kontratuak esleitzeko sustatzen dituen lehiaketetan parte hartzen dutenak. Kontratistak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: NANa, izen-deiturak, helbidea, telefonoa, sinadura.

Inguruabar sozialen datuak.

Ikasketa eta lanbide datuak.

Ezaugarri pertsonalen datuak.

Informazio pertsonaleko datuak.

Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.

Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.

Datuen komunikazioa: udal webgunea-gardentasunaren ataria, Nafarroako kontratazio ataria, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 97. artikuluan ezarriarekin bat.

Organo arduraduna: Cortesko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cortesko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Delituen ziurtagiriak.

Xede eta erabilera aurreikusiak: sexu delituen gaineko aurrekarien ziurtagiriak kontrolatzea, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoan ezarritako helburuetarako.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek edo erregistro publikoek emanda, ziurtagiriaren bidez.

Norbanako edo talde ukituak: Udalaren enplegatuak, profesional autonomoak eta kanpoko laguntzaileak, adingabeekin lan egin ohi dutenak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: izen-deiturak, IFZ.

Arau-hauste administratibo eta penalen gaineko datuak.

Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.

Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.

Organo arduraduna: Cortesko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cortesko Udala.

Segurtasun maila: ertaina.

Parte-hartze prozesuak.

Xede eta erabilera aurreikusiak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikulua aplikatuz egiten diren parte-hartze prozesuen kudeaketa.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek emanen dituzte, idatziz, inprimaki edo eskabide baten bidez.

Ukitutako norbanakoak edo taldeak: arauen prestaketari eta herritarrendako interesa duten beste gai batzuei buruzko iritzia adierazten duten pertsonak eta erakundeetako kideak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: NANa, izen-deiturak, helbidea, telefonoa, sinadura.

Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.

Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.

Organo arduraduna: Cortesko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cortesko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta “Langileak” fitxategiaren aldaketa eta “Ikus-entzunezko artxiboa”, “Kontratuak”, “Delituen ziurtagiriak” eta “Parte-hartze prozesuak” fitxategien sorrera dagokien erregistroan inskribatzea, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian.

Cortesen, 2016ko azaroaren 16an.–Alkatea, María Concepción Ausejo Gómez.

Iragarkiaren kodea: L1613008