223. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

450/2016 EBAZPENA, urriaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle eta irakasleek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko laguntzen deialdia aurkezten duena. Prestakuntza egonaldi horiek 2017-2018 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barrenean.

Hezkuntza Departamentuak bi proiektu aurkeztu ditu SEPIEren deialdi nazionalean, Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako ikasleentzako prestakuntza egonaldiak errazteko.

Proiektuak Erasmus+ bi partzuergoren egituraren barnean aurkeztu dira, Hezkuntza Departamentuak gidatuak; haien partaide dira, hain zuzen ere, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak (ikasleak eta irakasleak bidaltzen dituzten erakunde gisa eta proiektuen kudeaketa prozesu osoaren bitartekari gisa).

2017-2018 ikasturterako eskatzen ahal diren plazak honako hauek dira:

–Erdi mailarako:

  • Ikasleentzako 60 egonaldi, 3 hilabeteko iraupena dutenak.
  • Ikasleentzako 45 egonaldi, 2 asteko iraupena dutenak.
  • Irakasleentzako 10 egonaldi, aste 1 eta 4 aste bitarteko iraupena dutenak.

–Goi mailarako:

  • Ikasleentzako 75 egonaldi, 3 hilabeteko iraupena dutenak.
  • Irakasleentzako 6 egonaldi, astebeteko iraupena dutenak.

SEPIEk ebaluazio prozesua eginen du proiektuak onesteko eta horietako bakoitzari dagokion beka kopurua esleitzeko; beken kopuru zehatza prozesu horren araberakoa izanen da.

Laguntzak erabiliko dira Europako enpresetan egiten diren prestakuntza egonaldien zati bat finantzatzeko.

Proposamenak hautatzeko SEPIEk egin beharreko prozesuaren emaitzak jakin ondoren, plazak esleituko zaizkie beka hauek eskatzen dituzten ikasleei, horretarako eginen den lehenespen prozesuari jarraikiz, LHko ikastetxeen lankidetzarekin eta apirilaren 3ko 31/2012 Foru Aginduan ezarritako irizpideekin bat. Esleipen hori eginen da ebazpen honi erantsi zaizkion deialdiaren oinarrietako I. eta II. eranskinetan agertzen diren xehetasunei jarraikiz.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak egindako txostena ikusirik, non adierazten baita argitaratu beharra dagoela Nafarroako Gobernuko ikastetxe publikoetako lanbide heziketako ikasle eta irakasleek, Erasmus+ programaren esparruan, Europako enpresetan praktikak egiteko deialdia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017-2018 ikasturteko Erasmus+ programaren Europako enpresetako egonaldien deialdia argitaratzea, deialdi honen eranskinetan ezartzen diren zehaztapenekin bat.

2. 80.000,00 euroko gastua baimentzea 2017. urterako, erdi mailako proiektuko ikasleentzat eta irakasleentzat, eta 30.000,00 euro goi mailako proiektuko ikasleentzat eta irakasleentzat; 2018. urtean, 200.000,00 euro erdi mailako proiektuko ikasleentzat eta irakasleentzat, eta 70.000,00 euro goi mailako proiektuko ikasleentzat eta irakasleentzat.

Gastu hori egiteko, betiere, urte bakoitzeko kontu-sailean hartarako behar adina diru izan beharko da.

Laguntza hauei dagozkien zenbatekoak finantzatuko dira 2017ko eta 2018ko aurrekontuetan 2016ko aurrekontuko “Leonardo Da Vinci programa eta nazioarteko beste programa batzuk” izeneko 426000 42600 4800 322E00 kontu-saila ordeztuko duten kontu-sailen kargura.

3. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Berrikuntzaren, Enpresaren eta Lanbide Heziketa Nazioartekotzearen Atalari, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoari, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Argibide eta Agiri Bulegoari eta Lanbide Heziketako ikastetxe publikoei.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean eta dagokion laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2016ko urriaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA. 2017-2018KO DEIALDIA

Laguntzen deialdia, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egiteko 2017-2018 ikasturtean, Erasmus+ programaren esparruan

Oinarriak

Lehendabizikoa.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2017-2018 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketa egiten ari diren ikasleek Europar Batasuneko enpresetan prestakuntza jaso dezaten bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, ikasle horiei diru-laguntzak emateko Europan prestakuntza egonaldiak egin ditzaten:

