72. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Fitxategi pertsonalak

Faltzesko Udalak, 2017ko otsailaren 23an egin osoko bilkura arruntean, bertzeak bertze, jarraian hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuen:

“Faltzesko Udalean datu pertsonalen fitxategiak sortu eta aldatzeko erabakia.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak xedea du pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzea eta babestea, bereziki haien ohorea eta intimitate pertsonala eta familiarra, datu pertsonalen tratamenduaren arloan. Euskarri fisikoan erregistraturik egoteagatik tratamendua izan dezaketen datu pertsonalei aplikatzekoa da, baita datu horiekin geroago sektore publiko nahiz pribatuek egiten ahal duten edozein erabilerari ere.

Ikusirik Auditoretzaren 2016ko abenduaren 30eko txostena, Udalak datu pertsonalak babesteko araudia betetzeari buruzkoa, hartan kontu hauek agerian jartzen baitira:

Udalak datu eta informazio pertsonalak jasotzen dituela kontratuen kudeaketarako eta langileak hautatzeko deialdietarako, eta orain arte ez dela xede horietarako fitxategirik sortu.

Udalak plataforma bat jarri duela abian, administrazio elektronikoa sustatzeko asmoz. Entitatea administrazio elektronikoaren araudira egokitzeko, beharrezkoa da kontrola zehaztu eta ezartzea administrazio elektronikoko informazio sistema erabiliko duten pertsonen sarbide baimenduen gainean. Horrela, sisteman erregistratuko dira sarbide baimendua duten langileen datu pertsonalak eta zein den betetzen duten lanpostua.

Udalak osoko bilkurak grabatzen dituela, audio-fitxategiak sortuz, eta horiek bilkurako aktetan jasotzen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoa betez, eta, ondotik, Udalaren web-orrian argitara ematen dituela.

Datuen babesari buruzko araudia betetzeak eskatzen du datu pertsonalen tratamenduaren aurretik datu pertsonalen fitxategia onestea; orain arte ez da xede horietarako fitxategirik sortu.

Aurrekari horiek kontuan harturik, bidezkoa da jarduketak egitea, Faltzesko Udaleko datu pertsonalen fitxategiak arautzeko.

Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa da xedapen orokor bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko dena.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

–Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.

–Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.

–Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herrialdeendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

–Segurtasun neurriak, zehaztuz nolakoak diren: oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak.

Fitxategiak kentzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, edo nola suntsitu behar diren adieraziko da, hori xedatuz gero.

Hori ikusita, bildutakoek, aho batez, honako hau.

ERABAKI DUTE:

Lehena.–Fitxategi pertsonalaren atal hauek aldatzea:

Xede eta erabilera aurreikusiak: bertan txertatzeko “Administrazio elektronikoan sartzeko baimena duten langileen kontrola, eta sartzeko baimenen eta dokumentuen sinaduraren kudeaketa.”

Bigarrena.–Datu pertsonalen honako fitxategi hau sortzea:

Kontratuak.

Xede eta erabilera aurreikusiak: langileen kontratazioen kudeaketa, zerbitzu, obra, hornidura eta laguntzen kontratuen esleipenak, legeria aplikagarriaren arabera.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek emanen dituzte, dagokien kontratua esleitzeko edo deialdi batean parte hartzeko aurkezten diren agiriekin batera.

Ukitutako norbanakoak edo taldeak: enplegu deialdietan parte hartzen dutenak eta Udalak kontratuak esleitzeko sustatzen dituen lehiaketetan parte hartzen dutenak. Kontratistak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

–Identifikazio datuak: NANa, izen-deiturak, helbidea, telefonoa, sinadura.

–Inguruabar sozialen datuak.

–Ikasketa eta lanbide datuak.

–Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak.

–Merkataritza arloko datuak.

–Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.

Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.

Datuen komunikazioak: Udal web orria-Gardentasunaren ataria, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2003 Legean ezarriarekin bat eta Nafarroako kontratazio ataria, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 97. artikuluan ezarriarekin bat.

Organo arduraduna: Faltzesko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Faltzesko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Hirugarrena.–Datu pertsonalen honako fitxategi hau sortzea:

Audio-fitxategiak.

Xede eta erabilera aurreikusiak: osoko bilkuretako grabaketak biltzen dituen audio-fitxategi bat mantentzeko aukera izatea.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunengandik, beren ahotsa grabatuz.

Ukitutako norbanakoak edo taldeak: korporazioko kideak eta idazkaria.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: ahotsa.

Tratamendurako erabilitako sistema: automatizatua.

Datuen komunikazioak: Udalaren web-orrian argitaratuz (19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa).

Organo arduraduna: Faltzesko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Faltzesko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta xedatzea fitxategi “Pertsonala” alda dadila, “Kontratuak” eta “Audio-fitxategiak” izeneko fitxategiak sor daitezela, eta aldaketak eta “Kontratuak” fitxategia dagokien erregistroan inskriba daitezela, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian.”

Faltzesen, 2017ko otsailaren 24an.–Alkate udalburua, Valentín García Olcoz.

Iragarkiaren kodea: L1702494