2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALLO
Enkantearen iragarkia
Alloko Udaleko alkate udalburuak aditzera ematen du:
Udal honetan zorrak ordainarazteko premiamendu prozedura bideratu zen Rosa Rebolé Montoya andrearen (NANa 72.617.695-W) eta Esteban Roncal Enciso jaunaren (NANa 15.694.373-R) aurka, Alloko Udaleko alkatearen azaroaren 10eko 186 Ebazpenaren bidez. Prozedura horretan erabaki zen enkante publikoaren bidez besterentzea enbargatutako ondasun higiezinak. Hori tramitatu eta gauzatzean bete beharrekoak dira Nafarroako Foru Komunitatearen Diru-bilketa Erregelamendua onesten duen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren 136. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako manuak.
Aipatu dekretuaren 135. artikuluan xedatua betetzeko, iragarki hau argitaratzen da eta honako hau ohartarazten zaie enkantean, lizitatzaile gisa, parte hartu nahi dutenei:
1. Besterentze erabakian adierazi da enkante publikoa egiteko eguna honako hau izanen dela: enkantearen dekretua norbanakoari jakinarazi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamaseigarren eguna. Enkantea egun horretako 12:00etan eginen da, Alloko (Nafarroa) Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan, Foruen Plaza, 7.
2. Enkantera aterako den ondasuna:
Lote bakarra:
Erregistroa: 337. finka, Lizarrako 1. Jabetza Erregistroko 249. liburukia, 6. liburua, 136. orria: “Orubea (lehen aurri egoeran zegoen eraikina), Alloko Mayor kaleko 11n, kale izendegiko egungo zenbakiaren arabera. 97 m²-ko azalera du. Mugak: eskuinaldean, sartzean, Tomás Aramendía; ezkerraldean, Claudio Portillo eta atzealdean, estali gabearekin”.
Katastroa: Alloko 2. poligonoko 35. lurzatia.
Lotearen balorazioa: 34.341,51 euro.
Aurreko zamen eta kargen zenbatekoa: 0,00 euro.
Hasierako prezioa: 34.341,51 euro.
Lizitazio tartea: 343,42 euro.
Aurreko zama eta kargek indarrean jarraituko dute, eta errematearen prezioa ez da erabiliko haiek iraungitzeko.
3. Enkanteko ondasunak gorago zehaztutakoak direla eta ez dela onartzen hasierako preziotik beherako posturarik, eta aipatutako lizitazio tarteen araberakoak izanen direla posturak.
4. Titulu eskuragarriak horietan interesa dutenek aztertzen ahalko dituzte, Udaletxean, Foruen Plazako 7an, Allon (Nafarroa), 11:00etatik 14:00ak bitarte.
Lizitatzaileek espedientean jasotako jabetza tituluak nahikotzat eman beharko dituzte, ez baitute eskubiderik besterik eskatzeko.
Ondasunak ez daudenez Barrutiko Jabetza Erregistroan inskribatuta, esleipen-eskritura titulua da, zeinaren bidez immatrikulazioa egiten ahal baita hipoteka legedian ezarritako moduan. Beharrezkoa den gainerako kasuetan, interesa badute, Hipoteka Legearen VI. tituluan ezarritakoari jarraitu beharko diote, erregistroaren eta errealitate juridikoaren arteko bat-egitea gauzatzeko.
5. Enkantearen hasierako prezioan ez dira sartzen ondasun horien eskualdatzearen gaineko zerga zeharkakoak. Eskualdatzeak sortzen dituen gastu eta zerga guztiak, baita lehentasunezkoak ez diren kargak kitatzeko agindua Jabetza Erregistroan inskribatzeak sortutakoak ere, esleipen-hartzailearen kontura izanen dira. Etxebizitzari edo lokalari dagokion jabeen elkartearekin izaten ahal diren zorren egoerari dagokionez, esleipen-hartzaileak Udala espresuki libratzen du elkartearekin dauden zorren egoerari buruzko ziurtagiria ekartzeko betebeharretik, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen arabera (apirilaren 6ko 8/1999 Legeak aldatu zuen), eta hartzailearen kargura joanen dira ordaintzeko dauden gastuak.