1. Proiektu bat erdi mailako ikasleentzat da.

2. Beste proiektu bat goi mailako ikasleentzat da.

Bi proiektuak Lantokietako Prestakuntza egiteko edo Europako enpresetan prestakuntza osagarria egiteko erabiltzen ahalko dira. Europako enpresetako prestakuntza osagarria egiten da Lanbide Heziketako ikasketak eta hari dagozkion derrigorrezko praktikak bukatu ondoren. Bi kasuotan, ikasle interesdunek praktika horiek egin aurreko ikasturtean aurkeztu beharko dute eskaera.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektua onesten badu, plazak esleituko dira hautatzen den destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Hirugarrena.–Eskaerak.

Egonaldi hauek bi modutan artikulatzen ahalko dira:

–A modalitatea: erdi mailako eta goi mailako ikasleentzat: Egonaldi hauek hamahiru astekoak izanen dira, eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren bitartez kudeatuko dira.

–B modalitatea: erdi mailako ikasleentzat bakar-bakarrik: bi edo hiru asteko egonaldiak izanen dira, aurretik Lanbide Heziketako ikastetxe batek proposaturik; bidezkoa bada, tutore batek lagundurik joanen dira ikasleak.

Lehenengo taldeko egonaldietan (A modalitatean) interesaturik dauden ikasleek honako helbide honetan agertzen den inprimaki elektronikoa erabiltzen ahal dute eskaera egiteko: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/solicitud-erasmus-plus.

Bigarren taldeko egonaldien kasuan (B modalitatea), Lanbide Heziketako ikastetxeak parte-hartzaileen zerrenda bat prestatuko du, eta haietako bakoitzari eskatuko dio Hezkuntza Departamentuak emanen duen eskabide-orria bete dezan.

Eskaerak egiteko epea 2016ko azaroaren 2tik abenduaren 2ra artekoa da, biak barne.

Aipatutako inprimaki elektronikoaz gain, beka hauen eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte beren Lanbide Heziketako ikastetxean:

a) Parte-hartzaileek beren gain hartzen dituzten konpromisoei buruzko dokumentua (paperean sinatua).

b) Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, ingelesez idatziak eta Europass eredua erabiliz (PDF formatu informatikoan). Destinoko herrialdea Frantzia bada edo hango lan hizkuntza frantsesa bada, frantsesez aurkeztuko da.

b) fitxategiaren izenaren formatua:

1.ABIZENA_2.ABIZENA, IZENA_CVyCP

Dokumentuak errazago betetzeko eta hautagaiak aukeratu eta bekak esleitzeko prozesu osoa errazteko, hala ereduak nola ikastetxeek eta parte-hartzaileek behar duten informazio guztia Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan egonen dira eskuragai. Interneteko helbidea:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1964/Becas-para-realizar-estancias-en-empresas-de-la-Union-Europea#documentacion

Ikasleek parte hartzeko bete beharreko baldintzak:

1. Ingelesa erabili behar duten egonaldietarako, gutxienez B1 maila izatea, eta Frantziako egonaldietarako, berriz, frantsesezko A2 maila. Italiako edo Portugalgo egonaldietarako, ez da hizkuntza mailarik eskatuko.

2. Atzerrira joateko behar diren agiriak edo baimenak izatea.

3. Programa honen bidez Lantokietako Prestakuntza egin nahi duten ikasleei eskatuko zaie modulu bat baino gehiago ez izatea gainditu gabe Lantokietako Prestakuntza eginen duten ikasturte bereko lehenengo hiruhilekoan.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Eskatzaileen artean banatuko diren plazen kopurua SEPIEren aurrekontu-kontsignazioaren araberakoa eta onesten diren proiektuen araberakoa izanen da.

Beka hauen onuradunek jasoko duten dirua ostaturako, mantenurako eta destinoko herrialdera joateko bidaiarako izanen da. Parte-hartzaile bakoitzak jasoko duen diru-zenbatekoa SEPIEk deialdi bakoitzerako argitaratzen dituen tauletan ezarriko da. Taula horiek Zerbitzuen Katalagoan argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuak, eskuragai eduki bezain laster.

2016ko Erasmus+ deialdirako argitaratutako taulak erreferentzia gisa erabiltzen ahal dira deialdi honetarako bideratu daitezkeen gutxi gorabeherako kopuruak kalkulatzeko.

