1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
105/2016 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua aldatzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez (142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 23an), Nafarroako Foru Komunitateko departamentuen egitura ezarri zen, baita departamentu bakoitzari zegokion eskumen esparrua ere. Foru dekretu hori lehendakariaren abuztuaren 10eko 23/2015 Foru Dekretuak aldatu zuen (156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 12an).
Era berean, abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 13an.
Irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Dekretu hori 2016ko 190. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 30ean.
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak proposatu dute irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez onetsitako egituraren eginkizunak aldatzea.
Bestalde, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Ardogintza Sustatzeko Atalaren izena aldatzea, hemendik aurrera Mahastizaintza eta Enologia Atala deitzeko.
Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 16ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Partez aldatzen da irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena. Hona aldaketak:
Bat.–10. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:
“10. artikulua. Nekazaritza Zerbitzuaren eskumenen esparrua.
Nekazaritza Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:
a) Nekazaritzako ekoizpen bideak kontrolatzea elikagaien segurtasunaren, fitosanitarioen erabileraren, lohien eta ongarrien esparruan.
b) Nekazaritzako ekoizpen jasangarriaren sistemak sustatzea.
c) Landare osasuna kontrolatzea.
d) Mintegiko landareak eta haziak kontrolatu eta ziurtatzea.
e) Nekazaritza arloko ikerketaren eta berrikuntzaren gainean prestakuntza eta aholkularitza teknikoa ematea eta horren emaitzak jakinaraztea.
f) Laguntzen eskaera bakarra antolatzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduaren arabera.
g) Nekazari eta abeltzainendako laguntzak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduan ezarritako Kudeaketa eta Kontroleko Sistema Integratuan sartuak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) kargura emanak, eta sistema horrekin parekatuak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) edo Nafarroako Gobernuaren bidez kofinantzatuak; Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak garatzen ahal dituenak galarazi gabe.
h) Merkatuko krisien prebentzioaren eta kudeaketaren arloko jarduketak.
i) Ekoizpenaren, uztaren eta izakinen aitorpenak eta legez kanpoko mahastietatik ateratzen diren ekoizpenen xedea kontrolatzea.
j) NBEUF-Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren laguntzak fruta eta barazki ekoizleen erakundeen programa eragileetarako, destilazioetarako eta mahastiak berregituratzeko, eta beste batzuk, Merkatu Antolakunde Erkidetik ateratzen direnak.
k) Nekazaritzako aseguruen kontratazioa sustatzea.
l) Hondamendi naturalen parekoak diren baldintza klimatologiko kaltegarriek nekazaritzako ustiategietan eragiten dituzten kalteak.
m) Siloen oinarrizko sarea mantentzea eta zaintzea.
n) Nafarroa ordezkatzea INIAren Nekazaritzako Ikerketaren Batzorde Nazionalean.”
Bi.–31. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:
“31. artikulua. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren egitura.
Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atala.
b) Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atala.
c) Mahastizaintza eta Enologia Atala.
d) Nekazaritzako Erregistroen Atala.”
Hiru.–34. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:
“34. artikulua. Mahastizaintza eta Enologia Atalaren eskumenen esparrua.
Mahastizaintza eta Enologia Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan: ardogintzaren arloko esperimentazio eta ikerketa, baita indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.”
Lau.–46. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:
“46. artikulua. Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Atalaren eskumenen esparru materiala.
Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ondoko arlo hauetan:
a) Departamentuko unitateei laguntza ematea eta unitate horiek koordinatzea tramiteak modernizatu, arindu eta sinplifikatzeari begira, betiere herritarrentzako arretan eragimena handitzeko asmoz.
b) Barne prozesuak aztertzea eta oinarrizko prozeduren mapa prestatzen laguntzea, Europar Batasunak eskatzen duen elkarreragingarritasuna lortzearren.
c) Prozesu bakoitzeko kalitate adierazleak ezartzea, bai eta gogobetetasun inkestak, barne kalitatea hobetzeko planak, kalitatea kudeatzeko sistema estandarizatuak eta politika eta eredu korporatiboekin lerrokatutako sinplifikazio administratiborako sistemak ere.
d) Barne autoebaluaziorako metodoak prozesuen mapan ezartzea, Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeari lotua.
e) Barne koordinazio eta dinamizazioa, Departamentuan kalitate prozesuak bultzatzen direla bermatzeko.
f) Barne prestakuntzako premiak eta gako-eragileak identifikatzea, eta plan koordinatuak egitea.
g) Berrikuntza kultura garatzea departamentuko arloetan, prospektiba eta lankidetza ekintzen bidez.
h) Ikerketa, garapena eta berrikuntza koordinatzea departamentuan eta hari atxikitako entitate publikoetan.
i) I+G+Bren jarraipen batzordeak koordinatzea eta Nekazaritzako I+G+Bren jarraipen batzordeko idazkaritza lanak egitea.
j) Departamentu honen eskumeneko arloetako inbertsioak koordinatzea Gobernuaren I+G+Bko urte anitzeko planetan.
k) Antena gisa jokatzea intereseko gaietan lehentasunezko lerroak identifikatzeko eta departamentuko arloetan proiektu aukerak identifikatzeko.
l) Proposamenak definitu eta prestatzea eta proiektuak dinamizatzea departamentuaren arlo estrategikoetan baliabideak bereganatzeko.
m) Beste departamentu batzuekin eta zentro teknologikoekin eta enpresekin harremanak izatea Europako proiektuetako partaidetza sustatzeko.
n) Departamentua eta hari atxikitako entitate publikoak partaide dituzten Europako proiektuen jarraipena eta kontrola egitea.
o) Baliabide publikoak kudeatzea proiektu propioak eta departamentuak sustatzen dituenak finantzatzeko.
p) Departamentuaren intereseko eta jardun eremu bereko arloetan Espainian eta nazioartean dauden sareetan parte hartzea eta haien jarraipena egitea.
q) Europako seihilekoen jarraipena egitea, departamentuaren intereseko gaietan ministerioei laguntzeko eratzen diren autonomia erkidegoen batzordeetan parte hartuz.
r) Prospektibak egitea landa garapenari, ingurumenari, lurraldearen antolamenduari eta toki administrazioari buruzko arloetan, Europar Batasunaren politikaren eta munduko politikaren barnean.
s) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.”
Bost.–Bosgarren xedapen gehigarria aldatzen da. Hona testu berria:
Bosgarren xedapen gehigarria.–Izendapenak.
Foru dekretu honetan ezarritako egituran izen bera duten ataletako buruen izendapenak berresten dira, baldintza berberetan, baita Ardogintza Sustatzeko Ataleko buruarena ere, hemendik aurrera Mahastizaintza eta Enologia Ataleko burua deituko baita.”
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko azaroaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
Iragarkiaren kodea: F1613022