Esleitutako ondasun higiezinak Ondasun Higiezinen Zergari dagozkion eta ordaindu gabe dauden tributu-zorrak eta errekarguak ordaindu beharrari lotuta geldituko dira, Toki Ogasunen arloan indarra duen legedian ezarritako moduan.
6. Enkantea bertan behera geldituko da, baldin eta ondasunak esleitu aurretik eskuratu nahi diren zor guztiak ordaintzen badira.
7. Ez daude besterendu nahi diren ondasunei eragiten dieten aurreko kargak, hau da, iraungi ez direnak eta ondasunari eragiten diotenak.
8. Zuzenbidearen arabera jarduteko gaitasuna duten guztiek hartzen ahal dute parte enkantean lizitatzaile gisa, legezko eragozpen edo murriztapenik ez badute eta behar bezala identifikatzen badira eta, norbait ordezkatuz gero, ordezkaritza hori frogatzen duen agiriaren bidez identifikatzen badira. Salbuesten dira udal diru-bilketari atxikitako langileak, tasatzaileak, ondasunen gordailuzainak eta premiamendu prozeduran zuzenean esku hartzen duten funtzionarioak.
9. Lizitatzaileek ondasun edo lote bakoitzerako ezarri den hasierako prezioaren %20ko gordailua jarri behar dute enkante mahaian, enkantea egin baino lehen (6.868,30 euro), eta ohartarazten da ezen, esleipen-hartzaileek erremateko prezioa ordaintzen ez badute, gordailu hori zorra kitatzeko erabiliko dela, deusetan ukatu gabe errematearen prezioa ez ordaintzeak ekartzen dituen galeren ondoriozko erantzukizunak.
Alloko Udalaren aldeko txeke adostuaren bidez eratu beharko da gordailua.
Eratzeko epea enkantearen eguneko 09:00etan amaituko da.
10. Lizitatzaileek zilegi izanen dute beren eskaintzak gutun-azal itxian igortzea edo aurkeztea, enkantea iragartzen denetik hura hasteko ordubete gelditzen den arte. Lizitatzaileak adierazi beharko ditu izen-abizenak edo sozietate-izena edo izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.
Eskaintza horiek gehienekoak izanen dira, eta Alloko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, eta horiekin batera txeke adostua emanen da, gordailuaren zenbatekoa izanen duena, Alloko Udalaren alde.
Mahaiak lizitatzaileak ordeztuko ditu gutun-azal itxian, eta haien izenean eginen ditu posturak, bere eskaintzan finkatutako gehienekoa gainditu gabe, baina lizitatzaile horiek ere parte hartu ahalko dute lizitazioan, gutun-azaleko posturak baino handiagoekin.
Enkante mahaiak prozedura honetan dagozkion eginkizunak beteko ditu, eta kide hauek izanen ditu: Alloko Udaleko alkatea, mahaiburua izanen dena, bi zinegotzi, mahaikide lanean aritzeko, eta Udaleko idazkaria, mahaikide-idazkari.
Gutun-azal itxian agertutako zenbait eskaintzaren arteko norgehiagoka baldin badago, haien arteko bigarren handienetik aurrera onartuko dira posturak, eta bigarrenaren gainetiko tartean handiena den posturak hartuko du esleipena, beste eskaintzarik ez badago.
11. Lizitazioan zorra berdindu ez bada eta esleitu gabeko ondasunak gelditzen badira, mahaiak zuzeneko esleipeneko tramitearen hasiera iragarriko du, 139. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
Nolanahi ere den, lehen lizitazioa egin ondoan, Mahaiak bigarren lizitazioa egitea erabakitzen ahalko du, komeni den eztabaidatu ondoren.
Erabakitzen bada bidezko dela bigarren lizitazioa egitea, berehala iragarriko da eta hasierako prezio berria hartzen duten posturak onartuko dira; lehen lizitazioaren hasierako prezioaren 100eko 75ekoa izanen da hori, hau da, 25.756,13 euro. Horretarako, ordu erdiko epea irekiko da, lizitatu nahi dutenek gordailu berriak eman ditzaten, besterenduko diren ondasunen enkanteko hasierako prezio berriarekin bat; hau da, 5.151,23 euro. Lizitatzeko tartea 257,56 eurokoa izanen da.