Ikastetxe bakoitzari esleituko zaizkion plazak bakoitzak aurkezten duen eskaera kopuruaren arabera banatuko dira, modu proportzionalean. Hasierako esleipen hori, alabaina, aldatzen ahalko da, ikastetxeek eginen duten hautapen prozesuaren lehenengo fasean sortzen diren zerrenden arabera.

Lanbide Heziketako ikastetxeek 0tik 100 puntura bitarteko puntuazioa emanen diete ikasleei, hurrengo atalean ezartzen diren irizpideei jarraikiz. Lehenengo hautapen fasea gainditzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

Barematzeko irizpideak:

Ikastetxe bakoitzak honako irizpide eta gehieneko puntuazio hauei jarraituko die eskatzaileak ebaluatzeko eta haien hasierako hautapen proposamena egiteko:

1. Ikasketa espedientea: 50 puntu gehienez.

2. Jarreraren ebaluazioa, Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko den ebaluazio errubrikaren arabera: 20 puntu gehienez.

3. Prestakuntza egiaztatua atzerriko hizkuntzetan: 20 puntu gehienez.

4. Lan esperientziaren eta gizarte trebetasunen balorazioa: 10 puntu gehienez.

2. atala baloratzeko, eskatzaileei eskola ematen dieten irakasleek, jarreraren ebaluazio errubrika dela-eta, ematen dituzten orientazioei jarraikiko zaie.

3. eta 4. atalak baloratzearren, Lanbide Heziketako ikastetxeek eskatzaile bakoitzaren curriculum vitaearen kopia gorde beharko dute, balorazio orekatua egiteko datu aski edukitzeko.

Gero, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak hautapenaren lehenengo fasea gainditzen duten parte-hartzaile guztiak elkartuko ditu, programaren nondik-norakoak hobeki ulertzeko informazio saio bat egiteko.

Orobat, Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako ikastetxeei eskatuko die egiazta dezatela ea curriculum vitaean adierazitako hizkuntza maila egokia den beste herrialde batera bidaiatzeko eta behar diren bermeekin moldatu ahal izateko prestakuntza praktikak eginen dituzten enpresetan.

Azkenik, behin-behineko zerrenda bat prestatuko da, ikastetxez ikastetxe antolatua, bekak esleitzeko ordena adierazita.

Balizko onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko da. Zerrenda hori Lanbide Heziketako ikastetxeei ere jakinaraziko zaie, posta elektronikoaren bidez.

Parte-hartzaileren batek egonaldiak prestatzeko programatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, Hezkuntza Departamentuak beka kentzen ahalko dio.

Era berean, Hezkuntza Departamentuak ezin du bermatu Europako bazkideek enpresa bat aurkituko diotenik onuradun bakoitzari. Hortaz, Europako bitartekariekin batera proiektuaren kalitatea bermatzeko dauden aukera guztiak agorturik, zilegi izanen da onuradunari jakinaraztea beka baliogabetu zaiola enpresa hartzailerik ez dagoelako.

Parte-hartzaile bakoitzaren destinoa berretsi ondoren, behin betiko zerrenda prestatu eta Nafarroako Gobernuren Zerbitzuen Katalogoan jakinaraziko da. Zerrenda hori behin betiko bihurtuko da parte-hartzaileek ordaintzen dutenean destinoko herrialdera bidaiatzeko hegazkina, Hezkuntza Departamentuak egindako erreserben arabera.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren A modalitateko egonaldiek 13 aste iraungo dute.

Prestakuntza egonaldia parte-hartzailearen espezialitatearen sektorearekin zerikusia duen enpresa batean eginen da, baina horren truke ez da ezer ordainduko.

Hezkuntza Departamentuak kudeaketa hauek egiteko ardura izanen du:

–Destinoko hiriak esleitzea, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzen diren Europako bazkideekin egiten diren akordioen arabera eta ikasleak hartzeko dauden enpresen prestasunaren arabera.

–Ostatua eta enpresa bilatzea, aipatutako bazkideekin lankidetzan.

–Bidaia antolatzea.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibilekoa kontratatzea.

–Egonaldien jarraipen eta tutoretza lana egitea inprimaki elektronikoen bidez, deusetan galarazi gabe onuradunek beraiek zenbait kudeaketa egin behar izatea norberaren ikastetxearekin edo jarraipenerako eta ebaluaziorako beste dokumentu batzuk bete behar izatea, egonaldi horien kudeaketa lanetan laguntzen duten Europako bazkideek eskatuta.

