223. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

96/2016 FORU DEKRETUA, azaroaren 2koa, Pedro Miguel Etxenike Landiribarri Nafarroako Urrezko Domina ematen diona, bere alderdi intelektual, zientifiko eta gizatiarragatik, eta fisikaren arloan egindako ikerketa eta zabalkuntza lanen bitartez zientziari egindako ekarpenagatik.

Pedro Miguel Etxenike Landiribar (Izaba, 1950) Nafarroako inoizko zientzialaririk ezagutu eta sarituenetako bat da, fisikako zenbait gai modu paregabean jorratu dituena eta, horrez gain, dibulgazioko lan bikaina egin eta gizartearekin nahiz kulturarekin konpromisoa hartua duena.

Zientzia Fisikoetan lizentziadun titulua lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean 1972an, lizentzian aparteko saria eta karrera bukaerako aparteko saria jaso zituelarik 1973an. Fisikako doktore gradua lortu zuen Cambridgeko Unibertsitatean 1976an, eta Zientzia Fisikoetakoa Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan 1977an, doktoretzan aparteko saria lortu zuelarik 1978an.

Orduz geroztik, mundu osoko erakunde zientifikorik entzutetsuenak, unibertsitateak eta ikerketa zentroak fisikaren arloan egin dituen ikerketa eta dibulgazio lanen lekuko izan dira, bereziki, materia kondentsatuaren fisikaren arlokoenak, horixe baita gaur egungo fisikaren eremu zabalenetako bat.

Etxenikek ospe handiko sari ugari jaso ditu bere karreran, hala nola Vianako Printzea saria, Fisikako Max Planck saria edo Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea saria. Horretaz gainera, Honoris Causa doktore izendatu dute Valladolideko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Madrileko Unibertsitate Konplutentseak.

Nabarmentzekoa da, baita ere, dibulgatzaile bezala egin duen lan bikaina, indarra egin baitu kultura zientifikoko ezagutzak eta balioak inguru sozialera ekartzen.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak, ibilbide hori aitortu eta eskertu nahian, egoki ikusi du Foru Komunitatearen saririk gorena Pedro Miguel Etxenike Landiribarri ematea.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 2an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Nafarroako Urrezko Domina ematea Pedro Miguel Etxenike Landiribarri, bere alderdi intelektual, zientifiko eta gizatiarragatik, eta fisikaren arloan egindako ikerketa eta zabalkuntza lanen bitartez zientziari egindako ekarpenagatik.

2. Domina saridunari emanen zaio, Nafarroako Egunaren aurtengo ekitaldietan.

3. Foru dekretu hau Pedro Miguel Etxenike Landiribarri jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2016ko azaroaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1612351