Bigarren lizitazioa lehenaren betebehar berekin eginen da.
Esleitzen ez diren ondasunak zuzeneko esleipenaren tramitera pasatuko dira, Foru Dekretuaren 139. artikuluaren arabera.
12. Esleipen-hartzaileek esleipeneko egintzan edo ondoko bost egunetan eman beharko dute eratutako gordailuaren eta esleipen prezioaren arteko diferentzia, eta ohartaraziko zaie ezen, ez badute epe horretan ematen, gordailuaren zenbatekoa galduko dutela eta hura zorrak kitatzeko erabiliko dela; eta behartuta egonen dira Administrazioari ematera erremateko prezioa ez ordaintzeak sortzen dituen kalte-ordainak.
13. Ondasun edo eskubide batzuk esleitu gabe gelditzen badira, Mahaiak zuzeneko esleipenaren tramitearen hasiera iragarriko du, eta une horretatik hasita gehienez ere 15 eguneko epean eginen da, Nafarroako Diru-bilketaren Erregelamenduko 139. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
Zuzeneko esleipenaren gutxieneko prezioa lehen lizitazioko hasierako prezioa izanen da, ez denean bigarren lizitazioa egitea bidezkotzat jo. Bi lizitazio egin direnean ez da gutxieneko preziorik izanen; hala ere, enkante mahaiak uste badu ez dela proportziozkoa ondasun edo loteei tasazio bidez esleitutako balioaren eta edozein interesatuk eskainitako prezioaren arteko aldea, zilegi izanen du eskaintza onartezintzat jotzea, eroslearen aberaste bidegabearen alde ez egiteko, ondasunen jabearen kaltetan, eta salmentaren formalizazioa ez onartzea.
Eskaintzak gutun-azal itxian aurkeztuko dira Alloko Udaleko Erregistro Orokorrean, Alloko (Nafarroa) Foruen Plazako 7an, 11:00etatik 14:00ak arte.
Gutun-azalean idazki bat sartuko da, eskaintza egiten duenak edo ahalorde nahikoa duen ordezkariak sinatua; bertan, behar bezala identifikaturik, lortu nahi den ondasun edo lotearen zuzeneko esleipenerako eskaintzaren prezioa agertuko da.
Aurkezten diren eskaintzen arabera, esleipenerako proposamena eginen da bidezkoa bada, eta akta bidez formalizatuko da. Zuzeneko esleipenerako, gordailua eskatzen ahalko zaie interesdunei, egokitzat jotzen den zenbatekoa izanen duena, eta zuzeneko esleipenaren tramitea iragartzen denean behar bezala adieraziko da; ohartaraziko zaie ezen, errematearen prezioa horretarako ezarritako epean ordaintzen ez bada, eratutako gordailuaren zenbatekoa prozeduraren xede diren zorrak kitatzeko erabiliko dela, deusetan ukatu gabe errematearen prezioa ez ordaintzeak ekartzen dituen galeren ondoriozko erantzukizunak. Bidezkoa den zenbatekoa ordaindu ondoren emanen zaizkio ondasunak esleipen-hartzaileari.
Zuzeneko esleipena erabakitzeko gehieneko epea iragaten bada esleipen erabakirik eman gabe, tramite hori bukatutzat joko da eta esleitu gabeko ondasun edo eskubide horiek Udal hartzekodunari esleitzeko tramiteak abiaraziko, Nafarroako Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduaren 147. eta 148. artikuluei jarraikiz.
Edonola ere, ondasun edo eskubidea esleituko zaio, ondasun edo eskubideak Toki Ogasunari esleitzeko erabakia hartu aurretik egindako azken enkanteko prezioa ordaintzen duen edozein interesduni.
Iragarki honetan adierazten ez den guztian, egintza arautzen duten legezko edo erregelamenduzko xedapenek aginduko dute.
Allon, 2016ko azaroaren 10ean.–Alkate udalburua, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: L1612699