Nolanahi ere, parte-hartzaileek beren kasa antolatzen ahal dituzte egonaldiak, Hezkuntza Departamentuak eskura jartzen dituen bazkide-bitartekariak erabili gabe.

Bide hori aukeratzen duten parte-hartzaileek enpresaren gaineko informazioa eta harekin harremanetan jartzeko datuak jakinarazi beharko dituzte, parte-hartzaileak berak programatzen duen egonaldia fidagarria dela bermatzeko.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren B modalitateko egonaldiek, guztira, bi edo hiru aste iraungo dute, eta Lanbide Heziketako ikastetxeek egiten dituzten proposamenen arabera antolatuko dira. Proposamen horiek otsailaren erdialdea baino lehen egin beharko dira, Hezkuntza Departamentuak 2017ko deialdian aurkezten dituen proiektuen barrenean sartu ahal izateko.

Seigarrena.–Jarraipena eta ebaluazioa.

Proiektuko parte-hartzaileek jarraipenerako material batzuk jasoko dituzte, enpresako tutorearekin batera bete beharko dituztenak egonaldia bitartean. Material horiek, funtsean, hiru eredu dira: hileko txostena betetzeko eredua, enpresara joaten dela frogatzen duen eredua eta azken ebaluaziorako eredua. Eredu horiek Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogotik deskargatzen ahalko dira.

Dokumentu horiez gain, zeinak prestakuntza egonalditik itzulitakoan Hezkuntza Departamentuan aurkeztu beharko baitira, parte-hartzaileek inprimaki elektroniko hauek bete beharko dituzte:

1. Enpresaren datu guztiak zuzendu edo berresteko dokumentu bat.

2. Hileko txosten bat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez beteko dena.

3. Egonaldiari buruzko balorazio soil bat Hezkuntza Departamentuarentzat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez bete beharko dena.

4. Egonaldiari buruzko azken txostena SEPIErentzat. Txosten hori Europako Batzordeak diseinatu duen Mobility Tool izeneko aplikazioaren bitartez egin beharko da. Azken txosten hori betetzea nahitaezkoa da.

Gainera, Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan, EUROPASS ziurtagiria eskatuko da Europass Agentziak prestatutako aplikazio informatikoaren bidez. Ziurtagiri horren kudeaketa lanetan proiektuaren eragile guztiak sartuko dira: Hezkuntza Departamentua, Lanbide Heziketako ikastetxea, Europar Batasuneko enpresa eta interesduna.

Zazpigarrena.–Parte-hartzaileak bete beharrekoak.

1. Prestakuntza egonaldia justifikatzeko behar den dokumentazioa betetzea.

2. Prestakuntza edo orientazio jardueretara nahitaez joatea destinoko antolatzaileek ezartzen dituzten epeetan.

3. Egokitzen zaion ostatu mota onartzea, izan familia batean, egoitza batean edo beste ikasle batzuekin partekatutako apartamentu batean.

4. Kortesiazko ohiko arauak betetzea familiekin, errentariekin eta auzoekin, eta ondasun higiezinak errespetatzea. Bizikidetasun arauak betetzen ez badira, programatik kanporatuta izan daiteke.

5. Nahitaez joatea enpresara laneko orduetan. Absentzia guztietan, parte-hartzaileak frogagiri medikoa edo bestelakoa aurkeztu beharko du harrerako enpresan. Justifikatu gabeko faltak enpresaren txostenean jasoko dira.

Prestakuntza egonaldia bitartean parte-hartzaileak Lantokietako Prestakuntza modulua egiten badu, bereziki zaindu beharko ditu arestian aipatutako jarraibideak, izan ere, betetzen ez baditu, zilegi izanen da “ez gai” kalifikazioa ematea prestakuntza modulu horretan, eta, hala, behartua egonen da berriro egitera bere espezialitateko titulua lortuko badu.

Zortzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Onuradun bakoitzak bere banku kontuan jasoko ditu Europar Batasunak editatzen dituen mugikortasun tauletan esleitzen diren laguntzak. Taula horiek SEPIEk argitaratuko ditu proiektu mota bakoitzarentzat.

Onuradunek jasotzen duten finantzaketa bidaia zerbitzuak, ostatua eta mantenu gastuak ordaintzeko izanen da; hala ere, ulertu beharra dago, kasu askotan, zerbitzu horien kostua laguntza publikoak baino handiagoa izanen dela.

Laguntzak tramitatuko dira Hezkuntza Departamentuak SEPIErekin sinatu beharreko hitzarmenak jaso ondoren.

Hori horrela, gomendatzen da norberaren finantzaketa izatea egonaldi osorako, litekeena baita egonaldiaren bukaera partean ordaintzea laguntza, lehen azaldutako arrazoiengatik.

Bederatzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Norberak erabakita Hezkuntza Departamentuaren berariazko baimenik izan gabe egonaldia uzten duten parte-hartzaileek eta, orobat, harrerako enpresek edo bazkideek, arrazoi justifikatuak izanik, kaleratzen dituzten parte-hartzaileek laguntzari uko egin arte sortutako gastuak ordaindu beharko dituzte, izan ere, kontratua bete ezean, ez da SEPIEren inolako finantzaketarik izanen (parte-hartzaileen betebeharren agirian azaltzen den bezala).

Orobat, parte-hartzaileak egonaldia hasi aurreko hiru hilabetean uzten badu programa, hura prestatzeko gastuak ordaindu beharko ditu, edo ordura arte sortutako bidaia gastuak.

2017-2018ko Erasmus+ beken deialdirako epeak,
dokumentazioa eta jarraibide interesgarriak

Eskaerak aurkezteko eta kudeatzeko epeak.

–Deialdiaren eguna: 2016ko azaroaren 2a.

–Eskaera elektronikoak aurkezteko epearen bukaera: 2016ko abenduaren 2a.

–Ikastetxeak eskatzaileen gaineko dokumentazioa Hezkuntza Departamentura igortzeko epea (konpromisoak, curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna): 2017ko urtarrilaren 26a. (ikastetxeei erregutzen zaie hautagaien CVak berrikus ditzatela).

–Ikastetxeek eskatzaileak lehenesteko epea: 2016ko abenduaren 12tik 2017ko urtarrilaren 26ra arte.

–Hezkuntza Departamentuak hautapen prozesua eta ikastetxeetan bilerak egiteko epea: 2017ko otsailaren 1etik aurrera:

Beken gaineko informaziorako, kudeaketarako eta tramitaziorako dokumentazioa.

–Eskabidea: on-line bidez aurkeztuko da helbide honetan:

http://www.educacion.navarra.es/web/dpto/solicitud-erasmus-plus

–Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko direnak. Eskatzaile bakoitzak bere Lanbide Heziketako ikastetxean aurkeztu beharko du PDFan sortzen den fitxategia. (Fitxategiaren izenaren formatua:1.ABIZENA_2.ABIZENA, IZENA_CVyCP).

http://europass.cedefop.europa.eu/es/home

–Zerbitzuen katalogoan eskura dauden dokumentuak, hots, www.navarra.es helbidean:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1964/Becas-para-realizar-estancias-en-empresas-de-la-Union-Europea#documentacion

a) Parte-hartzaileek beren gain hartu behar dituzten konpromisoei eta ezaugarriei buruzko dokumentua.

b) Curriculum vitaea betetzeko jarraibideak eta ingelesezko terminoen zerrenda.

c) CV EUROPASS delako baten eta aurkezpen gutun baten ereduak.

d) Hizkuntza gaitasunei buruz Europan erabiltzen diren mailaketa taulak.

e) Lanbide kualifikazioak. Espezialitate bakoitzerako lanbide kualifikazioak azaltzen dituzten dokumentuetara iristeko estekak (LOGSE eta LOE).

f) Deialdiaren oinarriak eta epeei eta dokumentazioari buruzko jarraibideak.

g) Nork eska ditzake ERASMUS+ beka hauek?

h) Ohiko galderak.

–Gainera, ikastetxeak honako informazio hau jasoko du posta elektronikoaren bidez.

i) Eskatzaileak lehenesteko irizpideak.

j) Eskatzaileak nola lehenetsi diren agerrarazteko txantiloiak. Erdiko maila eta goi maila.

Ohar interesgarriak ikastetxeentzat.

–Curriculum vitaeak, aurkezpen gutunak eta onuradunen betebeharren gaineko dokumentua ikastetxeak berak kudeatu behar ditu. Ikastetxe bakoitzak fase bakoitzerako goian ezarritako egunetan bidali beharko du informazio hori Hezkuntza Departamentura. Dokumentazioa Google Drive aplikazioaren bidez entregatuko da, honela:

–a) eredua PDF formatuan igoko da Drive-ra, eskaneatu ondoren, eskatzaileek eta haren guraso edo tutoreek sinatua.

–Europass curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna PDF formatuan igoko dira Drive-ra, ikasleak Europass on-line aplikazioan aurkituko duen bezala.

Garrantzitsua:

Fitxategi honi izena emateko formatua:

1.ABIZENA_2.ABIZENA, IZENA_CVyCP

–Ikastetxeak eskatzaileen curriculum vitae guztien kopia gordeko du, eskaerak lehenesteko txantiloia betetzeko.

Ohar interesgarria: Ingelesezko curriculum vitaea dela eta, kontuan harturik agiri hori pertsona bat Europako enpresa baten aurrean aurkezteko gutuna dela, ikastetxeei gomendatzen diegu behar bezalako laguntza eman diezaietela laguntzen eskatzaileei, atal guztiak zuzen eta zehatz bete ditzaten. c) agirian jadanik beteta dagoen eredu bat eskaintzen da, ikasleei laguntzeko agiri horiek zuzentasunez aurkezten.

Tramite hori Europass aplikazioaren bidez egiten denez, curriculum vitaeak eta aurkezpen gutunak PDF formatuan egonen dira. Hortaz, Hezkuntza Departamentuak ez du aukerarik izanen aurkezten diren curriculumak eta aurkezpen gutunak zuzentzeko. Gainera, eskaerak barematzeko orduan, kontuan hartuko du nola aurkeztu diren agiri horiek.

–Azkenik, eskatzaileak lehenesteko zerrenda bakarra adieraziko da txantiloi bakoitzean, hau da, ikasleak ziklotan, kurtsotan edo espezialitatetan bereizi gabe. Informazio hori i) atalean aipatutako txantiloietan betetzeko orduan, zenbaki osoak erabiliko dira.

Ohar interesgarriak eskatzaileentzat.

–Oso garrantzitsua da CV Europass dokumentua eta aurkezpen gutuna idaztean ingeles zuzen eta zehatza erabiltzea. Horrela, Europako bazkideekiko komunikazioa ona dela bermatuko da, eta bitarteko horiek enpresa egokiak bilatzen ahalko dituzte, eskatzaileen lanbide profilen araberakoak.

–Gogoan izan Europass aplikazioak datuak eguneratzeko aukera ematen duela. Hortaz, bete gabe uzten diren atalak edo behin-behinean bete direnak eguneratzen ahalko dira baldin eta lehenengo ahaleginean parte-hartzaileek ez badituzte datu guztiak eman.

–b), c), d) eta e) fitxategiak lagungarriak dira interesdunek CV Europass izeneko agiria zuzen betetzeko:

  • b) eta c) fitxategiak: CVa betetzeko eredua eta ohar orokorrak.
  • d) fitxategia: zure hizkuntza gaitasunak katalogatzen lagunduko dizu.
  • e) fitxategia: zure espezialitatearen gaineko berariazko terminoak zehazten lagunduko dizu.
  • h) fitxategia: programaren antolaketari eta alderdi ekonomikoei buruzko galderak erantzuten lagunduko dizu.

–Ingelesezko CV Europass dokumentua formatu informatikoan aurkeztuko da. Agiri horri txarteletan erabili ohi den neurriko argazki bat erantsi beharko zaio.

–Nahitaezkoa da posta elektronikoko kontu bat izatea.

–Programaren konpromisoei eta ezaugarriei buruzko txostena sinatu beharra dago. Ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak agiri hori ontzat eman eta sinatu beharko du, ikaslea haren kargura baldin badago.

–Programan parte hartzeko nahitaezkoa da praktikak egiten direnean adinez nagusi izatea.

–Lehenago batean Leonardo da Vinci programan edo Erasmus+ programan sekula parte hartu ez duten ikasleak lehenetsiko dira.

II. ERANSKINA. 2017-2018KO DEIALDIA

Laguntzen deialdia, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakaskuntzetako irakasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egiteko 2017-2018 ikasturtean

Oinarriak

Lehendabizikoa.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2017-2018 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleen eguneratze teknologikoa eta hizkuntzen arloko hobekuntza bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, irakasle horiei diru-laguntzak emateko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten Europako herrialdeetako prestakuntza zentro edo enpresetan.

Proiektu bat erdi mailako irakasgaiak ematen dituzten irakasleentzat izanen da, eta bestea goi mailako irakasgaiak ematen dituztenentzat.

Eskatzaileak bi hezkuntza etapa horietan irakasten badu, bi proiektuetatik edozeinetan sartzen ahalko da.

Proiektuan parte hartzeko interesa duten irakasleek programan parte hartzea eskatu beharko dute, eta harrerako bazkide bat bilatu Europan (enpresa edo prestakuntza zentro bat), beren espezialitatearekin lotutako prestakuntza egonaldia bertan egiteko. Harrerako bazkideak Europako erregistro kodea jakinarazi beharko du.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektuak onesten baditu, plazak esleituko dira erabiltzen den hizkuntzaren arabera, destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Prestakuntza egonaldia bukatutakoan (parte-hartzaileak deialdi honetan eta Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren araudian ezarritako betebehar guztiak bete ondoren), parte-hartzaileak egonaldian sortutako gastuen zenbatekoa jasoko du, zehazki, erakunde horrek destinoko herrialde bakoitzerako tauletan ezartzen duen gehieneko zenbatekoa.

Hirugarrena.–Eskaerak.

Interesdunek egonaldiaren aurreko ikasturtean eskatuko dute proiektuan parte hartzeko.

Eskaerak aurkezteko epea 2016ko azaroaren 2etik abenduaren 16ra artekoa izanen da, biak barne.

Ezinbestekoa da dokumentazio hau aurkeztea, proiektuan parte hartzeko epearen barrenean:

1. Eskabidea (III. eranskina).

2. Europass curriculum vitaea, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko dena: http://europass.cedefop.europa.eu/es/home.

3. Egin gogo den jardueraren azalpen zehatza eta nola banatuko den denboran zehar (IV. eranskina), harrerako erakundearekiko harremanetarako datuak barne.

4. Zentroko zuzendaritzaren oniritzia jarduera egiteko.

Agiri horiek ikastetxean aurkeztuko dira, eta Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegora igorriko dira Google Drive plataformaren bidez, irakasleentzako beken gaineko ataletara joz.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Espainia osoko proiektuen ebaluazio prozesua bukaturik, SEPIEk Hezkuntza Departamentuari jakinaraziko dio ea proiektuak onetsi diren eta zenbat plaza esleitu zaizkion.

Horren ondotik, proiektuak onetsiz gero, betebehar hauek betetzen dituzten parte-hartzaileak hautatzeko prozesua eginen da:

–Jardunean izatea, bai eskatzeko unean, bai egonaldia bitartean, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako edozein ikastetxe publikotan edo arte eskolatan.

–Lan programaren kalitatea, kontuan hartuta harreman zuzenik duen eskatzailearen espezialitatearekin edo haren hezkuntza jarduerarekin eta zein egonaldi mota eskatzen den (praktikak/job shadowing edo irakaskuntza). Nolanahi ere, proposamen horiek Ikastetxearen Nazioartekotzearen Urteko Planean sartuak egon beharko dira.

–Ikastetxeko zuzendaritzak prestakuntza jarduera egitearen alde adierazitako oniritzia, hala jarduera eskola garaian egiten bada, nola oporretan.

Aurreko baldintzak betetzen dituzten izangaiak honela ordenatuko dira:

1. Aurreko bi deialdietan Erasmus+ programaren barruko prestakuntza egonaldirik egin ez duten hautagaiak.

2. 2017ko maiatzaren 31rako, prestakuntza zentro edo enpresa baten lankidetza bermatua daukaten hautagaiak.

3. Ikastetxean behin betiko destinoa duten hautagaiak, antzinatasunaren araberako ordenari jarraikiz.

4. Ikastetxean behin betiko destinoa ez duten hautagaiak.

5. Kontratupeko hautagaiak.

Berdinketa gertatuz gero edo kategoria horietako bakoitzean eskatzaileak plazak baino gehiago badira, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Berrikuntzaren eta Lanbide Heziketa Nazioartekotzearen Ataleko burua.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko bi batzordekide.

Batzorde horrek erabakiko du hautagaien ordena, irizpide hauei jarraikiz:

–Jarduera nola egokitzen den irakasleen espezialitatera. (50 puntu).

–Egonaldian prestakuntza teknologiko edo didaktikorako programatuta dauden orduen kopurua. (25 puntu).

–Eskatzaileak berrikuntza proiektuetan edo elkarteetan izandako parte-hartzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren deialdien esparruan. (25 puntu).

Onuradunak hautaturik, Hezkuntza Departamentuak beka jasoko duten izangaiei jakinaraziko die, eta hautaturiko izangaien zerrenda ikusgai jarriko du Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan.

Hautatzen diren irakasleek Europako laguntza onartzen dutela adierazteko agiri bat aurkeztu beharko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan, laguntzaren onuradunak sinatua.

Irakasle kontratudunek egiaztatu beharko dute eskaera egin ondoko ikasturtean LHko ikastetxe bati atxikita egonen direla, eta kontratuaren iraupena adierazi.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Egonaldi horiek astebetetik sei astera bitartekoak izanen dira.

Parte-hartzaileek laguntza onartzeko dokumentu bat sinatuko dute; hartan, laguntzaren ezaugarriak, dauzkaten finantzabideak eta egonaldiaren kudeaketan eta dokumentazioaren prestaketan laguntzeko konpromisoa jasoko dira.

Parte-hartzaileak berak kudeatu beharko ditu garraiobidea eta erabili nahi duen ostatua.

Dena dela, Hezkuntza Departamentuak entitate laguntzaileekiko harremanak bideratzen laguntzen ahal dio, kudeaketa lanak errazteko.

Egonaldia hasi baino 15 egun lehenago beranduenik, parte-hartzaileek hura egiteko behar den dokumentazioa jaso beharko dute Hezkuntza Departamentuan, hots: kontratua, prestakuntzarako akordioa, aseguru poliza eta jarraipenerako materialak.

Egonalditik itzuli ondoren, parte-hartzaileek honako dokumentazio hau aurkeztuko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan:

–Prestakuntzaren kontratua eta akordioa, parte hartzen duten alderdi guztiek sinatua.

–Enpresaren ziurtagiria egonaldiari buruz, prestakuntzaren programa eta burututako jarduerak zehaztuta; SEPIEk egonaldia egin aurretik emanen du horretarako eredua.

–Jarraipenerako materialak eta egonaldiaren ebaluazioa.

–Izandako gastuen fakturak edo ordainagiriak.

–Zerrenda idatzi bat gehituko zaio, kontzeptu hauek zehaztuta, V. ereduari jarraikiz:

  • Ostatua.
  • Garraioa.
  • Ontziratzeko txartela (garraiobide hori erabili bada).

Horiez gainera, parte-hartzaileek honako dokumentu hauek bete beharko dituzte baliabide elektronikoak erabiliz:

–Egonaldiaren memoria, Europako Batzordearen Mobility Tool tresnaren bidez prestatua.

–Europass Mobility.

Egonaldia bukatutakoan, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak parte-hartzaile bakoitzak hartu beharreko diru-laguntza kalkulatuko du, egonaldiaren benetako iraupena kontuan hartuta, Erasmus+ programaren finantza arloko esku-liburuaren jarraibideen arabera. Parte-hartzaile bakoitzak jaso dezakeen gehieneko finantzabidea zehazten duten diru-laguntza taulak Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko dira, SEPIEk ofizialki argitaratu ondoren.

Behar diren zenbatekoak onuradunaren kontuan ordainduko dira, ordainketa-ebazpen arrunt baten bidez.

Seigarrena.–Egonaldien ebaluazioa.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak irakasleen prestakuntza egonaldien jarraipena egiteko eta ebaluatzeko sistema bat ezarriko du.

Zazpigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradun gertatzen diren irakasleek, oinarri hauetan ezarritakoa betetzeaz gain, kudeaketan, dokumentazio prestaketan eta Erasmus+ proiektuetarako baldintzak betetzeko behar diren gainerako ekintza guztietan lagundu beharko dute, aktiboki lagundu ere.

Zortzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Hezkuntza Departamentuak laguntza baliogabetzen ahalko du, baita hura osorik edo zati bat itzultzeko eskatu ere, onuradunek arau honetan ezarritako betebeharrak eta antolaketa-arauak betetzen ez dituztenean.

Iragarkiaren kodea: F1612566